Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 29. domekea - 2017.eko Urriaren 22a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak. Eukaristia anai-arrebakaz ospatzeko Jainkoak otoitzean alkartu gaitu.

Azkenengo hiru domekatan Jesusek parabolen bidez, Erreinuaren aurrean hartu geinkezan jarrera batzuk aurkeztu deuskuz. Gaur, beste hau esango jaku ebanjelioan: “Emoiozue Zesarri Zesarrena, eta Jaungoikoari Jaungoikoarena”. Azpikeriaz etorri jakozanei erantzun eutsen hori. Baina gaur geuri dinosku: ez ahaztu, “emoiozue Jaungoikoari Jaungoikoarena”.

Beragaz, Jesusegaz eta honen mezuagaz bat egiten dogun neurrian onartuko doguz bere proposamenak ere. Munduko kristau alkarteetan ospatzen dogun DOMUND egunak ere zentzua izango dau, Jesusen mezuak gure bizitza ikutzen dauan neurrian.

Giro honetan ospatzen dogu gure sinismena eta horrek dakarskun konpromisoa geureganatzeko prestatzen gara. Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 45, 1. 4-6

Profetearen kontaketa bat entzuten dogu. Jainkoak, Israel Babiloniatik askatzeko Ziro erregea aukeratzen dau (Jainkoak aukeratzen “ezinezkoa” emoten dauana errege paganoa). Askatasun hori ez zalako heltzen, jota egoan herriaren gogoa bizkortzen ahalegintzen da Isaias profetea, hurrengo hau iragarriaz: Neu naz Jainkoa eta ez dago besterik; historian zehar zuekaz egon naz eta orain eta gero ere egongo naz. Onartu daiguzan hitz honeek.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 1, 1-5b

Irakurgai hau, San Paulok Tesalonikako alkarteari egindako gutunaren hasierea dogu. Erreinuaren behin betiko etorrerea gogoratzen deutse apostoluak. Jauna datorrenean berea izango da garaipena, eta bitartean, estualdietan ere gogotsu agertuz, sinismenean, itxaropenan eta maitasunean bizitzeko eskatzen deutse. Entzun daigun bere erregua.


Ebanjelioa: Mateo 22, 15-21

Entzungo dogun ebanjelioaren testuingurua hau da: arerioak, Jesus zalatzeko arrazoi bila dabiltza eta Erromako agintarien laguntzaile egin nahi dabe. Baina Jesusek, egiten deutsen itauna zabaldu egiten dau: garrantzitsuena pertsonea eta bere herriko “zuzendari erlijiosoak” baztertzen daben Jainkoa Aita-Ama da. Ebanjelioak, bizitzarako eskabide batzuk daukaz; hemen bide bat agertzen jaku. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: maitatuak izateak emoten deuskun konfiantzaz, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz Eleizearen, munduaren eta gure preminak.

1.- Eleizearen alde: bere testigantzaz, benetan balio dauana agertu daian: Jaikoak gu guztiok eta batez be baztertuenak maite dauzala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernuetako agintarien alde: konturatu daitezan, parkatzen, adiskidetzen eta baketzen dauan legea dala agindurik nagusiena. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Eleizeak daukan ebanjelizatze lan horretan era batera edo bestera parte hartzen daben guztien alde: gutariko bakotxaren eta kristau alkarteen solidaritatea eta hurtasuna sentitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Abade, erlijioso, lekaime eta misiolari laiko guztien alde: Jesus Jaunaren lankidetza bardinean sentitu daitezan, eta eragozpen guztien gainetik Ebanjelioaren Barri Ona iragarten jarraitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jainkoak deuskun maitasuna ezagutuz, hemen alkartu garanon alde: gure bizitza maitasun horren ezaugarri izanez, beste batzuk ere ezagutu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MISIOLARI BATEK ALKARTEARI EGINDAKO GUTUN BATEN AURKEZPENA

(DOMUND eguna girotzeko ondo legoke misino herrietako baten bateagaz hartuemona izatea eta berak idatzitako zerbait irakurtea. Merezi badau, letra haundiarekin kartulina baten izten da danok irakurteko moduan...)

OTOITZA – AZALPENA: Gutun honegaz hauxe agertu nahi deutsugu, Jauna: euren herritik kanpora eta misino herrietan dagozan hainbeste pertsonak egiten daben lana eskertu, onartu eta goratu nahi dogula. Zuk gizakioi deuskuzun maitasunaren jarraipena ikusten dogu ekintza horretan. Eskeintza hau zure gogokoa izan daitela eta gu ere, gure gizartean eta gure inguruan, zure maitasunaren lekuko izan gaitezala.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKEINTZA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza apurtzen dauan munduko beste sufrimentu bat aurkezten deutsut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekaz arduratuta bizi diran Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten deutsudaz; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dogun pertsonak gehitzen joan gaitezala.


MEDIZINA BATEN AURKEZPENA

(Keinua egiteko kanpoko azala nahikoa litzateke. Arlo horretan lana egiten dauan batek egiten dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, medizina hau, errukiaren ezaugarri lez aurkezten deutsut; artzain onaren eta ebanjelizatzailearen ezaugarri ederra. Jauna, lagundu eiguzu besteentzat medizina izaten; besteen zauriak osatzen dabezan olio biguna; besteen arazoak arinduko dabezan onarpen eta entzuteko gaitasuna. Zure laguntzagaz, zure Seme Jesukristogandik ikasi doguna egiten jarraitu nahi dogu.


MISINO EDO BOKAZINO PASTORALTZAN DABILAN TALDEAREN AURKEZPENA

(Urtean zehar jorratzeko egitasmorik balebe, ondo legoke idatziz aurkeztea. Alkartearen izenean batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: Jesus zure Seme maitearen jarraipenera deitu gaituzu, hori guztiontzat ona dala esanez. Eskerrik asko gure BOKAZINOAGAITIK. Gure parrokian misino eta bokazino pastoraltzaz arduratzen dan taldearen egitasmoa aurkezten deutsugu. Gure ahalegina eta gure ekintzak aurkezten deutsuguz. Zure DEIA entzunez, besteen ZERBITZURAKO euren bizitza eskeintzen daben pertsonak izan deiguzala beti gure alkarteetan.

Agurra

Senideok: Eukaristiaren amaierara heldu gara. Ebanjelioan Jesusek esan deusku: “Jainkoari Jainkoarena emon eta Zesarri Zesarrena”. Geure gauzetan itxi eta besteengandik banatuta bizi barik, Jainkoarengana eta bere borondatera zabaltzea eskatzen deusku; Berak zaindu, janaritu eta Jainkoaren Erreinua egi bihurtzen joateko indarra emoten deusku. Aurkitzen garan lekuan, gure testigantzaz sinisgarri egi deigula eskatzen jaku. Barri Onaren testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Izar argiak lez agertzen zaree munduan,
bizitzaren zentzubide bat emonez”




Jesusen bidea jarraituz goaz. Gaur ere geure sinismena ospatzeko eta geure gogoa eta itxaropena barriztatzeko alkartu gara. Jesusen oroimena dan Eukaristia ospatzearen zentzuna dogu hori: Jesusek egin eban bizitza eskeintza horrek, gure inguruko pertsonak ezagutu eta gozatu daien, konpromezuan ipinten gaitu.

Domeka honetan ere Jainkoaren Hitzak gauzak bere lekuan ipiniko ditu eta argi dago bere bidea eta gureak ez dirala bardinak. Jainkoarentzat ez dago mugarik. Ziro, aukeratutako herriaren barik, herri pagano bateko erregea izan arren, Jainkoa beragaz baliatzen da salbamen ekintza aurrera eroateko (lehen irakurgaia).

Eta bere herriko agintarien aurrean Jesus argi eta garbi agertzen da. Farisearrak barriro ere “Berbatik zelan helduko ebiltzan”, baina Jesusek momentu hori aprobetxatzen dau, gauzak bere lekuan ipinteko eta JAINKOAREN BIDEAK zeintzuk diran agertzeko.

Gaur eta hemen, zer da “Jainkoak guretzat” nahi dauana? Horren ordez, zer “emon” behar deutsagu? Ondorena argia da: Jainkoak guretzako zer nahi dauan jakiteko, JESUSI BEGIRATU beharko deutsagu; bere bizitzeko era; bizitza ikusteko eta ulertzeko era; Jainkoagaz eta ingurukoekaz eukan erlazionatzeko era. Hauxe da Berak eskeintzen deuskuna, eta ulertzea eta bizitzea kostatzen jakuna.

Zoriontsuak JAINKOAREN BIDEEN BILA dabizanak:
BIZITZA OSOTASUNEAN bizi izango dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Emoiozue Zesarri Zesarrena, eta Jaungoikoari Jaungoikoarena"

(Mt 22, 21)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue