Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 13. domekea - 2018.eko Uztailaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok, barriro alkartu gara Biziaren Jainkoa ospatzera.

Hauxe izango da domeka honetako liturgiak eskeintzen eta adierazoten deuskun mezu osoaren ardatza. Hemen dogu gainean heriotzaren ezpata zorrotza; baina berbaz eta keinuz, argi eta garbi, esango jaku zera: gizakia azken barik biziteko sortua dala, Jaungoikoaren erabagiz. Jaungoikoaren eskeintza honen agiriko aurpegia Jesus Bera da, Beragana zabaltzen diranentzat.

Gaur eta hemen egiten jakun konbite hau benetan da esanguratsua. Bere bizi eskeintza eta guzti, Jaungoiko horregaz bat egitean, munduak lehenbailehen behar dauan barri ona izan geintekez. Eta hau ospatu beharrekoa da. Hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1.- Irakurgaia: Jakituria 1, 13-15; 2, 23-24

Jakituria liburuan indar betean agertzen da Jainkoa bizitzaren sortzaile eta laguntzaile lez. Heriotzea eta hondamendia ez datoz Harengandik; Gaiztoaren ondamuz sartu da munduan. Entzun eta geureganatu daigun Itun Zaharreko Jakituriaren gogoeta hau, geroago Jesus Maisuak berretsia.


2.- Irakurgaia: 2 Korintoarrei 8, 7- 9. 13-15

Jerusalemgo Alkarteko anaia-arreba behartsuen alde egindako diru batzea aitatzen dau gaur San Paulo Apostoluak; eta Eleiza amagaz eskuzabalak izateko eskatzen deutse Korintoarrei. Jesus Bera jarten deutse eredutzat: aberats izanik, behartsu egin zan, gu aberastearren. Ondasunak alkar banatzea sinismenaren eta anaiartearen ezaugarria da. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa Markos 5, 21-42

Markos evanjelariaren erakutsiz, Jesus gaixotasunaren eta heriotzearen aurkako irabazlea da. Jesusek emakume gaixo bat osatzen dau eta inguruko handiki baten alabeari bizia bihurtzen deutso. Hau da, beti dihardu pertsonen ondo izatearen alde eta, aldi berean, handikeria itxurak alde batera itziz. Hauxe da Jainkoaren proiektua eta Jesusek hazur mamitzen dauana. Bizia dakarskun mezu hau entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen Espirituaren indarrak eraginda, agertu deioguzan gure eskariak eta beharrizanak gure Aita Jaungoikoari, bere Seme eta gure Anaia dogun Jesusen bitartez.

1.- Eleizearen alde: Jesu Kristoren opari garbiz bizi barriturik, bera ere gizon-emakumeen eta gizadi osoaren alde eskeintzen dan zerbitzari leial izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gizon-emakume guztien eta gure mundu osoaren alde: euren osasuna eta bizi iturria Jesu Kristogan aurkitu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko agintarien eta buruzagien alde: biziaren eta bakearen aldeko eragile tresnak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixotasunaren, urteen, etsipenaren, pobreziaren, injustiziaren eta ezinaren zama astunaren azpian dagozanen alde: egoera honetan bertan Jesusen presentzia aurkitu daien, eta gugan benetako alkartasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartu garean guztion alde eta gure Alkarte osoaren alde: gure bizitzan Jaun Berbiztuaren testigu izan gaitezan; eta ingurukoak pozez eta maitasunez kutsatu daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALDARE MAHAIKO KANDELAK PAZKO ZUZITIK BIZTUTEA

(Gaur Pazko Zuzia hasieratik egongo da biztuta leku agirian. Ospakizun buru egiten dauanak, hurreraturik, Pazko Zuzian isiotuko dau bere kandelea; gero mahai zerbitzariari emoten deutso, honek aldareko kandelak biztu daizan, baita ospakizunetan ohi diran beste guztiak be. Eskeintza egiten dauanak, hau irakurriko dau:)

OTOITZA - AZALPENA: Hemen gaituzu, Jauna, Zeuk biztu dozu gure bihotzetan zure Seme Berbiztuaren bizi barria. Zugana jo dogu otoitzean, behar dogun indarra eskatuz, gure bizitza era barri baten bizi daigun. Nik orain eta Alkarte osoaren izenean, aldareko argiak biztu dituan Argi honen keinuaren bidez, gu guztion bizitzak eskeini gura deutsudaz, eta bizi be Zeugandik eta zure Seme Jesu Kristo gure Jaunagandik biziteko konpromisoaz.


LORE TXORTA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein kidek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nire eta alkarte osoaren izenean, gure sinismena irudikatu nahi dauan lora txorta hau dakartsut. Zuk bakotxari deitzen deuskuzu eta erantzuteko era gure bizitzan Zuri leku egitea da. Apostoluen sinismenean oinarrituz, guk ere Jainkoaren Seme lez, gure izatearen Jauna eta gure bizitzen ardatz lez autortu zaiguzala. Zuk ondo ezagutzen dozuz gure sinismena autortzeko doguzan eragozpenak. Gure indar hutsez ezer gitxi ahal dogun ezkero, zure grazia eta laguntza eskatzen deutsugu.


UREZ BETETAKO ONTZI BAT AURKEZTEA

(Alkarteko pertsona heldu batek eskeintzen dau)

OTOITZA - AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, urez betetako ontzitxo hau eskeintzen deutsut, guk alkarri egiten deutsagun abegi onaren eta onartzearen ezaugarritzat. Egizu, arren, gainditu daiguzala oraingo errezeloak, eta geugan eta geure familiako txokokerian zarratuta egotea, kaltegarrizko indibidualismo eta norberekeria guztien gainetik. Egizu edozeinen aurpegian zure Semearena ezagutzeko grazia, eta, holan, onartu daigula edozein gizaki zure Seme Berbera izango balitz lez.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa dalako, hainbesteren artean BAT; besteak urtean zehar aurkezten joango gara, domeka eta jai egunetan bananduta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituan proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA - AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten deutsuguz gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak diranen alde diharduenen ekintzak, hain zuzen ere. (…Talde baten izena…) talde honen ekintzaren bidez aurkezten deutsugu. Onartu eizu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da euron konpromisoari esker, fededunak zein fede bakoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera, behartsuenakaz sentiberago eta eurakaz lotuago bizitzera eroan gaizuz.

Agurra

Senideok: gure artean dagoan Jesus Jaunaren poza ospatu dogu. Jesu Kristoren gorputzak eta odolak bere bizia eta Aitaren presentzia salbagarria komunikatu deuskue. Kristinauon Jaungoikoa bizira bihurtzen gaituana da. Eukaristiako mahaian parte hartu eta gero, gure bizitzan ospakizun honen ezaugarri izatera bialduak gara; izan be, hainbeste gizaseme eta emakume gaur egun horren premina gorrian dagoz. Jesusen Espirituak iraun daiala barrutik guri eragiten. Biziaren aldeko aste zoriontsua izan daizuela!

Egun honetarako gogoetea

“Jesu Kristo gure Salbatzaileak heriotzea desegin eban,
eta bizia argira atera eban, Ebanjelioaren bidez”




Kristau Alkarteak Jesusen atzetik joan behar dau, bere urratsak jarraitzeko asmoz; hain zuzen be, jakin badaki Berea dala biderik onena, Jainkoak bere bitartez eskeintzen deuskuzan dohai eta laguntzak hartzeko eta gozatzeko.

Domeka honetan, liturgiak eta Jaunaren Berbeak itxaropenez beteriko mezua eskeintzen deuskue: gure JAUNGOIKOA BIZITZAREN JAUNGOIKOA da: maite dau bizia, pertsona danentzat eta bakoitzarentzat nahi dau, eta beste edozeren gainetik zainduko dau. Hau bai mezu ederra eta, gainera, kontsolagarria!

Heriotza hor dago eta drama bat da; halan da be, gizakia bizitzara deitua da: hauxe izan da Jaungoikoaren proiektua eta hauxe berberau bere azken helburua. Izan be, Ebanjelioan agertzen dan Jesus, heriotzari gehiago egiten deutsana da, betirako azpiratuz. Bere berba danak, keinuak eta ezaugarriak hauxe erakusten deuskue: hauxe dala Aitaren proiektua, inondik inora eta ezergaitik be Berak uko egingo ez deutsan proiektua.

Domeka honetako ospakizunak hara nora eroan behar gaituan Jesu Kristo Berbiztuagan sinisten dogun guztiok: edozertariko heriotzearen aurka burrukatzera, eta bizia sortzera eta komunikatzera. Bere bizia arriskatu eta maitasunez emoten dauanak, besteengan itxaropena sortzen eta bizia komunikatzen dau, Jesusen antzera.

ZORIONEKOA bizia besteen alde emoten dauana,
BETE-BETEAN eta BETIRAKO beraganatuko daualako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neskato, zeuri dirautsut: jagi zaitez!"

(Mk 5, 41)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue