Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 28. domekea - 2017.eko Urriaren 15a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jaun Berbiztuaren inguruan ospatzen dogun Eukaristia honetara.

Nazareteko Jesusen bitartez, Jainkoak zuzentzen deuskuzan proposamenak entzuteko eta onartzeko prestatzen gara. Guzti hau, gure inguruak, gizarteak eta kulturak eskeintzen deuskuzan beste proposamen batzuk gogoan doguzala onartzen dogu. Pertsonok, gehienetan, beste zerbaiten egarria dogu.

Arin bizi dogun eta azalezko bizitza honetan, momentuko zoriontasun osoa bilatzen da sarritan. Badira pertsonak, apalak eta pobreak, munduko bide eta bide-kurutzetan Jainkoaren hitza pozik entzuten dabenak.

Ez daigun ahaztu otordu batera konbidatuak garala. Ugaritasuna, anaitasuna eta doantasuna nagusi diran Erreinuaren jaira konbidatzen gaitu Jaunak. Bere deiari erantzuteko erne eta izarrik aurkitu gaizala Jaunak. Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 25, 6-10a

Isaias profeteak, etorriko danaren ikuskizuna kontatzen deusku; Jaunak jai otordu bat emongo deutse janari guri eta ardao zahar garbiekin. Ugaritasun, janari, edari, poz, jai osotasun, lortutako gurari, anaitasun eta doakotasun ezaugarria da otordua. Poztasunean eta bakean oinarritutako mundu barri baten itxaropena agertzeko erabilten da irudi hori. Onartu daigun profetearen mezu hau.


2. irakurgaia: Filipotarrei 4, 12-14. 19-20

Kartzelan aurkitzen dan Paulo apostoluak, bere kutunak diran Filipotarren erregalo bat hartzen dau. Amaieran, bialdutako diru laguntza eskertzen deutse. Baina berak hau dinosku: “Danetarako daukat indarra, indartzen nauan Harengan”; izan ere, Jaunaren indarrari esker bizi dala sentitzen dau. Kristo da bere bizitzako ardatza eta honek bultzatzen dau aurrera egiten. Onartu daigun bere testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 22, 1-14

Entzungo dogun ebanjelio zati honetan, Jesusek gogor egiten dau euren mundutxoan ixten diranen aurka, eta jarrerea aldatzeko egiten jakezan eskariei gortuta agertzen diranen kontra. Eztegu otorduko paraboleak, Jainkoak eten barik egiten deuskun gonbidapena eta hori baztertzeko guk ipinten doguzan atxakiak dakarskuz gogora. Arretaz entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: konfiantzaz beterik, bere Semearen mahaira konbidatu gaituen Jainko Aita-Amagana joten dogu.

1.- Eleizaren alde: poza, onarpena eta parkamena nagusi diran lekua izan daiten; anaitasuna eta bakea bizi diran lekua. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Behartsu, baztertu eta ahaztuta sentitzen diran guztien alde: ugaritasun, janari eta edari, eta benetako anaitasuna dagoan jai otordura konbidatuak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko aberats eta nagusien alde: lurreko ondasunak ez dagiezan itsutu euren begiak eta belarriak gortu, eta Jaunaren deia entzunez, emotearen eta banatzearen poza sentidu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko hainbat lekutan, pertsonen eskubideak zainduz, BAKEA egi bihurtu daiten; ekimen horretan diharduen hainbeste gizon emakumeek, aurrera egiteko adorea izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jaunaren mahai inguruan alkartu garanon alde: gure bizitzak, hitzak eta ekintzak Erreinuko jatorduaren aurrerapen izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALTAREA PRESTATZEA

(Musika isila ipiniaz, andrazko bik altarea jantzi eta apaintzen dabe. Gauza larregi barik baina lorontzi eder bat ondo legoke. Euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zu gure artean dagoan senargaia zaran ezkero, altarea banketea ospatzeko prestatu dogu. Holan zure Erreinuko eztaien aurrerapena ospatzen dogu. Hartu egizu baita be gure bizitzen eskeintzaren seinu lez.


LUNTXEAN HARTUKO DOGUN ZERBAITEN AURKEZPENA

(Meza ondoren zerbait hartzeko lekurik balego, alkarrekin zerbait hartzera konbidatzen doguz. Hemen patata poltsa bat eta edari bat aurkeztu leitekez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Hitzaren eta Gorputzaren inguruan ospatzen gagozan sinismen batzar honen ondoren, jai eginez jarraitu nahi dogu. Maitasunean eta anaitasunean hazten joateko, alkarrekin zerbait hartuko dogu. Gure oztopo eta langak garaituz, sinismenean eta giza mailan bat eginez jarraitu nahi dogu.


“DOMUND” EGUNEKO HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Aurreko domekan egitea ondo legoke. Gazte batek egin leike. Ondo ikusteko lekuan ipini)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, datorren Domekan ospatzen dogun “DOMUND” eguneko horma irudia dakartsut. Gure alkarteak misiolaria izan behar dauala gogoratzen deusku. Guk baino aukera gitxiago daukien herriekin “Alkartasun katea” egin gura dogu. Horregaitik, Domund-eko kanpaina honetan parte hartzeko konpromisoa eskuratzen dogu. Onartu, Jauna, gure senidetasuna eta alkartasuna agertu gura dauan ezaugarri hau.


GALBURU TXORTA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko baserritar batek edo, egon ezik, alkarteko edozein nagusik, egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure soloen frutu eta gure herri osoaren ahaleginaren ezaugarri diran galburu honeek dakartsudaz. Onartu egizuz, Jauna, eta eurekin batera, baita gure lan eta zereginak bere. Zure graziaz eta ontasunez, bihurtu daitezela gugan bihotz zabaltasun eta anaitasun frutu. Gauza izan gaitezala txirotasuna erauzteko (kentzeko) eta jo dagigula sendo zuzentasunaren eta bardintasunaren bidetik.


NAGUSIEN KATEKESIKO TALDEEN AURKEZPENA

(Alkartean dagozan talde guztien aurkezpena egin leiteke. Egitasmorik eginda balego, ondo legoke horri baten batu eta jendeari banatzea. Pertsona batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: eskerrik asko Jesus zure Seme maitea eta gure Anaia ezagutzeko dogun aukereagaitik. Gure sinismen horretan sakontzen jarraitu nahi dogu, gaur agertzen jakuzan erronkei erantzun egokia emoteko. Gure kristau alkarteari jakitera emoteaz batera, EGITASMO hori lantzen jarraituko dogunaren konpromisoa agertzen deutsugu. Hauxe da gure eskeintza apala.

Agurra

Senideok: aholkuak emoten, dotrinea irakasten, Idazti Deuna azaltzen, otoitza lantzen, Jainkoari buruz berba egiten onak gara. Jaunaren Hitza irakurri, ikasi eta itxuraz emoten dogu. Irakasten badakigu, baina... irakasten doguna betetzen dogu? Bidea nundik dan badakigu, baina... bide hori egiten dogu? Sinismena, otoitza, zerbitzua eta sakramentuei buruz berba egiten dogu, baina... hitzez agertzen dogun garrantzia daukee gure bizitzetan? Bakea, poza eta osotasuna iragarten doguz, baina... holako zerbait bizi izan dogu?

Jaunaren Hitzagaz eta Eukaristiagaz geuk gozatu daigun besteei zer emon izateko. Kristau testigantzaz eta konpromezuz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jesukristo gure Jaunaren Aitak
argitu beiz gure bihotzeko begiak”




Azken domeketako aria jarraituz, gaurko MEZUAK ere argitu eta pozez beteko gaitu, Berak gure barrua hartzen badau. Mezu hau geureganatzen ahaleginduko gara.

Gaurko gai nagusia hau da: JAINKOAK GUZTIOI DEI EGITEN DEUSKU. Hau da: gizateri osoak Ebanjelioaren Barri Ona ezagutzea nahi dau Jainkoak; Barri On horrek benetako bizia dakarrelako eta zoriontasunez betetzen gaitualako (eta gure inguruko pertsonakaz geu gara horren mezulari). Eta gure osotasun hori, beste batzuekaz alkar banatu deigula nahi dau Jainkoak. Horregaitik Berak, “gure begietako negar malkoak legortuko ditu” eta heriotzea betiko hondatuko.

Jainkoaren Hitzak holantxe aldarrikatzen dau, bai profetearen “amesean”, baita Jesusen Ebanjelioan ere. Eta guzti hau eztegu baten irudipean agertu deusku: errege semearen eztegua da, eta batzuk ez dabe onartzen gonbidapena (eurenakaz ziur sentitzen ziran); beste gonbidatu batzuk eskeintza onartzen dabe, eta euren ondo izatearen eta zoriontasun gurariak bete egiten dira.

Baina gauza bat airean gelditzen da: deiari BAKOTXAK ERANTZUN behar deutsagu. “Besteak” ezin dabe erantzun nire ordez: gonbidapenaren aurrean, neuk erantzun behar dot; holan ez balitz, bazterrean gelditzeko arriskua daukat (parabolan, “eztegu jantzi” barik aurkitu zan gizonaren kasua dogu hau). “Bateatuta egotea”, edo “eleizako nazala” esatea ez da nahikoa. Eskatzen jakuna beste hau da: JESUSEK Ebanjelioan agertzen deuskun BIZITZEKO ERA hori geureganatzea (gaurko ebanjelioa kontuan izanez, “eztegu jantzia”).

Zoriontsuak JESUSEK DEIA entzun eta onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Dei egiezue eztegura aurkitu dagizuezan guztiai"

(Mt 22, 9)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue