Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 3. domekea - 2018.eko Urtarrilaren 21a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak, Hitzaren eta Ogiaren mahai inguruan egiten dogun ospakizun honetara.

Bidean, Jesusekin bat egiten dogu. Berak, gaur era berezi baten BIHOTZ BARRITZERA dei egiten deusku. Horrek, gure bizitzak aldatzea eskatuko deusku: maite gaituan Jainkoagan gure konfiantza ipinten dogu, bere graziaz eta errukiaz inguratzen gaitualako.

Jainkoagaz alkartzen garanean, Berak BIZITZA ALDAKETA bat eskatzen deusku. Anai-arrebakaz alkarturik, Berari entzuteko, esaten deuskuna onartzeko eta geure fedea ospatzeko prestatzen gara. Hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jonas 3, 1-5. 10

Jainkoak, Jonas profetea Ninibera bialtzen dau, Berak esango deutsona iragartera. Ninibetarrak ordura arteko bidea alboraturik, Jainkoaren deia entzun eta bihotz barritzera jo eben. Entzutearen, onartzearen eta bihotz barritzearen eredu dogu zati hau. Onartu dagigun.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 7, 29-31

Korintoko kristau gaiak hainbat itaun egiten deutsez Paulo apostoluari. Entzungo dogun zatia, Jainkoaren deiaren aurrean zer egin edo zelan erantzun behar dan esaten deusku. Ez dago denpora galtzerik; nahi doguna eta itxaroten doguna, bizitzen hasi behar gara. Jainkoak leialtasuna eskatzen deusku. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Markos 1, 14-20

Entzungo dogun ebanjelio zatian, Jesusen egitekoa agertuko jaku. Jainkoaren Erreinua hurrean dago eta Erreinu horren partaide izateko, Jesusek jarrera bi eskatzen deuskuz: bihotz barritzea eta sinismena. Lehen ikasleak, arrantzale bizitza itzi eta giza arrantzale bihurtzen dira. Jesusek egiten dau aldaketa hori. Jainkoaren Erreinuko partaide izan gura dogunok, Jesusek dakarskun Barri Ona onartzera eta bizitzera deituak gara. Prestau gaitezan ebanjelioa onartzeko, zutunik aleluia abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

(Uste badogu momentu egokia izan daiteke, PARKAMENA eta BAKEA une honetan ospatzeko. Egiteko era bat eskeintzen da hemen)


- OHARRA

Jainkoak bihotz barritzera dei egin deusku. Eta gainera une egokia dala. Hitz horreri geure erantzuna emoten ahaleginduko gara. Geure bihotza aztertuko dogu, damutu beharra sentituko dogu, eta Jainkoaren parkamena eta grazia onartuko dogu.


- ISILTASUNA

(Bakotxak bere kontzientzia aztertzeko, meza emoileak isiltasunerako deia egiten dau)


- GUZTION IZENEAN EGITEN DAN AGERPENA

(Alkarteko bost lagun aurrera hurreratzen dira eta guztion izenean parkamen eskariak egiten dabez:)

+ Gure bihotz barritzea ez dalako osoa eta gure bihotzean beti zerbait okerra gelditzen dalako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

+ Jesusi benetan jarraitzeak bildurtu egiten gaituelako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

+ Jainkoaren nahia sakontasun barik bizi dogulako eta gizakien zerbitzura egoteko asko falta jakulako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

+ Osasunak, izen onak, eukiteak eta gauzak ondo urteteak, Jesukristoren nagusitasunak baino gehiago arduratzen gaituelako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

+ Hirugarren Munduko eta gure inguruko pobreen aurrean, ez arduratzeko atxakiak bilatzen doguzalako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

Erruki dakigula Jainko Aita-Ama onak, eta gure pekatuak parkaturik eroan gaizala betiko bizitzara. E/. Amen.


- PEKATUEN ORDAIN LEZ DANOK EGITEN DOGUNA

OTOITZA - AZALPENA: Senideok, Jainkoaren aurrean errudun sentitzen gara eta gure bihotzak aldatzeko prest gagozanean, Berak gure pekatu guztiak parkatzen dauz. Honen ezaugarri lez, Jainkoaren Hitza dauan Irakurgai Liburuaren aurrera hurreratuko gara eta musu bat emon. Hauxe izango da gure bihotz barritzearen konpromisoa.

(Hurreratzen garan bitartean kantu egoki bat abesten da)


- BAKEA

(Guztiak euren lekuetan dagozanean, meza emoileak esaten dau:)

OTOITZA - AZALPENA: Senideok, Jainkoagaz baketu gara; baketu gaitezan geure artean; bizi gaitezan anaitasunean.

- Jaunaren bakea izan bedi beti zuekin.
E/. Eta zure Espirituarekin.

- Emon deiogun alkarri bakea.


JAINKO HERRIAREN OTOITZA

Jesusen Espirituaren argipean, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsoguz munduko eta Eleizaren premina batzuk.

1.- Eleizaren alde: anaitasun eta bake leku izanez, Jainkoaren Erreinuaren alde beti jokatu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gazteen alde: Jainkoaren deia entzun eta apostoluen eredua jarraituz, besteen zerbitzurako bizia eskeintzeko prest egon daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gizarte honetan bazterturik aurkitzen diran pertsona guztien alde: gure solidaritatea bitarteko dala, banatzen gaituen traba guztiak desegin daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bakearen alde: geure artean bakean bizitzeko, geugan dagoana ipini deigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde: urduri dagozanak lasaituz, gaixoen ondoan egonez eta lotuta dagozanak askatuz, Erreinuaren testigu biziak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen ditugu keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, horrela egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SOKA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike. Azalpena egiten dauanean, kontsumoaren loturetatik askatzeko gogoa agertuz soka hori ebagi egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, soka honegaz kontsumoaz daukagun lotura agertu gura deutsut; baita gure gizarteak saldu nahi deuskuezan azaleko baloreak. Aurkezpen honetan soka hau zure aurrean ebagi egiten dot; lotzen eta menperatzen gaituen lotura guztietatik aske bizitzeko konpromisoa eskuratu nahi dogu eta Ebanjelioan agertzen diran baloreak onartu eta bizi. Lagundu gagizuz, Jauna.


SARE BATZUEN AURKEZPENA

(Katekista edo pertsona heldu batek egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, apostoluak euren eguneroko sareak itzi, eta giza arrantzale egiteko zure jarraitzaile egin ziran. Zure deiari erantzunez, hainbeste gizon emakumeek zure Barri Ona iragarteko, eta behartsuen alde jokatzeko hartu daben konpromisoaren ezaugarri dira sare honeek. Jauna, guk ere, gure bizitzagaz, ekintzakaz eta konpromisoekaz zure Barri Onaren iragarle izan nahi dogu. Zugaz kontatzen dogu.


GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta alkartearen izenean, gatzontzi hau dakartsut; mundua ebanjelizatzen eta eraldatzen guk ere parte hartzen dogunaren ezaugarri lez dakartsut. Gure aurretikoak ebanjelioa iragartzen jardun eben lez, gure mundu honen erdian, aurrean oztopo ugari izan arren, misiolari lez agertu nahi dogu. Jauna, zure dohaia eta laguntza behar dogu gatz hau gezatu ez daiten.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa dalako, hainbesteren artean BAT; besteak urtean zehar aurkezten joango gara, domeka eta jai egunetan bananduta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituan proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten deutsuguz gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak diranen alde diharduenen ekintzak, hain zuzen ere. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten deutsugu. Onartu eizu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da euron konpromisoari esker, fededunak zein fede bakoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera, behartsuenakaz sentiberago eta eurakaz lotuago bizitzera eroan gaizuz.

Agurra

Senideok: gure sinismena ospatu dogu. Jainkoaren hitzak gure bizitzak aldatzera, bihotz barritzera konbidatu gaitu. Ospatu doguna bizitzera deituak gara. Jainkoaren grazia eta errukia biderako lagun doguz. Egun on eta kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Hurrean da Jainkoaren Erreinua:
bihotz barritu eta sinistu Barri Ona”




Jesusen ikasle eta jarraitzaile gara. Beragaz aurkitu gara, eta Mesias lez, Aitaren “Seme kutun” lez ezagutzeko aukerea izan dogu. Berari entzuteko, beragaz bat egiteko deia egin jaku. Domekan honetan Berari entzuteko aukera barri bat dogu; bere Hitzaren bultzada sentitu eta eukaristiako Mahaian indartzeko aukerea geuganatu.

Jesusek, bere ageriko bizitzaren hasieran, Jainkoa Aita-Amaren egitasmoa iragarten dau. Baldintza bakarra, zabalik egotea da; eta honek, bizitza eta bihotz barritzea eskatzen dau. Holan agertzen jaku domeka honetako ebanjelioan.

Baina ez da horretan gelditzen. Galileako itsas ertzean ebilela, bere laguntzaileak aukeratzen dauz. Eguneroko lanarekin bizi ziran langileak doguz. Maisuaren ondoan, bizitzeko beste era bat ikusi eta ikasi eben eta jarritu egin eutsoen.

ZORIONTSUAK BARRI ONAREN MEZULARIAK!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Etorri zaiteze, eta nik gizon-arrantzale egingo zaituet"

(Mk 1, 17)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue