Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 4. domekea - 2018.eko Urtarrilaren 28a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak sinismen eta anaitasun batzar honetara. Domekero lez, Jesukristoren heriotza eta biztuerea ospatzeko alkartu gara.

Jesus, Jainkoaren benetako PROFETA lez aurkeztuko deusku Jaunaren Hitzak. Bera da Jainkoaren nahia betetzen dauana, gizadiari bere askapen eta bizi egitasmoa agertuz. Holan agertuko jaku gaurko ebanjelioan.

Beragan, danok koherenteak izatera deituak gara: bihotzez sinistu, eta sinisten doguna bizitzara eroan. Erronka ederra. Bizitzea tokatu jakun aldi honetan, Eleizeak bere indarra, sinisgarritasuna eta izate profetikoa galdu dauan sasoian; Jesusen mezuak ere zer esan haundirik ez daukan gure kultura eta akaso gure bizitza honetan, Jesus Jaunari begiratuz, Berari jarraitzeko konbidapena luzatzen jaku.

Eukaristiaren ospakizun honek, deituak izatearen kontzientzia bizkortu, eta Jesusen mezuak gure bihotzak argitu daizala. Hasi daigun.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 18, 15-20

Jainkoak, Moisesen bitartez, herritik urtengo dauan benetako profeta bat agintzen dau; indar politiko edo erlijiosoagaz zer ikusirik ez daukan profeta bat. Jainkoaren ordezkaria izango da eta bere izenean jardungo dau. Eta Jainkoak nahi dituen bideak zeintzuk diran jakingo dau herriak. Mezu hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 7, 32-35

Paulo apostoluaren garaian, batzuk Jesus Jauna barriro noiz etorriko zain egozan, eta sinismen bizitza iluntzen eban ardura hori kendu nahi deutse. Apostoluaren esanetan, Erreinuaren maitasunez, bihotz osoz Jaunari zerbitzeko aske sentitzea da helburu nagusiena. Bere gogoeta hau geureganatzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Markos 1, 21-28

Jesus, Kafarnaunen aurkitzen da, eta zapatua danez, sinagogara doa hango ospakizunean parte hartzera: otoitz batzuk egin eta Jainkoaren Hitza aldarrikatu eta azaldu. Jesusek hartzen dau hitza, eta Jainkoaren Hitza azaltzen deutse entzuleei; berari entzun ondoren, aginpidez irakasten dauala dinoe, espiritu lohiak ere bere esanetara jarriz. Barri On hau onartzeko prestatzen gara, zutunik aleluia abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Bere seme-alabei entzuteko prest dagoan Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gureak, munduarenak eta Eleizaren premina batzuk.

1.- Eleizaren alde: lurrean Kristoren egitekoa bete behar dauan ezkero, Jesusen mezua berreskuratu, eta hitzekaz eta ekintzekaz leialtasunez iragarri daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: euren erabagi politikoetan, pertsona guztien Giza Eskubideak kontuan izan dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Bakearen alde: pertsona eta herrien eskubideak zainduz, gure herrian eta munduko herri guztietan egi bihurtzen joan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixo, adineko, zapalduta, pobrezian edo lanik ezean aurkitzen diranen alde: euren bizitzetan Jainkoaren presentzia ikusi eta gugan solidaritatea aurkitu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garanon alde, gure etxeko eta parroki osoaren alde: Jesusek eskeintzen deuskun mezua geureganatuz, benetako biziaren eta salbamenaren lekuko izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAUR MISIOLARIEN KARTELAREN AURKEZPENA

(Ume edo gaztetxo batek egiten dau. Ikusteko lekuan ipini daiala)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Eleizeak ospatzen dauan HAUR MISIOLARIEN eguna gogoratuz dakartsut kartel hau. Beronegaz gure ebanjelizatzako gogoa agertzen deutsugu. Dohanik hartu dogun fedea ez da ezkutatzeko, besteei argi egiteko baino. Fedearen alderdi hau gogoan izanez, transmititzeko ahaleginean ez daigula etsi. Jauna, emoiguzuz kristau bokazinoak eta misiolari bokazinoak.


KOPA BAT AURKEZTEN DA

(Komunitateko kide batek, edonork, opari hau eskeintzen dau: kristalezko kopa garbi-garbia. Eleizkizun buruari emon ondoren, hauxe esango dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur, komunitatearen izenean eta gutariko bakotxaren izenean, kopa garbi hau eskeintzen deutsut. Kopa honekin doakizu koherenteak izateko gure nahia, baita fariseismoari uko egitekoa ere.


EBANJELIOEN AURKEZPENA

(Pastoraltzan dabilen batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ebanjelioak aurkezterakoan zure Seme Jesukristoren dizipulu izaten jarraitzeko dogun gogoa agertzen deutsugu. Zure ikasleen liburua dogu. Gure izate osoa eurei loturik dago. Ebanjelioa jarraituz eskeindu gura dogu gure bizitza osoa. Gure bizitzak Jesukristonarekin bat egin dagiela; berak osotu dagizala gure hutsak eta bardindu gure zuloak. Gure gogo hau egi bihurtzeko emoiguzu indartuko gaituen zure Espiritua.


PITXER BETE URAREN AURKEZPENA

(Ura ikusteko kristalezko pitxarra izan daitela. Alkarteko pertsona batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama: baso bete ur, maitasunez emona, saritua izango dala dinosku Jesusek ebanjelioan. Gure artean eta munduan egiten diran maitasun eta anaitasun keinu guztien ezaugarri lez dakartsut ur pitxerkada hau; sarritan isilean egindakoak dira. Gure konpromisoa ere hemendik doa: hurrekoak eta solidarioak izanez, gure bizitza apala alkarbanatzen daben andra-gizonak izan gura dogu. Jauna, zure laguntza behar dogu.

Agurra

Senideok: Eukaristiaren amaierara heldu gara. Bakotxa geure etxera, auzora, lanera, atsedenera... goaz. Hemen bizi izan dogunaz koherenteak izanez, gure ingurukoei argi pixkat eskeintzea eskatzen jaku. Hauxe da izan ere Jesusen antzera bizi izatea. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Ilunpean bizi izan zan herriak argi haundi bat ikusi eban;
argiak distira egin eutsen heriotzako lurrean
eta kerizpean bizi izan ziranei”





Jesus bateatu eben egunean, berari ENTZUTEKO konbitea egin jakun: berari entzuten jarraitzen dogu orain ere. Joan zan domekan, Markos ebanjelariak hauxe laburtu euskun: Jesusek Jainkoaren BARRI ONA (hau da, “Jainkoaren Ebanjelioa”) zabaltzen ebala, eta zeregina oso garrantzitsua zalakoan egoanez, Pedrori, Andresi, Joani eta Santiagori… berari JARRAITZEKO konbitea egin eutsen eta hareek… bat-batean, Berarekin joan ziran eta alkarrekin bizi izan ziran.

Gaurko liturgian, Deuteronomio Liburu zaharrak iragarten eban PROFETA NAGUSI lez aurkezten jaku Jesus. Irakasteko modu berezia dau, eta herriko buruzagi erlijiosoengandik bereizten da. Hauxe esaten eben: “bere ikasbideak harritu zituen jendeak”; eta, gainera, autoritate haundiarekin jarduten dau: “deabruak ere betetzen dabez bere esanak”.

Gure bizitzak hitzez, komunikazinoz eta irudiz gainezka egon arren, Jesusen HITZAK Jainkoak gugandik nahi dauana irakasten deusku. Bere Hitzak eta egintzak askatasunez beteak dira beti. Hau dogu Jesusen itxura.

Jesusek, irakasteko eta jarduteko eraz, TALDEA, KOMUNITATEA eta FAMILIA BARRIA lantzen ditu, eta Jainkoaren Erreinuaren adierazgarri nabari egiten dau eurekin. SENIDEON Familia barria dogu. Hortxe gagoz geu ere.

Giro honetan, gaur UME MISIOLARIEN jaia ospatzen dogu: umeengan pentsaturikoa, baina baita guraso, irakasle, katekista eta hezitzaileengan ere. Gure begiak eta gure bihotzak errealitate hori ikusi dagiela da helburua. Eta honek SOLIDARITATERA deitzen gaitu; Jesusen jarraitzaileok, besteekaz batera, danok batera goaz aurrera. Jainko Aita-Amaren bizi-proiektoa aurrera eroateak gure bizitza konprometitzen dau: Berak hasitakoa jarraitu behar dogu bere betetasunera heldu arte.

Zoriontsuak Beren Familiakoak izan nahi dabenak,
SENIDETASUNAREN POZA sentiduko dabelako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Agintedun lez irakasten eutsen"

(Mk 1, 22)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue