Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 32. domekea - 2017.eko Azaroaren 12a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak ospakizun honetara.

Jarraitu behar dogun BIDEA markatuko deuskun Jainkoaren hitza entzungo dogu. Batzuk zentzundunak eta besteak zentzunbakoak ziran hamar neskatilen parabolea entzungo dogu; Jesusen etorrerarako prest egotera gonbidatzen gaitu. Jesusek, bere alkartea geldotasunetik ataratzea gura dau.

Prest egoteak, maitasunaren aginduan laburbatzen dan Jesusen hitza entzun eta betetzea eskatzen dau. Bera ez datorrela eta ezin geintekez lotara joan; ezin dogu baztertu gure kristau konpromisoa. Bestetara baino: Bera etorriko danaren ziurtasunak, MAISUAREN IRAKATSIAK BETETZERA eroan behar leuskigu.

Gure kristau ospakizunari hasierea emoten deutsagu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 6, 12-16

Jakituriaren bila dabilenak, errez aurkitzen dau eta aurkitzen dauanak benetan zoriontsu izango da. Jakintsua izatea erreza da. Jakituriaren bidea pertsona apalak jarraitzen dabe. Bihotzez, onartu dagigun eskeintzen jakun gogoeta eder hau.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 4, 13-18

Paulo apostoluaren ideia nagusia hau da: gure Jainkoa, bizien Jainkoa da, eta heriotza ez da azkeneko hitza. Jaunagan itxaronez bizi garanoi, betiko bizia agindu jaku. Kristoren ondoan osotasunez bizitzera konbidatzen gaitu apostoluak. Onartu dagigun bere testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 25, 1-13

Gaurko ebanjelio zatiak Jainkoaren Erreinua ezkontza ospakizunegaz konparatzen dau; parte hartu ezina galpen haundia da. Krisi aldian idatzitako zatia emoten dau. Erreinuaren jai nagusian parte hartzeko beti prest egotera gonbidatzen gaitu. Zutunik, ALELUIA abestuz prestatzen gara ebanjelioa entzuteko.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren nahia betetzeko bere laguntza eta grazia behar doguz. Apaltasunez, berari zuzentzen deutsaguz eskari honeek.

1.- Bere izaera, arraza edo erlijinoagaitik inor baztertu barik eta pertsona guztien eskubideak zainduz, mundua gizaki guztien bizilekua izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Zuzengabekeriaz pobrezian bizi diran herriak, euren benetako garapenerako, nazinoetako gobernuen laguntza izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gagozan lekuan beti BAKEAREN alde jokatu daigun; zuzentasunetik eta pertsona guztien eskubideak zaintzetik datorren bakea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure alkarteetan pertsona guztiak onartzeko beti prest egon gaitezan: gaisoak, zaharrak, kanpotarrak, baztertu guztiak. Eurekana hurreratzen eta euren ondoan egoten jakin deigula.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde: Jesusengan oinarriturik eta bere bizia munduari eskeinduz, eleizaren zati biziak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egingo dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berbiztuaren ezaugarri dan kandela isiotu hau dakartzut, Jauna. Bere argiaren inguruan batu ebazan Harek lehenengo kristauak, alkarte bizietan. Gure alkartean benetan biziteko eta alkarbanatzeko gogoa eskeintzen deutsugu lehenengo, eta baita, bigarren, alkartetik urten eta, geure berben eta bizitzaren bitartez, Zeu gizon eta emakumeei aurkezteko gogoa be. Horretarako, emoiguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


INAUSTEKO ARTAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek inausteko artaziak aurkezten dauz)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, inausteko artazi honeek dakartsudaz. Badakigu zertarako diran: errama batzuk ebagi ezkero besteak indar barritzen dira. Jesukristo zure Semeagan sinisteak ere inausketa edo heriotza dakar biztuerarako bide lez. Itxaropen horrek eroan gaizala Jesu Kristogaz bat eginda bizitzera.


EBANJELIO LIBURUTXOAREN AURKEZPENA

(Katekesiko arduradun batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelio liburu hau aurkezterakoan, eurak jarraitzeko eta iragarteko konpromisoa agertzen deutsugu. Zure Semearen ikasleen liburua dogu. Hortxe oinarritu nahi dogu gure bizitza. Hori jarraituz zure Seme Jesukristogaz bat egin nahi dogu, Berak osotu dagian guk ezin doguna edo falta jakuna. Jauna, gure gurariak egi bihurtzen joateko zure Espirituaren laguntza eta argitasuna eskatzen deutsuguz.


OSASUN PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Holako talderik balego, bertako kide batek egiten dau aurkezpena. Eta zerbait IDATZITA balego, eleiztarrei eskaini)

OTOITZA – AZALPENA: Osasun Pastoraltzan gabizanon izenean, guk egiten dogun lana aurkezten deutsugu, Jauna. Zure Seme Jesukristogandik ikasi dogu gaisoen, behartsuen eta baztertuen ondoan egoten. Bere izenean hau da egiten doguna: gaisoekana hurreratu, euren ondoan egon eta euren preminak entzun. Jauna, lan eder hau aurrera eroateko, zure laguntza eskatzen deutsugu.

Agurra

Senideok: Jainkoaren Hitzak agertu deuskunez ez da gaurko edo biharko asuntoa. Jaunaren etorrerea gainean egon edo itxaron beharra eduki ez da hain garrantzizkoa. Garrantzizkoa hau da: salbamenezko etorrerea dala.

Ebanjelioko beste pasarte batzuetan, Jauna, lagun hurkoagan agertzen jaku: gaixoengan, gosetuengan, espetxeratuengan, samariar onarengan… Hor ez badogu aurkitzen, zerbait garrantzizkoa ez dogu ulertu oraindik. Jaunak argitu daiala bere bila gabizanonen bidea. Aste zoriontsua! Hartu daigun bere bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Zagoze zuhur, uste ez dozuen ordutan
etorriko jatzue-ta Gizonaren Semea”




Domekero, Jaunaren hitza gure ibilbidean argia dogu. Urte Liturgikoaren amaierarantz goazen honetan (hiru aste gelditzen jakuz), Hitz horrek azkenerantz begira ipinten gaitu, historiaren gailurrerantz begira. Eta ez daigun ahaztu gure historia Salbamen Historia dala.

Doea dan eta beharrezko dohai bateri buruzko mezua entzun dogu: JAKITURIA. Ez gaitezan engainatu; ez da gure hizkuntza arruntean erabilten dogun jakituria: “Zenbat jakik horrek”. Jainkoaren Hitzak agertzen deuskun jakituria, “Bizitza, Jainkoaren bihotzetik ikusteko, ulertzeko eta bizitzeko gaitasuna da”. Ikusten dozuenez, guztiz ezbardina. Eta hortik bakarrik bizi geinke poza, bakea eta Jainkoarekin bat egitea. Horixe bakarrik!

Bigarren irakurgaiak eta ebanjelioak beste alderdi esanguratsu batzuk aurkeztu deuskuez: heriotz ondorengo BIZITZAN sinistea eta ZUHUR EGOTEAREN jarrerea, gure kristau izatearen oinarrizko elementu lez.

- Honek esan nahi dau gure bizitza ez dala amaitzen iluntasunean, zentzugabekerian, Jainkoak emoten dauan HITZA BIZIA dala baino (holan berba egin deusku Paulok).

- Jesusek, bizian dauan sinismenean oinarriturik eta konfiantzaz beterik, ZUHUR BIZITZEKO eskaerea egin deusku. Zerbait pozgarria, ona eta haundia itxaroten dagozanen jarrera geuganatzeko (ezkontza bateko poztasuna ipini deusku adibide lez). Holantxe izango da JAINKOAREKIN BAT EGITEA. “Ez gaitezan aztoratu edo lelotu” eta prestatu gaitezan Jainkoaren PRESENTZIA sentitzeko.

Zoriontsuak ZUHUR EGONEZ Jainkoaren ZAIN dagozanak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Badator senar-geia! Urten zekioze bidera!”

(Mt 25, 6)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue