Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - SANTU GUZTIEN EGUNA - 2017.eko Azaroaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok, Santu Guztien egun eder eta berezi honetan.

Senideok: jai haundia gaurkoa, alaitasunaren eguna. Gure anaia-arreba guztiekin bat eginda ospatuko dogu gaurko Eukaristia.

SANTU GUZTIEN egun honetan Eleiza osoarekin alkartuta, Jainkoaren haunditasuna eta, Jesusen urratsen ondoren, senideen zerbitzuan bizi izan diranen haunditasuna ospatzen dogu; eurak ditugu ereduak senideenganako zerbitzuan.

Horrek guztiak, ezagunak ditugula nahiz ez, Aitaren maitasun osoa gozatzen dagozalako ospatzen dogu jai hau. Jainko Aita-Amak -santu bakarrak eta santutasunaren iturburuak- bere Espiritua emoten deusku guk be garaipen bardina lortu daigun. Jesusek “bizi egitasmoa” eskeintzen deusku: ZORIONTASUNAK. Hori dogu bidea.

Sinismen ospakizun hau hastera goaz.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Apokalipsia 7, 2-4. 9-14

Apokalipsia liburuak zeruko ikuskari bat kontatzen deusku: ez da erreza ulertzea, baina itxaropenezko eta pozezko berbak dira: gure sinismenak dinoskunez, Jaunaren ondora joango gara, betikotasunean han gozatzeko. Bihotz apalez entzuten dogu.


2. irakurgaia: 1 Joan 3, 1-3

Apostoluak dinoenez, Jainkoaren seme-alaba gara bateoaren bidez, baina oraindik ez da agertu gero izango garana: seme-alaba, baina ez geure irabazien bidez, Aitaren ekimenez baino, dohai hutsez, Aitaren ondoan bizitzera deituak garalako. Hau da “ikasle maitearen” testigantza eder eta pozgarria.


Ebanjelioa: Mateo 5, 1-12a

Entzungo dogun ebanjelioan, Jesusek egiten deuskun BIZITZAKO EGITASMOA betetzeko, jarrera berezi bat behar da. Eta bizitzak agertzen deusku, Jesusen proposamen hori onartu eta bizitzen ahalegintzen diran pertsonak, zoriontsuak dirala. Bide horretan ahalegintzen garanontzat testigu fidagarriak doguz. Bihotz-bihotzez hurreratzen gara mezu honetara.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amak beti onartzen dau gure otoitza eta hur dago guri ahalik eta onena emoteko. Horregaitik eskatzen dogu orain, behar dogun guztiaren alde.

1.- Eleizaren alde: munduaren aurrean azaldu daian zein dan bilatzen dogun zorion osorako bidea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztien alde: landu eta garatu daiguzala gure gaitasunak eta hur bizi gaitezala guztien onaren, gizarte zuzenagoaren, solidarioagoaren eta toleranteagoaren zerbitzuan gure trebetasunak ipinteko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Pobretasunak, bidebakokeriak, bazterketa sozialak edo gaixotasunak zapalduak diranen alde: gugan aurkitu daien alkartasuna eta behar daben onarpena. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gizarteko girorik gatxenetan Jauna presente egiten daben kristau guztien alde: adorerik ezean edo erosotasunera egokitzeko tentaldian jausi ez daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Egun honetan, era berezi baten, gure HILDAKOAK gogoratzen doguz: senide, lagun eta ezagun; Jesusen Biztueraren indarrak, eurei be bizitza barria emon eta benetako zoriona izan daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

6.- Santu guztiak ospatzeko hemen batutako gure Alkartearen alde: kaskarkeriak asetu ez gaizan eta, santuen laguntzaren bidez, Zoriontasunen bidea jarraitzeko gauza izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LORA TXORTA BAT AURKEZTEA

(Alkarteko gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama: altara ingurua edertuko dauan lora txorta hau dakartsugu. Gauza bi agertu gura deutsuguz: batetik, Zuk gu aukeratuz eta zure jarraitzaile eginez gugan isurtzen dozun usain gozoa. Eta bestetik, mundu honen erdian zure TESTIGU izaten ahalegindu diran “santu eta santa” guztien bizitza zure gogoko izan dala. Andra-gizon guztiok erein daben ontasun guztiak eskertuz eskeintzen deutsugu.


ONTZI BATEN LEGAMIN APUR BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko militante batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama, ore guztia jagiteko indarra daukan legamina dakartsut. Gure gizartea, gizakoiagoa, bardintsuagoa eta solidarioagoa, hau da, zuzenagoa egiten ahalegintzen diran kristau militante guztien izenean dakartsut. Gaur “santu” lez daukaguzanak, konpromisu horren jarraibide doguz. Zerbitzu lan horretan aurrera egiteko indarra eta laguntza eskatzen deutsuguz.


INTSENTSUAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten dau. Eskuan intsentsua eroaten dau, eta altaran intsentsu ontzia ikatzagaz ixiotuta dago. Nahiko lurrun atarateko beste intsentsu botatzen dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jesus Jauna, Ekialdeko Magoak ere intsentsua eskeini eutsuen Belenen, Zugan gizadiarentzat usain gozoko bizia aurkitu ebelako. Intsentsu honek usaindu daiala eleiza hau. Zure eskeintza horretan, “santuenak” eta gureak ere bat eginik, munduak eta guk bizitzan aurrera egiteko sinismena gauza on eta beharrezko lez hartu deigun.


PAZKO ZUZIA AURKEZTEA

(Batzarreko arduradunak iziotuta ekarri leike eta ondo ikusteko lekuan ipini)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama, gure historian gertatu dan gauzarik harrigarrienaren ezaugarri lez dakartsugu Pazko zuzi hau: Jesusen biztuerea. Guk maite doguzan pertsonak agurtzerakoan beti isiotzen dogu. Gaur, euren bakea eta zoriontasuna ospatu gura dogu. Onartu egizu guztien bizitza eta heriotza.

Agurra

Senideok: santutasunaren iturrira hurreratzen gaitu gaurko ospakizunak. Gure familiako eta laneko bizitzara bihurtzean, urtengo ete gara ZORIONTASUNEN espiritua egiaz eta benetan bizitzeko asmoz. Gure senide hilen oroipenak ez gaizala murgildu atsekabean, Jainkoaren Erreinua eurekin batera gozatzeko itxaropenean baino. Jai eta alaitasunezko egun zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Zatoze Nigana nekatuok, lanpetuok;
eta Neuk arinduko zaituet”




Egun ederra dogu gaurkoa; Kristau Alkartearentzat jai handia, SANTU GUZTIAK ospatzen ausartzen gara. “Arraro usaina” euki leike, baina FAMILIA HANDI baten jaia da. Holan da. Gaur, Kristau Alkarteak, EBANJELIOKO BIDEA egin daben ibiltari guztiak, gizaki guztiak batzen ditu. Horixe da “santu izatea”. Besterik ez…!

Gauza honeek gogoratzea ondo jatorku. Gure gizarteak sarritan pentsatzen dau, santuak eta santak “pertsona arraroak” dirala. Egia da, gaurtik begiratuta, euren bizitzeko “era batzuk” onartu ezinak dirala, baina MEZUA gaur be baliokoa da. Andra-gizon horreek Ebanjelioaren “logika arraroa” hartu eben ikur lez; zehatzago, ZORIONTASUNEN logika.

Euren NORTASUN AGIRIA: Erreinuagaitik pobre izatea erabagi dabe; sufritzen eta negar egiten jakin dabe; errukitsuak izan dira; apalak, bake zaleak eta bihotz garbikoak; zuzentasunaren gose-egarri izan dira… Hona hemen euren NORTASUNA (gaurko ebanjelioaren mezua da).

ZORIONAK GUZTIOI!
Gaur geure jaia da, Jesusen JARRAITZAILEON jaia!
ZORIONAK!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zorionekoak negar egiten dabenak, poztuak izango dira-ta"

(Mt 5, 5)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue