Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Abendua - 2. domekea - 2017.eko Abenduaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorri, senideok, ospakizun honetara.

Barriro ere beste anai-arrebekin alkarturik, gaurkoan Abendu aldiko bigarren domekea ospatuko dogu. Gabonetarako bidean, Ebanjelioko pertsonaia garrantzitsu bat ipinten jaku lehen lekuan: Joan Bataiatzailea.

Honek bihotz barritzera deitzen eban, Jaunari bidea prestatzera. Eta etortekoa zan Mesiasi, harrera ona egin nahiez, euren gogo-bihotzak Jainkoaren asmoetara aldatzeko prest egozanak, Jordanen bateatu egiten zituen.

Guk geuretzat hartzen dogu gaur gonbitea. Ez izan ezbairik ateak zabaltzeko bakea dakartzunari. Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 40, 1-5. 9-11

Lehenengo irakurgai honek dioenez, etsipenak jotako erbesteratuen artean barri on bat zabaltzen da: askapenaren iragarpen pozgarria. Isaias profeteak, Jainkoaren izenean, itxaropen hitzak esaten deutsoz Israel herriari, Jauna bera datorrelako herria salbatzera. Poz eta alaitasunez beteriko hitzak dira. Onartu daiguzan.


2. irakurgaia: 2. Pedro 3, 8-14

Gogoeta honek dinoskunez, alperrikoa da salbamen historiaren egutegia ezartzea; Jainkoak bakarrik daki noiz eta zelan amaituko dan giza historia. Horregaitik, Pedro apostoluak, Itxaropen deia egiten deusku. Etortekoa dan Jaunaren egunari begira dago gure bizitza; itxaroten ditugun zeru-lur barrietara jasotzen dogu begirada. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Markos 1, 1-8

Entzungo dogun ebanjelioan, Joan Bateatzailea agertzen jaku; gizon latza, eta profeta lez Mesiasen etorrerea iragartzen ebana, eta onartzen ebenak Jordanen bateatzen zituan. Baina kontuz: bere entzuleak bihotz barritzera eta etorteko zanari bideak prestatzera konbidatzen ebazan. Jainkoak hasitako bizi egitasmoa eta gizaldietan itxaron izan dana, Mesiasek bere osotasunera eroango dau. Onartu dagigun iragarpen hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Orain, Jainkoak zuzendu deuskun hitzaren argitan, aurkeztu deioguzan uste osoz gure beharrizanak Jaunari.

1.- Eleizaren alde: Ebanjelioaren Barri Ona leialtasunez zabaldu daian, itxaropena eroanez eta behartsuengandik hurrean biziz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herri guztien alde: bakean, justizian eta pertsona guztien ondo izatean aurrera egin ahal izan dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde: Abendu aldi hau gogotik bizi dagigun, gure bizitzan eta gure inguruan Jaunaren bidea prestatzen serio ahaleginduz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Taldetan besteen alde lanean diharduen pertsona guztien alde: onartuak eta maitatuak sentitu daitezen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkarteen alde: guztiontzat topaleku beroak izan daitezan, eta pertsona guztiak euren preminetan harrera ona izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN BIGARREN KANDELEA AURKEZTU ETA ISIOTZEAAURKEZPENA

(Koroia altara aurrean edo ikusteko lekuan ipini. Oraingoan, alkarteko pertsona heldu batek, bigarren kandelea isiotu eta hurrengo otoitza egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa gure Aita-Ama, Abenduko bidea ametsez eta utopiaz beterik dogu; eurak laguntzen deuskue aurrera egiten. Zure Erreinua, bakezko eta zuzentasunezko erreinua dala konturatzen gara. Abenduko bigarren kandela hau isiotzean, amets horreek egia bihurtzen joan daitezala eskatzen deutsugu; zure Erreinua indarra hartzen joan daitela.


ETXEKO ARGAZKIEKAZ OSOTUTAKO ALBUM BAT AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona nagusi batek egitea komeni da. Aurretik, berari azaldu keinu honen esanahia. Holan azaldu leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire urteak gogoratuz, itxaropenerako arrazoi handirik ez daukadala dinoe; oraintsuago edo gerotxoago, heriotza aurrean daukadala. Jauna, argazkien album honegaz nire eta nire etxekoen bizitza eskeintzen deutsut. Hor dago nire historia eta nire lehena. Baina lehen hori, biziaz beterik dago, Jauna, eta horregaitik dakartsut. Jauna, nire bihotzak itxaropenari lekutxo bat egiten deutso. Hur-hurrean sentitzen zaitut, eta egunen baten aurrez aurre ikusteko itxaropena daukat.


GURE BIDEETAKO ESKEINTZA AURKEZPENA

(Ospa lekuaren atzetik prozesinoa hasten da trafiko seinaleekin kartel batzuk dakarzela. Presbiteriora heltzean seinale bakoitzaren esanahia emoten da)

OTOITZA – AZALPENA:

- Nik STOP seinalea dakart, Jauna, eta seinale honen bidez norberekeriari gugana pasatzen ez izteko erabakia agertu nahi dogu.

- Ona hemen, Jauna, BIURGUNE ARRISKUTSUAREN seinalea: gogorkeriaren arriskua begien aurrean jarri nahi deusku.

- Nik, barriz, EMON BIDEA seinalea dakartzut, eta bai nik eta bai nire alkartekoak gure arteko txikienei bidea emoteko hartzen dogun erabakia eskeintzen deutsugu.

- NORABIDE GALARAZIA seinale honekin hedonismoaren, kontsumismoaren eta eukitze kulturaren aurka jokatzeko erabakia agertu nahi dogu, zure Erreinuaren aurka doazelako.

- Nik dakardan eta eskeintzen deutsudan NORABIDE BAKARRA seinaleak zure Erreinua geureganatzeko maitasuna eta justizia hartzen ditugula bide bakar lez agertu nahi dau.

- Baina bide honetatik abiada haundian joan beharra dogunez, nik AUTOPISTA seinalea dakartsut, solidaritatearen biderik onena.

- Nik, azkenik, HELMUGA seinalea dakartsut, zure bakearen Erreinua dalako gaur eta hemen gure ahalegin eta konpromiso guztien eragilea..

Agurra

Senideok: Ospakizuna amaitzen goaz. Eta laster baten gure etxeetara, familietara, eguneroko errealitatera joango gara. Abendu aldiko bigarren aste honetan ahalegindu gaitezela aldatzen, eta besteari harrera ona egiten. Mesiasi gure baitan toki goxoa prestatzeko bide ona izango da. Jarraitu pozik Abendu aldiko bidea, gure bizitzak bete daikeezan harekin aurkitu arte.

Egun honetarako gogoetea

“Prestatu egizue Jaunaren bidea, bardindu haren bide zidorrak.
Danak Jainkoaren salbamena ikusiko dabe”




Joan zan domekan hasi genduen Abendu aldiko BIDEAN jarraitzen dogu: Jainkoaren bideak prestatzen ipinten gara. Gure helburua Ha gure SALBATZAILETZAT ONARTZEA da: Bera bakarrik izan daiteke gure salbamena eta gure itxaropena.

Gaur Ebanjelioak, garai bateko errealitate historiko eta geografikoan bete-betean sartuta aurkezten deusku JOAN Bateatzailea, eta hori, Mesias Salbatzailearen salbamen ekintza ere denbora konkretu batean eta giza historian burutzen dala adierazteko. Horrela, “grazia denbora” da eta historia “salbamen historia”. Eta Joanek bihotz barritze bateoa aldarrikatzen dau, Salbamena hurrean ikusirik, Jaunaren bidea prestatzera etorri dalako.

Gaur, atzo lez, asko dira itxita dagozan bideak eta gatx gertatzen da salbatzen dauan Jaunarengana heltzea. Salbatzailea etorri dadin, bidea zabaltzera dei egiten deusku Bateatzaileak. BIHOTZ BARRITZEAK bide zidorrak bardindu egiten ditu eta esklabotzaren loturak apurtu, eta Jainko egarria berbiztu.

Zorionekoa BIHOTZ BARRITZEA desiatu
eta bere bizi egiten dauana,
BIZIAREN BIDEAN dabilelako

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Urratu egizue bidea Jaunarentzat"

(Mk 1, 3)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue