Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizumea - 2. domekea - 2018.eko Otsailaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorri sinismen eta senide arteko topaketa honetara!

Garizumako bigarren domeka honek, Jesusen antz aldatzearen ispiluan, gure bizitzearen misterioa sakona erakutsi nahi deusku. Urteera eta bilaketa eten bakoa da gure bizitzan. Norbaitek badihardu gu geure barrutik atera eta gure “orain” hau arriskatzera indarka. Itzi behar doguz galtzen gaituen ziurtasunak, barriro abiatzeko.

Norbait hori Jaungoikoa, gure Aita dogu, fedearen abentura bizitera dei egiten deuskuna; bere aurpegiaren distirea begiestera konbidatzen gaituana. Garizuma honetan zabaldu daiguzala ondo gure bihotzeko begiak, Jaunak zuzentzen deuskun Berbea entzuteko, bide zoragarri baten barri emongo deuskulako.

Ospakizun honetan itxaron daigun Jaungoikoaren ezustekoren bat; Jesusek gero eta gehiago liluratu naiala, bere bideak sarri aldrebesak begitandu arren; beti bidez bide eta behin eta barriz entzuten: “Hau da nire Semea. Entzuiozue Berari”. Beste barik, hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 22, 1-2. 9-13. 15-18

Kontaketa zahar bat entzungo dogu. Abrahanek, lur bat, herri bat eta seme baten agintzaria hartzen dau eta bidean ipinten da. Gizakiak, pekatu eginez, Jainkoarekin apurtu eban alkarrizketa berreskuratzen dau Abrahanen bitartez. Sinistedunen aita dogun Abrahanek, Jainkoaren proposamena onartzen dau, agintzaria sinistu, Jainkoagan konfiantza ipini eta bide barria hasten dau. Testigantza ederra.


2. irakurgaia: Erromakoai 8, 31-34

Paulo apostoluaren gogoeta bat entzungo dogu. Idazki hau, sinismenean eta salbamen historian sakontzeko lagungarri dogu. Gu guztiokaitik bizia emon eban Seme maitea dogu ondasun guztien iturri. Bere Semea eta bere bizi-mezua onartzen dabenekin dago Jainkoa. Gure sinismena argitzen dauan mezu hau onartzen dogu.


Ebanjelioa: Markos 9, 2-10

Jesusen Antzaldatzea kontatuko deusku ebanjelioak; hiru ikasleak, ikusten dabenagaz zurtz eginda geratzen dira. Orain arte ikusi dabena baino askoz be haundiagoa da Jesus; kontenplatzen dagozan misterioaren aurrean, isilean gelditzen dira, baina Seme maiteari “ENTZUTEKO” agindua be hartzen dabe. Guk be konbidapen bardina dogu. Onartu daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Semeagan seme-alaba gareala jakiteak emoten deuskun ziurtasunez, gure Aita-Ama dogun Jaunagana jasoten doguz gure eskariak otoitz giro beroan.

1.- Jaungoikoak onartu daizala Eleizearen sufrimenduak, uxatu daizala haren bildurrak, eta pozez eta alaitasunez bete daizala, itxaropena bizturik, senideak; holan, poztu eta lasaitu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Mundu zuzenagoaren eta solidarioagoaren alde lanean diharduen hainbat gizasemeren eta emakumeren alde: Jaungoikoak bedeinkatu daizala, bidean aspertu barik aurrera egiteko eta bizitzaren Jaungoikoak argitu daizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Jaungoikoak bedeinkatu daizala euren bizitzak otoitzari eta kontenplazinoari emonak bizi diranak: eguneroko bizitzan Jainkoaren Erreinuaren begi-bistako testigu izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jaunak argitu daizala gure bizitzak bere maitasunez, eta edegi gaitezala Beragana, Bera onartzeko, Berak argitu gaizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jaunak bizkortu dagiala itxaropena gure Parrokiako Alkartean; sufritzen, noraezean edo bildurrez dagozanak sentidu daiela Jaungoiko Beraren hurtasuna, eta behartsu guztientzat gu argia izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Garizumako denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau Alkarteko ekintzaile batek egin daike, edo politikan, sindikatuan edo herri ekintzaren baten esku-hartzen dauan Alkarteko pertsona heldu batek. Argiontzia mahai buruari emoten deutso, eta honek aldareko mahai gainean izten dau. Ondoren, holan jarraituz)

OTOITZA – AZALPENA: Gaur argiontzi isiotu hau dakartsut, Jauna, zure Semearen antzaldatzea ospatzen dogun domeka honetan. Argi hau Jesu Kristoren ezaugarria da. Aurretiaz bere biztuerea adierazoten dauan argi motela da. Mundua eraldatzeko jardunean, nire eta Eleizearen burruka hau, erakusgarri izatea nahi dot. Zure Seme Jesu Kristori jarraituz egin gura dogu, eta azkena Zuk zeure Erreinuan dohai lez oparituko deuskuzula, jakinaren gainean.


KURUTZE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gaixo edo adineko batek egin daike eskeintza hau)

OTOITZA –AZALPENA: Nik, Jauna, Kurutzetxo hauxe dakartsut, nire gaixotasunaren eta munduan honegaitik edo haregaitik sufritzen dabenen adierazgarri lez. Nire ustea hau da: Zu zure Seme Jesu Kristoren Kurutzeagaz bat eginda hartzen dozula, munduaren salbamena haren bidez heldu jakula sinisturik; izan ere, horixe dozu opari atsegingarri bakarra. Lagundu eidazu, Jauna, honi buruz gero eta gehiago jabetzen: Kurutzea dala bizitzaren ernemuin bakarra, eta zure Semeagaz konpartitzea itxaroten dogula. Gaixo minduen pozezko testigantzaren bidez, erakutsi eiezu osasuntsuei kurutzea zein beharrezkoa dan antzaldatze osorako.


ALKARTE ERRETIRO BATEN EDO BIBLIARI BURUZKO IKASTARO BATEN ERABILITAKO GAIEN TXOSTENAREN AURKEZPENA

(Alkarteko ekintzaile kide batek aurkeztuko dau Erretiroko edo ikastaroko gaien karpeta hau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaun eta Jaungoiko, Zuk zeure Seme maiteari begiratzera eta gogoz entzutera konbidatzen gaituzu. Benetan gura dogu, Jauna. Hori dala-eta, gure Alkarteko azken ERRETIROko (edo Bibliari buruzko ikastaroko) langaiak aurkeztuten deutsuguz. Hobeto ezagutzen lagundu deusku, baina hasitako bidean jarraitu beharra daukagu. Garizuma honetan ere horixe egiteko konpromisoa hartzen dogu.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Komunikabideetan batez be gure entzumena eskatzen dauan irrati hau aurkezten deutsut, Jauna. Baina gaur, zure HITZAREN entzule garala agertu nahi deutsut; zure eskakizunetara adi egon nahi dogu; zure deiei zabalik egon nahi dogu.

Agurra

Senideok: Garizumako domeka honetako Eukaristia amaitzen gagoz. Ospakizun honetan, Jaungoiko Aita Berberak erakutsi deusku bere Seme “maitea” lez, guk Berari “entzun” beharra daukagula. Ahalegindu gara eta ahaleginduko gara, bere argiaren distirea izanaz, gure bizilagunen eta munduaren erdian. Holan balitz! Aste on eta kristau testigantza on!

Egun honetarako gogoetea

“Hodei distiratsutik Aitaren ahotsa entzun zan:
«Hau da nire Semea, nire Maitea; entzuiozue»”




Lehengo domekan “urteerako” agindua emon jakun: GARIZUMEA hasten genduan. Eta PAZKOrako bidean jarri ginan. Eta hori Jesus Beraren urratsei jarraituz egitea proposatzen jakun; hain zuzen, Berak ere sentidu eban zalantzaren tentaldia, nekaldiarena, aginpidearena, errezegi egitearena... Baina Berak tentaldiak menperatu ebazan. Berari jarraitzeak zera dakar: holako egoeretan zelan irabazten dan ziurtasuna. Harek jarraitutako bidea hauxe da:

- “Aitaren aurrean, prestasunezko bidea”.
- Aitaren Erreinuaren aldeko "buru eskeintza eta esku zabaltasunezko bidea".
- Bere neba-arrebakaz izan beharreko "alkartasunezko bidea".


Bigarren domeka honetako erakutsia zera da: Jesusegaz ZUZENEKO HARTUEMONA dala aldaketa hori egiteko bide bakarra. Ebanjelioa argi zehatza da: “HARI ENTZUTEA” beharrezkoa da, bere deiak harrapatzen iztea, Abrahan eta Apostoluak lez (lehenengo irakurgaian eta Ebanjelioan). Holan ezingo gaitu ezerk Kristoren maitasunetik aldendu (bigarren irakurgaian).

Mezu ederra domeka honek eskeintzen deuskuna. Halan ere, argi erakutsi deusku, Jesusegazko topaketa honek, beragaz batera Kurutzea dakarrela: Kurutzerik eta heriotza barik, ez dagoala biztuerarik; ez, ez dagoala aintzarik, nekaldi barik.

Zoriontsuak Beragaz AURKITZEN diranak!
PAZKORANTZ ibilbide pozgarria!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hau, neure Seme maitea da: entzun egiozue!"

(Mk 9,7)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue