Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 34. domekea JESUKRISTO, GUZTIEN ERREGE - 2017.eko Azaroaren 26a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jesus Jaunaren mahai inguruan ospatzen dogun Eukaristiara.

Hona hemen gaurko liturgiaren planteamentua: Jesus Jauna da, Jaun bakarra, GUZTIEN ERREGEA. Mundu adiskidetu eta salbatua bihurtu behar deutso bere Aitari. Baina… Jesusen jauntasunean bat egitea, bere eskumaldean onartua izatea, besteen beharrizanetara zabaltzea da; behartsu eta baztertuengan Bera ikustea da; mundu solidario baten alde lana egitea da; Jainkoagana zabalik dagoen gizarte aske eta zuzen baten alde lana egitea da.

Jainkoaren epaia ez da bakarkakoa bakarrik; giza egiturak, nazioen arteko erlazinoak, Iparraldea eta Egoaldea… guztia dago lotuta Jainkoaren Erreinuagaz eta bere egitasmoagaz.

Jaunaren hitzak bai bakarka baita giza talde lez ere daukan eragina kontuan izanik, hasten dogu gaurko ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 34, 11-12. 15-17

Entzungo dogun zati honetan, Israelgo erregeek herria banatu eta apurtu eben. Honen aurrean, Ezekiel profeteak, ardi galduak eta zaurituak maitasunez zainduz, gizadia bide zuzenetik eroango dauan benetako artzaina iragartzen dau. Zerbait barria eta ederra iragarten jaku. Mezu eder hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 15, 20-26. 28

Jainko Erreinuaren erabateko izaera agertzen deutse Paulo apostoluak Korintoko alkarteari. Adanek heriotzara eroan ginduan lez, Kristok bizira garoaz. Jainkoaren bila dabizanen buru dogu Jesus Jauna; Aitaren Erreinura garoaz. Ondoren horretara heltzen da Paulo apostolua. Entzun deiogun.


Ebanjelioa: Mateo 25, 31-46

Zer izango da azken epaia? Ebanjelioak, epai hori aldekoa izateko, ERRUKIZ jokatzera bultzatzen gaitu, gose, egarri, bakarrik, gaisorik, kartzelan edo atzerrian aurkitzen diranengana hurreratuz. Hori dogu Jesusek bere jarraitzaileoi egiten deuskun proposamena. Hauxe dogu gizakiok gainditu beharreko azken azterketa. Ez dago atxakiarik ezta engainatzerik ere. Errukizko ekintzak egi bihurtzen joatea da Jainkoaren Erreinuko oinarrizko gauza. Entzuten dogun bitartean, ahalegindu gaitezan geure bizitzagaz lotzen.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesukristo gure bitarteko bakarraren bidez, konfiantzaz beterik, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gure eskariak.

1.- Eleizaren alde: behartsuak, bere ardura nagusia izan daiten. Egiten dauan guztia Aita-Amaren errukiaren islada izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Aginpidea daukenen alde: mundu zuzenago baten alde jokatuz, gizarteko baztertuenen alde zerbait egin dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristauok, Jesusen sentimentuak geureak egin daiguzan; hurtasuna, errukia, pertsonak onartzea, baztertuenen zerbitzariak izatea, gure ardura nagusiak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4. Pobreen alde, askatasun barik bizi diranen alde, gaixotasun edo bakardadeagaitik sufritzen dagozanen alde: euren lagun izango diran pertsonekin aurkitu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5. Otoitzean alkartu garanon alde: Jainkoak gure barrua ikutu eta aldatu daian, eta besteen oinazean bat eginez, euren zerbitzura ipini gaizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALKARTEAREN LANDAREA AURKEZTEA

(Alkarteko pertsona esanguratsu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: Pastoral urtearen hasieran (badira domeka batzuk) landara eder baten aurkezpena egiten genduan konpromiso hau gogoratuz: Zuk gure barruan ereindako HAZIA, urtean zehar zaintzea. Lehen etaparen amaieran eta Liturgi Urte barriaren hasieran, LANDARA berbera aurkezten deutsugu. Zaindu dogu eta Jesusen urratsak jarraituz zaintzen jarraituko dogu. Aita-Ama ona, gure konpromisoa betetzeko zure laguntza eskatzen deutsugu.


LUR GLOBOAREN AURKEZPENA

(Ebanjelizatze arloan dabilen batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Lur globo hau dakartsut. Hainbeste nazinotan, herritan, kulturatan eta hizkuntzatan banatutako gure munduaren ezaugarria da. Gizaki guztien gurariak eta interesak batzen dituan bakarra Zeu zarala autortzen dogu. Gizadiaren batasunaren alde lanean jarraituko dogun ezaugarri lez dakartsugu.


OTZARA BETE FRUITU AURKEZTEA

(Fruitu ugarigaz betea. Alkarteko pertsona heldu batek egin leike. Amaieran, preminan dagoan familia bati eroan leikio)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, otzara bete fruitu dakartsut. Naturearen bidez, gure onerako eta gozamenerako emoten deuskuzuz. Sortutako gauza guztien Jaun eta Errege zarala autortuz eskeintzen deutsut. Eskerrik asko, naturea zaintzea, erabiltea eta ekoiztea gure eskuetan itzi dozulako. Ondasunak behar diran lez erabilten eta banatzen ikasi daigula.


LITURGI URTEKO EGUTEGIEN AURKEZPENA

(Domeka honetan amaitzen dan egutegia eta barriaren aurkezpena. Balego, Liturgi taldeko batek egiten dau; bestela eleizako arduradun batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkartearen izenean LITURGI URTEKO EGUTEGI bi honeek aurkezten deutsudaz: urtean zeharreko ospakizunak prestatzeko orain arte erabili doguna, eta datorren domekatik aurrera erabiliko doguna. Urteko ospakizunen bidez zure bila jarraitu nahi dogu, Jauna; zure esku maitagarria gure eguneroko bizitzan nabaritu. Gure orainak eta geroak zentzuna izan dagian, uneoro zure laguntza behar dogu. Zugaz kontatzen dogu, Jauna.

Agurra

Senideok: ezinduen eta behartsuen alde jokatzen badogu; euren bizitza hobeagoa egiteko gure zerbitzua eskaini badogu; kurutzeratuekaz bat egitearren eta laguntzearren gure inguruan eztabaida sortu badogu… azken egunean Jesusen berba gozoak entzungo doguz: “Zatoze, Aitaren bedeinkatuok”. Bide horretatik aurkituko dogu Jainkoa eta salbamena. Jainkoa benetan ezagutzeko, pobreengana hurreratu behar gara; eurekaz arduratuz bizi dana, Jainkoa ilunpean izan arren ere, Aita-Amaren maitasunean bizi da. Ezagutu ez arren, Jainkoagaz bizi da.

Senideok: bidea ezagutzen dogu; ibili gaitezan bide horretatik… Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena.
Bedeinkatua datorren erreinua, Dabid gure aitarena”




Liturgia Urtearen amaiera lez, Kristau Alkarteak JESU KRISTO SORTUTAKO GUZTIEN ERREGE festaburua ospatzen dau. Kristo atzo, gaur eta beti. “Errege ahaltsuak” entzute onik ez daukien mundu honetan, ausardia behar da jai hau ospatzeko.

Jai honetan, zer ospatzen dau Kristau Alkarteak? Mundu honetako erregeekin badauka zerikusirik (= boterea eta aberastasuna)? Eta erantzuna: INONDIK INORA BE EZ. Kristoren erregetza ulertzeko “beste giltza” bat sartzea beharrezkoa da. Holan esanez, benetako baieztapen bat egiten gabilz: Berak kristau bizitza guztia ikutzen dau. Bere ikusteko ereak, maitatzeko edo jarduteko ereak, bere jarraitzaileari be NORTASUN berezi bat emon behar deutso: eguneroko bizitza, zuzentasun gogoak, egia zaletasunak, alkartasun zeinuak, bizitza bihurtu eta bizitza sortzen doazan eremua.

Erregetza honek ez dauka zer ikusirik “biba Kristo erregea” oihukatzeaz. Gauzak bere lekuan ipintea bere jarraitzaileoi jagoku. Kristoren erregetzaren giltzak KURUTZEA eta ZERBITZUA dirala munduari agertzea geuri jagoku.

Ez daigun ahaztu: “Egiaren testigu izatera etorri naz. Egiarena danak, entzuten dau nire berbea”.

Zoriontsuak ERREGE eta JAUN lez onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zatoze, nere Aitaren bedeinkatuok"

(Mt 25, 34)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue