Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 14. domekea - 2018.eko Uztailaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara. Jesusek barriro alkartu gaitu Berbearen eta Eukaristiaren mahaiaren inguruan. Holan alkar banatzen dogu anaia-arrebekin gure fedea.

Gaur Jaunaren Berbeak barriro itauntzen deusku: zelangoa da Jesusi egiten deutsazun jarraipena? Eta itxura hutsetan gelditu barik gehiago sakontzeko, Jesusengan ezkutatzen dan misterioa bilatzeko, pausoa aurrera emoteko eskatzen jaku. Pauso hori emoten dauanak bakarrik esperimentatzen dau salbamena eta bere izatearen zentzua aurkitzen dau bere bihotzean; eta bakoitzaren bizitzako errealitatean Jaunaren urratsei jarraitzeko proiektua egiten dau. Ez dago aitzakiarik.

Ospakizun giro honetan ospatzen dogu Eukaristia.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 2, 2-5

Salbamen historian zehar, Jainkoak bere profetak emon deutsoz herriari. Ez ziran izan beti onartuak eta Ezekiel profeteak ere baztertua izango danaren susmoa dauka. Bere eginkizuna antzua dala ikusten dau, baina bere herriagaz arduraturik, Jainkoak hor jarraitzen dauala agertzen deusku. Profetearen bizikizun hau entzuten dogu.


2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 12, 7b-10

Ebanjelioaren iragarle haundia dogun Paulo apostoluak, bere txikitasuna eta ezina agertzen deuskuz, baina baita be bera bialdu dauanaren haunditasuna. Bere makaltasunean Kristoren kurutzearen indarra agertzera emoten deusku. Horrek, era bat hartuta dauka apostolua. Bere testigantza entzuten dogu.


Ebanjelioa: Markos 6, 1-6

Jesus, bere herri Nazareten agertzen jaku. Herritarrak betidanik ezagutzen daben lez, esaten dabenagaz sinistu ezinean dagoz. Aurreko profetakaz ere bardin gertatu zan. Herritarrak, bere itxuragaitik epaitzen dabe, Berak dakarskun benetako bizian erreparatu barik. Bere jarraitzaileontzat ere garrantzia daukan kontaketa hau entzuteko prestatzen gara, zutunik, ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaunaren seme-alaba sentitzearen konfiantzeak eraginda, jo daigun konfiantza osoaz Jaungoikoarengana eta aurkeztu deioguzan gure eta munduaren preminak.

1.- Eleiza osoaren alde: munduan Jaunaren eskua aurkitzen jakin, eta hor gertatzen diran errealitate barriekin konektatzea lortu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazino guztietako gobernuen alde: profeten ahotsak eta kritikak entzuteko erne ibiliz, lurreko behartsuenen bizi baldintzak hobetu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Bakea sendotu daiten behar egiten daben pertsona guztien alde: horreekin izan daitezela gure laguntza eta alkartasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Lanik, etxebizitzarik, edo zer janik ez dabenen alde: bakardadea, bidebakokeria edo jazarpena sufritzen dabezan guztien alde, beti eurekin izan daitela gure laguntza. Jaunak egin gaizala horreekin sentikorrak eta hur-hurrekoak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartu garan guztion alde: Jesusi entzun deutsagun ezkero, Bera izan daitela gure bizitzaren ardatz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau katekesiako arduradun batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Teologia edo Bibliako ezagutzaren ezaugarri lez eskeintzen deutsut liburu hau. Jakituria eta bihotzeko apaltasuna ez dira borrokatzen; benetako jakintsuak apala izaten daki. Jauna, guk, Zu ezagutzeko jakiturian eta esperientzian hasten joan nahi dogu, ingurua zure ikuspegiaz ikustera hurreratu gaitezan. Bete egizuz gure bihotzak zure Espirituaz, Zure antzera sentitu eta Zuretzako bizi gaitezan.


ALKARTEKO UME BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau aita edo ama batek egiten dau)

AZALPENA – OTOITZA: Jauna, nik neure seme/alaba dakartsut. Itxaropen hau daukat: bere bitartez bere antzeko bihotza izaten erakutsiko deustazula; bere antzera fiatu, sentidu eta umeak modukoa izan. Zure esana da: umeak lez ez bazarie egiten ez zarie sartuko zeruetako erreinuan. Nik eta hemen alkartuta gagozanok, partaide izan gura dogu Zuk eskeintzen deuskuzun bizi barri horretan. Aldatu eiguzu urteakaz beteta dagoan bihotza eta emoiguzu grazia, umeen antzekoak izateko.


BIDEETAKO MAPA BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, errepideetan zuzen ibili gaitezan, bideetako mapa hau aurkezten deutsut. Baina gaur beste hau agertu nahi deutsut: Aitarenganako eta bere Erreinurako bidean, Zeu zarala gure norabidea eta zuzendaria. Biderik ez deigula galdu.


FRUTUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko ume batzuk egin leikee ezkeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, frutu gozo eta ederrez beteriko otzara hau eskeintzerakoan, hurrengo hau agertu nahi deutsugu: guk ere arbola on eta osasuntsuak izan nahi dogula. Gure bizitzak antzuak barik emonkorrak izan daitezala. Zure graziari esker, kristau frutuak emon deiguzala.

Agurra

Senideok: Ezekielek eta Pablok lez, historian zehar hainbeste gizonen eta emakumeren antzera, guk be Jainkoaren deia sentidu dogu, gizakiei Kristoren barri iragarteko eta gure konpromisoaz Jaunaren testigantza emoteko deia. Kristo Jesusen Espirituak lagundu deiskula gure egitekoan. Kristau testigantza emonaz, aste zoriontsua izan daizuela.

Egun honetarako gogoetea

“Jaunaren Espiritua nigan dago;
behartsuei barri ona iragartera bialdu nau”




Hausnarketa txiki bat egiten badogu, gure barruan gogorra, sendoa eta segurua dana baloratzen dogu, eta hortxe ipinten dogu gure konfiantzea. Beste behin be, Erreinuaren eraginkortasuna beste bide batetik doa. Kasualitatea izango da!

Bizitzaren aurrean beste jarrera bat hartu geinkela agertzen deuskue hiru irakurgaiek: makal, txiki, ezer ez diranen lekua harturik, bizia dan Jaungoikoa hobeto ulertu geinkealako. Jainkoa gauza handietan eta harrigarrietan bila ibili ziranentzat, Jesusengan sinistea ezinezkoa suertatu jaken bere jatorriagaitik. "Ez ete da hau arotzaren semea...?".

Ez da erreza hau onartzea. Baina... ez ete dagoz hortxe gure ahalbide guztiak? Bakotxak daki norberaren makaltasunaren eta txikitasunaren barri. Gutariko gehienok muga asko daukaguz eta pertsona arruntak gara. Eta Jesu Kristoren Jaungoikoak hortxe egon gura dau; ez munduko handikien eta indartsuen artean, guri bizia emonez, gure makaltasunean baino. Bera osorik emonez, hauxe da itzi deuskun Barri ona. Arotzaren bizitza Biztuera zoriontsura heldu zan.

Makalen indarrean sinistea, Erreinuko dinamikan sartzea da; gizakion zoriontasuna aurkitzeko bide lez hartzea da.

ZORIONTSUAK Jaungoiko honegaz oker bideratzen ez diranak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Igarlea bere lurraldean bakarrik geratzen da gorapen bagarik"

(Mk 6, 4)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue