Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Pazkoa - 5. domekea - 2018.eko Apirilaren 29a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Kristo Berbiztuaren inguruan egiten dogun sinismen eta anaitasun batzar honetara.

Beti Jesusegaz alkarturik bizi beharraz dihardu gaurko liturgiak. Hori dogu Jesusen ikasle izateko eta fruitua emoteko oinarrizko baldintza. Jesusen izerdiak, Jesusen Espirituak hartuta bizi behar dogu. Gure batasunak barrukoa izan behar dau, bizitzazkoa, dinamikoa, iraunkorra, osoa. Fededun lez Jesusegaz estu-estu alkarturik biziteak izan behar dau gure ezaugarria.

ARGIBIDE hori eskeintzen deusku PAZKOAk: biziteko eta esperimentatzeko proposamen lez “Haregaz alkarturik bizitea”. Jesusegaz eta senideakaz dogun alkartasun horretan lagundu gura deusku gaurko domeka honek.

Gogo eder honeekin emoten deutsagu hasierea ospakizunari.


PAZKO ZUZIA ISIOTZEA ETA INTSENTSATZEA

(Pazko aurreko domeka guztietan lez, sarrerako ibilaldia amaitutakoan, ospakizun buru egiten dauanak Pazko Zuzia isiotzen dau, argimutilaren gainean jarten dau eta intsentsatu egiten dau jarraian. Bien bitartean, sarrera kantua abesten da)


UR BEDEINKATUAGAZ TXIPRIZTINTZEA

Anai-arrebok: ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure Bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko Aita-ama errukitsuak, Jesusengan benetako Bidea, Egia eta betiko Bizia agertu deuskunak, bete gaizala bere dohaiez eta betiko biziaren iturrietan gure egarria asetu.
E/. Amen.


AINTZA

(Bazko domekatan abestua).

Senideok: Bere Semeagan bedeinkatu eta herri santu eta aukeratua izatera deitzen deuskun gure Jainko Aita-ama onari zuzentzen deutsagu gorespen kantu hau: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 9, 26-31

Lehen Kristau Alkartearen ibilbidea entzuten jarraitzen dogu. Gaur Bernabe agertzen jaku Jerusalemgo taldeari Paulo aurkezten. Damasko bidean Pauloren bizitza guztiz aldatu zan; harrezkero bere bizitza osoa Maisuaren zerbitzuan ipini eban. Lehen kristauen ibilbidea guretzat ere lagungarri eta argibide dogu. Onartu dagigun.


2. irakurgaia: 1 Joan 3, 18-24

Joan apostoluak, bere alkartean egindako gogoeta sakon hau eskeintzen deusku. Berak esango deusku sinismena eta maitasuna lotuta doazela. Ekintza bako benetako sinismenik ez dago. Sinismenak ekintzara garoaz. Entzun daigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 15, 1-8

Gaurko ebanjelio txatalak, mahastiaren irudia darabil. Benetako jarraitzailea Jesus Berbiztuarekin lotuta dago. Lotura hori zaindu eta landu beharra dago. Bateoak, Kristoren bizi barri horretan txertatzen gaitu. Gogoeta eder hau entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoitz egin deiogun bere Espirituaren indarrez Jesukristo biztu dauan eta gizaki guztienganako maitasuna azaltzen dauan Jainko gure Aitari.

1.- Eleizearen alde: Jaunaren indarrean uste ona izan daian, Ebanjelioagazko leialtasunean hazi daiten, Espiritu Santuaren indarrak bizkorturik egin ahalak egin daiazan eta Jesu Kristoren testigu zintzoa izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintarien eta buruzagien alde: euren erabagietan eta konpromisoetan helburu nagusia gizon-emakumeen ona, eta gizon-emakumeak duintzea eta gizatiar egitea izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixotasunagaitik, lanik ezagaitik, baztertua sentitzen diralako edo bakardadeagaitik sufritzen diharduenen alde: Jauna izan daitela euren poza, eta gure sentimentuetan hurtasuna eta gure zerbitzuan eraginkortasuna aurkitu daiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Pazko aldi honetan Lehenengo Jaunartzea egingo daben neskato-mutikoen alde: Kristau heldutasunerako bidean alkarteetan eta euren familietan onartuak eta lagunduak izan daitezela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alde eta gure alkartearen alde: Jaungoikoaren Berbeari zintzoak izan gakiozala, benetako mahatsondoa dan Kristori loturik bizi gaitezala, benetako fruituak emon daiguzala eta munduaren erdian Ebanjelioaren lekuko izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Pazko-aldiko denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALMENDRO LORA TXORTEAREN AURKEZPENA

(Edozein zuhaitzetako lorena izan daiteke txortea, eta alkarteko edozein helduk eskeini daike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, lora txorta eder hau dakartsut. Baina Kristogaz bat eginda ez dagozanei jazoten jakenaren irudia da. Izan be, txakada baten joaten da bere edertasuna. Lorak ihartu egiten dira, eta adarrak biluzik geratzen dira eta heriotza bidean jarten dira. Jauna, guk ez dogu gura lora txorta hau lango ederrak izatea, baina bai, gura dogu, Zure laguntzaz, Beraren bitartez emoten deuskuzun graziaren bidez, zure Semea bizi zan moduan bizitea.


INAUSTEKO ARTAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Inausteko artazi batzuk aurkezten ditu beste heldu batek. Emakumea izan daiteke aurreko eskeintza gizonezkoak egin badau, edota alderantziz)

OTOITZA - AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, inausteko artazi honeek dakartsudaz. Danok dakigu zein dan euren betebeharra. Azalekoa hilik, bizitza barria eta indartsuagoa sortzen dabe. Badakigu, baita, zure Seme Jesu Kristogaz egoteak inausteko zorian jarten gaituala, hilteko eta berbizteko zorian hain zuzen be. Inausteko eragozpenak ez gagiezala aldendu Jesu Kristoren moduan bizi izatetik, bere antza hartzetik eta Beragaz bat egitetik.


UME BATEN AURKEZPENA

(Umearen amak berak egin behar dau aurkezpen hau)

OTOITZA - AZALPENA: Neure erraietako fruitua dakartsut, Jauna. Bederatzi hilabete luzean izan neban bertan, neure pentsura oso-osorik. Oraindik be neure pentsura dago. Hain izaki makala izanik, ez litzateke izango bere kontura biziteko gauza. Baina badakit, umea pertsona ezbardin baten egitasmoa dala. Bere garapenak lagunduko deutso horretan. Holakoxeak izan gura dogu gu guztiok be, zure Seme Jesu Kristori lotuta. Beragandik hartu dogu bizitza, baina geuk izan behar dogu aske eta protagonista geure bizitzan. Hezi gaizuz, Jauna, askatasunean eta erantzukizunean.


URI BATEN MAPEAREN EDO PLANOAREN AURKEZPENA

(Bardin da bideetako mapea edo uri bateko planoa izatea. Alkarteko edozein kidek egin daike aurkezpena)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, bide bila dabilzanentzat lagungarri izaten dan mapa hau (plano hau) eskeintzen deutsut gaur. Gaurko gizonak eta emakumeak be, guk geuk, gogotsu bilatzen dogu gure izatearen eta gure bizitzaren zentzuna; askok, gainera, ez dabe aurkitzen.

Ezaugarri hau eskeintzean, Zure Seme Jesu Kristo dala gure bizitzako bideak zeintzuk diran jakiteko gure maparik onena eta bakarra autortu gura dogu agiri-agirian. Izan be, Bera ibili zan bide horreetatik lehenengo. Baina hau be eskatzen deutsugu gaur: gure bizitzak iluntzen badira, edo ezbaia eta tentaldia sortzen badira, argitu gaizuzala, zure Semeagan eta zure Semeagandik gure norabidea berreskuratzeko.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Ez daitela handiegia izan, baina igarri daitela eraikuntzarako dala. Eraikuntzan lana egiten dauan alkartekoren batek egin behar leuke eskeintza)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nire lanagaitik, ondo dakit zer dakartsudan eta zertarako dan. Harria da, eta sendotasunez eraikitzeko erabilten dogu. Beraren antzekoa, eta gehiago oinarria dalako, da zure Seme Jesu Kristo gure alkartearentzat eta Eleizearentzat. Berak eusten deutso eraikuntza guztiari eta Beragan aurkitzen dau honek bere izatea.

Gaur eskeintza hau egitean, gure espiritu eraikuntza, gure alkartean haragi egiten dan zure Semearen Gorputza, eskeini gura deutsut, alkarte guztiaren izenean. Gure arteko batasunaren eta munduari buruzko zerbitzuaren esperientzia izan gura dau gure eskaintza honek.

Agurra

Senideok: bizirik dagoan aihenak fruitua emon behar dau eta, holan ez bada, mahatsondoak emoten deutsan bizia beragan ez dagoala adierazoten dau. Bere barruan ez dau mahatsondoren izerdirik eta arnasarik. Holan da fedea be: bizi eta hazi egiten da, fruitua emoten dau, Jesusegaz bat egiten, Jesusegaz alkartzen, konpromisoa hartzen. Jainkoagazko hartuemona eten ezkero, gure fedea ihartu egiten da eta ez da gauza gure bizia suspertzeko. Gure fedea berbazko autortza bihurtzen da, edukirik eta esperientziarik bakoa.

Senideok: lotan bagagoz, itzartu gaitezan Jaunagaz hartuemonak izateko. Era xume bat litzateke, astean zehar, Beragaz bakarka egoteko denporea aurkitzea. Zorioneko topaketea izan daigula Jesusegaz!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jaungoikoak bedeinkatu gaizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gaizala gatx guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berbizkundearen bidez salbatu gaituanak aberastu gaizala betiko biziaren sariagaz. E./ Amen.

- Eta bedeinkatu gaizala Jaungoiko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Zagoze Nigan, eta Ni zuokan;
Nigan dagoenak frutu asko emoten dau.”




PAZKO ALDIAN, domekarik domeka eta astegunik astegun, JESUS BIZIA GURE ARTEAN dagoala ospatzen dogu. Maitasunez hildako Jesus biztu egin dala eta gugaz bizi dala, eta gure aurretik joanaz bizira garoazala ospatzen dogu.

Hauxe da Pazko bosgarren domeka honetako mezua: Jesusek, bere adiskideakaz daukan alkarrizketa eroso horretan, Beragaz bere ikasleen hartuemonak zelakoak izan behar dauan azaldu gura deutse: mahatsondoari lotuta dagoan aihenaren jarrerearen modukoak. Holantxe bakarrik izan daiteke eta emon daiteke bizia. Beragaz bat egite hau da garantia bakarra eta fruitu egokiak emoteko bide bakarra (gaurko ebanjelioa).

Hori jazo zan Paulo apostoluagaz be: Biztutako Jaunagaz aurkitzen danean, Eleizearen jazarle eta arerio izatetik, Jaun horrengandik jatorkon bizi barriaren, izate barriaren, lekuko (testigu) sutsu bihurtzen da (lehenengo irakurgaia). Holantxe bakarrik izan ahal izango da Jaunaren maitasunaren lekuko, maitasuna dalako gure bizitzaren balioaren ziurtasuna (bigarren irakurgaia).

Jesusek bere ekintzari jarraitzeko, Ebanjelioa aintzat hartzeko eta Erreinua geureganatzeko, hau da, Jainkoaren maiteenak diran behartsuak askatzeko, gaitasunez ikusten gaitu. “Nigan sinisten dauanak, neuk egiten dodazanak egingo ditu eta baita handiagoak be”. Beragaz bat eginda egon behar dogu.

Horretarako, bere ekintzari jarraitu deiogun, bere ESPIRITUA emoten deusku; eta, horretarako, DOMEKERO batzen gaitu bere mahaiaren inguruan.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ni maatsondoa naz; zuek aienak"

(Jn 15, 5)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue