Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 11. domekea - 2018.eko Ekainaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak anaiarteko ospakizun honetara, Bizitzaren Jaungoikoagaz topaketa gozora!

Jesus Maisuaren urratsei jarraitzera konbidatzen gaitu liturgiak; jakin dakigulako Bera dala bide bakarra, bai Jaungoiko Beragaz topo egiteko, eta bai Berak eskeintzen deuskuzan dohai laguntzak hartzeko.

Aitagaz dogun topaketa honetan, aurkituko dogu eta esperimentatuko dogu, gaur entzungo dogun testu ebanjelikoaren arabera, Jesusek guregan eta gure munduan erein dauan eta hazten dan HAZIAREN poz neurribakoa.

Hauxe izan da amaitzen goazen PASTORAL URTEAN ere bizi gura izan doguna. Jainkoari ESKERRAK emoten deutsaguz Beragandik hartutako doe eta laguntza guztiekaitik, eta urte barriaren hasieran indarrez eta animoz bete gaizala eskatu. Gure Kristau Alkarteak danon beharrizana dau.

Sinismen eta anaitasun batzar honetan guzti hau ospatu nahi dogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 17, 22-24

Ezekiel profetea, Kristo aurreko VI mendean, erbestean egon zan bere herriarekin. Orain, erbesteratuei komunikatzen deutsee Jainkoak dituen salbamen planak eta, aberrira itzultzeko dauken gogoa zaintzeko eskatu, Itunari leialak izanez. Profeteak hizkuntza poetikoa darabil, Jainkoaren plan hori adierazteko. Entzun dagigun profezia hau.


2. irakurgaia: 2 Korintotarrei 5, 6-10

Paulo apostoluak kristau alkartearen bizitza eta alkarte horretan apostoluak daukan ministerio eta zereginari buruzko gogoetakin jarraitzen dau. Egun batzuetan, Jaunagandik erbesteratuak sentitu geintekezela dinosku. Baina Paulok, Jainkoagan konfiantza izatera konbidatzen gaitu. Bere testigantza entzuten dogu.


Ebanjelioa: Markos 2, 1-12

Markos ebanjelariak, gaurko zatian parabola bi eskeintzen deuskuz. Ereiten dan hazia, erne eta hazten doa eta hazirik txikiena arbola ederra bihurtzen da. Jainkoaren Erreinua ere horrela dala esango deusku Jesusek. Hori bai, bere jarraitzailea konprometituta dago Erreinuarekin. Ebanjelioaren proposamenak entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen jarraitzaile lez, gure konfiantza Jainko Aita-Amagan ipinten dogu eta berari zuzentzen deutsaguz gure eskariak.

1.- Eleizearen alde: Beragan benetan bizirik eta presente dagoan Jesu Kristogan sinistu daian, eta, holan, Jaungoikoaren aurpegia argi eta garbiago erakutsi daian gizakien aurrean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Erantzukizun publikoak dabezenen alde eta nazioetako arduradunen alde: euren indarrak, bakearen alde eta pertsona guztien duintasunaren alde ipini dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Eguneroko borrokari eta bizitza berari zentzun bila dabizanen alde: Jesusen barritasuna onartzen dogunok, Jainko Erreinuaren alde egunero jokatu behar dogula aurkitu dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixotasunagaitik, goseagaitik baztertuta sentitzen dalako edo bakardadeagaitik edo etorkizun ilunagaitik sufritzen dagozanen alde: pertsona errukitsuen laguntza, eta Jaungoiko Beraren alkartasuna sentidu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Geure alkarte eta Eleizbarrutiko alkarte guztien alde: anaitasunaren esperientziak itxaropenez bizitzera eta geure sinismen testigantza adorez emotera eroan gaizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

Mesedez: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALKARTEKO LANDAREAREN AURKEZPENA

(Bere indarra izan dagian Alkarteko Pastoral urtea amaitzen danean egitea konbeni da. Alkarteko ekintzaile heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Pastoral urtearen hasieran eskeinitako landara berbera dakartsugu. Gure alkarte bizitzaren, gure IZATE eta EGITEAREN, gure amets eta errealitatearen ezaugarri lez dakartsugu. Gaur, barriro eskeintzerakoan, bihotz onez hartzeko eskatzen deutsugu: geure eskeintza da. Guk lortu ez doguna osotu egizu zure maitasunez.


PASTORAL URTEKO EBALUAKETA AGIRIEN AURKEZPENA

(Kontsejuko idazkariak, talde guztien laburpen bat egitea ondo legoke. Edo ta talde bakotxeko arduradunak, baina labur eginez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Pastoral urtearen amaierara heltzen goazanean, urtean zehar egindakoaren laburpen hau dakartsugu. Ondo egindakoa, onartu egizu; zure maitasunez bedeinkatu eta osotasunera eroaizu. Lortu ez doguna zuzendu egizu, urte barriaren hasieran gogoan izan eta betetzen ahalegindu gaitezan. Eskerrik asko guztiakaitik.


UDAKO PROIEKTU BATEN AURKEZPENA

(Udaleku, kanpamendu edo ume eta gazteentzako zerbait balego, horren aurkezpena izango litzateke. Parte hartzen dauan laguntzaile batek edo arduradun batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ekintza batzuen bidez, uda aldian ere gure ume eta gaztetxoen ondoan jarraitu gura dogu; gizatasunez eta kristautasunez hazten lagundu nahi deutsegu. (Umeen udaleku, urteera, gazte topaketa...) ekintza hau eskeintzerakoan zure bedeinkapena eskatzen deutsugu, gure ahaleginak frutua emon dagian, guztia ondo joan daiten, helburuak bete dagiguzan eta dana familien eta Alkartearen onerako izan daiten.

Agurra

Anai-arrebok: Jauna gure artean egotearen poza bizi izan dogu. Eukaristiak, Jesu Kristo eguneroko bizitzan gure ondoan dogula gogoratzen deusku, Beragan eta bere salbamenean dogun itxaropena sendotuz. Alkar onartuz bizi gara, Jainkoa gurekin dagoela dakigulako, eta lurrean hazten dan haziaren antzera, azken garaipena ziurtatzen deuskulako. Lanean gogoz jarraitzeko, hartu daigun Jainkoaren bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

"Hazia Jainkoaren Hitza da,
ereilea Kristo,
aurkitzen dauanak betiko bizia izango dau"





Amaitu doguz gure kristau fedearen JAI HAUNDIAK (Aste Santua, Pazkoa, Mendekoste, Hirutasun Santu, Korpus) eta domeka honek Nazareteko Jesus Maisuaren jarraibidean ipinten gaitu, bere ESKOLAKOAK izan gaitezan, eta aurkitzen doguna, eguneroko bizitzan helduten eta sakontzen joan gaitezan.

Eta, GAUR ere, ezustekoarekin aurkitzen gara: Jesusen arabera, Jainkoak “txikia dana”, “ziape-ale” bat zan lez aukeratzen dau, arbola orritsua bihurtuz, txoriak, inongo bildur barik euren habiak egiezan. Ezustekoa gertatzen da, JAINKOAREN ERREINUA horrela dala dinoskunean. Lurrean jausten dan HAZIA da, erne eta zelan jakin barik, gauza haundia eta ederra egin eta frutuak emoten dituena.

Historian zehar, Jainkoak, itxura baten GAUZA HAUNDIAK lortzeko egokienak ez diran pertsonak aukeratzen ditu, eta bere laguntzagaz lortzen dabenak. Hau da, arbola ederra emoten eban lehengo Israel siketu zan, eta Jainkoak, Jesusengan, munduaren azkeneraino helduko dan kimu BARRI bat sortu eban.

Galileako arrantzale talde apal harek, ingurukoen arabera ezer ez ziranak, Espirituaren eraginez, euren berbakin eta bizitza emonez, munduari Jesusen BARRI ONA iragarri eutsen. Harrezkero Jainkoren Erreinua martxan dago. Jainkoak berak erne eta helduazo eban, baina Berak, Erreinu hori AGERIKOA eta NABARIA izan daiten pertsona apalakin kontatzen jarraitzen dau.

Gaur zeregin honetarako DEITZEN jarraitzen dau. GU ere GONBIDATUTA gagoz. Kontua, bere proposamenetara zabalik egotea da. Anai-arreba, zelan sentitzen gara aukera honen aurrean?

ZORIONTSUAK Erreinuaren HAZIAN sinesten dabenak,
Jainkoa bere ALTXORRA izango dalako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Jainkoaren Erreinua, lurrean hazia ereiten dauan gizonaren antzekoa da"

(Mk 4, 26)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue