Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizumea - 1. domekea - 2018.eko Otsailaren 18a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristia ospatzera.

Senideok: eguaztenean, HAUSTERRE egunean, emon geuntson hasiera erabarritzeko eta Pazkorako prestatzeko aldi honi. GARIZUMA ALDIAN sartuta gagoz. Jesusen jarraitzaileentzat interesgarria eta beharrezkoa da GAUR ere Garizumaren dinamikan sartzea.

Gaur, lehen igande honetan, Jaunaren Hitzak erne jartzen gaitu tentaldiaren arriskuaren aurrean; tentaldia, Jesusen garaietan lez, benetako arriskua da gaur ere. Inguratzen gaituen gauzak gero eta gehiago dira tentaldirako bide -komunikabideak, egitura sozialak, lehiakorkeria, boterea eta aberastasunak eskuratzeko grina, etab.-, eragozpenak ditugu, Jainkoarengandik, Jainkoaren Erreinutik aldentzen gaituen tentaldiak. Tentaldian jausi ez gaitezan borrokatzeko, Jaunaren Erreinua onartzen eta eraikitzen lehiatzeko deia egiten deusku Jesusek.

Hasi dagigun gure ospakizun hau eta berak lagundu deiskula PAZKORAKO BIDEA pozik egiten. Pazkoa dogu helmuga.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia. Hasiera 9, 8-15

Hasierako proiektua haustu egin da, desorekea sortu da. Halan eta guztiz ere, Jaungoikoak bereari eusten deutso. Horregaitik egiten dau ituna Noegaz eta bere ondorengoakaz: urioleak ez dau barriro lurra hondatuko. Jainkoak beti egin dau eta egiten dihardu bere herriaren eta biziaren alde. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: 1 Pedro 3, 18-22

Jesusi bizi barria bihurtu eutsan Jaunaren Espirituaren garaipena gogoratzen deusku Apostoluak. Espiritu Berak bizkortzen eta bultzatzen dau Jesus Barri Ona iragartera. Bateoan hartutako indarrez, gu ere, Jesus lez, Jauna geugaz datorren ziurtasunez jokatzera bialduak izan gara. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Markos 1, 12-15

Israelentzat, desertua, aproba, esperientzia eta Jainkoagaz aurkitzeko leku apraposa izan zan. Jesusentzat ere, desertua, aproba, esperientzia eta Jainko Aitarekin aurkitzeko leku apraposa izan zan. Desertuko aproba hori gainditu ondoren, Barri Ona iragarten hasten da, eta bihotz barritzera eta Ebanjelioa onartzera konbidatzen dau. Konbidapen hori, gaur, Jesusen jarraitzaileontzat dogu. Zutunik, bere berba santua entzuteko prestatzen gara.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaungoikoaren seme-alaba izatearen eta sentitzearen konfiantzaz beterik eta Aitaren aurrean eten bako otoizlari izan zan Jesus Maisuari jarraituz, agertu deioguzan guk ere Eleizearen, gizaki guztien eta geure-geureak diran beharrizanak.

1.- Eleizearen alde: barriztatzera eten barik dei egiten deutsan Jaunari jarraituz, munduaren aurrean Erreinuaren Barri Onaren eta gizaki guztientzat dan salbamenaren testigu izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herri guztietako gobernarien alde: guztien aldeko zuzentasunaren fabore jokatuz, behartsuenen alde ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gerrearen, gosetearen, gorrotoaren, bidebakokeriaren eta guzurraren ondorenak gehien sufritzen dabezanen alde: euron sufrimenduak itzartu daiezala gure bihotzak eta eroan gaizala euren alde jokatzera. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jaungoikoaren Erreinua iragarteko euren biziak egunero eskeintzen dabezanen eta egunero eskeintzen diharduenen alde: gure otoitzen laguntza sentidu daien eta baita gure hurbiltasuna be. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jaunaren Espirituari gu erabarritzeko aukerea emonaz, gure bihotzak bizibarritu daiguzan eta entzun daigula maite gaituan Aitaren dei hotsa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Garizumako denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Parrokiako pastoral kontseilu-buruak egin daike eskeintza hau edo, holangorik ez balego, jende aurrean ondo ikusia dan alkarteko kide batek)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna; Zeuk emon deuskuzun Berbea dakartsut nik, eta liburu edo liburu bilduma honetan agertzen da. Alkarte osoaren izenean egiten deutsut eskeintza hau: Garizuman, batez ere, zure Berbea entzutera behartzen da; izan ere, ziur dago Berba hori dala bere salbamenaren euskarri eta betiko bizitzaren hazi.


HOROSKOPO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko emakume batek egin daike eskeintza hau. Eta eskeini ere holan egin daike: liburu bat, aldizkari eta egunkariren baten agertzen dauanen bat, beste barik)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gaur horoskopo bat dakartsut, Jauna. Joko bat balitz lez irakurten dogu; baina ondo dakizunez, bera kontsultatzea eta bardin “esoteriko” mundu honegaz dauan guztia ere gure artean modan jarri jaku. Jende asko itsuan doa bere atzetik, beragan uste ona jarririk, jakinaren gainera nahiz ez-jakinez, zure jauntasuna arriskuan ipinten dabe. Guk, ostera, gaur hau Zuri eskeintzean, zera agertzen deutsugu: ez dagoala Zu besteko Jaunik eta gure bizitzak zure eskuetan dagozala.


HAUTESKUNDE PROGRAMA BATEN AURKEZPENA

(Honango hau, politika, sindikatu edo herri ekintzaren baten ekintzaile diharduan batek aurkeztu behar leuke; edo bestelan, alkarteko edozeinek, beti ere pertsona heldu bat izan daitela)

OTOITZA – AZALPENA: Niri dagokit, Jauna, gaur Zuri gure arteko politiko alderdiren baten hauteskunde programa bat aurkeztea. Egia esan, gogorik onenagaz egiten deutsugu eskeintza hau; baina argi eukirik, ez dagoala honetan ez beste edozeinetan gorderik gure arazo guztien urtenbidea. Hori zure eskuetan dago, eta gu guztion alkarlanean, zure esanera jarrita. Eta aurtengo Garizuman zure nahia jakin gura dogu, eta gure bizitzan BIDE lez hartu.


JANTZI, OGI ETA EDALONTZI BATEN AURKEZPENA

(Pertsona biren artean egin daiteke eskeintza hau; hirugarren batek ezaugarrion esanahia berbaz azaltzen dauan artean)

OTOITZA – AZALPENA: Begira, Jauna, bizikera ezbardin biren ezaugarriak. Jantziarena zera da: guk andra-gizonok zer irabaziko eta zer jango dogun ardurearen ezaugarria da. Kontua hauxe da: ez garala zoriontsu, gero eta gehiago kontsumitzen eta gauza gehiago pilatzen ahalegindu arren. Baina ogi hau eta edalontzi hau ere ekarri deutsuguz, Garizumako barauaren ezaugarri. Hona hemen modurik egokiena, zoriontasuna eukite hutsean ez dagoala agertzeko, norberaren izatean baino, ogia eta ura hain gitxi eta txiki diran lez.

Bizitzako jokabide honeek alkarren aurrez aurre jartean, hauxe agertu nahi deutsugu, hain zuzen ere Garizumearen hasieran: bihozbarritzeko doguzan gure asmo biziak eskeintzea. Lagundu eiguzu, arren, Zuk Jauna, zure pozaren eraginez, gure salbamen poza dastatzea lortu daigun.

Agurra

Senideok: domeka honetako mezuak, Jainkoaren BIDEAK EZAGUTZERA gonbidatzen gaitu. Jesusegandik ikasi gure bidea zein dan. Jainkoak zer itxaroten dau nigandik? Jaunak gure konfiantza beragan ipintera konbidatzen gaitu; gu zoriontsu egingo gaituan bere nahia onartzera.

Eta Jainkoak mundu honen erdian nahi gaitu, tirabiren artean, bere Erreinuaren proiektua zapuzten dan lekuan, behartsu eta baztertuen eskubideak gordeten ez diran gizartean. Jainkoaren Erreinua eta bere Barri Ona iragarri nahi badogu gure bizi garan unean eta gatazka artean egin behar dogu. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren ahotik urtetzen dauan berba guztiz baino”.




HAUSTERRE egunez, Kristau Alkarteak barriro be PAZKORAKO BIDEA hasi dau. Izan be, Garizumea Pazko ospakizunaren prestaketa aldia da. Jazoera handiak arduraz prestatu behar diran ezkero, liturgiak aukera hori eskeintzen deusku. Hauxe da Jesusen jarraitzaile talde baten abiapuntua.

Bide horretan, Jesusekin batera, berak BIZI eta ESPERIMENTATU eban prozesu bardina biziten ahaleginduko gara: Aitaren aurrean (tentaldiak izan arren) edozertarako prest dagoanaren bidea; Erreinuaren alde eskuzabaltasunez bere bizia emoten daunaren bidea; bere anai-arreba diran gizaki gustiekaz solidarizatzen eta zabaltzen dan bidea. Hona hemen PAZKORAKO BIDEA.

BIDE zehatz batzuk eskeintzen jakuz:

- Otoitza: Aitarengana zabalik eta bere egitasmoa onartzeko prest egoteko;
- Berbea entzutea: “Jesusen antzeko” izateko;
- Gogoetea: gure sinismena sakondu eta era barrian biziteko;
- Baraua: solidaritatea biziteko era lez.


Honen ondorena: JESUSEN EBANJELIORA BIHURTZEA. Eta hauxe da garizumako BIDEAREN helburua. Hori lortu ezik gure penitentzia eta barauak alperrikoak dira.

ZORIONTSUA garizumako BIDEAREN proposamena
onartzen dauana:
JESUSEN PAZKOAGAZ benetan gozatuko dau!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona"

(Mk 1, 15)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue