Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - BEGOÑAKO ANDRA MARIAREN JAIA - 2017.eko Urriaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak ospakizun honetara.

Familiko jaia dogu; seme-alaba guztion jaia. Bizkaiko eleizeak, BEGOÑAKO AMAREN jaia ospatzen dau.

Gure herri askotan sustrai luzeak dituan jaia ospatzen dau gaur Elizeak. Herriaren jakinduriak argi ulertu dau Andra Mariaren garrantzia, bera fededunaren Ama eta ispilu dalako.

Gaur, Begoñako Andra Maria, Bizkaiko zaindariaren eguna dogu. Berari otoitz egiten deutsagu Bizkaiko seme-alaba guztien alde. Agur, Ama garbia! Gizaldien gizaldietan zeru-lurren Errege danaren Ama!

Sinismen eta otoitz batzar hau abestuz hasten dogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Sirak (Eklesiastikoa) 24, 17-22

Lehenengo irakurgaian hau entzungo dogu: Jauna goratzen dauanak, betiko bizia izango dauala. Horrela dino Jaungoikoagan iturri dauan jakinduriak. Holakoa izan zan Mariaren fede ibilbidea. Entzun dagigun bihotz zabalez eta gogo biziz.


2. irakurgaia: Galaziakoai 4, 4-7

Paulo apostoluak Galaziako kristauei egindako idazki honetan, gauza bat argi izten deusku: Jainkoak gure alde erabagi ebala bere Semea gutariko bat izatea, eta horren ondorena da gure seme-alabatzako nortasuna. Benetan mezu eder eta pozgarria. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 2, 43-52

Entzungo dogun ebanjelio zati honetan, Nazareteko familia ezagutzen dogu: Mariak eta Josek euren Semearen Barri Ona onartzen ikasi izan eben. Mariaren fedea barriztau egiten da, Jaunaren nahia betetzea egunerokoan ikasita. Jainkoa goratuz, guk ere apaltasunez onartzen dogu, eta ebanjelioa entzuteko prestatu, zutunik, ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Gu, Jainkoaren Herria, bidean goaz zeruko aberrirantz, Andra Maria zerutik bide lagun dogularik. Beragaz bat eginda, zuzendu deioguzan gure eskariak Jainko Aita-Amari. Gure erantzuna izango da: “JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE”.

1.- Eleiza osoaren alde, Bizkaiko gure Eleizaren eta kristau alkarte guztien alde: Jesusen Espirituak eraginik, batez be behartsuen eta baztertuen zerbitzari eta poz emoile izan gaitezan. Eskatu deiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

2.- Gure herriaren eta munduko herri guztien alde: danok alkar hartuta, bakearen eta anaitasunaren alde jokatu daigun. Eskatu deiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

3.- Edozein arrazoigaitik sufritzen dagozanen alde: euren egoerea ulerturik, lagunduko deutsen gizakiak ondoan izan dagiezan. Eskatu deiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

4.- Emakume izateagaitik minduta bizi diranen alde: danon abegi ona eta laguntza izan dagiezan beti. Eskatu deiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE..

5.- Fedea ospatzen batuta gagozanon alde, Andra Mariaren aurrean gogo bihotzetan daukaguzan guztien alde: Ama Birjinaren hurtasuna eta samurtasuna bizi daiguzala. Eskatu deiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen ditugu keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, horrela egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LOREEN AURKEZPENA

(Altara ondoko lorak aurretik prestauta egongo dira, baita lora honeek non ipini be. Eskeintza alkarteko edozein emakumek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur zure mahai ingurua dotore ipini gura dogu. Zure Semearen Ama eta gure Amaren jai eguna dogu eta berak dana merezi dau. Lora honeekin Mariaren edertasuna agertu eta goratu gura dogu. Zu be, beragan fijatu zinan, sortu baino lehen, lurrean zure Semearen sagrarioa izateko. Lora honeekaz eskeintzen deutsugu geu izateko gogoa eta konpromisoa Espiritu Santuaren egoitza, gizakientzat lurrean ezaugarri.


GATZAZ BETERIKO GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Nire izenean eta alkartearen izenean, gatzontzi bete hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen eta ebanjelizatzen dogun konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Historian zehar beste gizon-emakume askoren antzera, misiolari izaten jarraitu nahi dogu nahiz eta oztopoak ugari izan. Emoiguzu zure grazia gatz honek bere indarra zaindu daian.


KUTXATXO BATEN AURKEZPENA

(Kutxea zabalik eta hutsik. Alkarteko gizon batek egin leike. Ederra eta polita izan daitela)

OTOITZA – AZALPENA: Mariak eukan jarreraren ezaugarri lez dakartsugu kutxa hau. Mariak bere bihotzean gordetzen ebazan Jainkoaren eta bere Semearen hitzak. Jauna, guk ere Zuk esaten deuskuzunaren zain egon nahi dogu eta gauzarik ederrena lez geure bihotzean gorde.


FRUTA OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko emakume bik egin leikie. Ospakizunaren amaieran ondo legoke han aurkitzen dan bikote zaharrenari oparitzea. Euretariko batek eskeintza orduan dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ikusteko ederrak eta jateko gozoak diran frutakaz beteriko otzara eder hau dakartsugu. Zuk sortutako gauza guztiakaitik eskerrak damotsuguz. Zuk gure eskuetan ipini zenduan mundu eder hau, gizakiok zoritxarrez, interes ekonomikoak tartean dirala, hondatu besterik ez dogu egiten. Jauna, konturatu gaitezala izatea eukitearen gainetik dagoala; eta naturea bere edertasunean zaintzea gure ardurapean dagoan erronkea dogula.

Agurra

Senideok: hauxe da begi bistakoa: guztion artean, indartsuen, sarituen, gazteen, osasuntsuen, garaileen, bizitzaz gozatzeko gai diranen gizartea egiten gabizala. Gure ondo izatea arriskuan jarriko ez daben pertsona atseginak ditugu gogoko; adiskidetasuna eta maitasuna bera, mesede trukaketa lez hartzen ditugu. Baina holan ezin da alaitasunik kutsatu, ezin da bizirik emon.

Gaur egun, ERREKUPERATU behar dogun maitatzeko era barri bat dago: bakardadean jota aurkitzen danari, beheraldian lotuta dagoanari, gaixoaldian aurkitzen danari, drogeagaitik baztertuta aurkitzen danari, edo bizi pozik eta itxaropen barik dagoanari… gure laguntza eskeini behar deutsagu. Hauxe da Jaunak egiten deuskun konbitea: besteengana zabalik egonez, bidean aurrera egiteko prest egon behar dogu, eredutzat ipini jakun MARIAren antzera. Kristau testigantzaz osoturiko jai eta aste zoriontsu bat danoi!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatua zu andra guztien artean
eta bedeinkatua zure sabeleko frutua!”.




Kristau alkartearentzat GAUR be egun haundia da. Gure herrialdeko Zaindariaren jaia: BEGOÑAKO ANDRA MARI.

Barri Onaren iragarpenean zatika irakurten danak, Maria ezagutzera eroaten gaitu. Urtean Zehar ikusten dogu haren lehenengo leialtasuna Jainkoaren nahia beteteko: Jainko izatetik gizaki izatera bidea egitea. Baina ez zan amaitu horretan Mariaren ikasbidea, egunerokoan giza zentzuna sakontzen eta Jainkoa onartzeko asmoa alboan egon zan. Sarritan ulertu ezina ere agertu zan, gaur iragarritako pasartean entzun dogun erara.

Andra Mariaren ibilbideak ez ziran amaitu: Erreinuaren zabalpenean, Jesusek egiten eban guztian han egoan Maria; heriotzako bide latz eta luzean bertan ikusten dogu Maria; apostoluen taldean Eleizaren oinarrietan han bera barriro.

Gure antzera, Maria sinismenean bizi izan da; berak be, erantzunak baino itaun gehiago sortzen deutsazan Jainkoa aurkitu dau; Jaungoikoaren berban fidatuz egin eban ibilbide guztia; iluntasun artean egin behar izan eban bidea. Guzti horregaitik, SINISMENDUNEN EREDUA da.

Heriotzara garoezan indarrak ez daitezala nagusitu gugan; BIZITZARA ZABALIK egon gaitezala eskatzen jaku gaur; hauxe da egiten jakun dei nagusia, gaurko Ama Birjinaren jai honetan.

ZORIONTSUAK BIZITZARA zabalik dagozanak:
eurak beteko dabe JAINKOAREN ASMOA!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Ahaltsuak nire alde gauza harrigarriak egin dauz”

(Lk 1, 49)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue