Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - 2. domekea - 2018.eko Apirilaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak, senideok.

Pazko zortzigarrenean gagoz. Kristo biztuaren argiak aseta, gertaera pozgarri hori ospatzeko alkartu gara. Jesusen asmoak kurutzean amaitu zirala emoten eban, baina argi ikusten dogu orain Jainkoak beti beteten dauala Berak agindua; gizakiaren BIZITZA behin betikoa da; ez dago ezer Jainkoak deuskun MAITASUNA baino handiagorik.

Egi hau pozgarria, kutsakorra da, dana hartzen dauana. Hori dala eta, ilusinoz, gorputz eta arima ibiltera garoaz, alkarte alaian bihotz eta sentiera bat bizitzera, Kristoren Biztueraren testigantza emotera.

Senideok: itzi deiogun Jaunari gure bihotzak lantzen; ez gaitezan bildurtu esperientzia hau leialtasunez bizitzen.


ELIZBIRA ETA PAZKO ZUZIARI INTSENTSUA

(Ospakizuna hasi orduko dago isiotuta Pazko Zuzia. Ospatzaileak edo buru egiten dauanak eta laguntzaileak elizbira egiten dabe, udabarriko lorezko adarrekin eta “Nire Jaun eta nire Jaungoiko” dinoan pankarta bategaz. Pazko abesti bat abestuko dau herriak. Tokira heldutakoan, Pazko Zuziaren ondoan jarten da pankartea eta intsentsatu egiten da Pazko Zuzia).


UR BEDEINKATUAZ TXIPRISTINTZEA

Anai-arrebok: ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure Bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jaungoiko errukitsuak garbitu gaizala pekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaizala. E/. Amen.


AINTZA

(Pazko aldiko domeka guztietan kantatua izango da).


Senideok: Pazko pozez beterik goratu daigun gure Jainkoa: AINTZA ZERUETAN

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: Eginak 4, 32-35

Lehen kristau alkartearen esperientzia entzuten jarraitzen dogu. Jesusen biztuereak ikasleen bizitza osoa aldatu eban. Euren artean batasuna sortzen eta Jesukristo berbiztuaren testigu biziak izaten ahalegintzen dira. Ondasunak banatzen dabez eta iragarten dabena euren esperientzia da. Testigutza eder hau onartzen dogu.


2. Irakurgaia: 1 Joan 5, 1-6

“Ikasle maitearen” ikuspegitik begiratuta, Jainkoaren seme-alaba izateak, Jesukristogan agertu jakun Jainkoaren maitasunean bat egitea eskatzen deusku. Sinisten dauana, Jainkoa eta anai-arrebak maitatzera deitua da. Bizi osorako eginkizun ederra. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Joan 20, 19-31

Heriotza inguruan dagoanean, bizian sinistea ez da erreza. Apostoluak, Jesusen heriotzaren esperientzia bizi izan dabe eta orain Biztueraren misterioa eta dohaia dauke aurrean. Kurutziltzatua, nekaldiko eta heriotzako ezaugarriekaz agertzen jake. Eta mundu honetako lege eta muga guztien gainetik dago. Bere Bakea eta Espiritua eskeintzen deuskuz. Sinisbakoa, sinistedun bihurtzen dau. Entzun daigun testigantza hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Egin deiogun otoitz Jainkoari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo biztu eta gizaki guztienganako maitasuna agertzen dauanari. Erantzun dagigun: “EGIN BEDI, JAUNA, ZURE NAHIA”.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoan Eleizaren alde: Pazko poza gainezka bizi, eta testigantzaren bidez zabaldu daiala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien alde: Jesusen biztuerak adimena argitu eta bihotzak zabalduta, errespetatu daiezan pertsona guztien giza eskubideak; eta mundu osoan bakea errealitate bihurtu daiten, bide barriak zabaldu daiezela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Behartsu, gaixo eta gorputzean nahiz ariman sufritzen dagozan guztien alde: Kristo Berbiztuagan aurkitu deiela behar daben aringarria eta sendotasuna, eta guregan maitasuna eta solidaritatea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gerren eta indarkerien ondorenak izan dabezan herri guztien alde: bizi izandako edo bizitzen dagozan izua lehenbailehen arindua izan daiten, eta ez ahaztuak, gogoan hartuak baino izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Pazkoa ospatzeko hemen alkarturik gagozanon alde: gure bizitzetan esperimentatu dagigun Kristo biztuaren indarra, eta inguratzen gaituen guztiengana eroan dagigula barri pozgarria. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Pazko-aldiko denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



JANTZI ZURI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein nagusik egin daike eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna: antxinako ohiturea da Pazko Gauean bateatuak euren bateoaren ezaugarritzat jantzi zuriak eroatea. Jantzi zuri hau ekarten deutsut, bada, nire izenean eta bateatuen alkarte guztiaren izenean, bizi barriaren eta bateo graziaren ezaugarri lez. Bestalde, gure bateo egunean urez Zeuk emon zeuskun bizi barriari jagokonez bizi izaten hasi gura dogu.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egingo dau eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berbiztuaren ezaugarri dan kandela isiotu hau dakartzut, Jauna. Bere argiaren inguruan batu ebazan Harek lehenengo kristauak, alkarte bizietan. Gure alkartean benetan bizitzeko eta alkarbanatzeko gogoa eskaintzen deutsugu lehenengo, eta baita, bigarren, alkartetik urten eta, geure berben eta bizitzaren bitartez, zeu gizon eta emakumeei aurkezteko gogoa be. Horretarako, emoiguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


LABORATEGIKO TRESNA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egin daike eskaintza; hobeto, irakaslea edo ikerkuntzan edo antzerako lanean diharduana izatea)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, laborategiko tresna hau dakartzut. Gure gizarteak lortu dauan aurrerapen zientifikoaren eta teknikoaren ezaugarria da. Ezagutza zientifikotik harantzago begiratzeko gertu gagozala esan gura deutsugu, nahiz eta haren garrantzia be autortu. Zure aldetik, Jauna, garbitu eiguzuz begiak eta bihotza, aurkitu zagiguzan eta zure aurpegia ikusi dagigun.


“NIRE JAUN ETA NIRE JANGOIKO” IDATZI DAN PANKARTA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko bik egingo dabe eskaintza: hasierako elizbiran ekarri bada, batek hartu eta Alkarteari erakusten deutso; besteak, honako otoitz hau esango dau)

OTOITZA – AZALPENA: Alkarte honetako bakoitzaren banakako autortza jaso gura izan dogu, eta gure fedea eskaini nahi deutsugu. Zuk egin deuskuzun emoitzarik onenari erantzuten deutsagu holan. Izan be, fedea ez da egia batzuen bilduma bakarrik, eta ez jagoko gure alderdi bateri bakarrik. Zeugan jarten dogun uste ona da fedea. Zeugandik bakarrik izatea, pentsatzea, bizitzea, hartuemonak izatea eta historia eta errealitatea ulertzea, eragiten deusku. Horregaitik, Zure Semeagan dogun fedearen emoitza dala eta, guk garean eta daukagun guztia eskaintzen deutsugu gaur.


GIZADIAREN ZAURIEN AURKEZPENA

(Alkarteko hiru gaztek egiten dabe eskaintza hau. Gizadiaren eta bizi garean gizartearen arazorik sakonenen laburpena gertau dabe aurretik euretariko bik. Lehenengoak Hirugaren Munduko arazoen laburpena egiten dau eta bigarrenak gugandik hurrago dagozan arazoena; mendebaleko gizartearena, hain zuzen ere. Hirugarrenak eskaintza egingo dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, heriotzearen gainean zure Semeak izandako garaipena ospatzeko batu dan alkarte honen hiru kide gazte gara. Mundu honetan, aurkitu doguzan arazoen zerrendan azaltzen da heriotzea. Ez dira horreek bakarrik gaurko munduko gizon eta emakumeengan eragina dabenak. Zatoz, Jauna, eta bizitza bihurtu egizuz, eta euren aurka burrukatzeko eta zure gurariaren eta borondatearen arabera aldatzeko, egizu maitasunean eta alkartasunean hazi gaitezala.


DIRU BATZEAREN AURKEZPENA

(Ondo iritzi ezkero, eta egun horretako lehenengo irakurgaiaren arabera, DIRU BATZEA egin daiteke. Alkarteko nagusi batzuek batzen dabe, ospakizunean dagozanen artean. Bitartean, kantu egokiren bat abestu daiteke. Diru batzea amaitzen danean, batu dabenetariko batek egiten dau eskaintza, hau esanez:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor dozu gure anai-arrebatasunaren fruitua. Ez dauko Jerusalemgo lehenengo alkartearen balioa eta sendotasuna, baina gure alkarteko behartsuenengan dogun ardurea adierazo gura dau. Premina gehien daukenganako gure sentiberatasuna gehitu deiguzula eskatzen deutsugu. Ez deigula ihes egin gureen arteko nahigabe batek be eta egon gaitezala beti euren ondoan, bai gorputzez bai behar dabezan ondasunekin be.

Agurra

Senideok: Jauna hemen izan dogu gure artean, lehen kristauen artean lez; alkarte lez sentitzearen poza eta grazia eta bakea emon deuskuz. Guztiok eta bakotxa joan gaitezala eguneroko bizitzara hemengo esperientzia eroatera, eta emon deigula fedearen testigantza, gizon eta emakume guztiek aurkitu dagien Kristo Berbiztua. Pazko aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Jesukristoren berbizkundeaz erosi eta seme-alabatzat hartu gaituen Jainkoak, bere bedeinkapenez poztu eta egunen baten bere zeruko erreinuan onartu gaizala. E./ Amen.

- Jainko Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak bedeinkatu gagizala eta beti lagun izan daigula. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Ikusi dozulako, Tomas, sinestu dozu.
Zoriontsuak ikusi barik sinestu dabenak”




Bere eta gure jaia ospatzen jarraitzen dogu: Biztutako JESUS JAUNARENA eta Beragan dogun zoria, bere biztueran eta bizitzan parte hartzen dogulako. PAZKOA da. Zelango poza eta alaitasuna!

Baina Jesus Biztuarenganako fede hori ez zan eta ez da GAUR ere, erraza. Aste honetan, Jesusen apostoluek eurek itzi ebela Jesus bertan behera eta ihes egin ebela, dinosku Jainkoaren Berbeak: hor dagoz Emauskoak ihes egiten; hor besteak, “juduen bildurrez” ateak itxita; hor dago Tomas, Jesus onartzeko trabak jarten dabezenen eredua.

Eta hemen gagoz gu, sinesmen ezaren, hedonismoaren (errezaren eta erosoaren iritzia) eta dana bardin dala ustearen, giroan, KRISTAU zelan IZAN ez dakigula, “ixteko” edo “besteak langoak izateko” gogoagaz.

Jesus biztuak ALDATU egin ebazan beretarrak: Berak bakarrik aldatu eikezan hareek. Berak bakarrik aldatu geinkez gu: ez dagigun ahaztu. Baina, beharrezkoa da BERAGAZ EGOTEA.

Jesus Berbiztuagaz TOPO EGITEAk egin zagiezela zoriontsu!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zoriontsuak ikusi ezarren be sinisten dabenak!"

(Jn 20, 29)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue