Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Gabonak - 2. domekea - 2020.eko Urtarrilaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Egun on eta ondo etorriak, Belengo umearen inguruan alkartuz, anai-arrebakaz Eukaristia ospatzera etorri zareenoi.

Gabon jai inguruan jarraitzen dogu, baina gaur domekea soilik ospatzen dogu: Jaunaren berbizkundea. Ospakizunean pozik egoteko eta Jaunaren Hitza geureganatzeko giroa egiten ahaleginduko gara. Hor entzungo dogu: Jainkoagan egoan Hitza agerpen eta barri emoile dala. Hitz hori Bizi eta Argi emoile zan. Gu ere, “haragi egin dan” eta “gure artean lekua hartu dauan” Hitz horren frutuak gara. Haragi egin dan, gure ezintasunean bat egin dauan, gure haize berbera hartzen dauan, gure arazoetan bat egiten dauan Jainkoa dogu.

Jainkoaren bila zerura begiratzen dogu eta ez gara konturatu geure ondoan dogula eta gure barruan benetan hartu barik jarraitzen dogu. Jainkoaren Gizakundea autortzen dogu eta Kristo gure artean dagoela ahazten dogu: pertsona artean, pertsonekin eta pertsonengan. Eukaristia honek lagundu deigula anai-arrebengana hurreratzen eta guztiak geure barruan onartzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Siraken Jakinduria 24, 1-4. 8-12

Jainko JAKITURIAREN goralpen haundienetarikoa entzungo dogu. Jakituria horrek bere testigutza eskeintzen deusku eta Jainko sortzaile eta salbatzailearen agerpena dogu; bere espiritua, bere hitza eta bere gogoa ezagutzera emoten deuskuz. Jainko herriak hartzen dau eta bere argitara bizitzen ahalegindu. Gizakion bihotza gogo-berotzen dauan dohaia dogu. Hauxe da jakintsu sinismendunaren ondorena. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Efesotarrei 1, 3-6. 15-18

Jainkoaren herri barria dan Eleizeari buruzko gogoeta bat eskeintzen deusku Paulo apostoluak; mundua sortu baino lehen aukeratu ginduzan Berak. Jainkoak, bere neurribako maitasunez eta Jesukristoren bidez, bere seme-orde izateko aukeratu ginduzan. Gure sinismenaren oinarrian dagoan gogoeta hau entzuten dogu.


Ebanjelioa: Joan 1, 1-18

Joan ebanjelariaren gogoeta eskeintzen jaku orain. Jesus, Jainkoaren azken Hitza lez aurkezten deusku. Hitz hori hurrekoa da, gure artean ipini dau bizilekua eta gure bizitza hori argitzera etorri da. Presentzia horretara zabalik egoteko proposamen eta konbidapena egiten jaku. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesukristogan Jainkoaren seme-ordeko garala jakitearen pozaz, aurkeztu deiguzan gure eskariak, entzunak izango garan konfiantzaz.

1.- Eleizaren alde: Jesusi jarraituz, bizilekua pobreen artean ipini daian, Erreinuko hazi emonkor izan, eta bakearen eta zuzentasunaren iragarpen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Eleizea osotzen dogunon alde: Jainkoaren Argia eta Bizia Jesukristogan haragitu dirala kontuan izan daigun; gure lozorrotik atara, eta berak argitu eta biztu gaizala gizaki guztiok. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Sufritzen dagozan gizaki guztien alde: gutariko bakotxagaz arduratzen dan Jainko onaren albiste onak ezagutzeko aukerea izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gobernuetako agintarien alde: herrien arteko ezbardintasun eta zuzengabekeria guztiak desegiteko pausoak emon dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde: gure inguruan hurtasuna, bakea, solidaritatea ezarriaz, “Jainkoa-gurekin” danaren testigu biziak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KANPIN DENDAN ERABILTEN DAN ARGI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau. Isiotuta, altarako kandelen ondoan ipinten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, oporraldian hainbat gau-jai egin doguz kanpin argi honen inguruan. Gure alkartasuna argitzeko balio izan deusku. Gaur gure gurari eder baten ezaugarri lez aurkezten deutsut: bakarka eta alkarte lez, zure Seme Jesukristo guretzat izan zan antzera, gure gizartearen erdian argia izan.


GATZAZ BETERIKO GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Nire izenean eta alkartearen izenean gatzontzi bete hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen eta ebanjelizatzen dogun konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Historian zehar beste gizon-emakume askoren antzera, misiolari izaten jarraitu nahi dogu nahiz eta oztopoak ugari izan. Emoiguzu zure grazia gatz honek bere indarra zaindu daian.


ONTZI BATEN LEGAMINAREN AURKEZPENA

(Alkarteko militante batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai dan legamin apur bat dakartsut. Gizarte gizakoiago, bardintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dot eskeintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onartu egizuz euren bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dogun laguntza eta gaitasuna eskatzen deutsugu.

Agurra

Senideok: “Gabonak” dirala esaten dogunean, Jainkoak bere hitzik ederrena eta samurrena esan dauala gogoratu eta ospatzen dogu. Hitz hori, gure itxaropena, gure salbamena, gure argia eta edertasuna da.

Gabonak, Jainkoak gizakiokaz daukan konpromisoan bat egiteko gonbidapena ditugu. Jainkoa ez da geratu ate ondoan, gure sutondora sartu da. Jainkoak gure historian bat egin dau, guk bere espiritua xurgatuz, bere konpromiso horretan bat egin dagigun. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Eta berbea haragi egin zan eta geure artean ipini eban bizilekua
eta geuk ikusi dogu Haren aintza”




GABONETAN jarraitzen dogu; Jainkoak gizaki guztioi deuskun MAITASUN misterio hori kontenplatzen jarraitzen dogu. Jainkoa, aurrerantzean beti gizakion ondoan egongo da. Ikaragarria da: Jainko honek zorabiatu egiten gaitu.

Domeka honetan, aldi honek eskeintzen deuskun mezuan sakontzen jarraitzen dogu. Jesusen etorrerea, ebanjelariek SALBAMEN JAZOERA lez deskribatzen dabe. Herri baten itxaropenen gailurrera heltzea eta historiako ALDI BARRI baten hasierea lez. Dana barri izaten hasten da.

Zergaitik ALDI BARRI bat? Bizitza eta gizakien historia argitzen dauan ARGI barri bat sortu dalako. Guzti hau haragia hartu dauan Hitzari esker gertatzen da: JESUSI esker. Bihotzean sinismenez onartzen daben guztien bizitzak argitzen dituan argia dogu. Horregaitik, Kristo onartzeak, bere Hitza argi eta bizi lez onartzea eskatzen deusku.

Gaurko mezu hauxe da: “bere etxera etorri zan... eta onartu eben guztiei, Jainkoaren seme-alaba izateko eskubidea emon eutsen, Haren izenean sinisten badabe...”. Hauxe da EGOERA BARRIA. Urtero Gabonetan indar berezi batez gogoratzen jaku. EGOERA barri horretan parte hartzeko, ONARTZEA eskatzen jaku.

Zoriontsuak ONARTZEN dabenak,
BIZIAREN ARGIA izango dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Hitza gizon egin zan, eta bere bizilekua geure artean jarri eban”

(Jn 1, 14)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue