Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Abendua - 4. domekea - 2017.eko Abenduaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak, senideok, ospakizun honetara.

Abendu-aldiaren barruan, laugarren domeka hauxe da guztietan andre Mariaren domeka. Jaunaren gizakundearen adierazpena dakar ebanjelioko pasarte polit eta sakonak, horren bitartez heltzen jaku Andre Maria. Jainkoaren aukerea beti da grazia, dohaia, bete egiten gaituen zerbait. Jainkoaren aukereak ez ditu desegiten ez gure askatasuna ez gure benetako izaerea.

Agurrak ez deutso bildurrik sortzen Andre Mariari; ikara bakarrik esandakoagaitik. Jainkoaren presentzia beti da alaitasunaren eta bakearen ekarlea; horregaitik aingeruaren hitzak: Ez izan bildurrik.

Agur horrek gutariko bakoitzarentzat ere balio dau, Jainkoak aukeratuak gara eta, gure barruan daroagulako Jesus Berbiztua. Kristau guztiok eta bakoitza gara Kristoren eroale, hau da, alaitasunez eta bakez Jesusen Bizi Barriaren eroale.

Hasi dagigun anaitasun ezaugarri dan ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Samuel 7, 1-5. 8b-12. 14a. 16

Bere jatorria indartzeko, Dabidek Jainkoari tenplu bat eraikitzea nahi dau. Baina Jainkoa herriagaz dago eta erregeak ezin deutso eraiki etxea Jainkoari. Erregearentzat eta herriarentzat Jainkoak berak eraikitzen dau etxea: bere ondorengoak aukeratu eta seme lez hartzen ditu. Jaiotzen dan errege bakotxak, Jainkoaren erreinu zuzena eraikiko dauan itxaropena sortzen dau. Mesianismoaren eta herri kontzientziaren ezaugarria dogu. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 16, 25-27

Entzungo dogun Paulo apostoluaren gogoeta sakon honetan, ebanjelioa gizadiarentzat albiste ederra dala esango jaku; Jainkoaren agerpen berezi bat ez bazan egon, gizakiok ezin izango genduan bere edukia pentsatu ere egin. Hauxe da Paulok izan dauan eta guri kontatzen deuskun esperientzia. Onartu dagigunakarra.


Ebanjelioa: Lukas 1, 26-38

Jainkoak Dabid erregeari egindako promesen betetasun lez, aingeruak Mariari egiten deutson iragarpena agertzen jaku. Jainkoak askatasun osoz aukeratzen ditu pertsonak eta salbamen bideak ere Berak ezarten ditu. Gaur, bere Jainkoari begira bizi dan neskato bategaz aurkitzen da, eta berak eukan salbamen proiektua osotasunean betetzen da. Salbatzailea gure artean dagoala agertzen deuskun iragarpena pozik entzuteko prestatzen gara.

Jaungoiko herriaren otoitza

Sinismena eta bizitza, oztopoz beterik dagoz. Inoiz ez da izan erreza esatea: “egin bedi nigan zuk nahi dozun lez”. Jainkoaren seme-alaba izateak emoten deuskun konfiantzaz, Berari zuzentzen deutsaguz gure otoitzak eta eskariak, entzunak izango garan ziurtasunez.

1.- Eleizaren alde: Espiritu Santuz beteta, Jainkoaren Hitza pozik onartu eta gizadi osoari emon dagion. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Familia guztien alde: gure etxeak, gizonagoak eta emakumeagoak egingo gaituen eskolak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gizon eta emakume guztien alde: bihotz xaloz, pertsona guztiengan Jainkoaren presentzia ikusi dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure inguruan premina dauken guztiengatik: gugan onarpena eta aditasuna aurkitu dagiela eta eurekin solidarioak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hurreratzen jabilkuzan Gabonak ez daitezela izan kontsumorako jaiak, Jainkoarekin eta senideekin alkartzeko aukera ederrak baino. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

6.- Gure (parrokiako) Alkartearen alde: aurkitu deigula Espiritu Santuaren indarra eta lagundu deiskula gitxien daukenen alde gure konpromisoak zintzotasunez barritzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN LAUGARREN KANDELEA AURKEZTU ETA ISIOTZEA

(Laugarren kandela hau, batzar buruak isiotzen dau. Errez ikusteko lekuan eta ahal dala apaingarri bakarra izan daitela)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Abenduko lau kandelak isiotuta daukaguz. Eta argia gure artean dago. Lehenago, Jaunaren Berbeari baietza emon eutsan sabelean, eta, gero, gizakioi eskeini euskun bizitzan egon zan. Gabonak bizitekoak eta ikutzekoak dira. Gure itxaropena egia bihurtuko da. Jauna, errealitate eta itxaropen horren tartean, gure bihotzak ipini gura doguz; Mariaren antzera, bete eizuz zure argiz, gu be zure lekuko izan gaitezan. Kontsumokerian jausi barik, benetako Gabonak ospatu gura doguz.


KATILU BAT AURKEZTEA

(Alkarteko gazte batek egiten dau. Beragaz, kristauon prestutasuna agertu gura dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu hau dakartsut; ni eta nire kristau lagunak prest gagoz Zugandik jatorkuna onartzeko. Mariaren antzera, zure Hitza eta zure grazia onartzeko prest gagoz. Eurak barik ezer gitxi gara, eta gure norberekeriak zugandik aldendu besterik ez gaitu egiten. Jauna, bete eizuz gure bihotzak zure graziaz.


JAIOTZAN IPINIKO DAN KUMA HUTSAREN AURKEZPENA

(Ume batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure eleizan ipiniko dogun Jaiotzan egongo dan kumatxoa dakartsugu, Jauna. Inguru guztia apaintzen dogunean, hortxe ipiniko dogu Belengo Umetxoa. Gaur, zure Seme Jesukristo onartzeko gure bihotzak prest dagozala agertu nahi deutsugu. Jauna, egizu benetan gutariko bakotxarengan jaio dadila.

Agurra

Senideok: gaurko ospakizunean Maria agertu jaku era berezi baten; Jainkoak, bere Semearen amatzat aukeratu eban emakumea dogu. Bere bitartez gure giza izatean bat egin eban, eta mundu honetakoa egin zan, benetako bizia eta salbamena eskeintzeko. Mariak Jainkoaren deiari emon eutson erantzuna ere entzun dogu; guretzat gaur egun ere eredugarri dan erantzuna. Gure egitekoa Mariaren antzekoa da: gure hitzekaz eta bizitzagaz Kristo ezagutzera emon. Gabonak prestatuz, kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Birjinak sabelean sortu eta semea izango dau
eta Enmanuel, Jainkoa-gugaz, ipiniko deutso izena”




Abenduko bidean, azken domekara heldu gara. Domeka honetako liturgiak behin eta barriro dinosku, jatorkuzan jaiak kristau zentzuaz bizi ahal daiguzan prest egoteko; gure artera datorren Jainkoa (= ENMANUEL) eta gure inguruan bizi diran anai-arrebak ere onartzeko prest.

Agintzarien iragarpenak Aingeruaren Iragarpenean hartzen dau gailurra. Gure mundura eta historiara begiratuz, Eleizeak Salbatzailearen indarra aurkitzen dau barriro ere, Jesus Mesiasen indarra, zain gengozana eta gizaki guztiak euren loturetatik askatzera etorriko dana. Bere zain dagozan eta bere bila dabizan gizakiengan, bake eta zuzentasun egarria biztuko dau (Dabidi egindako promesa dogu:1go irakurgaia); gizaldietan ezkutuan egon dana agertuko da (2gn irakurgaia). Bere salbamen egitasmoa aurrera eroaterakoan Jainkoa guztiz askea da nahi dituen pertsona eta alkarteak aukeratzeko: salbamen egiteko honetan ez dago inongo pribilegio historikorik. Maria dogu Jainkoaren asmoak nun dagozan agertzen deuskun ezaugarri ederra.

Guk arrisku bat daukagu aurrean: jatorkuzan jaiak geure barruan bizi bai, famili giro ederrean ere bai, baina poz hori gure anai-arrebei eroateko arduratu barik; batez ere beharrizanean dagozan anai-arrebei. Eta holan bada, jai honeetako benetako zentzuna ez dogu geureganatu. Hemen kokatzen dogu urtero KARITASEK egiten deuskun deia. Gure artean txarto pasatzen dabizanakaz arduratu, gure sentiberatasuna agertu, hurreratu eta lagundu; Gabon jaietan ere bai.

Giro honetan, datozan Gabon jaiak geureak egiten ahalegintzen gara. Jainkoa gu salbatzera dator baina behartsu agertzen jaku. Bera ezagutzeko “onda edo frekuentzia bardinean” aurkitu behar gara. Prestau gaitezan. Gu salbatzera datorren Haregaz BAT EGIN deigula.

BEHARTSUEI zabalik dagoan GABON ZORIONTSUA!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Egin bedi nigan zeuk dinozunez"

(Lk 1, 38)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue