Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Abendua - 3. domekea - 2017.eko Abenduaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak anaitasunaren ezaugarri dan ospakizun honetara.

Gero eta hurrago ditugun Gabonetara goaz. ALAITASUNA da Abenduko hirugarren domekearen gai nagusia. Ikusiko dogunez, alaitasunera deika jabilkuz Jaunaren Hitza eta ospakizunaren edukia. Jaunaren etorrerea gainean dogu.

Agertu dagigun sentitzen dogun poza gure hitzez, gure keinuz eta gure jarreraz. Gure alaitasuna kutsakorra izan dadila.

Hasi dagigun ospakizun hau Jesusen Espirituak Berak eraginda.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 61, 1-2a. 10-11

Isaias profetea, Espirituak igurtzia, itxaropenaren mezularia, askatasunaren pregoilaria eta oinazean dagozanei barri ona iragartera bialdua dogu. Irakurgaiaren bigarren zatia Itun Zaharreko “Magnificat” lez ezagutzen da; herri askatuaren kantua eta behartsuak Jainko errukia eskertzeko erabili eben ereserkia dogu. Albiste on lez hartzen dogu guk ere.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 5, 16-24

Paulo apostoluak, karitateko ekintzak egitera bultzatu ondoren, kristauen ezaugarriak zeintzuk diran esango deusku: pozik bizi dana, otoitzean irauten dauana, Jainkoaren laguntzagaz on egin eta santutasun bidean dabilena, Jesukristo gure Jaunaren etorrera arte. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Joan 1, 6-8. 19-28

Joan Bateatzailea, argiaren autormena egitera Jainkoak bialdua lez agertuko jaku, haren bidez danak sinistu egien; berak, etorrerea iragarten dau, jendea prestatzen dau, etortekoa dana haundiena dalako. Bere iragarpena uraren bateoaz laguntzen dau; ekintza honegaz jendeak bizitza aldatu beharra sentitzen dau, datorren Mesias onartzeko prestatu egin behar dala agertuz. Mesiasen mezularia izan zanaren testigantza onartzen dogu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Seme-alabak aitagana hurreratzen diran konfiantzaz, gure Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz, Eleizearen, munduaren eta gure alkartearen premina-eskariak.

1.- Lurreko leku guztietan zabaldua dagoan Eleizaren alde: Jesusek agintzen dauan askapenaren, osatzearen eta maitasunaren Barri Ona gogotsu eroan daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Zelanbaiteko aginpide politikoa, soziala, kulturazkoa, erlijiosoa dabenen alde: euren erantzukizunak betetzean, babesik gitxien dabenen onaren bila ibili daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Une honetan oinazez eta tristuran bizi diran pertsona guztien alde: Jainkoaren deia entzuteko eta Haren errukian guztiz fidatuz bizitzeko gai izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gizartearen ertzetan bizi diran gizon eta emakume guztien alde: gugan laguntzarako bizkortasuna aurkitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure fedea ospatzeko alkartu garan guztion alde: gure biziaren bidez egiaren, Barri Onaren, Jesusen, Jainkoaren testigu izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO HIRUGARREN KANDELEA AURKEZTEA ETA ISIOTZEA

(Arduratsu eta kezkatsu bizi dan edo erakunde zibil baten lana egiten dauan batek isiotu leike gaurko kandelea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkarteak aukeratu nau hirugarren kandela hau isiotzeko; hirurak batera argi hobea egiten dabe. Gizartean daukaguzan konpromisoen ezaugarri izan gura dabe. Zugan sinisten dogunok, Jauna, gure politikeak edo sindikalgintzak karitatea be kontuan izan daiala. Jauna, lotatik itzartu gaizuz, gure gizartearen erdian zure lekuko izan gaitezan. Zuzentasunaren, askatasunaren eta bakearen alde jokatuz zure etorrerea erreztu daigula.


BAKERO PRAKA BATZUK AURKEZTEA

(Eskeintza hau gazte batek egitea komeni da)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, praka bakeroak. Gazteen ezaugarri bat dira. Gure kontsumismo egarria be agertzen dabe: modea, musikea, motorrak, jolasak, alkohola, drogak… Hor bilatzen dogu gure zoriontasuna. Eta momentu hori arinegi pasatzen jaku. Praka honeek eskeintzeaz batera, Jauna, gure poztasuna eta zoriontasuna Zugan aurkitu gura doguzala agertzen deutsugu. Bete gaizuz, Jauna, zure bizi pozez.


UMEEN EKITALDIA AURKEZTEA

(Alkartearen poztasuna agertzeko ume talde batek kantu, dantza edo antzerki bat egiten dau. Horren ondoren otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, umeen ekitaldi honegaz gure alkartearen poza agertu nahi deutsugu. Zu ere gugaz poztuko zarala uste dogu. Poz hau zaintzen lagundu eiguzu. Gure itxaropenagaz batera gehitzen joan daitela, zure Semeak hasi eban Erreinu barrian danok bat egin arte, umeak aurretik diralarik.

Agurra

Senideok: Pozez entzun dogu Jainkoak esan deuskun hitza, Haren gorputzaren Ogiaz indartu gara eta alkarte batuaren beroa sentitzen dogu. Gaur testiguak behar dira, testigantza emongo daben pertsonak, behartsuei, federik ez dabenei, aldenduei Barri Ona iragarriko deutsenak. Maitasuna, zuzentasuna, askapena eta bakea ahal dirala testigatuko daben jendeak. Jainkoaren seme-alabak bagara, izan gaitezan Haren Erreinuaren testigu. Aste zoriontsua Abenduko bidean!

Egun honetarako gogoetea

“Jaunaren Espiritua nigan dago,
behartsuei barri ona emotera bialdu nau”




Abenduko BIDEAN aurrera goaz. Aldi honetako kantuak, “Itxarote denpora eta itxaropen denpora”, gure ibiliaren erritmoa markatzen deusku. Aurrera goaz, salbatzen gaituan JAUNA indar barriaz AURKITUKO dogunaren itxaropenaz.

Abendu aldiaren erdia pasatu dogu. Eta aurkitzen garan momentua hau irudi bategaz azaltzeko, haurdun dagoan ama baten estutasun, larritasun eta barruan daroan umeak sortzen dauan poztasunaren irudia dogu. Eta umea itxaroten dauan ama, EKINEAN dabil. Fisikoki, psikologikoki eta animoz prestatzen doa, baina baita be giro gozo bat aurkitu daian detaile guztiekaz arduratuz: etxea eta inguruan behar diran gauza guztiekaz. Ez da aurkitzen zeregin barik. Jatorkon ume barriak ezeren beharrizanik sentitu ez dagian, bere esku, bihotz, buru, bere izate guztia zereginean dago.

Amarena irudi ederra dogu. KRISTAU ABENDUA ere holakoxea da. Mesedez, kontuz! Hortxe gagoz eta ez gaitezan nahastu. Jokoan asko dogu! Aurrean daukagun AUKEREA galtzea penagarria litzateke.

Abenduko hirugarren domeka honek, Bateatzailearen irudia ekarri deusku. Profeta izanez, aitzindari eta bide erakusle lez agertu jaku, eta bide batez, inguruko jendearen bizitzeko era eztabaidan ipinten dau. Hortik, pekatua salatu, eta itxaropenezko etorkizuna iragarten dau. “Argiaren lekukoa” dogu, “nire atzetik dator, eta ni ez naz inor Horren oinetakoen lokarriak askatzeko ere”; horren lekukoa dogu Bateatzailea.

Eleizaren eta kristau bakotxaren zeregina ere hauxe da: “argiaren lekuko” izatea,
Gizaki guztiak argitzen dituan benetako ARGIARENA
. Hau da: sinistu ezineko lekuetan ere Kristoren agerpena ahalbidetu. Erronka ederra! Jainkoaren Hitzak daukan indarra lagun izango dogu: “Jaunaren Espiritua neugan dago, Jaunak igurtzi nau eta” (lehenengo irakurgaia); edo apostuluaren beste hau: “zagoze beti pozik” (2gn irakurgaia).

AURRERA EGIN BEHARRA DAUKAGU!
Jauna hurrean dago!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuzendu egizue Jaunaren bidea"

(Jn 1, 23)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue