Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 33. domekea - 2017.eko Azaroaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Hitzaren eta Mahaiaren inguruan egiten dogun ospakizun honetara. Jesus Jauna gure artean dago.

Liturgi Urtearen amaierarantz goaz eta Jesusek ebanjelioan aurkeztuko deuskun parabolaren bidez, gure bizitzaren aurrean ipinten gaitu, hartutako TALENTUAK, baloreak, bokazinoa, sinismenagaz zer egin dogun pentsatzeko.

Jainko gure Aita-Amak ondasun batzuk itzi dauz gure eskuetan eta gu gara horren arduradun. Hartutakoa ez da geuretzat; ezta gordetzeko ere; hartu, erabili eta frutua emoteko baino. Jainkoak, norberen indar eta ahalmenak errespetatuz, bere BARRI ONA gizaki guztiei iragarteko eskatzen deusku. Horixe da bere proposamena.

Eukaristiak, Barri Onaren alde lanean jarraitzeko adoretu gaizala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Esaerak 31, 10-13. 19-20. 30-31

Herri jakiturian oinarrituz, bere etxea zaindu eta ondasunak ugaritzeko trebetasuna eta bere eskuak behartsuari zabaltzeko prest dagoen emakume baten adibidea ipinten deusku lehenengo irakurgaiak. Herriaren sentipena batu nahi dau hemen idazleak. Gogoeta bakun eta jakintsu honeek bihotzez onartzeko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 5, 1-6

Tesalonikako alkartean asko eztabaidatzen zan munduaren amaiera eta bere ondorenak. Gai horreri buruzko teoria hutsak eta Jaunaren etorrerari buruzkoak alde batera izten ditu Paulo apostoluak. Baina egun hori, gitxien uste dogunean helduko dala dinosku. Kristaua, izarrik egonez, Jauna onartzeko beti prest egon behar dau. Bere testigantza onartzen dogu.


Ebanjelioa: Mateo 25, 14-30

Jesus, talentuen paraboleagaz baliatzen da, bere jarraitzaileok hartu doguzan dohaiekaz zer egin dogun itauntzeko. Dohaiak ez dira lurperatzeko, frutua emoteko baino. Ez gara jabeak, Jainkoak emon deuskuzan ondasunen zaintzaile eta banatzaileak baino. Jainkoak, bakotxaren ahalegina goratzen dau. Gogoeta hau geureganatzen ahalegintzen gara.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoak emon deuskuzan ondasunak ondo erabiltzeko bere laguntza behar dogu. Eleizako eta munduko premina batzuk aurkezten deutsaguz.

1.- Eleizeak, emakumearen duintasuna eta haunditasuna benetan onartu dagizan, bere helburuak eta gurariak zainduz eta bere gaitasunak onartuz eta baloratuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gure gizartean, eraso fisiko edo psikikoak alboratuz, pertsona guztien duintasuna eta errespetua bilatu eta zaindu daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure artean eta munduko leku guztietan, BAKEARI ateak zabalduz, alkar bizitzarako bideak erreztu daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Kristauok egiten dogun lana poztasunez egin dagigun, gure ahalbideak besteren zerbitzura ipiniaz, eta gitxiengoen alde jokatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alkarteetan, Aita-Ama baten seme-alabak garan ezkero, danak onartuak izan eta alkarregaz Jainkoaren Hitza entzuteko gai izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena alkarteko gaztetxo batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakartsugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen umeen joko bat dala badakizu. Beste andra-gizonekin batera gure denpora eskeini nahi dogunaren ezaugarri lez eskeintzen deutsut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoan lekuan, han egon gaitezala geure denpora eskeiniz eta ahal dogun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte edo heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik erloju hau dakartsut, denporaren ezaugarri eta bera neurtzeko tresna. Gaur, historiaren gainetik zuk daukazun aginpidea gogoratzeko dakartsut. Aitaren eskuma aldetik zuk zuzentzen dozu eta dana zeureganatzen. Zugan gauza guztiak bere betetasunera heldu daitezan zure laguntzaile izan nahi dogu.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA EROATEN DAN POLTSAREN AURKEZPENA

(Alkarteko etxeko andre batek aurkeztu daike. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezan lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dodan tresna dakartsut, baina era berean gure kontsumorako grina agertzen dauan tresna da. Jauna, ez gaitezala jausi kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituan sasi-baloreetan. Zure argia behar dogu itzarrik egon gaitezan; emoiguzu Jesusen Espiritua bere antzera bizi izateko.


GAZTE PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Gazteak eurak prestatzen dabe. Ondo legoke ezaugarri batekin aurkezpena egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Parrokiako gazte pastoraltzan gabiltzanon izenean egiten dogu aurkezpen hau. Jauna, ez da erreza aurrean daukagun lana. Horregaitik, zure eskuetan izten dogu aurtengo egitasmoa, pentsatuta daukaguzan ekintzekin. Zure laguntza eskatzen deutsugu, bai lanean zintzo irauteko, baita gure gaztetxo eta gazteen artean zure TESTIGU izateko ere.

Agurra

Senideok: ebanjelioak esan deusku, Barri Ona gizaki guztiei transmititzeko, gure dohaiak eta talentuak erabili behar ditugula. Jainko Aita-Amak aurrean ipinten deuskun zeregina da. Bere ustez, mundu barri bat egitea eta anaitasunean bizitzea, gure eskuetan dagozan aukerak dira. Argiaren seme-alaba lez bizi gaitezala. Erreinuaren eraikuntzan, aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Zagoze nigan,
nigan dagoenak frutu ugari emongo dau”




Bidean doan Jesusen taldea gara, eta domekero ALKARTEAN batzen gara EUKARISTIA ospatzeko; egiten dogun guztia, Jesus berbiztua gure artean dogula jabetzeko eta ospazteko da.

Domeka honetako mezu nagusia TALENTUEN parabolan dogu. Zer eskatzen deusku? Gure dohaiak eta talentuak Jainkoaren Erreinuaren alde erabiltzeko deia dogu (lehenengo eta behin ezagutu egin beharko ditugu; pobreenak ere beti dauka zerbait besteari eskeintzeko).

Baina… Zer da “Erreinuaren zerbitzura ipintea”? Jesusen esanetan, ahul eta pobreenen alde egiten dogun guztia da. Morroi alperrak ez eban egin zerbait txarto, egin ahal izan eban ona egin barik itzi baino. Jesusek honetara konbidatzen gaitu: Berak maite dauana, baloratzen dauana, berak bizitzako helburu lez euki ebana, guk egi bihurtzen ahalegintzea. Eta honek, zeruko Aita-Amaren desioarekin bat egiten dau: JAINKOAREN ERREINUA gaurkotzen joatearekin. Eta guzti hau gauza ikusgarrietan barik eguneroko gauzei begiratuz.

Zoriontsuak ERREINUAREN alde lan egiten dabenak,
Jainkoa eurekaz izango dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gitxian zintzoa izan zarealako... sartu zaitez zure nagusiaren pozetan"

(Mt 25, 23)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue