Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - 3. domekea - 2018.eko Apirilaren 15a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak. Pazko aldian aurrera goaz.

Hirugarren domeka honetan, Jaunaren biztueraren misterioa ospatzen jarraitzeko, liturgiak eskeintza barri bat egiten deusku. Jaun Berbiztuaren presentziak eragin haundia izan eban bere jarraitzaileengan: bihotzez aldatu beharra egoala iragartera bialdu ebazan. Jesus Jaun Berbiztuagaz aurkitzeak, bizitzeko era barri bat eskatzen deutse. Horretarako, Liburu Santuak ulertzeko burua eta bihotza argituz, Jainkoaren egitasmoa onartzeko prestatuko dauz.

Pozez beterik, gure sinismena ospatzeko prestatzen gara; Jesukristoren heriotzean eta Biztuerean salbatuak izan garala eta Jainko Aita-Amaren benetako maitasuna hortxe agertzen jakula. Hauxe da ospatu gura doguna.


SARRERAKO IBILALDIA

(Gaur be, handikiro egin behar geunke sarrerea. Kandela biren (gero altaran egongo direnak edo altarea dotoretuko dabenak) erdian kurutzea joango da eleiz birea egingo dabenen aurrean; intsentsu ontzia, jarraian. Gero, agiri-agirian irakurle batek eroandako irakurgai liburua. Azkenean, edo danen atzetik, ospakizunean buru egiten dauana, laguntzaile edo monagilo bi ondoan dituala. Presbiteriora heldutakoan, kurutzea bere lekuan jarrriko da eta kandelak altara mahaiaren gainean. Irakurgai liburua irakurgai lekuan edo anboian. Azkenean, ospakizun buruak, pazko zuzia isiotuko dau. Pazko zuzia eta irakurgai liburua intsentsatuz amaituko da une hau. Bien bitartean, alkarteak sarrerako kantua abesten jardun dau)


UR BEDEINKATUAZ TXIPRIZTINTZEA

Anai-arrebok: ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure Bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat),

OTOITZA: Jaungoiko errukitsuak garbitu gaizala pekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaizala. E/. Amen.>


AINTZA

(Pazko aldian, abestua).

Jaun Berbiztua euren artean aurkitzen daben ikasleen pozez, goratu daigun salbatzen gaituan Jainkoa Aintza abestuz: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 3, 13-15. 17-19

Jesus berbiztuaren inguruan Lehen kristau alkarteak egindako autorpenak entzuten jarraitzen dogu. Hauxe da apostoluen testigutza: agintarien eta herriaren ezjakinak eroan eban Jesus kurutzean hiltera. Jesus ez eben ezagutu Jainkoaren Seme lez eta Berak bialdutakoa lez, eta horregaitik gaitzetsi eta hil eben. Jainkoak, ostera, biztu egin eban, bere bizitzeko erea onartuz. Gertaera honek historia eta bizitza osoa aldatzen dau. Gogoeta hau onartzeko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Joan 2, 1-5a

Joan apostoluak, gure pekatuen ordain opari lez eta Bizi Barri baten eskeintza lez aurkezten deusku Jesus. Eta honek, Jainkoaren seme-alaba maitatuen era barrian bizitzera eta izatera eroan behar gaitu. “Haren aginduak gordetzea” da era barri horretan bizitzea. Mezu gozo eta zehatza entzuteko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Lukas 24, 35-48

Berbiztua ikasleen aurrean agertzen dan ebanjelio txataletan, gauza bat argi dago: ikasleei kosta egiten jakela ezagutzea. Jaun berberak Liburu Santuak ulertzeko ezaguera argitu behar deutse eta nekaldia jasan eta anai-arrebakaitik bizia emoteko prest dagoan Mesias aurkezten deutsen Jainkoaren egitasmoa onartzeko prestatu. Ondoren, bihotz barritzea iragartera bialduko ditu. Jaun Berbiztuagaz bat egiteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoitz egin deiogun bere Espirituaren indarrez Jesu Kristo biztu dauan eta gizaki guztienganako maitasuna azaltzen dauan Jaungoiko gure Aitari.

1.- Eleizearen eta beraren kide bakoitzaren alde: gure bizitza testigantzaz alaitasuna eta poza zabaldu daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gure gizartean eta gure munduan bakea eta maitasuna ahalbidetzeko euren denborea eta ahaleginak eskeintzen dituen gizonen eta emakumeen alde: Jaungoikoak eutsi deiela eta euren ibilian indartu daiezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Une honetan gaixotasunez, indarkeriaren edo bidebakokeriaren eraginez, sufritzen diharduenen alde: Jaunak emon deiela Berbiztua aurkitzearen poza eta, holan, Beragan aurkitu daiela atsedena. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Sinisten ez dabenen alde, Eleizearengan uste onik ez daukienen edo Jesu Kristogan fedea autortzen jarraitu arren Eleizea bertan behera itzi dabenen alde: Berbiztuaren presentziaren ezaugarriak ikusi daiezala beragan eta guk, geure bizitza dala-eta, Jesus Jaunagaz aurkitzen lagundu deiskula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde, Jaunak oparitu deiguzala Berbizkundearen fruituak: poza, Liburu Santuak ulertzea eta Haren Erreinua martxan jartea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UMEEN EKINTZA

(Bizkor-bizkor jarten da, aurretik umeekin gertau edo prestau dana: abestia, dantza edo ekintza labur eta atsegina. Amaitutakoan, eskeintzaren aurkezpena egiten dau umeetako batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor izten deutsugu alkarteagaz batera euki gura izan dogun alaitasuna. Uste dogu Zeu zarala gure barruan poz hori isiotu dozuna eta berari eutsi eta bera gehitzen dozuna, guk besteei zabaldu deiegun. Badakigu nagusiak, helduak, eragozpenak izaten dituela eta horrek kezkak eta tristura sortzen deutsezala. Horregaitik, euren aringarria izan gura dogu, eta, noizean behin ez bada be, irribarretxo bat atara gura deutsegu.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko “pertsona on” batek egin leike eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Zuk guretzat idatzi dozun Hitza, Biblia hau dakartsut, Jauna. Emauseko ikasleei gertatu jaken lez, Zuk azaltzen badeuskuzu bakarrik zabalduko da gure bihotza eta ulertuko dogu. Zure Hitza sakonean ezagutu nahi dogu, Jauna, berak argitu gaizan eta gure bizitzan egi bihurtzen ahalegindu; hau da: gure munduari eta gaurko kulturari ARGI lez eskeindu. Horretarako zure laguntza behar dogu, Jauna.


OGI ZATI BATEN ETA ARDAO PITXAR BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau egiteko ibilaldi antzerako bat gertau edo prestau behar da. Aurretik, banan-banan, eskeintzak daroezanak eta atzean, irakurriko dauana. Edozeinek egin daike, nahiz eta hobe izan adin desbardineko pertsonak egitea, janaria eta ospakizuna alkarte guztiarena dala adierazoteko. Eskeintzak buru egiten dauanari emondakoan, hauxe dino aukeratuak)

OTOITZA – AZALPENA: Jesus Jauna: Emauseko ikasleekana Zeu hurreratu zinan; eurekaz ibili eta antzinako agintzariak ulertu egiezan zure Hitza azaldu zeuntsen. Eta ogia zatitzerakoan ezagutu zinduezan. Ogia eta ardaoa eskeintzerakoan, Zu guztiz ezagutzeko gogoa agertzen deutsugu, baita zure Barri Ona anai-arreban artean iragartekoa ere. Lagundu eiguzu.


SAREEN AURKEZPENA

(Irakurten dauanak egingo dau eskeintza, edo katekistaren batek nahiz helduren batek:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik sare honeek dakartsudaz. Zuk gizon-emakumeen arrantzale egin orduko apostoluek itzi ebezanen irudi dira. Eurekin batera, gure ebanjelizatzeko konpromisoa eskeintzen deutsugu. Jakin be badakigu eta, zuk emon deuskuzun fedearen oparia ez dala gu bakoitzaren burua goratzeko, ezta, talde bakarra edo sekta bat bihurturik, gure alkarte barruan sartuta egoteko, misinorako eta, hainbestetan ezer aurkitu barik bila dabilzan gizon-emakumeekin gure fedea, alaitasuna eta zoriontasuna alkar banatzeko baino.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Ofizioko batek edo herri mailan agirian diharduan alkarteko batek edo eguneroko jazoerak ondo jarraitzen dituan batek, aurkeztu behar leuke eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik, gaur, egunkari hau dakartzut. Gaur jazoten danaren isladea da. Gure ondoan eta gugandik urrun gertatzen dana, nahiz eta beste batzuei jazo edo gertau. Barri emotea hain ugaria danez, ez gaitu kezkatzen, jakitunek dinoenez. Egunkari hau eskeintzerakoan, konpromiso hau hartzen dot, danen izenean: albisteen eta eurak bizi dabezan edo jasaten dabezan gizon-emakumeen bihotzera begiratuko dogula orain zer gertatzen dan irakurten dogunean. Eta Zuk ez gaizuz itzi gure bihotz gogorkerian. Zabaldu eizuz gure bihotzak alkartasunera.

Agurra

Senideok: Jaunaren heriotzea eta biztuerea ospatu dogu barriro be. Berbizkundearen esperientzia izateak, kurutzean josia hil zanaren, eta gure munduan kurutzean josiak hilten diranen esku-oinetako zauriak begiestea adierazoten dau. Alkarte lez batzen garan bakoitzean, Jaunaren Berbea iragarten dogun bakoitzean, daukaguna eta geu garana banatzen dogun bakoitzean, bildurrak gaindituz isiltzen ez garan bakoitzean, Jesus berbiztua agertzen da; Bera gure artean aurkezten da eta gure artean bizi da. Aste zoriontsu bat!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jaungoikoak bedeinkatu gaizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gaizala gatx guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berbizkundearen bidez salbatu gaituanak aberastu gaizala betiko biziaren sariagaz. E./ Amen.

- Eta bedeinkatu gaizala Jaungoiko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Jesus, Jauna, azaldu eiguzuz Liburu santuak.
Biztu gure bihotzak berba egiten deuskuzun bitartean”




Pazkoan buru-belarri sartuta gagoz. Ez daigun ahaztu hau guztiau ezinbestekoa dala gu fededun izateko: Pazkoa barik ez dago federik, ezta antzik emon be. Eta hemen, domeka honetan, itaun hau egin deikiogu geure buruari: Pazkoa ete da nire kristau fedearen iturria eta muina, betiko guna eta osogaia?

Itaun hau bidezkotzat ez badozu, izan daiteke zure kristau fedean zeozer jazo izatea. Azken baten, lehenengo kristauek euken zalantza bera da: ez jaken erreza izan "Jauna ikusi dot" dalako ha. Arriskugarria zan. Izan be, Jaunagaz topo egiteak BIZITZAREN ALDAKETEA ekarren. Eta hori ez da txantxetako gauzea. Horregaitik, guretzat be bardin da: Esan daiket benetan Pazko honetan "Jauna ikusi dot"? Berak bakarrik aldatu daike nire bizitza.

Jakina, gure gaurko munduaren tentaldia eta, beharbada, gurea be bai, honango hau da: “ez dogula salbamenik behar”. Eta holan izanda, PAZKOAK ez dauka zentzunik, ez dogu behar. Pazkoak Jesusen erako bizi beteko GIZAKI BARRIA sortzen dau.

Jazoten ete da nigan garapen hori, biztutako Jaunagaz topaketa hori?

ZORIONTSUAK hori bizi dabenak:
BIZIZ BETERIK egongo diralako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ogia zatitzean ezagutu eben"

(Lk 24, 35)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue