Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 2. domekea - 2018.eko Urtarrilaren 14a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara.

Gabon jaiak eta Jesusen Jordango Bateoa ospatu ondoren, “URTEAN ZEHARREKO” domekak ospatzen hasten gara. Jaunaren hitzak, domekero, Jesusen bizitza, izaera eta mezuagaz bat egiten lagunduko deusku.

Domeka honetan, Jesusen ageriko ekitaldiaren hasierea gogoratuko jaku. Jesusek, bere JARRAITZAILEEN taldea osotzeko, dei egiten deutse beragaz “egoteko”, “ikasteko”, biziera barri bat esperimentatzeko.

Eta... horrekin zer? Jainkoak gure bila ere urteten dau, gure izenez deitzen gaitu, bitartekoen bidez, beste pertsona batzuen bidez edo bizitzako jazoera ezbardinen bidez... “Bere taldekoak” izatera konbidatzen gaitu; Bera onartzea eta jarraitzea geure eskuetan dago. Bere ondora hurreratzen garan neurrian, berak erabarrituko gaitu eta gure bihotza ikutuko, bere Erreinuaren jarraitzaile eta mezulari izan gaitezan.

Eukaristia honek, gure bihotza Jaunaren esanetara zabaldu daiala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Samuel 3, 3b-10. 19

Gaueko isiltasunean, Samueli lez, edo eguneroko zereginen erdian, Jainkoak deika jarraitzen dau. Ez dago lekuari, adinari edo orduari begira; une egokia aukeratzen daki. Garrantzitsua prest egotea da, onartzeko prest, Samuelen antzera adi egon eta erantzuteko indarra izan: “Esan Jauna, zure morroi entzuten dago”. Entzun daigun kontaketa eder hau.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 6, 13c-15a. 17-20

Paulo apostoluak gogoeta sakon bat eskeintzen deusku. Kristaua, bateoaren bidez Jainkoaren bizira deitua da, eta Espiritu Santuaren egon lekua da. Gure gorputzak Jaunarentzat diran ezkero, gorputz honegaz Jainkoa goratzera deitzen deusku; eta beste guztiak zaintzera, Jainkoaren famili berekoak diralako. Jesus eta bere Ebanjelioaren lekuko danaren gogoeta honeek onartzen doguz.


Ebanjelioa: Joan 1, 35-42

Joan Bateatzailearen ikasle bi, honen testigantza entzunik, Jesusengana hurreratzen dira. TOPAKETA horren ondoren, Maisuaren jarraitzaile egiten dira. Jesusek zorabiatuta lez izten dauz, eta bizitza osoan berari jarraitzea erabagiten dabe. Ebanjelioa entzuteko prestatzen gara, zutunik aleluia abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Espiritu bardinean alkarturik, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gure eskari otoitzak.

1.- Eleizearen alde: Jainkoaren esaneko izanez eta bere Ebanjelioan oinarrituz, Jainko biziaren benetako aurpegia gizaki guztiei iragarri deien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: giza baloreen garapena bultzatu dagien eta pertsona guztiei zor jaken errespetua zaindu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Ume, gazte eta nagusien alde: gure bihotza Jainkoari zabalduz, gizartearen beharrizanetara hurreratu, eta gugaz bat egitera etorri dan Jainkoaren lekuko izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- BAKEAREN alde: estu eta larri bizi diran hainbeste lurraldeetan, pertsona eta erakundeei esker, bakerako bideak hurratzen joan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde: bakotxak geure bizitzeko eran, Jainkoaren deia entzun eta erantzunez, Jesusen Barri Onaren mezulari izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen ditugu keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, horrela egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



IRAKURGAI LIBURUAREN AURKEZPENA

(Irakurgaia egin dauanak edo beste pertsona heldu batek, IRAKURGAIEN LIBURUA hartu eta altara aurrera eroaten dau. Meza emoileari emoten deutso eta otoitza egiten da. Liburua zabalik altara gainean izten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: Joan Bateatzailearen autormena entzun dogu: “Horra hor Jainkoaren Bildotsa”. Andres eta Simonen antzera guk ere Jesusen jarraitzaile izan nahi dogu, zure Hitza gogoan izanez eta mundu honen erdian zure nahia beteaz. Zure grazia eta laguntza behar dogu. Gaur, altara gainean izten dogu, bidean aurrera egiteko, biziaren Hitza eta Ogia behar doguzalako.


FAROL ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Herrigintzan, politikan edo sindikatu baten sartuta dagoan batek egin leike. Farola, meza-emoileari emon, eta honek altara gainean izten dau. Eta gero dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Joan Bateatzailearen irudia gogoratzen dogun domeka honetan, farol isiotu hau dakartsut. Argi hau, Jesukristo berbiztuaren irudia eta gizaldietan zehar hainbeste profetak izan eben konpromisoaren ezaugarria da. Hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen gaur egun hainbeste andra-gizonen ahalegina eskertu nahi deutsut. Behartsuekaz arduratzen zaran Aita-Ama ona, onartu egizu gure eskeintza apal hau.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Komunikabideetan batez be gure entzumena eskatzen dauan irrati hau aurkezten deutsut, Jauna. Baina gaur, zure Hitzaren entzule garala agertu nahi deutsut; zure eskakizunetara adi egon nahi dogu. Joan Bateatzailearen eta beste batzuen deiei zabalik egon nahi dogu.


ATERKI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ni aterkin bategaz nator. Zure eskarien aurrean sarritan aterkina zabaltzen dogu ez “bustitzeko”, zure Hitzaren eskariak ez betetzeko. Sarritan beste leku batera begiratu dogu edo hori, beste pertsona batzuentzat dala pentsatu dogu. Jauna, aldatu egizu gure bihotza, zure Hitza onartzeko eta zure eskakizunak betetzeko prestatuz.

Agurra

Senideok: ospakizuna amaitzera goaz. Andres, bere anai Simonengana joan zan bere aurkikuntzaren barri emotera eta Jesusengana hurreratu ziran. Jainkoaren maitasunaren eta Ebanjelioaren iragarle izatera deituak gara gu ere. Gure hitzekaz eta gure bizitzagaz Jesusegaz egotearen poza zabaldu deigula, Bera gure Jaun eta Salbatzaile bakarra lez autortuz. ENTZUTE eta TESTIGANTZAZ beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Mesias aurkitu dogu, hau da: Kristo;
grazia eta egia, Honen bidez etorri dira”




Gabon jaien ondoren, Jesusen Bateoa ospatu genduan, eta orduan entzundako berbak oraindik oihartzuna izango dabe gugan: “Zu zara nire Seme maitea, nire aukeratua”. Orain, berari ENTZUNEZ, eta bere jarraitzaile izanez, bidean aurrera egin nahi dogu. Maria eta apostoluak eredu doguz honetan: Jesusen “ezaugarriak” ikusi eta bere mezua bihotzean erabilten eben. Jesusengan SINISTEA holan sortu zan. Bera da azken hitza.

Urtean zeharreko bigarren domeka honek, Jesusen aurkezpena egiten jarraitzen dau. Hor agertu jaku lehen ikasleak zelan heldu ziran Jesus ezagutzera eta Beragaz egotera; hori ikusirik, hor joango da egosten geroago etorriko dan dei-esaldia: “etorri eta ikusi”.

Jainkoak, bere salbamen ekintza aurrera eroateko, beti kontatu dau pertsona konkretuekaz. Lehenengo irakurgaiak, gauaren isiltasunean, Jainkoaren deia entzuten dauan Samuel gaztea aurkeztu deusku. Bere jarrerea, “esan, Jauna, zure morroi hau entzuten dago”, jarraipen eta konpromisoaren eredu dogu.

Mezu eder honek, Jesusen jazoeraren aurrean, HARRERA ETA ENTZUTE jarreran ipinten gaitu: holantxe bakarrik barruratuko dogu berak planteatzen eta eskeintzen deuskuna. Berak, Jainkoaren egitasmoaren eta berak hasitako lanaren jarraitzaile izateko MOLDATU nahi gaitu.

ZORIONTSUAK
JESUSEN ENTZULE ETA JARRAITZAILEAK!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Irakasle, nun bizi zara?". Jesusek auxe esan eutsen: "Etorri zaiteze ta ikusiko dozue"

(Jn 1, 38-39)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue