Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 17. domekea - 2018.eko Uztailaren 29a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ospakizun honetan, erdigunea eta behinena, Jesusen Mahaia, Berbearen eta Eukaristiaren mahaia dogu.

Jesusi entzun guran hurreratzen jakon jendearen gogo beragaz etorri gara ospakizun honetara, gu be Biziaren Ogiaz janaritu gagizan. Holan, ba, Joan Ebanjelariak kontatzen deuskuna da ospatuko doguna.

Jesusek daukagun apurra be alkarbanatzera, daukaguzan gauza txikietan sinestera, gonbidatzen gaitu; doguna hartutakoa dogula konturaturik, esker oneko izan gaitezan eta gitxiago daukeenekin alkarbanatzen jakin dagigun.

Eukaristia honek lagundu deigula gure kristau bokazinoa aurkitzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: 2 Erregeak 4, 42-44

Entzungo dogun zati honetan Eliseo profetea agertzen jaku Jainkoaren eta gizakien arteko bitartekari. Bere hitzari esker, urritasuna, ugaritasun bihurtzen da eta danak jango dabe.. Gerotxoago entzungo dogun Ebanjelioaren aurrerapena dan zati hau onartzen dogu. Entzun dagigun.


2. Irakurgaia: Efesotarrei 4, 1-6

Erroman, katepean dagoan Paulok, Efesoko kristauei euren sinismena zaintzeko, karitatean eta bakean bizitzeko eta ezbardintasunak apaltasunez gainditzeko eskatzen deutse. Gaurko kristauoi ere egoki jatorkuzan aholkuak. Onartu daiguzan bere testigantza eta beren gogoetak.


Ebanjelioa: Joan 6, 1-15

Jesusek, Jainkoaren erreinua hitzekaz eta askatasun ekintzekaz iragarten dau; gaurkoan, ogiak ugaritu eta jendeari jaten emon. Jainkoaren egitasmoan, hitza eta ekintza lotuta doaz eta hori da agertzen jakuna hemen. Prestau gaitezan gogoeta hau barneratzeko, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Aurkeztu deiogun Jainko Aitari bere seme-alabok anai-arreben alde egiten deutsagun otoitz apal eta uste osoz betea.

1.- Eleizearen alde: bizitzeko beharrezkorik ez daukon jendea onartzen jakin dagiala, lagundu deiola egoera horretatik urteten eta jakin dagiala gure munduko bidegabekeriak salatzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Jesukristori jarraitzen deutsagun kristauon alde: egiten dogun guztia haren maitasunaren islada izan daitela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Euren burua baketzeko bide bila diharduenen alde: ez dagiezala itxi euren bihotzak Jainkoaren Berbearen aurrean eta hor ase daitezela euren bilaketa egarriak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Hirugarren Munduko herrien alde eta gure inguruan zer janik ez dabenen alde: bihurtu gagizala horreekin solidarioak eta jakin dagigula daukagunetik alkarbanatzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure (Parrokiako) Alkartearen alde: jakin dagigula pertsonen gauza txikiak -esker ona, zerbitzu isila, ahalegin etenbako eta zintzoa- behar dan lez baloratzen, erraztu dagiguzala pertsonen arteko hartuemonak, egiazko familia-giroa sortzen laguntzeko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



OGIAREN AURKEZPENA

(Alkarteko helduen artetik edozeinek aurkeztu daike ogi eder bat, Eukaristiaren ezaugarri lez. Eskeintza ostean, Batzarburuak altarako mahai gainean jarten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Begiratu, Jauna, ogi eder hau dakartsut. Gure oinarrizko janariaren ezaugarria da. Bera ez daukelako, mundu honetako miloika gizon-emakume gosearen menpean dagoz. Zure Eukaristiaren ezaugarria bere bada: gizon-emakumeei emondako zure Gorputza. Emoiguzu gaur, Jauna, zeure Gorputzaren indarra, zeure Semearen heriotza eta biztuera gaurkotzeak dakarzan konpromisoak bete ahal dagiguzan.


ARDAOZ BETETAKO PITXARRAREN AURKEZPENA

(Alkarteko beste edozeinek egin daike. Ogia gizonezkoak aurkeztu badau, bidezkoa da ardoa emakume batek eskeintzea. Batzarburuak, eskeintza eskuratzen dauanean, lehen egindakoa egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, ardao onez betetako pitxar hau dakartsut. Gizon-emakumeen egarria asetzen dau eta gure bihotza alaitzen dau neurriz edaten danean, jaiaren zoriontasunean danok bata besteari hurreratuz. Zure Semeak, bere nekaldian eta Kurutzean, gure alde ixuri eban Odolaren ezaugarria bere bada. Bere bidez, maitasunaren eta zuzentasunaren frutua dan mundu ezbardina lortu daitekela azaldu gura dogu. Zapalkuntzarik, ezbardinkeriarik eta bidegabekeriarik bere barruan izango ez dituan mundua.


ESKU HUTS BATZUEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek, katilu antzera ipinitako esku huts batzuk aurkezten ditu)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Zu zara gure itxaropena eta gure aberastasuna; guk ez daukagu ezer. Zure grazia hartzeko gure prestutasuna bakarrik dogu. Zuk bete daizuzan zain dagozan esku huts honeen bidez, horixe da gaur eskeintzen deutsudana.


KARITASEKO AZKEN HORMA IRUDIA AURKEZTEA

(Karitasen dabilen batek egin leike. Ondo legoke, gero, ikusteko lekuan iztea)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Karitaseko horma irudi hau dakartsut; nahi eta ez, pobretasunaren arazoa gogoratzen deusku, bai Eleizeari eta baita gizarteari be. Abots bakoen abotsa ez daitela isildu; gure alkartasuna gehitzen joan daitela. Euren arazoak eta salaketak Eleizan eta gugan izan daiela oihartzuna eta euren preminetara hurreratu gaizala.

Agurra

Senideok: entzun dogun Jainkoaren Berbeagaz konprometituta, eta alkarteak eta hartu doguzan Jaunaren Gorputz-Odolek indartuta, eroan dagiguzala gure bizitzara gure fedearen erantzukizuna eta konpromisoa. Kristogaz alkartzea gizon-emakumeekin alkartzea dala adierazteko prest egon gaitezala gure bizitzan. Aste honetan holan bizi gaitezala eta Erreinuaren egitasmo honetan aurrera egin dagigula. Kristau testigantza zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Profeta handi bat sortu da gure artean.
Jainkoak ikustaldia egin deutso bere herriari”




Jesus Jaunagan dogun FEDEA eta Beraren egitasmoaz aurrera joteko dogun konpromisoa BARRITZEKO batu gara. Aitaren egitasmoa bera da hau: anaikorragoa, zuzenagoa dan mundu BARRIA. Hor neurtzen da gure fedea. Bere Berbeagaz eta Bizitzaren ogiagaz janaritzera etorri gara. Hori da proposamena.

Gaurko Ebanjelioak barriro aurkeztuko deusku EZAUGARRIETAKO bat (berba garrantzitsua Joanen Ebanjelioan): ogien eta arrainen gehitzea da. Gerotxoago eskeiniko deuskunaren aurre-iragarte lez, alkarbanatzearen ezaugarri hau izten deusku Jesusek: BER BERA, BIZITZAREN OGI lez, hurreratzen jakozanen eta euren bizitzan onartzen dabenen goseak asetzeko gaitasunaz. Izan bere, Jainkoak ez deutse hor konpon egiten gizon-emakumeen minei eta bakartasunari; hori erakusten dau bere Semeagan. Honek errukia izan eutson gosetutako gizataldeari. Jesusen antzera errukitzen danak, gehitu egiten ditu bost ogiak.

EUKARISTIA (=Ogi zatitzea) ospatzea gure bizitzak betetzen dituan Ha geureganatzea da; Berak egiten dauan lez alkarbanatzea da; Beragan adierazoten dan anaitasuna eraikitzen lan egitea da.

Holan, barriro bere, gure fedean HAZTEKO deia egiten jaku, Jesusen erara biziaz, eta, Bera lez, anai-arreben gosea asetzen ahaleginduz. Bakoitzak ahal dauana eginez, egin eta bete daiteken gauza bihurtzen dau miraria.

Zoriontsua, Jesusen antzera, BIZIAREN OGI egiten dana,
ERREINUAREN EGITASMOA gozatuko daualako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Auxe da, benetan, mundura etorteko dan Profeta"

(Jn 6, 14)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue