Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

- B ZIKLOA - Abendualdiko 1. domekea - 2017.eko Abenduaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak fedearen eta anaitasunaren batzar honetara.

Liturgi urte barri bati, Abendu barri bati, graziaren eta itxaropenaren aldiari hasiera emotera goaz. Erne bizitzeko deia eta gonbidapena egiten jaku. Datorkigun Jaunak gure barruan haztea nahi dau, gure zauriak osatzea, bideak zuzentzea, bere Erreinua prestatzea. Merezi dau gonbidapen horreei erantzutea, denpora hau zain eta erne bizitzea.

Jainkoa bere Semearen Jaiotzan egin zan gure arteko, baina oso gitxik onartu eben. Orain bila jatorku bere Hitzaz, bere sakramentuetan, gizon-emakume bakoitzean, bizi ditugun gertaeretan. Iraun dagigun erne, loak hartu barik, hurreratzen jakun bakoitzean ezezagun egin ez dakigun.

Honela emongo deutsogu hasierea Liturgi Urte barriari.

Pregoia

Oharra:Zentzu berezia dauka eta zaindu beharra dago. Bakoitzak ikusi ze momentutan egin: hasieran, Hitzaren ondoren...).


ABENDUKO PREGOIA - 1

Gaurko gizakia,
non dagoz zure begiak,
non zure itxaropena?

Gaurko gizakia,
zein da zure ibilbidearen helmuga?
Gose zara eta ezerk ez zaitu asetzen.
Euki, euki, euki...
eta eukiteak ez zaitu zoriontsu egiten.
Hainbeste eskeintza, eta buru makur jarraitzen dozu.

Gaurko gizakia,
zabaldu zure begiak zain ez zagozan horretara!
Begiratu, mendietan zehar gizon ahul bat dator,
itxura haundi bakoa.
Pekatariekaz bat egiten dau,
eurekaz batera bateoa hartu,
eta bere doea inork onartu ez.
Bateatzaileak bakarrik autortzen dau:
“Neu naz bateatu beharrean aurkitzen dana,
eta ez zu, Bateoaren egilea zarana”
.
Gizon makal hau,
agindutako Erreinua ernetzeko
Jainkoak gizakien artean
ereindako kimu barria dogu.

Gaurko gizakia,
ase ezineko zure gose egarria entzunez
datorren barriak zure bihotza hartu daiala.
Barri guztia Bere barruan dago.
Ez bilatu eukitean,
ezta inoiz beteko ez diran hitzetan.

Gaurko gizakia,
entzun zure bakardadea
eta isiltasun apalean,
eta bere agintzaria beteaz
zure bila datorrenarekin bat egiten ahalegindu:
“Jainkoak gizakia maite dau. Gaur zugaz gogoratu da”.

Ulibarri, Fl.




Oharra: Abendualdiko pregoi edo aldarria prestau ditugu PowerPointeko argazki eta musikarekin. Erabili nahi izanez gero:
- >>> 1. pregoia<<<.




ABENDUKO PREGOIA - 2

Abendua hasten dala iragarten deutsuet.
Jaso begiak, igurtzi eta begiratu ingurura.
Momentua bizi. Entzumena zuhur izan.
Entzun oihuak eta deiadarrak, haizea, bizitza…

Abendua hasten dogu,
Eta zeru-hertzean barriro itxaropena sortzen da.
Haruntzago, Gabonak eta bere argi izpiak.
Gabon baketsua, barrukoa,
anaikorra, solidarioa, gisatua,
baita azalekoa, apurtua, indarkeriazkoa…;
baina beti itxaropenaz ezkondua.

Abendua, danok barruan daroagun
itxaropen hazi sortzailea dogu;
su-gar mehea, amatatu ezinekoa,
aldi guztietan agertzen jakuna;
solidaritatezko bidea, ondo egina;
ibilaldi bakotxean poza zainduz;
iruzurtzen ez gaituen oin-hatzak;
biziaz beteriko hazkundea;
barri onaren iragarpen neurtua;
gainezka egiten dauan samurtasuna…

Zuhur egon eta entzun.
Isaiasen oihua itxaropenez beterik:
«Jaunaren argitara ibili gaitezan».
Joan Bateatzaileak itxaropenez deitzen dau:
«Bihotz barritu zaiteze hur dagoelako Jainkoaren Erreinua».
Israelgo pobreen
eta munduko pobre guztien itxaropenaz,
Mariak bere onarpenaren berbea ahoskatzen dau:
«Egin bedi nigan zeuk nahi dozun lez».

Poztu zaiteze.
Jantzirik politena jantzi egizue.
Usainik ederrenagaz lurrundu zaiteze. Ikusteko lez!
Jainkoa dator. Poza, bakea eta itxaropena bizkortu.
Prestatu bidea. Salbatzailea dator.
Jainkoa dator… eta atean dago.
Bizitzara itzartu!

Ulibarri, Fl.




Oharra: Abendualdiko pregoi edo aldarria prestau ditugu PowerPointeko argazki eta musikarekin. Erabili nahi izanez gero:
- >>> 2. pregoia<<<.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 63, 16-17; 64, 1. 3-8

Israel herria Jainkoaren presentziaren irrikan ebilen, bere biziari zentzuna emon nahian. Bizi ziran ohikeriatik atarako zituen Haren egarria euken. Isaias profeteak horregatik esaten eutson Jainkoari: “ai, zerua urratu eta jatsiko bazina”. Zeruak urratu eta lurrera jaisten dan Jainkoa ez da noizean behingoa, gaur bai eta bihar ezkoa. “Jainkoa-gurekin” da, gure artean bizitzera datorrena. Ez da Jainko zerga-batzailea, bere burua osorik emoten deuskuna baino. Onartu dagigun mezu eder hau.


2. irakurgaia: 1 Korintiarrei 1, 3-9

Paulo apostoluak Korintokoei egindako idazki honetan, itxarotearen zentzuna azaltzen deusku; itxarotea, bizi eta esperimentatu danaren barri emoteko da. Hau da Kristo Jaunak lortutako BIZITZA BARRIA. Jainkoaren leialtasunari esker guztia ahal dala esango deusku apostoluak. Onartu daigun bere testigutza.


Ebanjelioa: Markos 13, 33-37

Markos ebanjelariak erne bizitzeko deia egiten deusku; Jainkoa hurreratzen jabilku. Ezin gara lotan gelditu, ezinezkoa dogu ez arduratzea. Ezin dogu itzi inoren kontura gure erantzukizuna. Erne biziz bakarrik aurkitu eta bizi dagikegu eguneroko ibilian Haren presentzia eta esku-hartzea gure bizian eta gure munduan. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren Hitzari erantzunez geure otoitzak aurkezten deutsaguz Jaunari. Gugaz arduratzen dalako, entzunak izango garan konfiantzaz egiten dogu.

1.- Gure Eleizaren alde: pobreenen eta alboratuenen aldeko ardurak, gizon-emakumeen itxaropenak bizkortuko dituen argi bizi izan dadila. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herri guztietako nagusi eta agintarien alde: zuzentasunaren, bakearen eta askatasunaren alde diharduten mugimenduak sustatzen eta suspertzen ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Bizitzako bideetan zehar noraezean dabilzan gizon-emakumeen alde: aurkitu dagiela gure ibilian erne mantentzen gaituen eta biziaren betetasunera dei egiten deuskun Jainkoa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gorputzean edo espirituan sufritzen dagozanen alde: zuzengabekeriak eta minak, eurek daukeen itxaropena inoiz ez dagian amatatu. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion eta gure alkartearen alde: Abendu-aldi honetan fedean erne, otoitzean sendo eta gure senideen beharrizanetara adi bizi gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN AURKEZPENA

(Ohitura bihurtzen doan Abenduko koroiaz jarraitzen dogu. Norberak egina edo lorategian erosia. Pastoral batzordeko buruak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkarte osoaren izenean, Abenduko ezaugarri hau aurkezten deutsugu. Gabon aurreko egun honeek, sakontasunez bizitzera konprometitzen gara. Jauna, emoiguzu zure indarra eta argia, zure gogokoa dana eginez bizi daiguzan egun honeek.


ABENDUKO KOROIAREN LEHENENGO KANDELEA ISIOTZEN DA

(Buru egiten dauana koroia dagoan lekura doa, eta lehen kandelea isiotzen dau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama, Abenduaren hasieran, koroiko lehenengo kandela hau isiotzen dogu. Gure itxaropena argitzen dauan argia izan dakigula. Berak lagundu deiskula itzarrik egoten; zure etorrerea ikusteko bihotzeko begiak erne izan daiguzala. Zure arrastoa ez daigula galdu. Zu zagozan leku guztietan, Zugaz bat egin daigula.


AMETS BAT, GURARI BAT, ITXAROPEN BAT ETA OTOITZ BAT AURKEZTEN DA

(Eskeintza ume batek, gazte batek, andra-gizon batzuk eta adineko batek egiten dabe)

OTOITZA – AZALPENA:

- UMEAK: Jauna, nik ume amets bat dakartsut: mundua gure jokoak modukoa izan daitela, bardintasun eta anaitasun lekua.

- GAZTEAK: Jauna, nik gurari bat dakartsut: gizakia eta gizartea, egiak eraginik bizi daitezala.

- ANDRA-GIZONAK: Gure seme-alabei begira bizi garanok, itxaropen bat dakartsugu, Jauna: gizakien arteko hartuemonak bakezkoak izan daitezala.

- ADINEKOAK: Jauna, iraganak ikututa eta geroari begira bizi naz. Otoitz hau egiten deutsut: zure betiko etorrerea oztopatzen dauan guztia parkatu eizu; eta umearen ametsa, gaztearen guraria eta andra-gizonen itxaropena, zure graziaz egi bihurtzen lagundu eiguzu.


ALKARTEKO UMEEN AURKEZPENA

(Umeak altara aurrera doaz eta eskutik ebatuta gelditzen dira; eta otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Abenduko koroiagaz batera gure itxaropena diran ume honeek aurkezten deutsuguz. Etorkizunari begira bizi dira. Gugan daukee euren konfiantza. Gu gara euren guraso, lagun eta gidariak. Gure bihotzean beti izan deigula itxaropena; pozik bizi izaten laguntzen deuskun itxaropena.

Agurra

Senideok: Jaunak esan deusku bere hitza, bere Semearen etorreraren zain, erne eta itxaropentsu bizitzeko deia egin deusku. Guri tokatu jakun gizartea zuzenagoa, senideagoa egiten konprometiturik bizitzea da kristau lez erne bizitzea. Gure bizierea lagungarri gertatu dadila askok burua jaso dagien, lagungarri zerumugan ernetzen azaltzen dagozan aldien zantzuak ikusteko eta biziera barri batetik abiatu gaitezan Jainkoaren presentziara eta utopiara irekitzeko. Abendu zoriontsu bat danoi!

Egun honetarako gogoetea

“Erakutsi eiguzu, Jauna, zure errukia
eta emoiguzu zure salbamena”




LITURGIA URTE BARRIA hasten dogu gaur. Kristau alkarteentzat hau berezia da: hurrengo hilabeteetan, JAUNAREN MAITASUNAREN HISTORIA, bere “salbamen historia” hori bizitzeko, ospatzeko eta elikatzeko prestatzen gara. Kristau Alkarteak hauxe ospatzen dau liturgian. Oinarrizko ideia hau ahazten edo baztertzen dogun neurrian… gure ospakizunak aspergarri bihurtuko jakuz!

Jaunaren maitasun historia horretan, oinarrizko momentua, NORBAITEN PRESENTZIA DA; desiratua eta itxarona izan dan Norbaiten jaiotza da. Bila dabilen, bizitzaren zentzunaren bila, historiaren zentzunaren bila, heriotzaren zentzunaren bila, estu eta larri dabilen gizakiari, itxaropena emongo deutson Norbait. Horregatik, ABENDUA, ITXAROPENAREN ALDIA DOGU; Jaunaren BIDEAK prestatzen joateko aldia. Harengana zabaltzeko eta onartzeko prestatuz bakarrik ezagutuko dogu. Hauxe da Gabonak ospatzea; Jesus gure artean egote hori, itxaropen gisa eta salbamen gisa bizitzea. Hauxe da gaur hasten dogun aldia.

Gure askapenaren iragarpena entzuteak (“jaiki zaiteze, altxatu burua, zuen askatasuna hurrean dago”) eta izarrik egoteko egiten jakun gonbidapenak (“egon zuhur ez dakizue noiz izango dan eta”), sinismendunongan ITXAROPENA sortzen dauan deia dogu. Historian zehar profeten eginkizuna ere horixe izan da: Su-garra biztuta euki. Hainbeste mehatxu eta heriotz bizi izan dogun gure munduaren historia honetan, argiaren preminan gagoz. Irribarrez eta begi argiz aurrera begiratzeko behar dogun argitasun horren miraria gertatu leiteke.

Dana dala kontuan eukitekoa da baita ere, tentazinoak beti inguratzen gaituela: orain ondo bizi garanez hobeagorik ez dagoela pentsatzea, edo lehengoari begira egotea hobeagoa zalakoan. Lehengoan edo oraingoan itxita gelditzea, itxaropenaren kontrako pekatua da. Sinismenduna, zu eta ni, gure aurrean dogun eta beti bila jarraitu behar dogun itxaropenetik eta itxaropenerako bizitzera deituak gara.

Zoriontsuak bere ETORREREA itxaroten dabenak:
gure gurari sakonenak HAREK BETEKO ditu!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zagoze, bada, zuhur"

(Mk 13, 33)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue