Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 13. domeka - 2017.eko Uztailaren 02a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak sinismen eta anaitasun batzar honetara.

Jesus Jaunak, domekero batzen gaitu bere heriotzaren eta biztueraren misterioa ospatzeko. Eta domekero, bizia emoten deuskun bere Hitza eskeintzen deusku. Onartu daigun hitz hori eta izan gaitezan bere iragarle.

Bere Hitza entzuten dogunoi, bere jarraitzaile izatera konbidatzen gaitu. Baita be, lagun hurkoagan Bera ikustera eta onartzera. Lagun hurkoak onartzea, jarraipenaren alderdi esanguratsua da. FAMILIA bakar bat egiteko baldintza.

Pozez eta itxaropenez hasten dogu ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Erregeak 4, 8-11. 14-16a

Irakurgai honetan, Eliseo profeta azaltzen jaku. Eliseo berbeak “Jainkoak salbatzen dau” esan gura dau eta Elias profetaren espiritua norberaganatu ebana izan zan. Bera onartzen dauan familiak, santutzat daukee. Familia bakoak ziranak, Jainkoaren graziaz, seme bat izango dabe. Onartu dadigun Testamentu Zaharreko testigantza hau.


2. irakurgaia: Erromakoai 6, 3-4. 8-11

Paulo apostoluak, bere alkartekoak bateoaren graziaren arabera bizitzera konbidatzen ditu. Bateoaren bidez Jesusen heriotzarekin eta biztuerarekin bat egiten dogu. Honek, Jainkoaren proiektua egi bihurtzera bultzatzen gaitu. Entzun dadigun TESTIGU honen proposamena.


Ebanjelioa: Mateo 10, 37-42

Gauza batzuei uko egitera eta bialdua onartzera konbidatzen gaitu ebanjelioak. Jesusen berbak eskakizun haundikoak dira; kurutzea eta bizitza galtzea aipatzen ditu, baina baita be ordain-saria eta bizitzaren osotasuna. Berba bizigarriak entzuteko prestatzen gara, zutunik aleluia abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren eskuetan gagozan ezkero, konfiantza osoz berari zuzentzen deutsaguz gure eskariak.

1.- Elizaren alde: Kristoren jarraitzaile izanaz eta gizatasunez jokatuz, gizakiontzat ebanjelioko argi-erakusle izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Eleizako artzain guztien alde: hurrekoak izan eta harrera ona eginez, alkarteen gidari argiak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Herri agintarien alde: pertsona guztien eskubideak zainduz, zuzentasun eta bakearen alde jokatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jaunak bere zerbitzura deitzen dabezenen alde: guztion otoitzaz eta laguntzaz eskuzabalak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau alkartearen alde: guztiok alkartzeko, bilatzeko eta otoitz egiteko leku egokia gertatu dakigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALDARE MAHAIKO KANDELAK PAZKO ZUZITIK BIZTUTEA

(Gaur Pazko Zuzia hasieratik egongo da biztuta leku agirian. Ospakizun buru egiten dauanak, hurreraturik, Pazko Zuzian isiotuko dau bere kandelea; gero mahai zerbitzariari emoten deutso, honek aldareko kandelak biztu daizan, baita ospakizunetan ohi diran beste guztiak be. Eskeintza egiten dauanak, hau irakurriko dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen gaituzu, Jauna, Zeuk biztu dozu gure bihotzetan zure Seme Berbiztuaren bizi barria. Zugana jo dogu otoitzean, behar dogun indarra eskatuz, gure bizitza era barri baten bizi daigun. Nik orain eta Alkarte osoaren izenean, aldareko argiak biztu dituan Argi honen keinuaren bidez, gu guztion bizitzak eskeini gura deutsudaz, eta bizi be Zeugandik eta zure Seme Jesu Kristo gure Jaunagandik biziteko konpromisoaz.


LORA TXORTA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein kidek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire eta alkarte osoaren izenean, gure sinismena irudikatu nahi dauan lora txorta hau dakartsut. Zuk bakotxari deitzen deuskuzu eta erantzuteko era gure bizitzan Zuri leku egitea da. Apostoluen sinismenean oinarrituz, guk ere Jainkoaren Seme lez, gure izatearen Jauna eta gure bizitzen ardatz lez autortu zaiguzala. Zuk ondo ezagutzen dozuz gure sinismena autortzeko doguzan eragozpenak. Gure indar hutsez ezer gitxi ahal dogun ezkero, zure grazia eta laguntza eskatzen deutsugu.


UREZ BETETAKO ONTZI BAT AURKEZTEA

(Alkarteko pertsona heldu batek eskeintzen dau)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, urez betetako ontzitxo hau eskeintzen deutsut, guk alkarri egiten deutsagun abegi onaren eta onartzearen ezaugarritzat. Egizu, arren, gainditu daiguzala oraingo errezeloak, eta geugan eta geure familiako txokokerian zarratuta egotea, kaltegarrizko indibidualismo eta norberekeria guztien gainetik. Egizu edozeinen aurpegian zure Semearena ezagutzeko grazia, eta, holan, onartu daigula edozein gizaki zure Seme Berbera izango balitz lez.


ESKUKADA BAT GARI GARAU AURKEZTEA

(Baserritar edo beste pertsona batek, eleizan dagoan ontzi batetik esku bete gari garau hartzen dau eta altara inguruan dagoan beste ontzi baten itzi)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen daben esku honekaz eskeintzen deutsut, Jauna, eskukada gari garau hau. Bizitzaren ezaugarri dira. Zure Semeak erakutsi euskun ez dagoala biztuerarik heriotza barik, ezta gari alerik, garaua lurrean ez bada hilten. Anai-arreben zerbitzura euren bizia eskeintzen daben MISIOLARIAKAZ bat egin gura dogu. Zure gustukoa izango dalakoan eskeintzen deutsugu.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaieran gagoz. “Bere kurutzea hartu eta jarraitzen ez deustana, ez da niretzat gai”, entzun dogu. Sinismen berbera ospatu dogu eta itxaropenez eta maitasunez bizitzera konbidatu. Izan gaitezan hemen bizi izan dogunaren testigu. Hartu daigun Jainkoaren bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Bere kurutzea hartu eta jarraitzen ez deustana,
ez da niretzat gai.
Zuek hartzen zaituena, ni hartzen nau”




Jesusek bere ALKARTEA egiten jarraitzen dau. Eta erabilten dauzan berbak ez dira hain gozoak, bestetara baino; esaldi gogorrak ditu. Gogoratu daiguzan batzuk: “Bere aita edo ama ni baino maiteago dituana ez da niretzat gai; bere semea edo alaba ni baino maiteago dituana ez da niretzat gai”.

Zer esan gura ete deusku honekin? Ez ete jakuz arraro samarrak egiten Jesusen ahotan? Argi dago Jesusentzat gure jokabideetan irizpide bakarra Bera eta bere Ebanjelioa dala. Batzuetan gertatu leiteke Jesusen jarraibidean familia bera, oztopo izatea; sinismenez dana itzi eta Jesusen jarraitzaile izatea, ez onartzea edo ulertzea. Gertatzen da holakorik. Zer gertatzen da, “behar daben baino gehiago” emoten deutsagunean gure seme-alabei? Jesusen jarraipenak ukoak eta erabaki sendoak eskatzen ditu; eta makaltasunez hezten badoguz, zelan hartu holako erabakiak?: “Bere kurutzea hartu eta jarraitzen ez deustanak ez da niretzako gai”.

Ebanjelioaren espirituaz gure bizitza osoa ikutzera, bustitzera konbidatzen gaitu Jesusek. Hau da bere konbidapena: maitatu egizu, izan eskuzabal, bizi zaitez besteen zerbitzura, lan egizu zuzentasunaren alde, eskaini zure bizitza besteen alde… Hauxe da Jesusentzat benetako Zoriontasun eta Bizitzaren bidea.

Zoriontsuak JESUSEN PROPOSAMENA ONARTZEN dabenak:
ZORIONTSUAK izanez,
gure munduarentzat BEDEINKAZINO izango diralako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Ni artzen nauanak, ni bialdu nauan A artzen dau”

(Mt 10, 40)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue