Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizumea - 5. domekea - 2018.eko Martxoaren 18a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorri anaiarteko ospakizun honetara, Berbearen eta Eukaristiaren mahai ingurura.

Gaur ospatzen dogu Garizumako azken domekea. Gogoratu, Garizumea, -hasieran esan genduanez-, Pazkorako, Jaun Berbiztuagaz aurkitzeko, prestaera bat zala; horrek esan eta eskatu gura dauan guztia ahaztu barik.

Gaurko ospakizun osoak, Kurutzea besarkatu beharraren aurrean jarriko gaitu, eta behar dan guztirako prest egotea eskatuko deusku: heltzeko, hazteko eta zentzun betean bizi eta Kristoren arabera fruitu emoteko ordua heldu jaku. Proposamen bikaina da, sekulako erronkea.

Fedez hasten dogu ospakizun hau, gugaz doan Jesus Jaunaren presentziak bizkortuta, Pazkorako bidean.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 3, 31-34

Jeremias profeteak, Jainkoak bere herriarekin egingo dauan itun barriaren iragarpena egiten dau. Itun barri hori, harrian barik, gizon-emakume bakotxaren bihotzean idatziko da. Holan, Jainkoa beti Jainko izango da eta eurak, leialtasunez bizi dan eta bere egitasmoa betetzeko prest dagoan bere herria. Ikuspen barri baten argitasuna dogu. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 5, 7-9

Hebertarrei egindako idazkiaren idazleak, Kristoren abadetzaren misterioa aurkezten deusku: Jainkoagaz hartuemonean bizi izan zan, bere hitza entzunez eta bere nahia bilatuz. Aitagan ipinita eukan konfiantza osoa eta horrek bere esaneko izatera eroan eban. Izateko eta bizitzeko era barri bat agertzen jaku. Gogoeta hau onartzeko prestatzen gara.


3. Ebanjelioa: Joan 12, 20-33

Entzungo dogun ebanjelioan, heriotzaren mehatxupean agertuko jaku Jesus. Berak argi dauka: bizitza barria sortzeko norberena emon behar da; besteak bizi barritzeko, norberak besteekaitik bizia emoteko prest egon behar dau. Bizitza maitasunetik dator eta norbera emoten dan neurrian sortzen da bizi barria. Irakatsi ederra gaurko ebanjelioak eskeintzen deuskuna. “Aintza Jesus” abestuz prestatzen gara entzuteko eta onartzeko.

Jaungoiko herriaren otoitza

Bere giza bizitzan deiadarrez eta negarrez Aitari otoitzak eta eskariak egin eutsazan Kristoren bitartez, jo daigun Jaungoiko gure Aitagana, gizon-emakume guztien alde eskatuz.

1. Eleizearen alde, batasunaren eta bakearen testigu: Jaungoikoak bere Herriagaz egiten dauan Itunaren testigu izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2. Herri guztietako gobernarien eta arduradunen alde: euren ahalegin guztiak gizarteko bizitza anaikorrago eta zuzenago baten alde alkartu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3. Jaungoikoaren Erreinuagaitik jasarpena, gorrotoa eta destainak sufritzen dabezan guztien alde: euren bizitzetan sentidu daiela Kristo hil eta berbiztuaren indarra. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4. Euren bizitzei zentzunik aurkitu ezinik eta itxaropenik barik bizi diranen alde: Espirituaren eragina indarrez sartu daitela horren bihotzetan, eta bakea lortu daiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5. Gu guztion alde: Jesusi hurretik jarraitzeak, parkamenaren eta maitasunaren ezaugarri egin gagizala eta Aita Jaungoikoak onartuak izatearen gozotasuna agertu daigula ingurukoakaz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Garizumako denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKUBETE GALGARAUEN AURKEZPENA

(Nekazari batek -Alkartean holangorik balitz- aldare ostean dagoan ontzitik hartzen dau esku bete galgarau, kontuz-kontuz aldarera eroan, eta ospatzaile buruak daukan ontzi barri baten izten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen dodan esku bardinakaz eskeintzen deutsut gaur, Jauna, esku bete galgarau, bizitzaren eta biztuerearen ezaugarri lez. Zure Semeak erabili eban metafora lez, hauxe erakusteko: ez dagoala biztuerarik, heriotza barik, ezta galbururik, lurrean hildako galgarau barik. Guk gaur zure Semeak erabilitako konparaketea geuretzat hartzen dogu, gure bizitzak eskeintzerakoan, Bizi betean berreskuratuko dogunaren itxaropenez.


LORA BATZUEN ETA LANDARA BIZI BATZUEN AURKEZPENA

(Alkarteko beste kide batek eskeintzen ditu orain lora edo landara batzuk, egunean bertan han-hemen batutakoak. Eta dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Gure zelaietako fruitu honeen bidez, gure itxaropena dakartsut nik, Jauna. Itxaropen honen oinarria zera da: Jesusen eskeintza eta heriotzea baliagarri izan zirala. Zuk, Aita, bere hatzaparretatik askatu zengian. Horregaitik, guk eskeintzen deutsuguz gaur gure sufrimenduak, oinaze-minak, destainak, burlak… Emoiguzu zure grazia lagun dogula, geroko aintzaren itxaropena.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo barik)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten deusut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dot. Bizi usaina da, Biztuerearen lurruna. Eta Alkarte osoaren izenean eskatzen deutsut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure berbeten, gure bizikeren eta jokabideen bitartez, Jesus berbiztuaren bizi barriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezala.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, alkartearen, militante guztien eta nire izenean dakartsut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez dakartsut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, naiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Emoiguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez daiten gezatu.

Agurra

Senideok: Ospakizuna azkenera heldu da; datorren astean buru-belarri sartuko gara gure fedearen misterio nagusietan: Jesusen heriotzean eta biztueran. Aurkituko ete doguz, egun horreetan, otoitz egiteko, Beragaz bakarrik egoteko uneak? Graziaren eta salbamenaren, heriotzearen eta biztuerearen aldian gagoz, jarraipenaren aldian; porrotaren, atsekabearen eta heriotzearen eragozpen guztiak gorabehera, itxaropenaren aldian. Oraintxe da Jaunak gugaz errukiz diharduan ordua. Otoitz egitea, aukera eder hau behar dan lez aprobetxatzea da. Guztioi aste on!

Egun honetarako gogoetea

“Nire zerbitzari izan nahi dauanak jarraitu beit
eta Ni nagoan lekuan nire zerbitzaria ere egongo da”




Arin baino arinago hurreratzen goaz ASTE NAGUSIRA, ASTE SANTURA, bere burua kristautzat daukan Alkartearentzat “nagusirik nagusiena”. Horrek zera adierazoten deusku: prestaera aldia amaitu beharrean dagoan deiaren ordua gainean dogu: gure bizitza Harenagaz, Jesusenagaz aurrez aurre jarteko ordua; gure jarrerak (hau da, gure bizitza ulertzeko eta jokatzeko erea, alkar maitatzeko neurriak eta ekintzetan sartzeko eta jokatzeko moduak...) eta bereak argitzeko eta zuzentzeko. Berari BEGIRATU eta bere eskuetan itzi, Berak ALDATU gaizan.

Garizumako domekak KATEKESIA baliotsuak eskeini deuskuez: “Hau da nire Seme maitea. Entzuiozue” (2. domekea); “Ez eizue azoka bihurtu nire Aitaren Etxea” (3. domekan); “Hain maite izan dau Jaungoikoak mundua, bere Semea emon deutso, Harengan sinistu daianik inor galdu ez daiten” (4. domekan). Domeka honetan, aurrekoak osotuz, Jesus Berak dinosku: “Benetan dinotsuet, galgaraua lurrera jausi eta hilten ez bada, bera bakarrik gelditzen da”, “Zerbidu gura nagianak jarraitu beit”. Gure bizitzarako sekulako PROPOSAMENA!

Mezu eta proposamen honeen argira, egun handietan sartu gara, ASTE SANTUko gure salbamen misterio harrigarriak biziteko asmoz, Jesusen ondoan goazala.

Zorionekoak BERA BIDETZAT hartzen dozuenok!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ni lurretik gora jasoa izan naitenean, neugana ekarriko dodaz guztiak"

(Jn 12, 32)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue