Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - San Juan Bataiatzailearen jaiotza - 2018.eko Ekainaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak guztiok Jaunaren mahaiaren inguruan ospatuko dogun eukaristia honetara.

Salbamen historian garrantzi berezia euki eban pertsonai baten aurrean ipiniko gaitu gaur liturgiak: BIDE-ERAKUSLE dan Joan Bateatzailea.

Etorteko zana nor izango zan esanez, berari bidea prestatzeko eta bera onartzeko bizitza aldaketa bat eskatzen eban. Bere bizitzak eta bere mezuak girotuko gaitu gaurko ospakizunean. Bera eta bere mezua onartzeko prestatuz, Jesus Jauna onartzeko prestatzen gara.

Hasi dagigun ospakizuna gogo onez eta alaitsu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 49, 1-6

Amaren sabeletik aukeratua izan danaren kontzientzia dauko Isaias profeteak. Bere aukeraketa eta bere misinoa Jainkoaren dohaiak dira. Profeteak leialtasunez erantzuten deutso deiari eta herriaren aldeko misinoari. Prestau gaitezan profetak eskeini gura daben esperientzi berezia entzun eta onartzeko.


2. irakurgaia: Eginak 13, 22-26

Antiokiako Pisidia herriko judutarrei zuzentzen deutse Paulok bere hitzaldia, salbamenaren lerro nagusiak gogoratuz. Iragarritako salbamen mezua onartzera animatu eta gonbidatzen ditu. Joan Bateatzailea historia horretako kate-maila bat dogu. Onartzen dogu apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 1, 57-66. 80

Lukas ebanjelariak aurkezten deuskun “Haurtzaroko Ebanjelioaren” egitura, iragarpen bi eta jaiotza biren arteko loturan oinarritzen da: Joan eta Jesus. Gaurko ebanjelioak Jainkoaren eskua agertzen deusku Joan Bateatzailearen jaiotza kontatzerakoan. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Apaltasunez eta gure konfiantza Jainko Aita-Amagan ipiniaz, berari zuzentzen deutsaguz Eleizaren eta gizadiaren aldeko otoitzak.

1.- Eleizaren alde: Jainkoaren Hitza eta aldien ezaugarriak beti kontuan izan dagizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gure agintari eta mundu guztiko agintarien alde: gizaki guztien eskubideak errespetatuz, zuzentasunez jokatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaur egun ere PROFETAK behar ditugu: Eleizan eta munduan zapalduak diranen egoerak salatu eta bardintasunaren eta anaitasunaren alde bultzatu gaizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Euren bizitza eskeinduz besteen alde lanean dabizanen alde: Jesusen Espiritua eurekaz izan dagien eta gure laguntza eta solidaritateaz ere kontatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde: Joan Bateatzaileari jarraituz, Kristo Jaunarekin alkartzeko bidea erakutsi deiegun gure ingurukoei. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZIA (FAROLA) ISIOTUTA AURKEZTEA

(Alkarteko militante batek edo politika, sindikato edo erakunde baten sartuta dagoen nagusi batek egin leike. Argiontzia meza-emoileari emon eta honek altara gainean izten dau. Gero olan dino:)

OTOITZA - AZALPENA: Joan Bateatzailearen jaia ospatzen gagozan egun honetan, argiontzi ixiotu hau dakartsut, Jauna. Argi hau Jesu Kristo berbiztuaren eta profeta askok gizaldietan zehar bizi izan daben konpromezuaren ezaugarria da. Mundua eraldatzen, Eleizaren eta gizon-emakume askoren ahalegina agertu nahi deutsugu. Ahul eta behartsuen alde zagozan Aita-Ama ona, onartu egizu zure bihotz onez.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Gatzontzi bete hau, alkartearen, militante guztien eta nire izenean dakartsut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure Ebanjelioa zabaltzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez dakartsut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, naiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Emoiguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez daiten gezatu.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Sakramentuetan erabilten dan krisma ontzi hau aurkezterakoan, bateoan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genduan konpromisua gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Sarritan kontrako indarrak, lotseak edo bildurrak gehiago egiten deuskue. Emoiguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezan.


ONTZI BATEN LEGAMINAREN AURKEZPENA

(Alkarteko militante batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai dan legamin apur bat dakartsut. Gizarte gizakoiago, bardintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dot eskeintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onartu egizuz euren bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dogun laguntza eta gaitasuna eskatzen deutsugu.

Agurra

Senideok: Domeka honetan Joan Bateatzailearen jaia ospatu dogu; Jesusen Bide-erakusle eta bere autormen ederra eta garbia itzi euskuna. Berak Salbatzailea nor dan esaten deusku, nahi dauanak Beragaz aurkitzeko bidea erreztuz. Gure egiteko eta misinoa ere hauxe da: gaurko gizon-emakumeak ere Salbatzaileagaz aurkitu ahal daitezan bidea erakutsi. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Eta zu, haurra, Goi-goikoaren profetea izango zara,
Jaunaren aurretik joango zaralako Hari bideak prestatzera”




Gure kristau ibilbidean liturgiak gaur Jesus gure Salbatzailearen bide-erakusle izan zan Joan Bateatzailearen Jaiotza aurkezten deusku: esanguratsua dan pertsonai hau benetan ezagutzeko aukera ederra.

Gertatzen dana da: ume bat jaiotzerakoan, zer izango dan, bere ondoan zelan sentiduko garan, haunditzen danean zer egingo dauan... eta antzerako gauzak itauntzea. Orain dala denpora asko ume bat jaio zan eta bere jaiotza geroari buruz berba egiten deuskuen gauza harrigarriekaz beteta dago. Joan da ume horren izena. Bere jaiotzagaz asko poztu ziran.

Mesiasen zain egoanen BIDE-ERAKUSLE izatea izan zan Joanen MISINOA. Bere egitekoa aurrera eroatea asko kostatu jakon. Lehenengo desertuko bakardadean eta Jordan ondoan hezia izan zan; Herodesen aurrean, egia zaintzea tokatu jakon eta hartutako misinoa leialtasunez azkenerarte zaintzearren bere bizia emon eban. Bialdua izatearen ondorena da.

Baina zerbitzariak, amaren sabeletik Jainkoak aukeratuak (1 irakurgaia) hartutako misinoari erantzuteko behar dan indarra eta kemena Jainkoagandik hartzen dau. Holaxe agertzen jaku Joanen mezua eta bizitza osoa: Jainkoaren “EZAUGARRIEKAZ” beterik; Bateatzailea Jainko horren “bide eratzailea” da.

Kristau guztiok hartu dogu misino bat: “prestatu Jaunaren bideak”. Honen premina gorria dauka gaurko gure munduak, gure Elizeak eta gure alkarteak...! Eta “ebanjelioa argi eta garbi iragarri”: Zelako zeregina aurrean!

Joan Bide-erakuslearen jai zoriontsua!
Zoriontsuak “Jaunaren bideak prestatzen” dabizanak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jaunaren eskua aregaz egoan"

(Lk 1, 66)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue