Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 20. domeka - 2019.eko Abuztuaren 18a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jesusek berak deituta etorri garan anaitasun batzar honetara.

Anai-arrebok: Jaunaren izenean alkartu gara bere bizitzagaz bat egiteko. Bere hitza entzun eta onartuko dogu; Jainkoaren Erreinuak berarekin dakarzan zatiketak eta uko egiteak gogoratuko deuskuz. Jeremias profeteak eta Jesusek berak holan bizi izan eben.

Baina batez be, Jesusen testamentua oroituz eta gaurkotuz, Ogiaren mahai inguruan batu dan Jaunaren Alkartea gara; bizi dagigun senideen hurkotasuna.

Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 38, 4-6. 8-10

Entzungo dogun zati honetan, Jeremias profetea, Jainkoaren bozeroalea agertzen jaku; Jainkoaren hitza zintzo betetzearren aurrean erabilia izan zan. Baina ezin da isildu eta bere hitzak oinazea dakartsoe. Profetearen nekaldia da, Jainkoaren Beraren espirituak indartuta. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Hebertarrai 12, 1-4

Hebertarren idazkiaren egileak joan zan domekan sinismen-itxaropenari buruz berba egin euskun; gaur, momentu ilunetan ere emondako berbea zaintzea eskatzen deusku. Arineketan egiteko sobra dagozan soinekoak kentzen doguzan antzera, hemen gure begiak, gure sinismenaren oinarrian dagoan Jesusengan ipintera gonbidatzen gaitu. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 12, 49-53

Ebanjelioko pasarte honetan ikusiko dogunez, Jesus harrigarria da. Baina Jainkoak gizadiagaz daukan proiektuari leiala izanaz, berak bizi dauan errealitatean oinarritzen da. Sinismenak eta Jesusi jarraitzeak oztopoak eta alkarren aurka egoteak dakarzela dinoskun ebanjelio hau bakez entzuteko prestatzen gara, zutik jarrita.

Jaungoiko herriaren otoitza

Maitasunean bat egitera deitzen deuskun Espirituaren indarraz, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gizaki guztien aldeko eskari honeek.

1.- Jainkoaren Erreinua eraikitzea kristau guztiok oinarrizko zeregin lez hartu daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gure gizarte, kultura eta gutariko bakotxarentzat BAKEA bilatzea benetako konpromisoa izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Sufritzen dagozanak eta eguneroko nekearen aurrean atzera egiten dabenak, euren bizitzetan agertzen dan Kristoren indarra eta sinismendun lagunen solidaritatea aurkitu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jaunaren Hitza ezagutu eta entzuteko irrikitzen dagozanak, Ebanjelioaren argitasuna eroango deutseen anai-arrebak aurkitu daiezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartuta gagozan guztiok, Jainkoaren Espirituaren indarraz, gure inguruan Ebanjelioaren barritasuna iragarri dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BAKE USOAREN AURKEZPENA

(Aurretik alkarteko batek orri baten marraztua; berak edo besteren batek eskeintzen dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bakearen ezaugarri hau dakartsut; gure inguruan eta giro honetan, bakarka eta alkarte lez bakea ereiteko eta bakean biziteko konpromisoa hartzen dogu. Gure ume, gazte, heldu eta nagusien aurrean bakearen hezitzaile izan nahi dogu. Benetan eta ondoren guztiekaz bizi daigula.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egingo dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berbiztuaren ezaugarri dan kandela isiotu hau dakartsut, Jauna. Bere argiaren inguruan batu ebazan Harek lehenengo kristauak, alkarte bizietan. Gure alkartean benetan biziteko eta alkarbanatzeko gogoa eskeintzen deutsugu lehenengo, eta baita, bigarren, alkartetik urten eta, geure berben eta bizitzaren bitartez, zeu gizon eta emakumeei aurkezteko gogoa be. Horretarako, emoiguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


ALBISTE ON BATEN AURKEZPENA

(Azkenengo egunetan egunkarietan edo telebistan agertu dan zerbait. Pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik albiste on hau dakartsut. Gizakiok ez dogu dana txarto egiten. Zure graziaz on egiteko gaitasuna dogu. Ez daitela izan salbuespen bakarra. Emoiguzu, Jauna, albiste onak sortzeko gaitasuna eta gizarte hau eraldatuz betiko biziaren seinaleak sortu eta ikusi daiguzala.

Agurra

Anai-arrebok: Jainkoaren Hitzak, leialtasunean bizitzea ez dala erreza gogoratu deusku. Sarritan banaketa eta borroka ere ekarten dau. Jainkoaren Erreinua eraikitzeak, profetearen antzera edo Jesus Beraren antzera, zintzotasunean bizitzea eskatzen dau. Honetara gonbidatuak gara: Erreinua gure inguruan eta giroan egi bihurtzera. Ebanjelio testigutzaz beteriko aste oparoa!

Egun honetarako gogoetea

“Nire ardiak nire abotsa entzuten dabe,
nik ezagutzen dodaz eta atzetik jatortaz”




Jainkoaren Hitzaren mezua benetan entzuten badogu, baleiteke lekuz kanpo edo txarto sentitzea. Jesusen hitz honeek zer esan nahi dabe: “ez naz mundura bakea ekartera etorri banaketa baino”. Horixe bakarrik behar dogu! Jeremias profeteari ere antzerako zerbait gertatzen jako; agintariek ezin dabe onartu berak iragarten dauana eta gosez hil nahi dabe. Jainkoak deitutako misinoan leiala izatearen ondorena izango ete da? Zein ete da guzti honen azalpena?

Ebanjelioan iragarten jakun hasarrea eta banaketa eta Erreinua, kontraesana dala dirudi. Aurreko domeketako Jaunaren Hitza gogoratzen badogu, gaurkoa ulertzeko argia izango dogu.

* “Zure altxorra dagoan lekuan, han egongo da zure bihotza”: eukiteko egarria, ondasunetan bihotz guztia ipintea, eta senidetasunean eta Aita-Amarenganako konfidantzaz oretua dan Erreinuaren lehentasuna ez dira ezkontzen. Edo Jainkoa edo dirua. Edo anai-arrebak edo dirua.

* Non sortzen da banaketa?: Erreinuko baloreak eta gure munduak ontzat hartuta daukazan baloreak ez datoz bat. Horregaitik Ebanjelioa “erregaia” da.

* Jesusen espirituaz jazten danak ere Erreinuko baloreak ez diranakaz gatazka baten biziko da.

ZORIONTSUAK ERREINUAREN alde jokatzen dabenak:
Jainkoaren proiektua euren POZA izango da!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Sua ekartera etorri naz lurrera"

(Lk 12, 49)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue