Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - KORPUZTI EGUNA - 2018.eko Ekainaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak fede eta anaiarteko ospakizun honetara.

Elizak gaur Jesusen Gorputz-Odol Santuen jaia ospatzen dau, hau da CORPUS CHRISTI. Pazko jaien oihartzuna lakoa da gaurko jaia eta, batez be, Ostegun Santuko Afariaren eta Eukaristiaren eraketaren oihartzuna.

Kristok bere presentzia agindu eta Eukaristia itzi euskun, guk, orain, geure bizitzan, benetako maitasun zeinu lez hartu dagigun. Eta holantxe gonbidatzen gaitu Jesusek testigu izatera; Jesusengan agertu dan Aitaren maitasunaren ogi zatitua eta egiazko presentzia izatera daroan Jaunaren bizi barria iragartera.

Jai hau bizi dagigun pozez eta alaitasunez.

KARITAS EGUNA

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Urteera 24, 3-8

Sinai mendian egindako Ituna gogoratuko deusku lehenengo irakurgai honek; hortxe oinarritzen dira Jainkoak bere herriagaz egindako beste itunak. Jainkoak, Moisesen bidez, bere nahia agertzen deutso herriari; herria, Jainkoaren nahia eta aginduak betetzeko konprometitzen da. Aske sentitzen dan herriak, askatu dauan Jainkoagaz leiala izatea nahi dau. Gure sinismen historiaren hasierako kontakizun hau entzuten dogu.


2. irakurgaia: Hebertarrei 9, 11-15

Itun barriak ez dau behar erreoparirik; hori agertzen jaku hebertarrei egindako idazki honetan. Jesukristoren odola nahikoa da gure leialtasun ezak eta pekatu guztiak parkatzeko, eta Jainkoaren aurrean beste era bateko opariak egiteko. Kristo dogu bitarteko bakarra. Entzun daigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Markos 14, 12-16. 22-26

Jesusek bere ikasleekin egin eban azken Afariaren kontaketa entzungo dogu: hortxe sortu zan EUKARISTIA. Hauxe dogu Pazko barria (askatasunaren jaia) eta kultu barria. Kristoren Gorputz-odolak hartzen doguzanean, bere heriotzean eta biztuerean ere bat egiten dogu. Hauxe dogu benetako BARRITASUNA. Jesusen doe hori onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak eraginda, zuzendu deioguzan gure eskariak eta preminak Jainko Aita-Amari, bere Semearen bitartez. Ziur egon gaitekez, bizitzarako behar dogun guztia emongo jakula.

1.- Elizaren alde: Jesusen Gorputz-Odolez janarituta, Jainkoaren Barri Ona guztiei eroateari gogotsu ekin deion. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztion alde: pertsona guztiei, diranik txikienei ere, begirunea izan deiegun, jakinik eurak be Kristoren Gorputza dirala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Eukaristia ospatzen dogun bakoitzean, ez dagigula egin ohikeria sozial edo erlijiosoz, barrutik baino eta alkartzen gaituan misterioa geureganatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ogiaren eta kulturaren, bakardadearen eta maitasunaren edo Jainkoaren gose diranak: aurkitu dagiela gugan solidaritatea eta izan daitezala aseak euren preminan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkartearen alde, Karitasen eta behartsuei laguntzen dabizan guztien alde: Jesusen Espirituak behartsuenenganako zerbitzuan eta maitasun ekimenetan haztera eroan daizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GARI GARAUEN ETA MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozeinek aurkeztu leike, baina ondo legoke garbitasuneko edo eleizea eta altarea prestatzen ibilten dan baten batek egitea)

OTOITZA - AZALPENA: Lurretik hartzen doguzan gauzarik ederrenetarikoak aurkezten deutsudaz, Jauna: gari garauak eta mahats mordoa. Baserritarren izerdiaren frutua dira. Ogi eta ardao eginez, gizakion jatekorik eta edatekorik oinarrizkoenak doguz. Zure Semeak be, beti gure artean geratzeko, bere Gorputzaren eta Odolaren adierazgarri lez ibili ebazan. Zure eguneroko eta amaitu ezineko maitasuna gogoratzen deuskue. Gaur, alkarte honen konpromiso lez aurkezten deutsuguz: gizakion goseak eta egarriak asetzen ahalegindu gura dogu.


ODOL EMOILE KARNETAREN AURKEZPENA

(Alkarteko odol emoile batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Odol emoilearen karnet hau eskeintzen deutsut, Jauna. Zure Semeak gugaitik bizia emonaz eta kurutzean odola ixuriz, jarraibidea emon deusku guk ere besteen alde zerbait egin dagigun. Zure Semeari jarraitzeak, lagundu deiskula gure bizitza ere opari eta zerbitzu lez hartzen. Bakarkerian eta norberekerian itxi dan mundu honen aurrean, zure Semearen testigu izateko behar dogun indarra eta laguntza eskatzen deutsuguz.


PITXARRA ARDAOAZ ETA OGI BIRIBILA AURKEZTEA

(Meza erasotzaileak egin leikie. Euretariko batek dino:)

OTOITZA - AZALPENA: Zeuk emondako ogia eta ardaoa eskeintzen deutsuguz, Jauna; lurraren indarrak eta gizakiaren lanak sortutakoak. Zuk, Espirituaren eraginez, guretzat zure Semearen Gorputz eta Odol bihurtuko dozuzanak. Bakarka eta alkarte lez guk behar doguzan elikagaiak dira. Bidean aurrera goazala, eta zure Erreinuaren betiko mahaian parte hartu arte, eurak mantentzen eta animatzen gaitue.


BATZEN DAN DIRUAREN AURKEZPENA

(Zerbait abesten dan bitartean, diru-batzea egiten da. Altara aurrera eroan eta hurrengo otoitz hau egiten da)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, poltsa hau, alkarte honek behartsuekaz daukan solidaritatearen ezaugarri lez dakartsut. Gareana emon eta gure ondasunak banatu. Zuk emon deuskuzu, baina gure artean ondasunak txarto banatuta dagoz: batzuk ugaritasunean eta besteak urritasunean aurkitzen dira. Zaindu egizuz, Jauna, zuretzat maiteenak diranak eta ikutu egizuz gure bihotzak beti zuzentasunaren eta solidaritatearen alde jokatu dagigun.

Agurra

Senideok, Jauna gurekin izatearen poza ospatu dogu. Kristoren gorputzak bakean alkartzen gaitu eta bizkortu egiten dau gure itxaropen ahula. Ospakizun hau amaitzean, banatu daigun guztiekin gure eguneroko ogia, eta gure bizieraz suspertu daigula, inguratzen gaituenen artean, egiazko Biziaren Ogi dan Kristoren gosea. Aste zoriontsu bat!

Egun honetarako gogoetea

"Zerutik jatsitako ogi bizia naz ni;
ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da"




Liturgiari jarraituz, KORPUZTI EGUNA ospatzeko alkartu gara; gure herriko jai ederrenetariko bat. JESUSEK agurtzerakoan bere alkarteari itzi eutsan oparia dogu hain zuzen be; Jesusen azken guraria edo testamentua dogu.

Jai hau -kanpoko eta kaleko adierazpen eta guzti- ez da hor amaitzen. KRISTOREN GORPUTZA gurtzea, Beragaz bat egitea da, bere izateaz, bere sentimentuakaz eta jarrerakaz. Kristoren Gorputza gurtzeak beste hau be eskatzen deusku: Kristoren Gorputzaren zati diralako, anaia-arrebengana errespetuz eta prestutasunez hurreratzea. Kristoren Gorputza altara gainean zatitu eta gure goseak asetzeko banatzen dogu; eta honek, gu be zatitzera, banatzera garoaz; gure inguruan SOLIDARIOAK izatera. Hau egiten dogun neurrian Jesu Kristoren gurariakaz bat egiten dogu, eta bene-benetan Korpuzti eguna ospatu.

Horregaitik, KARITAS EGUNA ospatzen dogu gaurko egunez. Mesedez, ez daigun ahaztu! Kristoren Gorputzari egin geunskion eskeintzarik ederrena dogu.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Au neure gorputza da... au, Alkartasuneko neure odola da"

(Mk 14, 22. 24)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue