Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 5. domeka - 2017.eko Otsailaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak Eukaristiaren ospakizunera. Jesus Jaunak deitzen gaitu eta bere aholkuak emoten jarraitzaileoi.

Bere Hitza onartzeko prestatuko gara. Gaur entzungo dogu: “Munduko argia zaree”. Fededunok ZERBITZU baterako deituak gara; dogun misinoak bere jarraitzaile egiten gaitu.

Baina gaurko fededunoi gatx egiten jaku konpromisoa eta otoitza lotzea, liturgia eta bizitza, sinismena eta ekintza. Kontrako bidetik goaz, gatx egiten jaku, ez da erreza; gura dogu, baina eragozpen ugari aurkitzen doguz: denpora, arineketa, azaleko bizia...

Mundu honetan ARGI eta GATZ izatera deitzen deusku Jesusek; gure zerbitzuak hori agertu daiala; anai-arreben preminetara bihotza zabalik izan deigula.

Sinismen batzar hau hasten dogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 58, 7-10

Israel herria eleiza nagusia eraikitzen dabil eta azaleko kultuaz arduratzen da. Isaias profeteak esango deutse, kultoa eta ekintza, liturgia eta bizitza, otoitza eta karitatea lotuta joan behar dirala. Orduan dana zentzunez beteko da eta Jainkoak euren erreguak entzungo ditu. Gaur egun ere baliokoak doguz profetaren hitzak. Entzun daigun.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 2, 1-5

Paulo apostoluak korintoarren aurrean bere testigantza eskeintzen dau. Giza jakiturian barik Jaunagan dogun fedean eta kristauontzat bizi iturri bihurtu dan kurutzearen misterioan oinarritzea gura dau bere entzuleen fedea. Entzun daigun bere gogoeta.


Ebanjelioa: Mateo 5, 13-16

ZORIONTASUNAK entzun ondoren, Jesusek gaur bizitzako adibide bigaz agertzen deusku bere irakatsia. Ebanjelioaren iragarpena aukera bat da; inoiz ere ez zerbait derrigortua. Sinismena kontajiatuz transmititzen da. Horregaitik epela danean, balio ez dauan gatza edo argirik ez dauan argi bihurtzen da. Jesusen proposamena onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Bere hitzak argiturik, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gizadiaren alde egiten doguzan otoitzak.

1.- Eleizaren alde: Jaunagana bihurturik, munduko ARGI izan daiten eta hainbeste nora ezen erdian, bizitzan eta historian Jainkoa aurkitzeko bide izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gertatzen diran eta gainezka egiten gaituen gauzen aurrean, ilusinoa galdu daben kristauen alde: zure Berbea entzunez, munduaren erdian ARGIA izateko deia geureganatu daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure herriko eta munduko hainbat herrietako BAKEAREN alde: gogorkeria baztertuz, pertsona eta ideiak errespetatzen dauzan alkarrizketari bideak zabaldu deioguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Zuzentasunaren alde jokatzen daben pertsona eta taldeen alde: naiz eta aurrean erabiliak izan, Jesusengan indarra aurkitu dagien eta gugan behar daben laguntza. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Kristau alkarteen alde eta gure familien alde: bizi garan lekuan gatz eta argi izan gaitezan; gugana hurreratzen diran pertsona guztiak onartzen jakin dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egingo dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berbiztuaren ezaugarri dan kandela isiotu hau dakartsut, Jauna. Bere argiaren inguruan batu ebazan Harek lehenengo kristauak, alkarte bizietan. Gure alkartean benetan biziteko eta alkarbanatzeko gogoa eskeintzen deutsugu lehenengo, eta baita, bigarren, alkartetik urten eta, geure berben eta bizitzaren bitartez, zeu gizon eta emakumeei aurkezteko gogoa be. Horretarako, emoiguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


GATZONTZI BETE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona konprometitu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mundua eraldatze ahaleginaren eta gure ebanjelizatze lanaren ezaugarri lez dakartsut gatzontzi hau. Historian zehar beste testigu asko lez, guk ere gure oztopoak gainditu, eta zure Ebanjelioaren testigu izan nahi dogu mundu honen erdian. Gatza gezatu eta indar barik gelditu ez daiten, zure laguntza eta grazia eskatzen deutsuguz.


ORIO ONTZIAREN AURKEZPENA

(Hauxe da Parrokiako Caritas taldean diharduan kide batek edo besteen beharrizanei erantzuten diharduanen batek aurkeztutako orio ontzi honegaz azaldu gura doguna: maitasunaren bitartez mundua eraldatzeko dogun erantzukizuna)

OTOITZA – AZALPENA: Nik orioz betetako ontzi hau dakartsut. Gizon-emakumeen norberekeriak bihurritutako eta kaltetutako mundu honen zauriak osatzeko konpromisoaren irudia dogu. Hauxe gura dogu, Jauna: beharrizanik dagoan lekuan egon gaitezala zure ikasleak, mundu honi eta gizon-emakumeei beti lagunduz, zure presentzi pozgarria izateko.


KATEKESI LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Ikasleak misinora bialtzea irudikatu gura dogu alkarteko katekesi liburu hau eskeintzeko keinu honegaz. Bidezkoa danez, katekista batek egin behar dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna: zure ikasleak misinora bialtzen dozuzanen antzera, alkarteko gure katekesiaren testu hau dakartsut. Umeek (gazteek edo helduek) zure Seme Jesu Kristo aurkitzearen esperientzia izan daien erabilten dogun metodoa da. Baina, holan, alkartearen eta katekista bakoitzaren ebanjelizatzeko konpromisoa adierazo gura dogu. Izan be, Jesusi buruz dogun jakituria bakarrik emotea ez ezik, baita dogun fedearen gure bizikizuna (esperientzia) emoten be ahalegintzen gara.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaieran Jesusek barriro ere dinosku: “Lurreko gatza eta munduko argia zaree”. Jainkoak egiten deuskun konbidapena da. Eukaristian indar barriturik, kristau epelak barik, mundu honen erdian, gure familietan eta auzoan, bere testigutza eskeinduko daben kristauak izatera deituak gara. Jainkoa gugaz fiatzen da; poztu eta izan gaitezan bere testigu.

Egun honetarako gogoetea

“Munduaren argia naz,
nire atzetik datorrenak bizirako argia izango dau”




Domeka honetako mezua esaldi bategaz holan esango geunke: “KOHERENTZIAZ IBILTZEKO ADOREA”. Horrelako zerbait eskatzen deuskue domeka honetako irakurgaiek.

Joan zan egunean, Jesusek Zoriontasunak aldarrikatuz, egoera horregaz jabetzeko EGITASMO bat eskeini euskun. Eta hori gauzatu egin behar da; berak nahi dauana, geurea egin eta gure bizitza ikutu daiala.

Bere proposamena: KOHERENTZIA. Hau da, besteei eskeintzen deutsezuna norberak bizi. Zelan eskatu besteei (seme-alaba edo auzoko, edo...) geuk ez doguna bizi? Kristau koherentziak ekintzekaz iragartea eskatzen deusku. Holan ez bada indarra eta zentzuna galduko dau. Sarritan gertatzen da geuk bizi ez doguna geure seme-alabei bizi azo gura deutseguela.

Gure mugak eta koherentzia faltak autortzeko ordua ez ete da? Hori eginez, “gozotzen” dauan GATZA BIHURTUKO gara, edo besteen bizia argitzen dauan ARGIA. Jesusek gura dauan zeruko AITA-AMAREN AURPEGIA eskeintzeko bidea, horixe dogu. Jesusek egin deuskun eskeintza-proposamen horren aurrean ez dago beste irakurketarik.

Zoriontsuak BANATZEAREN alde jokatzen dabenak,
Barri Onak sortzen dauan poza sentiduko dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuok zaree munduko gatza... Zuok munduko argia"

(Mt 5, 13. 14)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue