Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 6. domeka - 2017.eko Otsailaren 12a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak. Jesus, gure Maisuak, Hitzaren eta Ogiaren mahaira konbidatzen gaitu.

Maisuaren LORRATZAK jarraitzen ditugu. ZORIONTASUNEN mendian aurkitzen gara; hortik, Jesusek, jarraipenerako bidea eta bere EGITARAUA eskeintzen deusku.

Gaur Itun Zaharreko irakatsiak gogoan izanaz, Jesusek bere proposamenaren BARRITASUNA eskeiniko deusku. Eskeintza horretan, lehengoa, hobetuta edo gaindituta gelditzen da. Ezin deutsagu “betikoari” eutsi. Berak iragartzen dauan BIZIAREN JAINKOA onartzeko, zerbait gehiago behar da. Hortxe dago Ebanjelioa Barri On lez hartzeko gakoa.

(Giro honetan ospatzen dogu, urtero ESKU ALKARTUAK eratzen dauan, GOSEAREN AURKAKO KANPAINA: egoera larrietan aurkitzen diran hainbeste gizakien garrasiak entzun beharra dogu).

Guzti hau bakez eta gozotasunez ospatzeko prestatzen gara. Ospakizunari hasierea emoten deutsagu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ben Siraken liburutik 15, 15-20

Ben Sirá deritzon jakintsu baten gogoeta entzungo dogu. Gizakia, bizitzan aukerak egiteko askea dala esango deusku. Ona eta txarra, bizia eta heriotza aurrean dituen aukerak dira. Ondo aukeratzerako, Jainkoaren aginduak argi egiten deutse. Askatasuna ederra da baina arriskua ere bai. Jakintsu honen gogoeta entzungo dogu.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 2, 6-10

Paulo apostoluak, JAKITURIARI buruz berba egiten deutse Korintoko kristauei; giza jakituria (jakintzetan oinarritua) eta jainkozko jakituria (Jainkoaren errebelazino lez). Apostolua bigarren honegaz gelditzen da, misteriotsua izan arren, Espirituaren laguntzaz, Jainkoaren bihotza ezagutu geinkealako. Gogoeta esanguratsua. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Mateo 5, 17-37

Mendiko hitzaldian kokatzen da gaurko zatia ere. Zoriontasunak iragarri ondoren, joan zan domekan argi eta gatz izateko eskatzen euskun; GAUR legea betetzera datorrela esango deusku Jesusek: aurreko guztiak Beragan zentzuna eta sakontasuna aurkitzen dabela. Maisuari entzuteko eta bere irakatsia onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: Kristoren Espiritua gizadian sartzen joan daiten, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gure otoitzak.

1.- Jesusen alkartea dan Eleizaren alde: Barri Ona askatasunez iragarteko eragozpenak gainditurik, munduaren erdian anaitasun, bardintasun, zuzentasun eta pake ezaugarri izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Agintarien alde: egoera soziala, kultura eta erlijinoa kontuan izanez, guztien onerako eta zuzentasunez jokatu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaur KRISTAU ALKARTEETAN ardura berezi bat dogu: Esku Alkartuak eratzen dauan GOSEAREN AURKAKO kanpaina; zuzengabekeriak eta ezbardintasunak salatuz, beti SOLIDARITZAREN alde jokatu daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Txarto aurkitzen diralako, bizitzeko gogo barik bizi diranen alde: Jesusen berbak askatasun iturri izan daitezan, eta gugan hurtasuna eta berotasuna aurkitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartu garanon alde: Jesusen benetako jarraitzaileak izan gaitezan eta gure bizi testigutzaz, askatasun, zuzentasun eta bake Erreinuaren ezaugarri izan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ATX (HARRI) BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, harri honegaz, gure babes eta indar Zeu zaitugula agertu nahi deutsugu. Zeu bakarrik. Jauna, munduko tentaldien aurrean, zabaldu eiguzuz gure begiak eta bihotzeko belarriak, ez gaitezan nahastuta geratu. Zure Seme Jesusekin batera egin gura dogu gure bidea, Pazkoa ere Berarekin batera gozatzeko.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKEINTZAREN AURKEZPENA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten dau. Beharbada, gaur ospatzen dan GOSEAREN AURKAKO kanpainaren HORMA IRUDIA aurkeztuz)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza apurtzen dauan munduko sufrimentu bat aurkezten deutsut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekaz arduratuta bizi diran Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten deutsudaz; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dogun pertsonak gehitzen joan gaitezala.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA EROATEN DAN POLTSAREN AURKEZPENA

(Alkarteko etxeko andre batek aurkeztu daike. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezan lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dodan tresna dakartsut baina era berean gure kontsumorako grina agertzen dauan tresna da. Jauna, ez gaitezala jausi kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituan sasi-baloreetan. Zure argia behar dogu itzarrik egon gaitezan; emoiguzu Jesusen espiritua bere antzera bizi izateko.


EGUNKARIA AURKEZTEA

(Ofizioko batek edo herri mailan agirian diharduan alkarteko batek edo eguneroko jazoerak ondo jarraitzen dituan batek, aurkeztu behar leuke eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik, gaur, egunkari hau dakartzut. Gaur jazoten danaren isladea da. Gure ondoan eta gugandik urrun gertatzen dana, nahiz eta beste batzuei jazo edo gertau. Barri emotea hain ugaria danez, ez gaitu kezkatzen, jakitunek dinoenez. Egunkari hau eskeintzerakoan, konpromiso hau hartzen dot, danen izenean: albisteen eta eurak bizi dabezan edo jasaten dabezan gizon-emakumeen bihotzera begiratuko dogula orain zer gertatzen dan irakurten dogunean. Eta Zuk ez gaizuz itzi gure bihotz gogorkerian. Zabaldu eizuz gure bihotzak alkartasunera.


BIBLIA AURKEZTEA

(Ez dogu gaur lehenengoz aurkezten. Oraingo honetan, alkarteko pertsona apalenetariko batek egin daiala aholkatzen dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Nik, Jauna, Biblia dakartzut, guretzat idatzitako zure Berbea. Eta, eskeini barri deutsugun egunkariaren beste aldetzat joten dot. Beragaz batera, Zeuri entzuteko beti gertu egotea eskeintzen deutsut. Baina ez zeure Berbearen bidez bakarrik, baita egunkariak islatzen dituan jazoeren eta gertaeren bitartez be bai. Zu, Jauna, ez zaitez behin be isilik geratu. Eutsi zure Berbea zuzentzeari. Bera da gure bizitzak argitzen dituan argia. Baina ez ahaztu gure bihotzak ikutzea, Zeuk zuzentzen deuskuzun Berbeari behin be itxi ez dakiozan.

Agurra

Senideok: gure jokaera kristautasun erosoa eta logikoa bilatzea da; baina Jesusek beste mezu bat aurkeztu deusku, bizitzeko beste era bat eta Jainkoaren beste irudi bat. Jaunaren Hitzari adi egon bagara, konturatuko ginan Jainkoak zer nahi dauan, eta kristau lez non kokatu behar garan: zelan aurkitu poza eta bakea, eta zelan bizi osotasunez Maisuaren proposamena. Ea geurea egiten dogun berak aurkezten deuskuna. Jainkoaren Erreinua iragarriz, aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure Erreinuko misterioak jente apalari erakutsi deutsazuz eta”




Jainkoaren Erreinua egi bihurtzen joateko, Jesusek bere ikasleei eta gu guztioi bere irakatsi zehatzak emoten deuskuz (hauxe dogu azken domeketako mezua).

Gaur Jesusek, Sinain sinatutako Lege zaharraren aurrean ikasleak zelako jarrera izan behar dauan agertu deusku: Lege harek, gizakiaren askatasuna zaintzen eban eta Jainkoaren borondatea agertu: gizakiak onartu edo baztertu leikean. Orain agertokia beste bat da: Jesus ZORIONTASUNEN Mendian aurkitzen da eta Bera da Lege barria emoten dauana: EBANJELIOA. Hemen aurkitzen da Jesusen barritasuna; Berak deitzen deutsan “Abba-Aita” Jainko berberaren izenean egiten dauana eta gauzatu gura dauana.

Jesusek ez dau desegiten Lege zaharra baina lehenean ere ez dau izten. Bera betetasuna emotera etorri da, eta mundu honen erdian Jainkoaren egitasmoa egi bihurtzen joan daiten gure heldutasuna eta erantzukizuna eskatzen deuskuz. “Gitxiengoaz” ez da konformatzen eta gehiengoa eskatzen deusku: azkenera arte EMOTEA.

ZORIONTSUAK KOHERENTZIAN bizitzen ahalegintzen diranak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nik hau dinotsuet"

(Mt 5, 22)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue