Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 6. domekea - 2018.eko Otsailaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jesus Jaun Berbiztuaren GOMUTAPENA ospatzera. Hitzaren eta bizitzako Ogiaren mahai inguruan alkartu gara.

Jesus gure Maisuaren bidean goaz; Berak erakusten deusku Jainkoak zer nahi dauan eta zer itxaroten dauan gugandik; baita horrek dakarren bizitzeko era konkretua ere. Jesus, lepradun batengana hurreratzen ikusiko dogu gaur; gizarte haretan baztertua zan batengana, eta benetako bizia eskeinduko deutso: gaixotasunaren loturetatik askatu, eta osasuntsu alkartera bihurtuaz bizi barri bat egiteko aukerea.

Eta Maixuak honetara konbidatzen gaitu: gure inguruan eta gure artean dagozan trabak kentzera. Eukaristia ospatzeak zuhur egotera eta gure gizarteko baztertuengana hurreratzera bultzatu gaizala. Berak garbitu, parkatu eta salbatzen gaituelako, esker onez hartzen dogu parte.

(Giro honetan ospatzen dogu, urtero ESKU ALKARTUAK eratzen dauan, GOSEAREN AURKAKO KANPAINA: egoera larrietan aurkitzen diran hainbeste gizakien garrasiak entzun beharra dogu).

Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Lebítarrak 13, 1-2. 44-46

Legenarra (leprea) Israel herrian aitatu ezineko (tabu) gaixoa zan, osasun aldetik kutsakorra, eta pekatu egiteagaitik zigor lez hartzen eben. Horregaitik, alkartea ez kutsatzeko, herritik kanpora botatzen ebezan. Hartuemonak debekatuta eukezan. Gizarte haretan bazterketarik haundiena zan. Itun Zaharreko aholku batzuk entzungo doguz.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 10, 31-11, 1

Jesukristogaz aurkitzeak Pauloren bizitza osoa aldatu eban; pentsatzeko eta bizitzeko era guztiz aldatu eutson. Korintotarrei egindako idazki honetan, bere bizitza jarraibide lez emoten deusku. Kristauok zelan jokatu behar dogun jakiteko, Kristori begiratu behar deutsagu. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Markos 1, 40-45

Gizarteko jokaerak eta lege erlijiosoak jarritako traba guztiak apurtzen ditu Jesusek. Lepraduna, bizi zala ere hilda egoen. Jesus errukitu egiten da, bere oinazetan bat egiten dau, urrundu barik hurreratu egiten da, ikutu egiten dau, eta Jainkoagandik datorren bizitza barri bat emoten deutso. Hona hemen Jesusen mezuaren berezitasuna. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: apaltasunez eta konfiantzaz Jainko Aita-Amagana joten dogu gure beharrizanak, Eleizearenak eta munduarenak aurkeztuz.

1.- Salbamen sakramentua dan Eleizearen alde: gure gizarteko andra-gizon baztertuentzat babes leku izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gaur, KRISTAU ALKARTEETAN ardura berezi bat dugu: Esku Elkartuak eratzen duan GOSEAREN AURKAKO kanpaina; zuzengabekeriak eta ezberdintasunak salatuz, beti SOLIDARITATEAREN alde joka dezagun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Agintarien alde: gure gizarteko lepradun barriak kontuan izan dagiezan: etorkinak, presoak, langabetuak, zaharrak, gaixoak...; euren eskubideak zainduz, behar daben laguntza izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Konfiantzan, ontasunean eta maitasunean oinarrituz, eta daukeena alkar banatzeko prest egonez, Jesusek iragarten deuskun erara biziko diren pertsonak eta taldeak izan daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gosea, bazterketa eta zuzengabekeriaren kontra lanean diharduenen alde: ondoren baikorrak ikusi ez arren, euren eginkizunean aurrera egin dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

6.- Kristau alkarteen alde: gure gizarteak daukazan beharrizan guztietan sentiberatasunez jokatu daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ORIO ARGI IXIOTU BATZUEN AURKEZPENA

(Parrokian lanean dabizan batzuk egiten dabe. Eurotariko batek irakurten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, orio argi honeek, gure alkarteari emoten deutsezuzan dohaien ezaugarri izan gura dabe. Alkartearen onerako erabili daiguzan Zugandik hartu doguz. Orio argi honeekaz geure esker ona agertu eta alkarte batu eta ugariago baten alde lan egiteko konpromisoa agertu gura deutsugu. Bakotxak bere argia zainduz eta danok bat eginez.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA EROATEN DAN POLTSAREN AURKEZPENA

(Alkarteko etxeko andre batek aurkez daike. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezan lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dodan tresna dakartsut baina era berean gure kontsumorako grina agertzen dauan tresna da. Jauna, ez gaitezala jausi kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituan sasi-baloreetan. Zure argia behar dogu itzarrik egon gaitezan; emoiguzu Jesusen espiritua bere antzera bizi izateko.


OGIO ETA PITXER BETE ARDOAREN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona biren artean egiten dabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Semeak emon eban gorputzaren eta isuri eban odolaren ezaugarri lez dakartsuguz ogi eta ardao honeek. Azken afarian batera eskeini ebazan, bere Gizakundea heriotzan amaituko zala adierazoz. Gure eskeintza honetan, Jesusen antzera munduan zehar euren bizitza baztertuen alde emoten jarraitzen dabenekin bat egiten dogu.


GARIZUMAKO EGITARAUAREN AURKEZPENA

(Kontsejuko arduradunak egiten dau. Horma-irudi haundi bat iragarkien tokian ipinteko eta eskura emoteko orriak)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: hona hemen gure alkartearen Garizumako egitarua. Kristau Garizumeak bihotz-barritzera deitzen deusku. Jauna, emoiguzu gure barruan isiltasuna eginez zuri entzutea; Zuk eskatzen deuskuzuna onartzea; eta zure Seme Jesusi jarraituz Pazkora heltzea. Zugaz kontatzen dogu.

Agurra

Senideok: salbameneko dohaiekin indarbarriturik, gure gizarteko eta kulturako “lepra” barriak zuzterretik kentzera bialduak gara. Jaunak BAKEAREN dohaia emon deiskula, pertsonengana hurreratuz eta onartuz, bata besteengandik banatzen gaituezan langa eta traba guztiak desegin daiguzan. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Profeta handi bat agertu da gure artean”



Kristau alkarteak Nazareteko Jesusen bidea egiten dau: bere izenean alkartzen da, bere presentzia barri ospatzen, bere Hitzagaz betetzeko gogoa agertu eta Jainkoagandik jatorkun indarra hartzeko prestatu. Sinismendunontzat, Jesusen hitza eta bizitzeko erea, gure bizitzarako jarraibidea dogu.

Gaixotasunak berez baztertzen ditu pertsonak; leprea, madarikapen lez ikusia zan eta lepradunak familia bizitzatik eta giza bizitzatik kanpora gelditzen ziran; beste inor ez egien kutsatu, pertsonearen eskubideak ere galdu egiten ebezan. Benetako bazterketa honen aurrean, Jainkoaren JARREREA eta Jesusen ekintza agertzen deusku gaurko liturgiak.

Domeka honetako mezua, askatasun eta bizi barri baten testuinguruan ulertu behar dogu. Jesus bera “zikindu” egiten da, gaixoarengana hurreratzen da, eta Jainko Aita-Amagandik hartzen dogun biziaren dohaia eskeintzen deutso; lege eta erritu guztien gainetik dagoan bere hurtasuna agertzen deutso. Jainkoaren maitasuna, giza eta kultura baldintza guztien gainetik dago.

A zelako irakatsia guretzat! Hain errez eta edozergaitik pertsonak baztertzen doguz! Hau da gure mundua! Jesusen “ESKOLARA” hurreratu beharra daukagu. Gure munduak, eskola horretan ikasi daben gizon emakume barri eta solidarioak behar ditu.

Zoriontsuak Jesusen barritasuna onartzen dabenak,
gure munduarentzat BEDEINKAPENA izango dira!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zeuk nahi badozu, osatu naikezu"

(Mk 1, 40)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue