Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizumea - 4. domekea - 2018.eko Martxoaren 11a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara. Pazkora bidean aurrera goaz.

Joan zan domekan, “era barri baten hasierea lez”, Jesus bera aurkeztu jakun “benetako tenplu” lez. Gaur, gauez Jesusengana joan zan Nikodemo aurkeztuko deusku liturgiak; itsututa lez, ezereztua sentitzen da. Bizitza aldatzeko prest egoen baina horrek ez dauala balio esaten deutse; BARRIRO JAIO beharra daukala. Nikodemo argi zalea zan baina etzan seguru sentitzen bere egiagaz eta bila ebilen. Gau haretan Jainko gizatartuaren argia aurkitu eban.

Prestau gaitezan ospakizun honetan Berba hori benetan hartzeko; Jainkoak maite gaituela, salbatzen gaituela eta bizi barritzen gaituela onartzeko. “Hain maite izan dau Jainkoak mundua...” entzuten dogun bakotxean, geure barruan maitasun barrikuntza hori eta salbatuak sentitu gaitezala. Hain zuzen be, hauxe ospatzen dogu Eukaristian.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Kronikak 36, 14-16.19-23

Idazle sakratuaren arabera, Israel herriaren atzerriratzea etzan hartu behar Jainkoaren galbide lez, bihotz barritze bide eta pekatuen parkamenerako baino. Jainkoa, Persiako erregea zan Zirogaz baliatzen da, herria morrontzatik askatu eta Jerusalengo tenplua berreraikitzeko. Entzun daigun kontaketa hau.


2. irakurgaia: Efesokoai 2, 4-10

Paulo apostoluak bere bizitzako testigutza eskeintzen deusku: dana da grazia; dohai dana da. Israel herriaren historia (eta gurea ere bai) bizitza eta heriotza artean dabil, argia eta iluntasun artean. Gure hutsegiteakaitik hilda gengozanok, Kristoren maitasunak biziazo gaitu. Salbatuak gara, Jainkoak holan nahi izan daualako. Entzun eta onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Joan 3, 14-21

Joan, “ikasle maiteak” dinoskun lez, Kristo etzan etorri mundura inor galtzera, bere bitartez guztiak salbatzera baino. Horregaitik, Joanen alkartea, etsipenerako bide barik, itxaropen eta baikortasun sortzailea izan behar dau. Bere pobretasunean, Jainko argiaren hartzaile eta emoile izan behar dau. Barri on hau entzuteko prestatzen gara, zutunik “Aintza Jesus” abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaungoikoaren seme-alaba izateak eta sentitzeak emoten deuskun konfiantzaz, eta, Jesusen erakutsiak eraginda, hain sarritan Aitaren aurrean egonaz, aurkeztu deioguzan gure beharrizanak, bai Eleizarenak eta bai gizaki guztionak.

1. Eleizearen alde: bere pobretasunetik eta umiltasunetik, aurkitu eta eskeini daiala behar dan argia, oinazearen, gaixotasunaren, bakardadearen eta gaurko munduak sortzen dituan hainbeste bazterketa egoeran dagozanei behar daben laguntza emoteko; sentiduazo deiskuzala euren itaunak eta kezkak, eta gu euren osagileak eta onartzaileak izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2. Gure Herrian eta munduan hainbat lekutan falta dan bakearen alde: agintariak herriaren deiadarrak entzun daiezan, gerra hondagarri gehiago izan ez daiten; eta alkarrizketarako, tolerantziarako eta pertsona guztiei zor jaken errespeturako bide barriak zabaldu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3. Kristau guztion alde: Jainkoaren bizia eta Espiritua komunikatzeko gauza izan gaitezala; Jaunaren eskuetan buztina izan gaitezala, Berak moldeatu gaizan eta beti mantendu gaizala bilaketan, entzuteko jarreran. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4. Euren bizitzan eten bako bilaketan jardun daben hainbat gizon-emakumeren alde: kristinauok, konfiantzazko gogotik eta jarreratik, Jainkoaren aurpegi barria erakusteko gauza izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5. Gure Parrokiako alkartearen alde: geure auzoan gehien sufritzen dabenengana hurreratzen ahalegindu daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Garizumako denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIAREN AURKEZPENA

(Ondo legoke bateo pastoraltzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen alkartuta gagozan guztion izenean aurkezten deutsut argi hau. Bateoko ezaugarria eta bertan hartu genduan konpromisoaren oroigarria dogu. Zure Seme berbiztuak isiotu eban eta gure bihotzak argitzen ditu; gure ekintza eta berbakaz munduko iluntasunak argitzera bialtzen gaitu. Zaindu egizu argi hori gugan, besteentzat argi izan gaitezan.


SENAR-EMAZTEAK EUREN SEME TXIKIA AURKEZTEN DABE

(Senar-emazteak euren jesarlekutik jagiten dira ume eta guzti, eta aldarera hurreratzen dira, eskeintza egiteko. Biak hartzen dabe parte, batak bestearen ostean. Euren parte-hartzea amaituta, aldare aurrean bertan irauten dabe, ospakizun denpora guztian)

OTOITZA – AZALPENA

Senarrak: Jauna, hemen gaituzu gure seme (alaba) honegaz, zeure opari eta gure maitasun fruitua da. Eskeintza hau, zure errukiari erantzuna izatea gura dogu. Zurea da, bete beragan zure salbamen asmoa.

Emazteak: Gure alkar maitasunari erantzuteko eta eusten jarraitzeko doguzan gogo nahiak ere eskeini gura deutsuguz, horrek eraginda sortu, hazi eta hezi nahi dogu ardura handiz. Hezi, baina ez heldua izateko aukerak eskeiniz bakarrik; baita bete-betean pertsona izatea ere lortu daian lagunduz.

Bikoteak: Halan da be, eginbehar honek zenbat eragozpen sortzen deuskuzan jabetzen gara, eta, batez ere, pertsona erdikin eta erabilterrezak nahi dituan gizartetik eta ingurutik sortzen jakuzan eragozpenak. Horregaitik, Jauna, emoiguzu gure egitasmo eder hau betetzeko behar dogun grazia.


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Errukiaren eta bestea ondo ikusi gura izatearen ezaugarria dan botika hau dakartsugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan orioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten eban antzera egiten jarraitu nahi dogu.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Andrazko batek egin leike. Esku hutsak erakutsirik dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dabe, baina zuk beteko dozuzan konfiantzea daukat. Alkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskeintzen deutsut, Zuk zure graziaz beteko dozuzan itxaropenaz. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emoiguzu behar dogun laguntza, emoiguzu bere Gorputza gure bizitzen janari lez.


ALKARTEARI MISIOLARI BATEK EGINDAKO ESKUTZITZAREN AURKEZPENA

(Aurretik izan edo egin beharko dira hartuemonak halango pertsona bategaz, zein erlijioso zein laiko izan; hobe Alkartearentzat ezaguna bada. Ez dago karta osoa irakurri beharrik; nahiko da ataltxo bat irakurtea, edota halako leku baten egongo dala adierazo, baten batek osoan irakurri nahi baleu. Horregaitik letra handiz idatzita aurkeztu, kartulina sendo baten edo)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Alkarte honetako kide dogun eta senideengandik eta gugandik urrun misiolari diharduan baten ESKUTITZA gaur Zuri eskeintzen deutsugu. Munduan behartsuenak eta baztertuenak diranen artean euren bizia jokatuz diharduen hainbeste gizon-emakumeren ahaleginak eskeintzen deutsuguz. Onartu eizu eskeintza atsegingarri hau, eta egizu geu ere zure maitasunaren testigu izan gaitezala hemen, geure gizartean eta kultura giroan.

Agurra

Senideok: Argi geratu jaku ospakizun honetan, Jainkoak ezingehiagoan maite izan gaituala, bere Semea emoteraino, bete-betean erakutsi ere. Hauxe da eskeintzen deuskun mezua. Gure mundu honek ezagutu ahal dagiala geure bitartez. Aste on, kristau testigantza eta guzti!

Egun honetarako gogoetea

“Jaungoikoak bere Semea mundura bialdu eban,
Haren bitartez mundua salbatu daiten”




Garizumako bigarren etapan bete-betean sartuta, gaur ere liturgiak Jesusen jarraitzaile bakoitza lantzen jarraitu gura dau. Izan ere, Garizumearen helburua Beragaz BIDEA EGITEA bada, bere Biztuereaz IDENTIFIKATZEKO, bere irakatsietan sakontzen joatea beharrezko egiten jaku. Hemen gagoz, eta horretan dihardugu.

Gure bizitzan bada bizikizun bat: behin baino gehiagotan argi ilunetan ibili beharra. Sarri askotan lainope ilunpeak trinkoak eta sendoak dira, lodi-lodiak; noizbehinka, argiaren gozotasuna dastatzen dogu. Bizitza osoa, bere misterioak, bere kezkak eta itaunak... eta heriotzea bera ere kontrolatu gura geunke. Baina gure ahaleginak ahalegin, gaurko aurrerapenak aurrerapen, ilunpe zabal lodiak aurkitzen doguz gure esistentziaren barruan, bizi-bizirik.

Jaungoikoak munduari egiten deutsan OPARI lez aurkezten deusku GAUR liturgiak kristau salbamena; geuk geutara sortu doguzan giza itsukeriak osatzeko gai da Bera dan ARGIA: ikuspegi barria, gauzetan eta jazoeretan sartzeko bide eta modu sakonago bat: JAUNGOIKOAK JESU KRISTORENGAN eskeintzen deusku. Bera da gizakiaren ilunpeak argitzen dituan ARGIA. Halan dinosku Apostoluak: “Jaunak eginak gara. Berak sortu gaitu Jesu Kristogan” (2. irakurgaia); “Hain maite izan dau Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra emon deutso; Hari sinisten deutsan inor galdu ez daiten, betiko bizia izan daian baino” (ebanjelioa). Hona hemen gure biderako ARGIA.

ZORIONEKOAK, bila ibilita,
KRISTOREN ARGIAK argitzen dituanak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jaungoikoak bere Semea mundura bidali eban, Haren bitartez mundua salbatu daiten"

(Jn 3, 17)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue