Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - HIRUTASUN GUZTIZ SANTUA - 2018.eko Maiatzaren 27a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak sinesmen eta anaiarteko batzar honetara.

Senideok: gaur HIRUTASUN SANTUAren jaia ospatzen dogu; Jainkoa bere misterioaren bihotzean eta agerpenik sakonenean ez dala bakardadea, FAMILIA dala gogoratzen deusku gaurko jaiak. Jauna komunikazinoa da, maitasunezko komunikazinoa, seme-alaba egiten gaituen Maitasuna, senide lez alkartzen gaituen Maitasuna, bere Espirituarekin munduan zehar bialtzen gaituen Maitasuna.

Gaur Eleizak, gainera, euren bizitzak otoitzari eta kontenplazinoari sagaratu deutsezan gizonak eta emakumeak gogoratu daiguzala nahi dau; milaka gizonezko eta emakumezko gure alde eten barik otoitzean. Gaur, batez ere, horreetako bakoitzaren alde jasoko dogu gure otoitza.

Hasi dadigun ospakizun hau.

“PRO ORANTIBUS” eguna:
KONTENPLAZINOZKO BOKAZINOEN JARDUNALDIA.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 4, 32-34. 39-40

Idazle sakratuak, antxinako gauzak begiratzera eta Jainkoa zelakoa dan aurkitzera bultzatu gura dau Israel herria: Berak askatu eban herria esklabotzatik, eta herri guztien artean herri aukeratua egin... Jainko askatzaile eta salbatzaile honen aurrean, herria zerbait egin beharrean aurkitzen da. Eta hortxe dago zoriontasun eta osotasun bidea. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 8, 14-17

Paulo apostoluak, Jaun Berbiztuarekin aurkitzearen aparteko esperientzia izan eban. Esperientzi horren muina agertzen deusku zati honetan. “Semeagan seme-alaba egiten garala” dinosku, eta Aitarengana seme-alaben hurkotasunean hurreratu geintekezala. Testigantza hau onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Mateo 28, 16-20

Mateoren ebanjelioaren azken zatia entzungo dogu. Jesusen MISINO BIALKETA agertzen jaku. Ebanjelioa iragartera eta bateatzera bialtzen ditu. Barri on hori onartzen daben guztiak bere ikasle izango dira. Eta hauxe da bermea: Jesusek berak parte hartzen dauala eginkizun horretan; euren erdian izango da beti. Mezu eta eginbehar ederra. Entzun daigun, onartu eta bialduak sentitu. Zutunik, ALELUIA abestuz prestatzen gara entzuteko.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaungoiko Aita-amaren seme-alabak izatearen konfiantzaz eta pozez, Jesu Kristoren bitartez eta Espirituaren laguntzaz, egin daiguzan gure eskariak.

1.- Munduan zehar zabaldurik dagoan Eleiz Amaren alde: bere burua familia lez, Jaunaren dohaien jasotzaile eta gizaki guztiei Jaunaren errukia iragarteko arduradun sentidu daiala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduan eta lurreko herri guztien artean bakea izan daitela, eta zuzentasuna eta pertsonearen oinarrizko eskubideak errespetatuz, gizakien eta herrien artean egiazko adiskidetzea lortu daitela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko edozein bazterretan sufritzen dagozan pertsona guztien alde: sentidu daiela eurengan Jaunaren indar osatzailea eta kristauon hurtasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Otoitzera eta kontenplazinora euren bizitza eskeintzen daben andra-gizonen alde: eurei begiratzea, gu Jaunarengana hurreratzeko lagungarri izan dakigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion eta gure alkartearen alde: agertu jakun bizi hirukoitzak gure artean komunikazino, laguntza eta maitasun handiagora zabaldu gaizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UME TALDE BATEK «AINTZA AITARI…» ABESTEN DAU

(Alkarteko ume guztiak edo aukeratutako ume batzuk egin leikee. Aurretik ensaiatzea beharrezkoa da. Abestu ondoren, euretariko batek aurkezpena egiten dau:)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, gaur benetan pozik gagoz, eta gure kantua poz horren adierazgarri da. Hirutasun Santuan goratzen zaitugu, Jauna. Zuen artean dagoan maitasunaren ezaugarri izan daitezala gure familietako hartuemonak.


“PRO ORANTIBUS” EGUNEKO HORMAKO KARTELAREN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike. Eta azalpena egiten dau:)

OTOITZA - AZALPENA: “Pro orantibus” eguna gogoratzen deuskun hormako kartela dakartsut, Jauna. Beragaz batera, gauza ederrak itzi, eta isiltasunean eta otoitzean zure bila dabilzan hainbeste gizonen eta emakumeren bizitza ederra eta isila aurkezten deutsugu. Sendotu eizuz, Jauna, eta zure Erreinuaren poza aurretiaz biziteko aukerea emon eiezu. Eta gu, batez be gazteok, zure deiari eta zure borondateari zabalik bizi gaitezala.


MAPAMUNDIAREN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona nagusi batek egiten dau; ahal dala politika, sindikato edo giza mailan konprometituta dagoan batek)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, mapamundi hau dakartsut; mundua zatituta dago; pobretasunak eta aberastasunak, larregikerian eta ezerezean bizi diranen arteko mugak argi markatzen dauz: Lehenengo mundu aberatsa Hirugarren mundu pobrearen aurrean. Guregan dagoana ipiniaz, alde horreek txikitzen, desagertzen joan daitezala da gure gogoa. Bateoaren bidez Zugaz bat egiten dogunok, gure arteko batasunaren alde eta herrien arteko hartuemon zuzenen alde lana egitera deituak gara.


GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Karitasen edo giza arloan konpromisoren bat daukan batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nire eta kristau alkartearen izenean gatzontzi hau dakartsut; mundua eraldatzera eta ebanjelizatzera deituak gara. Paulo herri batetik bestera ibili zan antzera, guk mundu honetan, daukaguzan oztopoak gaindituz, misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Gure gatza moteldu ez daiten, zure grazia behar dogu, Jauna.

Agurra

Senideok, Jaunagaz topaketea egiteak, Haren maitasun inguratzaileak, gure planteamentuak, jarrerak eta bizitza bera aldatzera konbidatzen gaitu. Topaketak gure maitasun esperientziaz jabetzera eta horren barri emotera eragiten deusku. Senideok, gure eguneroko bizitzara eta gure zereginetara bihurtzean, Jaunak deuskun maitasuna zabaltzeko kapaz izan gaitezala munduan eta gizartean. Horrela izan dadila!

Egun honetarako gogoetea

“Jaun bakarra, sinismen bera, Bateo bera
Jaungoiko Aita-ama bakarra"




Pazko aldiko liturgia bizi izan badogu, AITA, SEMEA eta ESPIRITU SANTUA be gogoratu jakuzala konturatuko gara. Hainbat aldiz urten dabe. Gaurko jai honetan, hirurak BATERA kontenplatzen doguz: HIRUTASUN SANTUAREN jaia da. Hau da: JAUNA ALKARTEA DALA. Hauxe da egun honen mezu nagusia.

Baten batzuk esango dabe: “misterio handi bat da”. Beste batzuk dinogu: “Bai, MAITASUNAREN MISTERIOA da”. Holakoxea da gure Jauna eta holantxe agertzen jaku: herriaren leialtasunik ezaren aurrean, Jauna leiala da; herria beragandik urrundu arren, Jauna bere herriaren ondoan dago; bere seme-alaba egin gaituan ezkero, "AITA", "AMA" deitzen deutsagun Jaungoikoa dogu.

JAUNGOIKO HIRUTASUNA sinistea gatxa dala? Ulertzea gatxa dala? Jauna maitasuna dala onartzea beste; eta maitatzen dauanak Jauna nor dan badaki; eta maitatzen ez dauanak (baietz pentsatu arren be) Jaunari buruz gitxi daki.

ZORIONTSUA JAUNGOIKO MAITASUNEAN sinisten dauana,
bere bizitzan argia izango daualako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zoaze... ikasle egizuez... Neu nago zuekaz egun oro azken-aldirarte"

(Mt 28, 19-20)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue