Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 5. domekea - 2018.eko Otsailaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak, anai arrebak baturik egiten dogun sinismen ospakizun honetara.

Hitzaren liturgiak, Jesus, gizadi osoari Aitaren egitasmoa agertzera datorren gure Jaun eta osagile lez aurkeztuko deusku. Ikusten dakienak, Jainkoaren egitaraua Jesusengan betetzen dala ikusiko dau. Holan agertuko jaku ebanjelioan.

Jainko Aita-Amarengandik jatorkun benetako BIZIAREN gozotasuna bizi izan dogunok, besteei eskeindu behar deutsegu; bizi horren preminan dagoan munduari eskeindu behar deutsegu. Hainbat egoera eta errealitateak agertzen deuskue preminazko beharrizan hori.

Prestau gaitezan Jesusengan emoten jakun Jainkoaren Hitzaren indarra eta errukia onartu eta bizitzeko.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Job, 7, 1-4. 6-7

Pertsona zuzenaren sufrimentua eta heriotzaren zergaitia azaldu nahi deusku zati honek. Joben hitzetan bizitza, nekez eta ahaleginez beteriko zerbitzu bat da. Bere lagunen samin-berbak ez ditu onartzen eta Jainkoagaz eztabaida gogorrak daukaz. Egoereak eraginda, bizitza laburra dala konturatzen da eta Jainkoagan ipinten dau konfiantza osoa. Entzun daigun gogoeta hau.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 9, 16-19. 22-23

Paulo apostoluak bizitzaren gogoeta eginez, bere bokazinoa aurkitzen dau: Barri Ona iragarteko agindua hartu dau eta horretan emoten dau bere bizia. Kristorentzat irabaztearren, makalentzat makal eta danentzat dana emonaz iragarten dau. Ebanjelizatze lan honengaitik ez dau itxaroten giza saririk. Eta horrek, Jaunaren zerbitzurako aske egiten dau. Testigantza hau onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Markos 1, 29-39

Markosen agertzen deuskun Jesus, Jainkoak gizadiarekin dauan konpromezuarekin bat egiten dau. Gizakia, oinaze eta bazterketa egoeratik askatzera dator; gaitzaren aurka egiten dau eta gaixotasuna gainditu. Gaurko ebanjelio zatiaren mezua dogu. Bere misinoa betetzeko Aitarekin otoitzean bat egiten dau. Mezu eder hau entzuteko prestatzen gara, zutunik aleluia abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Guk ere Jainkoa Aita-Ama onaren laguntza behar dogu; Berari zuzentzen deutsaguz gizadiaren, Eleizaren eta gure preminak.

1.- Munduan Jesukristoren presentzia dan Eleizaren alde: bere egitekoa Ebanjelioa leialtasunez iragarri eta gizakien zauriak osatzea dala kontuan izan dagian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako eta erakundeetako ardurea daukenen alde: mundu zuzenago eta solidarioago baten alde jokatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Euren bizitza ahulenen alde eskeindu dabenengaitik: Jainkoaren indarra lagun izanez, behartsuenen zerbitzura beti bizi daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixotasun edo baztertua izateagaitik sufritzen dagozanen alde: gure laguntza eta hurtasunean, aurrera egiteko indarra sentitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garanon alde eta parroki osoaren alde: Jaunak gure norberekerietatik atara gaizala, eta gure inguruan bakea eta ondo izatea ereiteko konpromezuaz jabetu gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GOSEAREN AURKAKO KANPAINAREN HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Gosearen aurkako kanpaina hori prestatzen joateko egiten dogu hau. Karitasen edo beste talde baten konprometituta dabilen batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Muga guztien gainetik dagoen ekintza honek, maitasunaren eta karitatearen unibertsaltasuna agertzen deusku. Gosearen aurkako kanpaina honetan parte hartuaz, mugarik ezagutzen ez dauan maitasunaren agindu horregaz bat egiten dogu. Gizaki guztiak zure seme-alaba diran ezkero, eurengana hurreratzeko bide bat dogu ekintza hau.


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Errukiaren eta bestea ondo ikusi gura izatearen ezaugarria dan botika hau dakartsugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan orioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten eban antzera egiten jarraitu nahi dogu.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZAREN AURKEZPENA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten dau. Beharbada, GOSEAREN AURKAKO kanpainaren HORMA IRUDIA aurkeztuz)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza apurtzen dauan munduko sufrimentu bat aurkezten deutsut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekaz arduratuta bizi diran Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten deutsudaz; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dogun pertsonak gehitzen joan gaitezala.


ORIO ARGI BATEN AURKEZPENA

(Otoitz talderik balego, bertako kide batek egiten dau. Monja batek, heldu batek...)

OTOITZA – AZALPENA: Jesus Jauna: gaurko ebanjelioan otoitzean ikusi zaitugu, zure Aitarekin batasunean bizitzeko preminazko sentitzen zendualako. Otoitzera emonak bizi diran taldeak eta pertsonak aurkezten deutsudaz: Zugaz egotearen poza eta bakea bizi eta erein daiela. Otoitz esperientziak egiteko eta bizitzeko aukerak izan daiguzala.


ALKARTEKO BOKAZINO EZBARDINEN AURKEZPENA

(Adibidez: garbitasunean dabilen pertsona batena; senar-emazte batzuena; osasun pastoraltzan dabilen batena; taldeko arduradun batena; erlijioso-a batena... Danen izenean batek egiten dau eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Gutako bakotxari eta alkarteari emon deutsazun gauzarik ederrena dakartsugu, Jauna: Zugandik hartutako BOKAZINOA. Bakotxak, geure egitekoa zintzotasunez eta leialtasunez betetzen ahalagindu nahi dogu. Horretarako zure laguntza eta argitasuna eskatzen deutsugu. Jauna, zugan ipinten dogu gure konfiantza.

Agurra

Senideok: Jainkoaren esperientzia bizitzak emoten deusku, batez be behartsu eta baztertuengana zabalik badago; gizakia benetako gizaki egiten dauan zuzentasuna zaintzen badau; anai-arreben ondo izatearen alde jokatzen badau. Goazen geure etxeetara gure beharrizana sentitzen daben guztien anai-arreba garala gogoan izanez. Bizi testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Kristok gure makaltasunak hartu ditu
eta gure gatxak eroan”




Urtean Zeharreko aldian aurrera goaz: jai haundiak ospatu ondoren, hil honen askenetara hasiko dogun GARIZUMEA daukagu aurrean. Liturgiak, alkartearen sinismena, bizitza eta konpromisoa janaritzeko, Kristo Berbiztua bere erdian aurkezten jarraitzen dau.

Domeka honek, Jesus, Barri Ona argitzen deuskun PROFETA lez, eta berak ulertzen dauan ebanjelioa jarraitzera konbidatzen gaituena lez aurkeztu deusku. Egun guztia berba egiten egin ondoren, bere bila jarraitzen dabe, benetako MAISUA dala sentitzen dabelako. Berak, inguruko auzo eta herrietara ere joan gura dau.

Gaurko ebanjelioaren mezu garrantzitsu bat, BERE AITAGAZ EGOTEKO momentu bereziak hartzen ebazala dogu: “goizean goizetik jagi zan, leku bazter batera joan zan, eta han otoitzean hasi”. Berari jarraitzeko gonbidapena hartu dogunontzat, bere hitza eta bere bizitza da gure bidea. Bere egitasmoa, gure bizitzarako egitasmorik ederrena lez hartzen dogu.

Domeka honetan aukera eder bat dogu Berarekin egoteko, Berari entzuteko, Bere ondoan gure bihotza “berotzeko” eta bere egitaraua barriro ere geuganatzeko.

ZORIONTSUAK BERE IKASLE IZATEA aukeratzen dabenak,
ez deutse hutsik egingo!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Makalik egozan asko, Jesusek osatu egin ebazan"

(Mk 1, 34)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue