Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 31. domekea - 2018.eko Azaroaren 04a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak sinismen eta anaitasun batzar honetara. Jainko Aita-Amak, Jesus, Jaun Berbiztuaren inguruan alkartzen gaitu.

Zer da beharrezkoena kristau bizitzan, behin baino gehiagotan itauntzen dogu. Bizitzak agertzen deusku, giza oinazearen arrazoirik nagusiena, MAITASUN FALTA DALA; indarkeriak, gaisotasunak edo antzerakoak sortzen dabenen gainetik.

Domeka honetako liturgian, Jesusek oinarrizko gauza bat gogoratuko deusku: biziaren zentzuna Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzean dagoela. Txikitatik buruz dakiguna baina egi bihurtzea kostatzen jakuna.

Jesusen Espirituak gure bihotzak zabaldu eta kristau izatearen poza ospatzera eta bizitzera eroan gaizala.

Hasi gaitezan… abestuz.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 6, 2-9

Irakurgai honetan, lege guztiak batu eta osotzen dauan lege bakarra agertuko jaku: maitatu egizu zure Jainkoa. Hortxe dago bizia, ondo-izatea eta salbamena. Judutarrak egunean hiru bider esaten eben otoitza entzungo dogu. Bihotz onez onartu dagigun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Hebertarrei 7, 23-28

Hebertarrei egindako idazki honek Kristoren abadetza agertzen deusku. Kristo, bere bizia eskeiniaz, benetako eta betiko abade bakarra dogu. Entzun daigun idazle sakratuaren testigantza.


Ebanjelioa: Markos 12, 28b-34

Jesusek, idazlarien harropuzkeria sarritan salatzen dau, baina gaurkoan eurotariko bat onartuko dau eta Jainkoaren Erreinutik hur dagoela autortuko. Hori bai: Jainkoa eta lagun hurkoa maitasunaren aurpegi biak dira. Eta hau, buruz barik bihotzez bete behar dala. Prestau gaitezan ebanjelioa entzuteko, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoa maitatzeak, lagun hurkoa maitatzera eroan behar gaituela kontuan izanez, zuzendu deioguzan gure eskariak Jainko Aita-Amari.

1.- Munduan zabaldurik dagoen Jesusen Eleizaren alde: hitzez eta egitez Jaunaganako eta andra-gizon guztienganako maitasuna iragarri daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Mundu guztiko eta gure herrietako agintarien alde: giza desbardintasunak alboratuz, benetako zuzentasunaren alde jokatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Borondate oneko pertsona guztien alde: gorroto eta banaketa guztien gainetik, anaitasun eta solidaritatearen alde lan egin dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaiso, ezindu, elbarritu, langabetu eta edozein arrazoirengaitik sufritzen dagozanen alde: itxaropena ez dagien galdu, eta behar daben solidaritatea eta maitasuna gugan aurkitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garanon eta alkarte osoaren alde: Jaunaren Hitza geure barruan hausnartuz, lagun hurkoak maitasunez tratatzera eroan gaizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KOADERNO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Pertsona batzuk euren barruko gauzen egunkaria egiten dabe. Horren ezaugarri lez dakartsut, Jauna, koaderno hau. Zuk ondo ezagutzen dozu; zuretzat ez dago ezer ezkuturik. Beragaz, nire gogoa eta ezina eskeindu gure deutsudaz: zure Semearen benetako jarraitzaile izan edo betiko sinismen lasaian bizi. Zure Semearen benetako jarraitzaile izateko gogoa eskeintzen deutsut eta horretarako behar dodan laguntza eta indarra eskatu.


MIKROFONO BATEN AURKEZPENA

(Parrokian giza mailan edo Karitas taldean lana egiten dauan batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Pobreen eta ahots bakoen negarrak eta eskabideak sarritan ez ditugu entzuten, Jauna. Euren egoera txarrak salatzea eta euren duintasuna zaintzea eta errespetatzea da gure konpromisoa. Euren ahotsa entzuten ez danez, geuk izan nahi dogu ahots hori; mikrofonoa horren ezaugarria da.


LORA TXORTA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gizon heldu batek egiten dau eta ondoren altara gainean itzi daiteke)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: egunokaz gure aurretik Erreinura joan diran hildakoak gogoratu doguz. Norbanakoen eta alkartearen sinismenaren ezaugarri lez dakarguz lora honeek. Sinismena, zugandik hartu dogun dohai eder bat dogu eta pozik gagoz. Lora honen usaina lakoa izan daitela gure sinismenaren usaina. Eurekin batera, hartu egizuz gure hildako guztien biziak.


LITURGIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Liturgian laguntzen eta arduratzen diranen aurkezpena egiten dogu gaur. Zerbait idatzita eroan ezkero, hobeto. Gero, jendeari banatu edo bestela danok irakurteko tokian itzi)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: zure Semearen bidez, zure izenean alkartzeko deia egiten deuskuzu. Sarri alkartzen gara zure izenean. Ospakizunak ahal diran ondoen prestatzen ahalegintzen gara. Gure helburua, ospakizunean alkartzen garanok Zugaz bat egitea da. Onartu eta zuzendu egizu gure lan apala. Gure zeregina aurrera eroateko konpromisoa eskeintzen deutsugu. Eskerrik asko gugaz kontatzearren.

Agurra

Anai-arrebok: Jainkoa goratzeko eta Jesukristogan agertzen jakun salbamena ospatzeko alkartu gara. Bera jarraitzeko gogoaz gure eguneroko bizitzara goaz. Hortxe ahalegindu behar gara egi bihurtzen Jainkoaganako eta anai-arrebenganako dogun maitasuna. Horretarako hartu daigun Beragandik jatorkun bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Ni maite nauanak beteko dau nire hitza,
Nire Aitak maiteko dau eta haregana etorriko gara.”




Maisuak alkartea lantzen jarraitzen dau; Erreinua bere aukera guztiekin iragarri eta egi bihurtzen joateko, pertsonak prestatzen jarraitzen dau Jesusek; berak hasitako Misinoa jarraituko dabenak. Eginkizun horretan ez inork ezta ezerk ere ez dau geldituko Jesus, Jainko Aita-Amaren proiektu berbera jarraitzen daualako.

Gaur egun ere itauntzen dogu: zer da behinena kristau bizitzan. Esperientziak hurrengo hau agertzen deusku: oinazearen arrazoirik nagusienak ez dirala ez gaisotasunak, ez gerrak eta era askotako indarkeriak, ezta beste antzerako gauzak ere, MAITASUN FALTA baino. Jesusen arabera horregaitik da hain garrantzizkoa, bizitzan oinarrizkoa dana zaintzea: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatu (gaurko ebanjelioa).

Bigarren mailako hainbeste gauzari lehentasuna emoten deutsagunian, behinena baztertu edo ahaztu eta lelokeri askorekin arduratzen da gure bihotza. Benetan merezi daben gauzetarako ez dogu hartzen astirik. Pertsona askorentzat eta egoera konkretuetan, aitzakiak ugaritu egiten dira.

Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea agindu bat baino gehiago da; ERREGALU HAUNDI BAT DA, danak ez dabelako Jainkoa ezagutzeko eta maitatzeko aukerea. Hil honetan era berezi baten gure hildakoak gogoratzen doguz; eurak ere Jesusek agertzen deuskun maitasunaren testigu izan dira; domeka honetan, era bitako maitasun horren jarraipena egiteko konbidapena luzatzen jaku.

Egunen baten ia guk ere Jesusen berbak entzuten doguzan: “Ez zagoz urrin Jainkoaren Erreinutik”.

Zoriontsuak, JESUSENGAN
euren bizitzarako ARGIA aurkitzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maita ezazu Jauna… eta lagun hurkoa zeure burua bezala"

(Mk 12, 30-31)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue