Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizumea - 3. domekea - 2018.eko Martxoaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Garizumako Hirugarren domekea ospatzen dogu, Pazkora bidean aurrera, hain zuzen ere.

Jaungoikoaren Berbeak gogoratuko deusku, beste behin, gu danok salbamen-preminan aurkitzen garala, eta gure salbamen bakarra Jaungoikoa, askatasunaren Jauna eta iturria, onartzea dala.

Horretarako, Jerusalengo tenplutik salerosleak jaurti ebazanekoa entzungo dogu, Jesusen hasarrearen adierazgarri lez, alde batetik; eta bestetik, gizakiak Jaungoikoagaz aurkitzeko leku barri bat eskeintzea: JESUS BERBERA. Hona hemen eginkizun bete-betea: Jesus gure bizitzetan onartzea. Prestatzen gagoz.

Jaunak Berak deituak garalako, pozez hasten dogu sinismen eta senidetasun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Urteera 20, 1-17

Entzungo dogun zati honetan, Jainkoak Moisesen bidez, bere borondatea agertzen deutse gizakiei. Gogo hori, harrizko taula bitan idatzitako hamar aginduetan labur batzen da. Herria morrontzatik askatu ondoren Jainkoarekin egindako ituna dogu. Denporarekin Itun hori erabarritzen joango da. Entzun daigun.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 1, 22-25

Pauloren testigutza entzungo dogu: gure Jainkoa, Jainko kurutzeratua da. Ez da indarrez nagusitzen dan Jainko mendekatzailea; Jainko ahula, samurra dogu, errukitsua, parkatzeko prest dagoana eta gizakia barru-barrutik maite dauana. Jainkoagan euren bizitzarako “urteera magiko” bat bilatzen dabenentzat, okerbidea suertatzen jake. Jainkoaren haunditasuna ezagutzera sinismenez bakarrik heldu geintekez. Onartu daigun bere testigutza.


Ebanjelioa: Joan 2, 1-25

Gizakiok Jainkoarekin daukaguzan hartuemonetan, Jesusekin era barri bat hasten dala agertu gura deusku Joan ebanjelariak. Jesusek jauretxe zaharra ordezkatzen dau, eta Bera benetako eta betiko jauretxe lez aurkezten jaku; jainkotasunak eta gizatasunak bat egiten daben pertsona lez. Jesusen bitartez, kristauok ere Jainkoaren egonleku gara. Mezu eder hau entzuteko prestatzen gara, zutunik “AINTZA JESUS” abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Semearengan seme-alaba garala jakiteak poztuta, jo daigun gure Aita dan Jaungoikoarengana, eta aurkeztu deioguzala gure otoitzak eta beharrizanak, gure Salbatzaile Jauna Bera dogulako:

1.- Eleizearen alde: bere kide bakoitzarengan eta guztiongan benetako tenplua, hau da, Jainkoagaz topaketa egiteko aparteko lekua izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Jaungoikoaren Berbea predikatu beharra euren eginkizun berezitzat daukien guztien alde: Kurutzearen jakituria behar dan lez adierazten jakin daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure Herriko eta mundu guztiko bakearen alde: guztion artean, alkartuko gaituan eta benetako alkarbizitzara eroango gaituen bideak aurkitzeko gauza izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixotasuna eta bakardadea, pobretasuna eta bazterketea sufritzen dagozanen alde: Jaungoikoak sendotasuna, adorea eta itxaropena emon deioezan, eta baita gure solidaridadea sentitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jaungoikoaren Berbeagaz leialak gareala, ingurukoentzat Jaunarenganako bide izaten ahalegindu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Garizumako denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATEOKO OSKOLAREN AURKEZPENA

(Edozein pertsona helduak egin leike, hurrengo hau esanaz:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bateatzeko erabilten dan oskol hau dakartsut. Zure grazia eta Espiritua emonaz alkarte barri baten sartu gaituzu, zure familiko egin gaituzu, zure Erreinuaren zerbitzari egin gaituzu. Duintasun hori zainduaz, zure lekuko izan gaitezala.


KANDELEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte bik altara gainean ipiniko diran kandelak eroaten dabez. Eurotariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, batzar hau argituko daben eta zure Seme Jesu Kristogan dogun sinismenaren ezaugarri diran kandela honeek ekarri doguz. Zure Espirituaren dohaiez eta zure esku zabaltasunez biztu dozuz gutariko bakotxarengan. Gure esker ona agertu nahi deutsugu eta gure bizitza argitzen eta zuzentzen dauan sinismen horretan aurrera egiteko gogoa eskeindu.


TXIRRINGADUN AULKITXO BATEN PERTSONA EZINDU BAT AURKEZTEA

(Osasun pastoraltzan lan egiten dauan batek edo gaixo zaintzen edo laguntzen jarduten dauan batek egin daike aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gauza bi era batera eskeini gura deutsudaz, Jauna: Neuk zaintzen dodan gaixo honen sufrimendua eta beragaz daukadazan ardura guztiak. Esperientzia biak osotzen dabe, Jauna, Zuk gura dozun erlijinoa: sufrimendua eta gatxa geureganatu, eta jakinaren gainean egon, guk eskeini geinkizun oparirik onena horixe dala: lagun hurkoaren alde emondako bizitza. Arren, eskatzen deutsut, gure ahaleginak bat egin daizuzala Jesus zure Semearen Kurutzeagaz, eta garbitu daizuzala, gero eta Haren ahaleginaren antzekoagoak izan daitezan.


GAURKO MARTIRIEN KARTELAK edo DIAPOSITIBAK AURKEZTEA

(Gaurko munduko errealitatearen erakusgarri diran kartelak edo diapositibak: pobrezia, gosea, drogea...; eta baita, lehenago nahiz gaur bertan justiziaren eta bakearen alde burrukatu dabenen kartelak edo diapositibak)

OTOITZA – AZALPENA: Aldare mahaiaren gainean jarten deutsuguz, Jauna, gaurko gizateriaren esklabokeriak eta burrukak: pobrezia, gosea, drogak...; eta baita eurok susterretik atera eta desagertzeko hainbeste ahalegin egiten daben andra-gizonen etenbako burrukak ere. Gure eskeintza hau Jesus zure Semearenagaz bat egin daizula, Zuri atsegin jatzun sakrifizio bakarrean; onartu eizu, Aita, Jesusen heriotzeaz egin zenduan lez. Modu berberean, bete eizuz gure bihotzak askatasun gurari biziz eta euren aldeko burrukara bultzatu gaizuz; nasaikeriatik eta errezkeriatik askatu gaizuz; gogo berotu gaizuz eta emoiguzu zure grazia, benetan bihotz barritu gaitezan eta maitasun fruitu garbiak emon daiguzan.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa dalako, hainbesteren artean BAT; besteak urtean zehar aurkezten joango gara, domeka eta jai egunetan bananduta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituan proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten deutsuguz gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak diranen alde diharduenen ekintzak, hain zuzen ere. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten deutsugu. Onartu eizu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da euron konpromisoari esker, fededunak zein fede bakoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera behartsuenakaz sentiberago eta eurakaz lotuago bizitzera eroan gaizuz, batez ere Garizumako bide honetan zehar goazala.

Agurra

Senideok: “Jaungoikoaren Etxea” aitatzea ez da Eleizearen gauzez jardutea, horreek ere Jaunarenak izan arren; Jaungoikoaren “gauzaz” eta Jaungoikoaren “kausaz” berba egitea da; Berarentzat “sakratua” danari buruz jardutea. Eta Jaunarentzat PERTSONAK dira “sakratuak”: bizitza, bakea, zuzentasuna; munduan ernetzen dan hazia da santua. Ez daigula ahaztu Jaungoikoaren tenpluak garala, hau da, Jaunagaz topo egiteko lekuak. Jaungoikoaren beharrizana dabenak eta Jaunaren bila dabilzanak igarriko dabe gure bizitzetan Haren presentzia eta maitasuna? Izan aste on kristau testigutzarako!

Egun honetarako gogoetea

“Hain maite izan dau Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra emon deutso,
Hari sinisten deutsan inor galdu ez daiten, betiko bizia izan daian baino”




Bagoaz Garizumako BIDEAN aurrera: Pazkorako bideak aurrera darrai. Lehenengo etapea burutu dogu, eta bigarren etapea hasteko prestatzera goaz. Non eta zertan aurkitzen garan itaundu beharra daukagu:

- Jesusi jarraitzen deutsagu pausoz pauso?
- Beragaz IDENTIFIKATZEA, bere BIZI TANKEREA hartzen joatea, hori da nire bihotz barritzeko bidea?


Baleiteke gugan holango mamuak agertzea: “Dana da alperrik”, “gureak egin dau”, “ez dau merezi”, “hemen dana da aldatz gora”, "ezin dot aurrera egin”, “danak bardin jarraitzen dau”... eta antzerako erre usaineko babarrun batzuk, Horren hurrengoa hauxe da: Ia-ia jota edo porrotaren kolpez mailatuta gagozala. Kontuz! Geure ingurumaritik ere seinale bardintsuak heldu leikiguz: eukitea, gozatzea, kontsumitzea, pilatzea, hori dala gure barruko egonezinak baretzeko bide bakarra.

Bete-betean jatorkuz ospakizun honetan aldarrikatzean eta iragarten jakuzan berbak eta keinuak. Helburua argi dago: Jaunarengana zabaltzea eta bere iragarpenetik datorren indar salbagarria aurkitzea.

- Ez ete jaku heldu Jesusen proiektuak “dastatzeko” ordua, bere zentzuna bete-betean aurkitzeko ordua?
- Baleiteke Berak gu bakez, ilusinoz, bizi pozez, harrera oneko jarreraren bidez, adiskidetze giroz gu bete ahal izatea. Nork jakin!
- Askoz gehiago, baleiteke mundu gizakoiago, solidaritza zaleago, Jaunaren nahiaren antzekoago egiten jarraitzeko gogo beroz gu bizkortzea ere!


ZORIKONEKOAK honetan ahalegintzen diranak:
PAZKO JAIA holakoentzat izango da!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez egin nire Aitaren Etxea merkatu-etxe"

(Jn 2, 16)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue