Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 16. domekea - 2018.eko Uztailaren 22a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara.

Jesusek bere adiskideekin topo egiten dauala kontatzen deusku ebanjelariak. Apostoluak Maitasuna dan Jaungoikoa iragartetik itzultzean, Jesusek harrera ona egiten deutse eta alkarri entzuteko, atsedena hartzeko, beharra ondo eginez eta alkar banatuz gozatzeko moduko leku lasaira konbidatzen ditu.

Guretzat Eukaristiak izan behar dau Jesusen presentziaz beteten gaituan leku lasaia; asteko lanen eta nekeen ostean indarbarritzen gaituana eta gure konpromisoari adore barriz begiratzen lagunduko deuskuna.

Oporraldia gozatzen dogun guztiok aurkitu daigula leku lasai hori, atsedena hartu eta gero indarturik itzuli gaitezan. Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 23, 1-6

Artzainaren porrota ikusten dau profeteak artalde sakabanatuan. Irudi bardinaz baliatuz, artaldea sakabanatzen ez dauan taldetik ardirik botaten ez edo galtzen ez dauan artaldea batzen eta bizira gidatzen eta zuzentzen dauan artzainaren itxaropena bizten dau Jeremiasek. Hor egongo da Jainkoa, bere herriarentzat jakinduria, bakea, zuzentasuna eta segurtasuna eskeintzen. Onartu dagigun profezia hau.


2. irakurgaia: Efesokoai 2, 13-18

Jainkoaren salbamen asmoa ezagutzera konbidatzen gaitu Paulo apostoluak. Kristo da gu batzen gaituena eta bakea dakarskuna. Kurutzeko misterioak, banaketak desegin, eta Espirituari esker egoera barri baten sartzen gaitu. Gogoeta hau onartzen dogu.


Ebanjelioa: Markos 6, 30-34

Jesusen ikasleak euren misinotik datoz eta Jesusek bakardadean hartu nahi ditu euren bizikizunak entzuteko eta animatzeko. Inguruetako jendea ere zerbaiten gose-egarri da eta jarraitu egiten deutsoe. Artzainik bako ardi lez ikusten ditu eta euren artzain izateko prestatzen da. Kontaketa hau entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaunaren seme-alaba sentitzearen pozaz, jo daigun konfiantzaz Harengana eta aurkeztu deioguzan gure eta munduaren preminak.

1.- Eleizearen eta hori gidatzen daben artzainen alde: inongo irabazi interes barik zerbidu daiezan gizakiak eta euren ardurapeko artaldea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nahasturik, ilusino barik eta euren bizitzaren zentzuna eta bidea aurkitu barik dabilzanen alde: Jaunaren Berbean aurkitu daiela argia eta kristauengan itxaropenaren testigantza. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Bakarrik eta laguntza barik bizi diran pertsonen alde: esperimentatu daiela gizakiengandik hurrekoa dan Jainkoaren maitasuna. Eta gu egin gaizala senide horreentzat sentikorrak eta hur-hurrekoak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gidatuko eta zuzenduko gaituan artzainaren preminan gagozan guztion alde: Jaunak sortuazo daizala bokazino barriak gure herrien zerbitzurako. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako Alkartearen alde: zabaldu daizala leihoak jendeen eta taldeen errealitateaz, gizarteko gosetuen eta baztertuen egoereaz konturatu daiten. Egin gaizuz solidarioak eta konprometituak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MUSIKA KASKOEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike)

AZALPEN - OTOITZA: Gazteok, musika entzuteko asko erabilten doguzan kasko honeek dakartsudaz, Jauna. Bata bestearengandik aldentzen gaituenez, bakardadearen ezaugarri dira. Gaurko gizaki askoren arazo lez aurkezten deutsuguz. Bakardadea, laguntasunaz konpondu daitekean ezkero, konpromiso hori geureganatu gura dogu: besteen ondoan egotea eta laguntzea.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Gizon heldu batek egin leike)

AZALPEN - OTOITZA: Jauna, erlojupean, presaka, heldu ezinik, “estresatuta” bizi diran hainbeste andra-gizonen ezaugarri lez dakartsut erloju hau. Niretzat eta hemen gagozanontzat konpromiso hau eskuratu gura dogu: arazo sortzaile barik, atseden eta baretasun sortzaileak izatea.


MEDIKAMENTU BATEN AURKEZPENA

(Medizina kutxarekin nahikoa da. Ahal dala osasun arloan lana egiten dauan batek aurkezten dau)

AZALPEN - OTOITZA: Jauna, errukiaren ezaugarri izan nahi dauan medizina hau dakartsut; kristau alkartearen ezaugarri on bat da errukia. Hori nahi dogu: besteentzat medizina bizkorgarria bihurtu. Besteen zauriak osatuko dituen gantzu eta olio izan. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izan. Zure Seme Jesukristok egiten eban antzera egin nahi genduke: lehen Berak, eta orain gure bitartez osatzen jarraitu.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Pastoral kontseiluko arduradunak egin leike)

AZALPEN - OTOITZA: Jauna, makila hau dakartsut. Agintarien ezaugarria dogu. Beronegaz, zerbitzurako prest nagoela agertu nahi deutsut; horixe da izan ere zure familia osotzen dogunon ezaugarria. Zerbitzu hori betetzen jarraitzeko zure laguntza eskatzen deutsut. Gure alkarteko danok alkarren zaintzaile eta laguntzaile izan gaitezala.

Agurra

Senideok, goazen orain, lanerako prest, bizitzara eta zereginetara, Jainkoaren planak aurrera egin daian eta artzain bakarra onartuko dauan artalde bakarra izan daiten. Ez gaitezala ahaztu bakea, zuzentasuna, maitasuna eta senidetasuna ereiten gabilzan lekuan, Jauna beti dagoala gure aldamenean. Jainkoaren Erreinuaren alde jokatutako aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Nire ardiek nire ahotsa entzuten dabe,
nik ezagutzen dodaz, eta atzetik jatortaz”




Eginbeharra handia danez, MAISUAK, Jesus Jaunak ALKARTU gaitu, bere jarraitzaileok adoretzeko eta indarbarritzeko. Bere konbidapena onartu edo bertan behera itzi geinke. Geuregan dago. Bere eskeintza benetakoa da; Berak ez dau egingo atzerantz.

Domeka honetan (uda-udan) proposamen hau egiten deusku Berak: “Zatoze leku baketsu honetara atsedena hartzera”. Konbidapen hau, gaur eta hemen, GEURETZAT DA. Jesusen jarraitzailea gaur egun be nekatu egiten da: Barri Ona iragartearen poza eta nekea alkarregaz bizi dauz. Eta Jesusek bere ondoan atsedena hartzera konbidatzen gaitu.

Gaurko gizakia gauza askok ipinten dau ito larrian; gu be bai: urduritasunak, presaka ibilteak, gehiagoren egarriak... eta ez dogu lortzen bila gabilzan BAKEA izatea. Atsedena behar dogu; bere ondoan atseden hartu. Beragandik bakarrik etorriko jakuz bila gabilzan bakea eta baretasuna.

Konbidapen eta aukera ederra dogu gaurko domeka hau. Jaungoikoa bera da gu zaintzen gaituan ARTZAINA (1. irakurgaia); “ORAIN Kristo Jesusengan zagoze” (2. irakurgaia). Zer gehiago eskatu daiteke! Edertasunez eta ontasunez betetako mezua dogu. Geureganatuko bagendu..!

Domeka zoriontsua!
“BERAGAZ EGOTE” zoriontsua izan daizuela.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Artzain bagariko ardiak lez ziran"

(Mk 6, 34)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue