Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 12. domeka - 2017.eko Ekainaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak sinismen eta anaitasun batzar honetara.

Gure bihotzean sinismen sendoa edo benetako maitasuna sentitzen ez dogunean, gure bizitzan modu askotako bildurrak agertzen dira: gure giza izaera ezin dogu kolokan ipini, gure dirua eta zorion iturria ere ez, gure lana; bakarrik geratuko garala pentsatzeak bakarrik ikaratu egiten gaitu; barregarri geratzeak, benetan sinisten doguna autortzeak, bildurtu egiten gaitu; besteak baztertuko gaituen bildurra; geroak ere bildurrez betetzen gaitu...

Gaurko ospakizunean, Jesusek bildur barik bizitzera konbidatzen gaitu. Berak, bere bizitza, keinu eta hitzekaz, hauxe gogoratzen deusku: gure konfiantza Aita-Amagan ipiniaz, gure izatearen zentzuna bere maitasunean ipiniaz, gure bildurrak uxatu eta bere jarraitzaile leialak izateko indarrez eta ausardiaz beteko gaituala.

Bere Hitza entzun eta hausnartzeko gogoaz, hasi daigun gaurko ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 20, 10-13

Bizitasun bereziaz beteriko kontaketa entzungo dogu. Jeremias profetea Jainkoak deitua izan zan eginkizun horretarako, eta hartutako zeregina leialtasunez betetzearren inguratuta sentitzen da. Iraindua eta mehatxatua izan arren, Jainkoagan dauka konfiantza, eta hartutako mezua iragarten jarraitzeko ausardia dauka. Entzun daigun bere testigantza hau.


2. irakurgaia: Erromakoai 5, 12-15

Paulo apostoluak bere gogoeta eskeintzen deusku, Kristo aurreko egoerea eta oraingoa aurrez-aurre ipiniaz. Pekatua munduan dago eta gizakiak bere ondorenak pairatzen ditu. Baina... Kristoren grazia eta maitasuna pekatu eta gatx guztien gainetik dago. Jesukristok bere heriotz eta biztueragaz lortutako askatasuna, gizateri barri baten hasierea da. Onartu daigun.


Ebanjelioa: Mateo 10, 26-33

Jesusek bere ikasleei Bialtzea eta Misinoari buruzko katekesi batzuk emon eutsezan; inguru-giro horretan kokatzen da entzungo dogun zatia. Sufrimentu eta aurrean erabiliak izatearen bildur ez daitezela izan, bere seme-alabak samurtasunez zaintzen dauzan Jainkoaren maitasuna inoiz ezingo dabelako amatatu. Jesusen arabera, ikaslea bere sendotasun eta biziaren Jainkoa iragartzen daualako bereizten da. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Bizitzeko behar doguna lortuko dogun konfiantzaz, Espirituaren indarrez eta Jesusen bitartez gure erreguak eta preminak Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz.

1.- Eleizaren alde: Barri Ona sendotasunez iragarri, Jesusen mezua leialtasunez bizi eta Jainko Aita-Amaren maitasunaren testigu izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako gobernu eta agintarien alde: euren jarduera guztietan zuzentasuna eta bakea bilatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Eukaristia ospatzea ez daiten izan giza edo erlijioso ohitura huts bat, alkartzen gaituan maitasunezko misterio hori barneratuz, ospakizun bizia baino. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gizarteak baztertuta daukazanekaz arduratzen diran gizon-emakume guztien alde: Jainkoak txikienei deutsen maitasuna transmititzeko gai izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jainkoaren Hitzagaz gogo-berotu eta Jesus Jaunaren Gorputzagaz janarituak izango garanon alde: ebanjelioko baloreak norberaganatuz, ahulenen ondoan egoten jakin dagigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GAURKO MARTIRI BATZUEN ARGAZKI EDO IRUDIEN AURKEZPENA

(Zuzentasunaren eta bakearen alde jokatzeagaitik aurrean erabiliak izan diran pertsona esanguratsu batzuen irudi edo argazkiak aurkezten dira)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Jauna: gure gizartean borroka eta eztabaida sortzen daben gai batzuk dakartsuguz aurrera: pobrezia, gosea, bakea...; baita be gatx horreen kontrako hainbat andra-gizonen ekintza eta ahalegina. Jesusen eskeintza eta heriotza onartu zenduan lez, euren bizia eskeindu daben hainbeste pertsonena ere onartzea eskatzen deutsugu. Gure bihotzak ere bete egizuz askatasun egarriz eta horren alde jokatzeko gogoz; kendu gure nagikeriak eta maitasun frutuak emoteko gai egin gagizuz.


FAROL ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko militante batek edo politika, sindikatu edo giza mailan konprometiduta dagoen pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, farol ixiotu hau dakartsut. Argi isiotu hau Jesukristo berbiztuaren ezaugarri eta aldietan zehar hainbeste profetak bizi izan daben konpromisuaren ezaugarria da. Eleizaren borrokaren adierazgarri lez eta mundua eraldatzen ahalegintzen diran hainbeste gizon emakumeen izenean eskeintzen deutsut.


GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta alkartearen izenean, gatzontzi hau dakartsut; mundua ebanjelizatzen eta eraldatzen guk ere parte hartzen dogunaren ezaugarri lez dakartsut. Gure aurretikoak ebanjelioa iragartzen jardun eben lez, gure mundu honen erdian, aurrean oztopo ugari izan arren, misiolari lez agertu nahi dogu. Jauna, zure dohaia eta laguntza behar dogu gatz hau gezatu ez daiten.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabilten dan krisma ontzi hau aurkezterakoan, bateoan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genduan konpromisua gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Sarritan kontrako indarrak, lotseak edo bildurrak gehiago egiten deuskue. Emoiguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezan.

Agurra

Senideok: bizi izateko, biziaren benetako zentzunak barik, segurtasun bila ibilteak bultzatzen gaituanean, dana manipulatzeko arriskua dogu, sinismena ere bai. Bildurrak ez deusku izten gizarte gizakoiago baten alde jokatzen. Eta bildurra gainditzea ez dago norberaren adimeneran gora-beheran bakarrik. Bizitzeko benetako arrazoiak behar doguz; gure bizitza eskeintzeko eta hilteko ere konfiantza behar dogu. Jaunagan dogun sinismena gehitu eta sendotu beharra dogu. Jesusen hitzak “ez izan bildurrik” hartu deiguzan benetan, eta itzi deiogun Jainkoari gure barrua lantzen, leialtasunean zaindu eta babestu gagizan. Entzun daiguzan hitz horreek geure barruan eta izan gaitezan Erreinuaren eraikitzaileak. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Egiaren Espirituak egingo dau autormen Nitaz,
eta zuok ere egingo dozue autormen”




Jaunak bere ALKARTEA batu dau barriro: Bera anai-arreben artean dago, bere Hitza irakatsiz eta Eukaristiagaz sendotuz. Apostoluekaz egin ebanaren antzera, GAUR, bere Ebanjelioaren Espiritu hori geugan sartu gura dau eta Biziaren ogiagaz janaritzen gaitu.

LEIALTASUNAREN BIDEA beste aldi batzuetan ere etzan izan erreza, eta gaur egun ere ez. Barri Ona iragarten jarraitzea ez da batere erreza: herritxo bateko baserritar batengan Jainkoa agertu dala; heriotzara zigortua izan dan bat Jainkoak berbiztu egin dauala; bere jarraitzaileen bizitza osoa bere Ebanjelioagaz SEINALATURIK gelditzen dala; guzti hau BARRI ONA dala iragartea. Benetan, hau ez da batere erreza.

Lehen eta orain Jesusen hitz honeek darabilguz gure barruan: “Ez izan gizakien bildurrik. Gizakien aurrean nire alde urtetzen dauanak, bere alde izango nau Neu ere, zeruetan dagoan nire Aitaren aurrean”. Nekearen tentaldiak inguratzen gaituenean ondo jatorku hitz horrek entzutea, ezkutuan eta isilik ez gaitezan gelditu; hau da, bere testigantza emon barik. Entzun daiguzan gure barruan hitz horrek eta eurak sendotuko dabez gure bihotzak.

ZORIONTSUAK bere hitzak entzunez Beragaz fiatzen diranak,
JARRAIPENAREN poza bizi izango dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez izan bildur"

(Mt 10, 26)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue