Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 15. domekea - 2018.eko Uztailaren 15a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak fede ospakizun honetara.

Senideok: Jainkoak aukeratuak izanaren poza ospatzera konbidatzen gaitu gaurko liturgiak. Jaungoikoak, gureganako maitasunak eroanda, banan-banan aukeratu gura izan gaitu; bere oinordetzaren, bere Aita-Ama maitasunaren hartzaile gura gaitu. Jaungoikoak bere antzeko eta bere irudira egin ginduzan eta gure bizitza berearen antzekoa izatea gura dau.

Gure bihotzak bizkortuz, fede ospakizun hau hasieratik poz-pozez bizi daigun

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Amos 7, 12 -15

Jainkoak, bere hitza Israeli iragarteko, Amos profeta aukeratzen dau, eta honek apaltasunez eta bihotz haundiz erantzuten deutso. Jatorkozan oztopoak gaindituz, bere eginkizuna zintzo betetzen dau. Jaunaren agindu eta indarragaz kontatzen dau. Bizitzako testigantza hau entzuten dogu.


2. irakurgaia: Efesokoai 1, 3-14

Jainkoak gugan pentsaturik daukan salbamen egitaraua gogoratzen deusku Paulo apostoluak. Jainkoak, gure merezimentuekaitik barik bere Seme Jesukristorenagaitik aukeratu gaitu, bere aurrean santu eta errugabe izatera. Onartu daigun konbidapen hau.


Ebanjelioa: Markos 6, 7 - 13

Jesusek, bere ikasleak aukeratu ondoren, binan-binan bialdu ebazan barri ona iragartera. Beragandik ikasi dabena iragarteko eskatzen deutse; pobre bizitzeko, mezua leialtasunez iragarteko eta behartsuekana hurreratzeko. Bizitzeko era barri bat! Barri on hau onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaunaren seme-alaba sentitzearen pozaz, jo daigun konfiantzaz Harengana eta aurkeztu deioguzan gure eta munduaren preminak.

1.- Munduko bazter guztietatik zabaldurik dagoan Jaungoikoaren Eleizearen alde: eskuzabaltasuna eta pobretasuna bizi daizan, gizakien preminen aurrean beti prest bizi daitela eta une guztietan Jaunaren nahiari leiala izan dakiola. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herrien arteko bakearen eta solidaritzaren alde: euren arteko hartuemonak ez daizala zuzendu ez armen indarrak ez interes ekonomikoak, zuzentasunaren eta bardintasunaren onarpenak baino. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Aurrean erabiliak, baztertuak eta zapalduak sentitzen diranen alde: euren duintasuna eta bardintasuna onartuak dirala esperimentatu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure aldiko apostoluen alde: ez daitezala nekatu Jaunarengan dan egia iragarten eta entzunak izan daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartutako eta Jaunak deitutako guztien alde: gure berbearen eta bizi konpromisoaren bidez, gizakien artean salbamen tresnak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATEOKO OSKOL TXIRLEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko arduradunak edo Bateoetako arduradunak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bateoetan ura botateko erabilten dogun oskol hau dakartsut. Keinu honegaz, eskerrak emon gura deutsudaz, zure seme-alaba izateko eta zure zerbitzurako aukeratu gaituzulako. Gure meritu bakarra zure eskuzabaltasuna da. Horregaitik, gure eskerrik beroenak.


KRISMA ONTZITXOAREN AURKEZPENA

(Katekista batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik olio bedeinkatuaren ontzitxo hau dakartsut; beragaz igurtziak izan gara, Zugandik jatorkun indarra hartu, eta munduaren erdian gure fedearen testigantza emon daigun. Onartu, Jauna, gure otoitza eta emoiguzu gure munduan eta kultura honetan zure lekuko biziak izateko grazia.


ESKU BETE GARI GARAUNEN AURKEZPENA

(Alkartean baserritar bat balego, berak egiten dau eskeintza. Eleiza atzean dagoan ontzitik esku bete gari garau hartu eta altara inguruan dagoan beste ontzi baten izten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzeko erabilten ditudan eskuekaz eskeintzen deutsudaz gari garau honeek, Jauna; bizitzaren eta guk bizia izan daigun zure Semeak egiten dauan ereinaldiaren ezaugarri lez eskeintzen deutsudaz. Ereintza horrek, Jauna, gugan lur ona aurkitu daiala eta zuk itxaroten dozuzan frutuak emon deiguzala. Guretzat hain erreza ez dan ekintza honetarako zure laguntza eskatzen deutsugu.


ATERKIN BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ni aterkin bategaz nator. Zure eskarien aurrean sarritan aterkina zabaltzen dogu ez “bustitzeko”, zure Hitzaren eskariak ez betetzeko. Sarritan beste leku batera begiratu dogu edo hori, beste pertsona batzuentzat dala pentsatu dogu. Jauna, aldatu egizu gure bihotza, zure Hitza onartzeko eta zure eskakizunak betetzeko prestatuz.

Agurra

Senideok: Jesusen agindua kontuan hartuta, Eleizeak eta kristauok triunfalismo barik, doi-doi beharrezkoa danarekin, pertsona eta herri guztien giza eta erlijio askatasuna errespetatuz bete behar dogu gure egitekoa. Oso garrantzitsua da gure misinoa eta ez dau atzerapenik ametitzen. Denporea bizkor doa eta asko dira salbamenaren eta osasunaren preminan dagozan gizonak eta emakumeak. Badogu zeregina. Zorioneko konpromisoa Erreinuaren alde!

Egun honetarako gogoetea

“Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
argitu daizala gure bihotzeko begiak,
dei egiten deuskun itxaropena zein dan ulertu daigun”





Maisuaren inguruan alkarturik, bere lana gugan egiten jarraitzen dau: Jaungoikoaren salbamena da eskeintzen deuskuna, gertatu dakigun gauzarik ederrena lez. Hauxe da bere mezua.

Hamabosgarren domeka honetan, hauxe da BARRI ONA: “Jaungoikoak Jesu Kristorengan aukeratu ginduzan -Berak holan nahi izanda- bere seme-alaba izatera”; aurrez aukeratu ginduzan Jesu Kristoren bidez. Gure txikikeria, fideltasun eza eta pekatua kontuan euki barik aukeratu ginduzan. Hona hemen Jaunaren handitasuna eta edertasuna!

Geure ahalbideagaz eta indarragaz baliatzen garan gizon-emakumeoi kosta egiten jaku hau ulertzea; eta batez be Jauna holakoa dala ONARTZEA. Ebanjelioak gogoratzen deusku: Barri On hau xumeak eta apalak bakarrik onartuko dabe.

Jesusentzat hori oso garrantzitsua izan zan. Horregaitik aukeratu ebazan apostoluak, eta berbakaz eta keinuakaz Barri On hori iragartera bialdu ebazan. Eginkizun horretarako oztopo dana (etxea, ondasunak...) bertan behera iztea eskatzen deutse, momentuak eta eginkizunak holan eskatzen daualako.

Gaur, GEU gara DEITUAK, AUKERATUAK eta BIALDUAK eginkizun berberera. Geure ordua da!

ZORIONTSUAK MISINORAKO deia entzuten dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Biñan-biñan bialtzen asi zan"

(Mk 6,7)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue