Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Gabonak - JAUNAREN BATEOA - 2018.eko Urtarrilaren 07a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Eukaristia ospatzera.

JAUNAREN BATEOAREKIN amaitzen dira Gabon aldiko egunak; hori da Jesusek Nazareten egindako bizitza ezkutuaren amaierea. Bateoarekin emoten deutso hasierea agiriko bizitzari. Jesus Jordanera, Joan bateatzen ebilen lekura, joan zan.

Gu be, Jesus lez, bateatuak izan gara. Jesus lez gantzutuak, lagun hurkoaren zerbitzuan on egin daigun, Jesusek hasitako lanari jarraipena emon deiogun. Gure bateoa, hor hartu dogun grazia, gure kristau konpromisoari emon behar deutsagun erantzuna eguneratu beharrean gagoz.

Ospakizun honek lagundu deiskula gure bateoa barritzen, Jainkoak maitatuak sentitzen; seme-alabak lez bizitzera deituak gagozala ikusten; gure itxikerietatik urten eta senideei bidera urteten.

Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 42, 1-4. 6-7

Israelera behingoan itzultzea itxaroten eben Babiloniara erbesteratuak, adore barik, herri-minez bizi ziran. Egunak aurrera eta ez zan heltzen etxerako egunik. Giro honetan predikatzen dau Isaias profeteak erbestealdiaren amaierea eta Israelen berreraikuntza. Eta aukeratuak, bere Zerbitzariak, burutuko daben eginkizuna iragarten dau. Entzun dagigun mezu pozgarri hau.


2. irakurgaia: Eginak 10, 34-38

Entzungo dogun pasarte honetan, esango jaku Kristo dala Jainkoak gizakiei deutsen maitasunaren, Jainkoaren ontasunaren ezaugarri nagusia. Maitasun honek, Espirituak eraginda, izaki barri egiten gaitu, betiko bizitzarako gai. Jesus gauza guztiak ondo egiten eta zapalduak osatzen aurkezten deusku Pedro apostoluak entzungo dogun irakurgai honetan. Onartu dagigun.


Ebanjelioa: Markos 1, 6b-11

Bateoa deskribatzerakoan, Nazareteko Jesus nor zan agertu nahi deusku Markos ebanjelariak. Gero Espirituz bateatuko dauanak, uraren bateoa hartzera hurreratzen da. Jesus, munduko pekatua eta giza izatearen ezina beraganatuz, Jordango uretan murgiltzen da. Esperientzia horretan, Jainkoak Seme maitea dala agertzen deutso, eta hortxe hasten da Jesusen egitekoa: bere bakarkako bizimodua alboratu eta Erreinuaren aldarrikapena hasi. Jazoera honen testigutza onartzen dogu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Gure bateoa eta bertan hartutako konpromisoak barriztatu eta gero, egin deiogun otoitz biziaren Aita-Amari, Jesu Kristo berbiztuaren bitartez.

1.- Mundu osoan zehar zabaldutako Eleizearen alde: onartu daizala bere barruan seme-alaba barriak; iragarri daiala bildur barik salbamenaren bateoa, eta pobreak defenditzeko prest bizi daitela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Bateatuak izan garan guztion alde: barriztatu daigula gure kristau konpromisoa, eta gure bizitzan zehar egiaren eta guztien onaren bila ahalegindu gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Seme-alaben bateoa eskatzen daben gurasoen alde: hartzen daben konpromisoarekin jabeturik, fedearen hezitzaile izan daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko eta gure herriko bakearen alde: kristauok izan gaitezala Jainkoak eskeintzen deuskun bakearen ereileak eta bake egileak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde, gure erlijioso alkarteen alde, gurasoen alde: bateoan eskuratutako bokazinoa poztasunez bizi dagigun eta gure sinismenaren barri emoten jakin deigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen ditugu keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, horrela egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UR ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Urtean zehar bateatu baten guraso batek egin leike. Aurkezpenaren ostean, abadeak urez zipriztintzen dauz eleizan dagozanak. Tartean zerbait abestu daiteke)

OTOITZA – AZALPENA: Zure ura aurkezten deutsugu, Jauna. Bedeinkatua da eta, aitaren egitean, gure Bateoa gogoratzeko ipinia. Gure benetako eskeintza lez aurkezten deutsugu. Gure bateoko konpromisoak bete daiguzan, indartu gaizuz zure bedeinkazinoaz.


ARGI BATEN AURKEZPENA

(Ondo legoke bateoko pastoralean dabilenen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ospakizun honetan gagozan guztion izenean, argi hau eskeintzen deutsut, altaran dagoanarekin bat eginik. Bateoak gugan daukan eragina agertu gura deutsut. Zure Seme Jesu Kristo Berbiztuak biztu dau gure barruan, eta munduaren erdian gu be argi izatea gura dau. Emoiguzu iluntasunean be beti argia izateko grazia.


ONTZITXO BATEN ORIOA AURKEZTEN DOGU

(Karitasen dabilen batek edo baztertuekaz arduratzen dan batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, danon izenean orio ontzitxo hau aurkezten deutsut. Zauriak osatzeko sendagai lez ere erabilia izan da. Beharrizanean aurkitzen diranengana hurreratzeko eta arduratzeko konpromiso lez aurkezten deutsugu. Ikusten doguzan arazoen aurrean, inoiz ez gaitezela gelditu besoak gurutzatuta.

Agurra

Senideok: ospakizun honegaz batera Gabon aldia amaitzen da. Egunokaz bizi izan dogun eta ospatu dogun guztia, eguneroko bizitzarako lagungarri dogu: mundu honen erdian, bakotxak hartu dogun bokazinoan zintzo aurrera eginez, Jainkoaren seme-alaba lez eta gizaki guztien zerbitzari lez bizitzera deituak gara. Gure bizitza, bila dabizanentzat ARGIA gertatu dakiela. Gure Bateoaren testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Zerua urratu zan eta Aitaren ahotsa entzun:
Hauxe da nire Seme maitea; entzuiozue”




“Jainkoa gurekin” kontenplatu dogu Gabon egun honeetan. Hauxe da gure bermea eta segurtasuna. Hauxe ospatu dogu: JAINKOA BIDE LAGUN DOGU. Oso ondo bizi izan dogu guztia.

Baina… nortzuk ezagutzen eta onartzen dabe? Gauza bitxia!: artzainak, jende apala, gizarte haretako baztertuak. Beste inor ez daukielako eta edozein hartzen dabelako izango ete da…? Sortaldetik etorritako Magoak be aurkitu eta gurtu egin eben (honeek pagano edo “erlijino bako” lez eukiezan euren herriko agintariek).

Gabon aldiaren amaiera lez, JAINKO BERBERAK aurkeztu deusku Jesus: “Hauxe da nire Seme maitea; entzuiozue”. ONARTZEKO eta berari ENTZUTEKO konbitea egiten jaku; Jainkoarenganako bidea dakian bakarra Bera dogu. Besterik ez! Ez daigun zapuztu daukagun aukerea!

Eta domeka honetan, URTEAN ZEHARREKO ALDIAN sartzen gara: Jordanen Bateatuak, -bere ekintzakaz eta berbakaz-, BENETAKO BIDEA erakutsiko deusku. Egon gaitezan adi eta prest!

BIDE ZORIONTSUA
JESUSEN ARRASTOEI jarraituz!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Hauxe da nire Seme maitea; entzuiozue”

(Mk 1, 11)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue