Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 31. domekea - 2017.eko Azaroaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak jai ospakizunera. Domekero, Jaunak, familia bardineko kide lez, bere altara inguruan alkartzen gaitu, bere Hitza entzuteko eta Eukaristia ospatuz, eskeintzen jakun ogia hartzeko.

Gaurko ebanjelioak gauza garbia esango deusku: “Zuen artean lehenengoa, zuen zerbitzari izango da”. Gure gizartean eta Eleizan hau egi bihurtuko bagendu, anaitasun gehiago eta harropuzkeri gitxiago egongo litzateke. Emoten dogun irudiak, sarritan agintea, zerbitzea baino nahiago dogula emoten dau.

Ebanjelioko hitzak, biziz bete daiguzan, guretzat zuzenduak dira-ta. Pertsonentzat argi izan behar dauan sinismena hartu dogu. Jainkoak, gizakiei itxaropena eroateko, hurrekoak, solidarioak, alaitsuak nahi gaitu.

Ospakizun honek lagundu deiskula, Jesus jarraibide lez ipinten deuskun Jainko Aita-Amagaz bat egiten.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Malakias 1, 14b – 2, 2b. 8-10

Israel herria erbeste aldetik etxera bihurtzean idatzitako testua entzungo dogu. Herriaren zerbitzari barik euren kontura bizi nahi daben abadeen kontra idatzia dago. Kultua ez da benetakoa. Gogoeta serioa eta gaur egun ere kontuan eukitekoa. Onartu dagigun gogoeta sendo eta serio hau.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 2, 7b-9. 13

Paulo pozik sentitzen da onartua izan zalako. Inguru haretako pentsalarien jokera eta Paulorena oso ezbardinak dira; honek, Maisuari jarraituz, bere Ebanjelioaren alde guztia emon eban. Jesusen jarraitzaileontzat, jarraibide ederra. Onartu dagigun bere testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 23, 1-12

Jesusen jarraitzaileentzat judutarren etsenplua ez da baliozkoa: ez dabe onartzen Jainkoaren nahia ezta gizakiengana hurreratu ere. Jesusen jarraitzaileak ZERBITZURA deituak gara; anai-arreben arteko zerbitzura. Konpromisora deitzen gaituen berbak entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoak argitu gaizala bere nahia egiteko. Berari zuzentzen deutsaguz eskari honeek, Jesukristoren bitartez.

1.- Eleizea gizatasunean maisu izanez, pertsonen poz eta tristurekin arduratu daitela gehiago eta ez hainbeste zerbitzua itotzen daben egiturekin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristauok Jesusen sentimentuekin bat eginez, hurtasuna, errukia eta harrerea, bazterturik dagozanen zerbitzari izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gugan, gure herrian eta munduan bakeari ateak zabaldu deioguzan; arduradunak eta agintariak, alkarrizketaren bidez, bakerako bideak egin dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaisoak, lanbakoak, etorkinak, zaharrak… gogoan izan daiguzan; ahal dogun neurrian, euren alde jokatu dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Parrokia osotzen dogun guztion alde: gure ondokoekaz arduratu gaitezan eta pertsona guztien ondo izatea bilatu dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Buru egiten dauanak edo Pastoral Kontseilua zuzentzen dauanak egin daike aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Makila hau dakartsut, Jauna. Agintearen ezaugarria da. Beragaz batera, zerbitzeko gertu-prest egotea eskeini gura deutsut. Izan be, Artzain Onaren ikasle nazanez, badakit besteei norbera emotea eta baldintza bako zerbitzua dirala zure familian dagoan aginte bakarra. Emoidazu indarra, nire ardura horren gaitasuna gehitu daiten. Alkarte guztiaren izenean be, danei zerbitzeko gaitasuna eskeintzen deutsut, jakin badakigulako danok gareala bata bestearen artzain. Zabaldu eizu gure artean maitasunaren sarea.


KOADERNO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Pertsona batzuk euren barruko gauzen egunkaria egiten dabe. Horren ezaugarri lez dakartsut, Jauna, koaderno hau. Zuk ondo ezagutzen dozu; zuretzat ez dago ezer ezkuturik. Beragaz, nire gogoa eta ezina eskeindu gure deutsudaz: zure Semearen benetako jarraitzaile izan edo betiko sinismen lasaian bizi. Zure Semearen benetako jarraitzaile izateko gogoa eskeintzen deutsut eta horretarako behar dodan laguntza eta indarra eskatu.


ORIO ONTZIAREN AURKEZPENA

(Hauxe da Parrokiako Caritas taldean diharduan kide batek edo besteen beharrizanei erantzuten diharduanen batek aurkeztutako orio ontzi honegaz azaldu gura doguna: maitasunaren bitartez mundua eraldatzeko dogun erantzukizuna)

OTOITZA – AZALPENA: Nik orioz betetako ontzi hau dakartsut. Gizon-emakumeen norberekeriak bihurritutako eta kaltetutako mundu honen zauriak osatzeko konpromisoaren irudia dogu. Hauxe gura dogu, Jauna: beharrizanik dagoan lekuan egon gaitezala zure ikasleak, mundu honi eta gizon-emakumeei, zure Seme maiteari emon deutsazun aintzaren isladea izaten, lagundu deiegun.


IGELTSEROTZAKO TRESNA BATEN AURKEZPENA

(Ez da burrukan egin behar bakoitzaren egoerea aldatzen bakarrik. Holan balitz, horkonpokeria larrian jausiko gintzatekez. Horregaitik, gizarte edo sindikal borrokan konprometiduta dagoan batek igeltserotzako tresna hori aurkeztean, mundu honetako eta gizarte honetako egiturak eta erakundeak aldatzeko konpromisoa azaldu gura dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, igeltserotzako lan tresna hau dakartsut nik gaur. Mundu honetako egiturak aldatzeko gure konpromisoa adierazoten dau. Gure pekatuek eta giza bihotzen norberekeriak egindako kaltearen menpean dagoz egitura horreek. Eraso egiten ez badeutsegu, danak jarraituko dau bardin, eta lur honetako handikiek eta ahalmentsuek txikienen lepotik jaten jarraituko dabe. Ez deutsugu bakoitzaren konpromisoa bakarrik azaldu gura; baita alkartearena eta Eleizearena be. Ez da eginkizun erreza. Horregaitik, emoiguzu zeure indarra.


LITURGIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Liturgian laguntzen eta arduratzen diranen aurkezpena egiten dogu gaur. Zerbait idatzita eroan ezkero, hobeto. Gero, jendeari banatu edo bestela danok irakurteko tokian itzi)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: zure Semearen bidez, zure izenean alkartzeko deia egiten deuskuzu. Sarri alkartzen gara zure izenean. Ospakizunak ahal diran ondoen prestatzen ahalegintzen gara. Gure helburua, ospakizunean alkartzen garanok Zugaz bat egitea da. Onartu eta zuzendu egizu gure lan apala. Gure zeregina aurrera eroateko konpromisoa eskeintzen deutsugu. Eskerrik asko gugaz kontatzearren.

Agurra

Senideok: azken izanez, guztien zerbitzari izateko deia entzun dogu Ebanjelioan. Jesusengandik entzun doguna, gure eguneroko bizitzan betetzera deituak gara. Egitekoa ez da erreza, baina kristau testigutza emotera deituak gara. Hartu daigun bere bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Bakarra da zuen Aita: zerukoa;
eta bakarra zuen zuzendaria: Kristo”




Kristau alkartea JESUSEN BIDEA egitera deitua da. Horregaitik, domekero bere sinismena ospatuz, gogoa, itxaropena eta konpromisoa barriztatzera deitua da.

Jainkoaren hitzak barriro ere guztiok estu hartzen gaitu, baina batez be Eleizan edo Kristau alkarteetan arduraren ba daukenak. Dana dala, zintzoak bagara, Jesusen mezua bere jarraitzaile GUZTIONTZAT dala autortu behar dogu.

Zein da mezu honen laburpena? Ebanjelioan agertu jaku: “Zuen artean haundiena dana, izan bedi zuen zerbitzari”. Esaldi ederra! Baina zer agertzen dau? Jainkoaren nahia ulertzeko era ezbardin bi dagozala:

• Farisearrak: ez dabe egiten irakasten dabena; eta maisu erlijiosoak izatearren besteen gainetik dagozala uste dabe; baita be “Zama astun eta eroan ezinekoak egiten dabez, eta besteen bizkarrean ipini; eurak, ostera, atzamar batez ere ebatu ez”. Guzti hori Jainkoaren maitasunaren Barri ona iragarri behar lekuan.

• JESUS: irakasten dauana egiten dau; ez dau behar pribilegiorik, ez bera goratzerik; ez dau botaten gizon emakumeon bizkarrera “Zama astun eta eroan ezinik”. Bere egitekoa Jainkoaren maitasunaren Barri ona iragartea da; guztiontzat, askapen, salbamen, maitasun eta itxaropenaren Barri Ona.

Gure alkarteetan zelan jokatu beharko ete dogu?
Jesusen jarraitzaile izan nahi badot, zein da nire bizitzeko era?

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Zuen artean lehenengoa, zuen zerbitzari izango da”

(Mt 23, 11)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue