Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 30. domekea - 2017.eko Urriaren 29a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Eukaristia honetara, bere Hitza eta Mahaia gugaz alkar banatu nahi dauan Jesus Jaunagaz bat egitera.

Jaunak gaur zuzentzen deuskun Hitza argia eta erabatekoa da: maitasuna da balio dauan gauza bakarra. Jainkoari deutsagun maitasuna, lagun hurkoa onartzean eta behartsua tratatzean agertzen da. Jainkoaren nahia gizakia bizitzea da eta ez lege batzuk betetzea. Jainkoa maitatzea, besteentzat eta batez ere txarto aurkitzen diranentzat, bizi iturri izatea da.

Senideok: ospakizuna hastera goaz. Jaunak gure bihotza ikutu daiala eta bere maitasunaren zabalgarri bihurtu gaizala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Urteera 22, 21-27

Giza hartuemonak zaintzea Jainkoa onartzeko erea dala gogoratuko deusku idazle sakratuak; izan ere gizakia da Jainkoaren sorkuntzarik ederrena. Arrotza onartzea, alarguna eta umezurtza kontsolatzea, behartsuagaz eskuzabal izatea, ordezkoa eskatu barik emoteak... bizitzeko eta izateko era bat agertzen dau. Ebanjelioan entzungo dogun maitasun legea onartzea eta betetzea da. Entzun daigun gogoeta hau.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 1, 5-10

Paulo apostoluak, Tesalonikako kristauei euren sinismenaren hasierea gogoratzen deutse; arazo artean, baina sasi jainkoak baztertu eta benetako Jainkoa onartu eben momentua. Eurak, Jesus Jaunaren eta Pauloren ikasbidea jarraitu eben. Paulok, sinismen eta maitasun eredu lez izaten jarraitzeko eskatzen deutse. Entzun daigun.

<`>
Ebanjelioa: Mateo 22, 34-40

Judutarren artean egoan eztabaida bat zuzentzen dau Jesusek entzungo dogun ebanjelioan. Zein da Legeko agindurik nagusiena. Farisearrei erantzunez, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea, agindu bakarra dala dinotse Jesusek. Eztabaida hor amaitu zan. Baina geuri tokatzen jaku egi bihurtzea. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: Jainkoaren asmoak geureak egiteko bere laguntza behar dogu. Berari zuzentzen deutsaguz eskari honeek.

1.- Eleizaren alde: pertsonen duintasuna beti defenditu daian, premina gorrian geratzen diran hainbeste pertsonakaz egiten diran zuzengabekeriak salatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien alde: guztien ona bilatu dagien; euren egitasmoetan, solidaritatea eta zuzentasuna nagusi izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde: gizarte honen erdian, gure itxaropenaren barri lotsa barik emoten jakin dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Oinazetan aurkitzen diranen alde: atsedena hartzeko, borrokatzeko, bakez eta itxaropenez betetzeko behar dituen pertsonak aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alkarteen alde: geure gogoa eta itxaropena barriztatuz, gure inguruan gehien sufritzen dabenen ondoan egoten jakin dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Andrazko batek egin leike. Esku hutsak erakutsirik dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dabe, baina zuk beteko dozuzan konfiantzea daukat. Alkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskeintzen deutsut, Zuk zure graziaz beteko dozuzan itxaropenaz. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emoiguzu behar dogun laguntza, emoiguzu bere Gorputza gure bizitzen janari lez.


GATZONTZI BETE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona konprometitu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mundua eraldatze ahaleginaren eta gure ebanjelizatze lanaren ezaugarri lez dakartsut gatzontzi hau. Historian zehar beste testigu asko lez, guk ere gure oztopoak gainditu, eta zure Ebanjelioaren testigu izan nahi dogu mundu honen erdian. Gatza gezatu eta indar barik gelditu ez daiten, zure laguntza eta grazia eskatzen deutsuguz.


KANDELEN AURKEZPENA

(Gazte bik eroaten dabez altara gainean ipiniko diran kandela bi. Euretariko batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Jesukristogan dogun sinismenaren ezaugarri lez, gure ospakizunean bizturik eukiko doguzan kandala bi honeek dakartsuguz. Espirituaren dohai lez eta zuk emondako erregalo lez, zeuk isiotu dozu sinismen hori gure barruan. Lehenengo eta behin eskerrik asko. Sinismen horrek gure bizitza zentzunez bete dau, eta sinismen hori eskeindu nahi deutsegu guk ere gure ingurukoei.


KATESIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Ume, gaztetxo eta gazteen katekesiaren aurkezpena egiten da. Ondo legoke zerbait idatzia eukitea, danok ikusteko eran, edo danoi banatzeko eran. Danon izenean pertsona batek aurkezten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Aita-Ama ona: KATEKISTA taldea aurkezten gara gaur. Gure egitekoa, zure Semearen antzera, Zure Erreinuaren Barri Ona iragartea da. Egiteko hau benetan hartzen dogu. Baina Zuk badakizu ez dala erreza kristau baloreak gaurko ume eta gazteei transmititzea. Guk, gure ahalegina eskeintzeaz batera, Jesusen Espirituaren argitasuna eta indarra eskatzen deutsuguz. Egunero hobeto egiteko gogoa agertzen deutsugu.

Agurra

Senideok: Jesukristorekin bat egin dogu eta bere proposamena onartu. Badakigu, agindurik nagusiena, Jainkoaganako eta lagun hurkoarenganako banatu ezineko maitasuna dogula. Bihotz guztiaz, arima guztiaz, garan guztiaz, norbere burua lez maitatzea da Jesusen proposamena. Erronka aurrean dogu. Zein izango da nire erantzuna? Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Ni maite nauanak, beteko dau nire hitza,
nire Aitak maiteko dau eta Haregana etorriko gara”




Hitzaren eta Eukaristiaren mahai inguruan alkartzen da Jesusen Alkartea. Jesusek, bere inguruan, alkarte bat egin nahi dau. Jainkoaren izenean eskeintzen deuskun proposamenagaz bat egiten daben guztiekaz, alkarte bat egin nahi dau.

Jesusek eskeintzen deuskun Jainkoaren proposamen hori, ulertzeko erreza da. Honela adierazi geinke: Jainkoa maitasuna da. Berak maite gaitu, eta gure maitasun eta konfiantza osoa Beragan ipintea nahi dau; gure bihotza zabalduz, bere seme-alaba lez nahi gaitu. Eta Berari zuzentzen garanean ulertzen gaitu; gure hutsak parkatzen ditu; etsipenean Berak bizkortzen gaitu; triste aurkitzen garanean, irribarrea egiten deusku.

Baina gure ondoko anai-arreba ere maitatu deigula nahi dau. Eta hemen pixka bat galdu egiten gara: harroa eta guzurtia maitatzea ez da erreza; ezta nire aurka dabilena; nire hutsak onartzen ez dituena ere ez; beti gure esanen aurka dabilena ere ez; gure ondoan egon arren baztertzen gaituena ere ez... Lagun hurkoa maitatzea ez jaku egiten erreza.

Domeka honetako mezua hemendik doa. Zentzun bako eztabaidak baztertuz, Jesus eguneroko bizitzara pasatzen da. Izan ere, “Jainkoaren maitasunak” eta “Jainkoa maitatzeak”, baztertu ezineko aurpegi konkretu bat dauka: LAGUN HURKOA MAITATZEA. Hori ez badogu ulertzen ez gabiltza ondo. Argi eta garbi agertzen jaku hori. “Entzuteko belarririk daukanak, entzun daiala”.

Zoriontsua bere HITZA gordetzen dauana,
BIZIAREN ARGIA izango dau!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maite ezazu zure Jaungoiko Jauna... eta maite zure lagun-urkoa zeure burua lez"

(Mt 22, 37. 39)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue