Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - SAN BALENDIN BERRIOTXOA - 2017.eko Uztailaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok, Balendin Berriotxoaren jai eguna ospatzera.

Gure herriko seme baten jaia ospatzeko alkartu gara. Jesusen antzera bere bizia eskeindu eban Jainkoaren Erreinuaren alde.

Bizkaiko Eleiz-Alkarteak, Jainkoari eskerrak emotera konbidatzen gaitu. Balendinek, Jesusen ebanjelioaganako leialtasuna agertu euskun bere bizitzan. Gu ere Kristo Berbiztuaren testigu izatera deituak gara.

Balendinek, Jainkoaren DEIA entzun eban eta erantzun ere bai. Emon deioguzan eskerrak Jainkoari, Balendin guztiontzat dan erregalu ederragaitik. Ikasi daigun beragandik Jainkoari gure bizitzagaz erantzuten. Zaindaria dogun Balendinek babestu gaizala.

Hasi daigun gure ospakizuna Jainkoa goratuz.

Irakurgaientzako oharrak

1.- Irakurgaia: Jakituria 3, 1-9

Bizitzan zehar, Jainkoari buruz Israel herriak egindako gogoeta batzuk eskeiniko jakuz. Jainkoak, bere herria babesteko eta zuzentzeko Alkargoa egin eban herriagaz eta Bera, Jainkoa, beti leiala da. Onartu daiguzan gogoeta berezi honek eta bihotz barrenean gorde.


2.- Irakurgaia: 1 Korintokoei 1, 17-25

Paulo apostolua, Jesusen eta bere Ebanjelioaren lekukoa dogu. Bildur barik hartzen dau Jesusegandik hartutako misinoa. Jesus kurutzeratua dogu gure norabidea eta munduaren salbamena. Hara hemen testigu bikain honen testigantza.


Ebanjelioa Mateo 10, 17-22

Entzungo dogun kontaketa ebanjelikoa, ikasleekaz egindako gogoeta barruan sartzen da: Barri Ona iragartera bialtzen ditu. Egitekoa ez da izango erreza, aurkariak ere ugari izango diralako. Leialtasunera eta jarraipenera konbidatzen ditu. Guretzat ere esana dagoena entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen espirituaren eraginez Jainko Aitari zuzentzen deutsagu gure otoitza eta beharrizan batzuk aurkezten.

1.- Kristau Alkarteen alde, batez be gaur Bizkaiko Eleizearen alde: San Balendinen eredua jarraituz ebanjelizatze lanean gogotsu jarraitu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Bake eta adiskidetasunaren alde: pertsonen arteko hartuemon gozoak eta zintzoak bultzatu daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaur egun misino lanetan dabizan hainbeste pertsonen alde: bete egizuz, Jauna, zure Espirituaz, Ebanjelioaren testigu biziak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jauna, jarraitu egizu Jesusen erara bizi gura daben neska-mutil gazteak deitzen: guraso eta hezitzaileen argia eta laguntza ere sentidu daiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- San Balendinen jaia ospatzen dogun guztion alde: bere antzera gu ere gure inguruan, sinismenaren testigu biziak izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



FAROL ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Herrigintzan, politikan edo sindikatu baten sartuta dagoan batek egin leike. Farola, meza-emoileari emon, eta honek altara gainean izten dau. Eta gero dino:)

OTOITZA - AZALPENA:Jauna, San Balentinen irudia gogoratzen dogun egun honetan, farol isiotu hau dakartsut. Argi hau, Jesukristo berbiztuaren irudia eta gizaldietan zehar hainbeste profetak izan eben konpromisoaren ezaugarria da. Hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen gaur egun hainbeste andra-gizonen ahalegina eskertu nahi deutsut. Behartsuekaz arduratzen zaran Aita-Ama ona, onartu egizu gure eskeintza apal hau.


GAURKO MARTIRIEN KARTELEN (edo diapositiben) AURKEZPENA

(Gaurko munduko errealitatearen erakusgarri diran kartelak edo diapositibak: pobrezia, gosea, drogea... lehenago nahiz gaur bertan justiziaren eta bakearen alde burrukatu dabenen kartelak edo diapositibak)

OTOITZA - AZALPENA: Aldare mahaiaren gainean jarten deutsuguz, Jauna, gaurko gizateriaren esklabokeriak eta burrukak: pobrezia, gosea, drogak...; eta baita eurok susterretik atera eta desagertzeko hainbeste ahalegin egiten daben andra-gizonen etenbako burrukak ere. Gure eskeintza hau Jesus zure Semearenagaz bat egin daizula, Zuri atsegin jatzun sakrifizio bakarrean; onartu eizu, Aita, Jesusen heriotzeaz egin zenduan lez. Modu berberean, bete eizuz gure bihotzak askatasun gurari biziz eta euren aldeko burrukara bultzatu gaizuz; nasaikeriatik eta errezkeriatik askatu gaizuz; gogo berotu gaizuz eta emoiguzu zure grazia, benetan bihotz barritu gaitezan eta maitasun fruitu garbiak emon daiguzan.


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Errukiaren eta bestea ondo ikusi gura izatearen ezaugarria dan botika hau dakartsugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan orioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten eban antzera egiten jarraitu nahi dogu.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkartean konpromisu bat daukan batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, ebanjelizatzen eta mundua eraldatzen egiten gabizan ahaleginaren ezaugarri lez, pastoraltzan lanean gabizan eta alkarte osoaren izenean dakartsut gatzontzi bete hau. San Balentinen antzera, eragozpen ugari izan arren, guk ere ebanjelizatzaile izaten jarraitu nahi dogu. Zure laguntza eskatzen deutsugu gure gatza gezatu ez daiten.

Agurra

Senideok: Jesusen jarraitzaile, misiolari eta martiria dogun San Balentinen jaia ospatzen gagoz. Bere babespean, bizitzako baloreak zaindu daiguzala. Ebanjelioko proposamenak eguneratzen eta gaurko munduari eskeintzen jakin daigula. Jai pozgarria guztiontzat. Hartu daigun Jainkoaren bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Zuek barik,
zuen Aitaren Espirituak berba egingo dau zuen ordez”




Bizkaiko Kristau Alkarteak bere seme esanguratsuenetariko baten jaia ospatzen dau. Eta ez “gauza haundiak” egin ebazalako, bizitza eskuzabaltasunez bizi eta Ebanjeliogaitik martiritzaraino emotegaitik baino.

San Balentinen bizitzan agertzen da, Ebanjelioko bide bila ibili zala. Bere familia diru mailan ez ebilen ondo, eta beste oztopo batzuk ere izan zituen… baina berak gogotsu aurrera egin eban. Txikitatik eukan barruan sartuta abade, erlijioso dominikoa eta urrutiko lurraldeetan misiolari izateko gogoa. Traba guztiak gainditzen joan zan. Nazareteko Jesusen jarraitzaile batek daukazan trabak lez ikusten zituan eta gogotsu egiten eban aurrera.

Bere ibilbidea intentsitate itzelarekin bizi izan eban batez be Vietnameko abentura misiolari neurrigabe haretan. Torturak, hilketetak, atxilotze-jazarpenetako une oso korapilatsuetan bizi izan zan. Balentini horrela bizi izatea egokitu jakon Ebanjeliorako bere zerbitzua.

Bere ministeritza laburra izan zan; egoera korapilatsu haretan guztien animatzaile izan ondoren, 34 urtekin martirizatua izan zan. Salatua izan zan, atxilotua, torturatua (beste erlijioso eta katekista asko lez) eta samea moztu eutsoen 1861ko azaroaren 1ean.

Zein da bere BIZI MEZUA? Oso erreza: bere historia guztian ez da agertzen ohikotik kanpora dan harrigarririk. Inongo gertaera ikusgarrik ez dau bere bizitza markatzen, berez guztia soila, baina osotasunean harturik ohi ez bezalakoa. Sakona bere uste osoetan, MISINOAREKIN eta Ebanjelioarekin maitemindurik eta intentsitatearekin bizi izan zituen. Eta, laburpen bezala, ERRUKI sakoneko gizon bat. Hau guztia jasotzen da bere bokazinoa argitasunarekin adierazten dauan eta bere giza izatea eta ebanjelikoa agertzen dauan esaldian: “Malkoak urtetzen jataz gizon bat sufritzen ikusten dodanean”. Ia ezer ez! edo… dana!

Zoriontsuak ERREINUAren alde JOKATZEN dabenak,
Jainkoa izango dalako euren ALTXORRA betiko!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Malkoak urtetzen jataz gizon bat sufritzen ikusten dodanean”

(S Balendin Berriotxoa)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue