Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 18. domekea - 2018.eko Abuztuaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak. Jesukristo berbiztuagaz bat egiteko pozik alkartzen gara.

Bere Hitzagaz eta Bizitzako Ogiagaz janaritzeko gogoaz etorri gara Eukaristia ospatzera. Jesusek, indarrez gogoratuko deusku gaur, gure gose guztiak ase leikezan janari bakarra Bera dogula. Eta berari jarraitzeko eta bere egitasmoa aurrera eroateko JANARITU beharra daukagu. Apaltasunez bere Hitzaren eta Ogiaren mahaira hurreratzen gara.

Ospakizun honetan, Jaunak argitu gaizala eta gure bihotza berotu dagiala, benetan Beragaz eta anai-arrebakaz alkartzearen poza bizi dagigun. Hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Urteera, 16, 2-4. 12-15

Idazle sakratuaren arabera, Jainkoak leial jarraitzen dau bere herriaren alde egindako agintzarian; egoera ezbardinetan eta beharrizan guztietan, Berak zainduko dau. Baina Jainkoaren doea ez da errez ezagutzen, Jainkoak berak agertzera ez badau emoten. Esklabotzatik askatua izan dan herria, Jainkoak berak janaritzen dau. Kontaketa hau, Jesusek eskeiniko deuskun Ogi Biziaren aurrerapen bat lez da. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Efesotarrei 4, 17. 20-24

“Gizon zaharraren” jokabidea baztertu eta Jainkoaren arabera egina dan “gizon barriaz” jaztera konbidatuko ditu Paulo apostoluak Efesoko alkartekoak. Biziera barri hori ikasi beharra dago; bestela usteltzeko arriskuan jausten gara. Entzun daigun bere gogoeta bizi eta sakon hau.


Ebanjelioa: Joan 6, 24-35

Joan zan domekan entzun genduan arrain eta ogien ugariketa ondoren, ebanjelariak bere gogoeta eskeintzen deusku: jendetzaren gosea asetzea ez da nahikoa; “haruntzago” joan behar da; Jesusengana heldu eta pertsonearen benetako gosea kentzen dauan Bizitzako Ogia aurkitu Beragan. Hauxe da bizitza sakontasunez bizitzea, eta horixe da Jesusek eskeintzen deuskuna. Gogoeta sakon hau entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsagu gure otoitza; bere seme-alabok anai-arreben alde konfiantza osoz egiten dogun otoitz apala dogu.

1.- Jainkoaren Eleizearen alde: bere Hitzez eta Ogi Bizi janarituz, gizaki guztien ongizatearen alde lan egin dagian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Aita Santu, Gotzain, abade eta pastoraltzan lanean dabizan guztien alde: gure gizarteko behartsuenak eta baztertuak beti kontuan izan dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gorputzean edo espirituan preminan sentitzen diranen alde: Kristogaz aurkitzearen poza izan dagien eta gure hurtasuna sentidu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Parrokia eta kristau alkarte guztien alde: gure bizitza osoa Eukaristian oinarrituz, anaitasun eta solidaritzaren testigantza emon dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde: gure bizitzak zaindu eta aurrera egiteko indarra, betiko Hitza eta Ogi Bizia eskeintzen deuskun Kristogan aurkitu dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BASERRIKO OGIA ETA PITXAR BETE ARDAUAREN AURKEZPENA

(Meza laguntzaileak egin leike. Euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jainko Jauna, ogia eta ardaua; Zugandik, lurraren indarretik eta gizakiaren lanetik hartutako frutuak doguz. Zure Espirituaren indarrez, guretzat zure Semearen Gorputz eta Odol bihurtuko dira. Bakarka eta alkarte lez, zure Erreinurako bidean behar ditugun janaria eta edaria dira. Gaur, BANATZEAREN ezaugarri ere izan gura dabe: pertsona guztiak ahora zer eroan euki daiela. Onartu, Aita-ama, gure eskeintza hau eta gure artean solidaritatea nagusitzen joan daitela.


INAUSTEKO ARTAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek inausteko artaziak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, inausteko artazi honeek dakartsudaz. Badakigu zertarako diran: sobra dagoana kenduz, bestea indarbarritu. Zure Semearen jarraitzaileok ere gauza askori ezetza emon behar deutsagu, frutu ugariak emoteko gai izan gaitezan. Ebateak min emoten dau, baina zure Semeari jarraitzeko mesederako izan jakula, bere Ebanjelioa bizitzeko.


JAI EGITARAUEN AURKEZPENA

(Alkarteko familia batek egin leike eskeintza hau; euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, inguruan jai giroa dogun ezkero, jai batzuen egitaraua aurkezten deutsugu. Jan-edanean eta batetik bestera ibiltean ez gaitezala gelditu. Famili bizitza, alkarrizketa eta gure hartuemonak sakontzeko une berezi lez aprobetxatu daiguzala. Jaien alderdi baikor hau aurkitzen eta bizitzen lagundu eiguzu, Jauna.

Agurra

Senideok: benetako bizia izateko, Jesusegaz eta bere egitasmoagaz lotuta egotea eskatu jaku gaur. Pertsonak barruan sentitzen dogun gosea, Berak bakarrik ase leike. Bila dabilen gizakiari, bere Hitza eta Ogi zatitua eskeintzen deutsoz. Hor janaritzen gara eta hor egiten dogu bat, Jainkoa dan misterioagaz. Eukaristian entzun, ikusi eta bizi izan dogunaren testiguak izatera bialduak gara. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jaungoikoaren ahotik urteten dauan Hitz guztiz baino”




Jesus Jaunagan dogun SINISMENA BARRIZTATZEKO, eta berak hasitako proiektua, Aitaren proiektu ber-bera, aurrera eroateko alkartzen gara: mundu BARRI bat, anaikorragoa eta zuzenagoa. Hortxe neurtzen da gure kristau izatea. Jainkoaren Hitzagaz eta Bizitzarako dan Ogiagaz janaritzera etorri gara.

Domeka honetan, liturgiak aukera hau eskeintzen deusku: Moises BARRIA eta benetako Maisua dan JESUSEN mezua norberaganatu eta sakondu. Joan zan domekan ere, OGI BIZI lez aurkeztu jakun; euren bizitzetan onartzen daben guztien gosea asetzeko prest dagoana. Gaurkoan ere gai bardinagaz jarraituz, entzulea otoitz eta erregu giroan sartzen dau: “Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik”.

Gutariko bakotxak, andra eta gizon, bizitzan segurtasun batzuk bilatzen doguz; bizitzan aurrera egiteko, egonkortasuna ere beharrezkoa dogu. Gure eskabidei erantzuteko prest dogu Jesus; gizakiaren bihotzean sortzen diran goseak asetzeko prest eta behar dauan segurtasuna eskeintzeko prest. Hauxe da gaur eskeintzen jakun mezua.

Desertuan Jaunak bialdutako “ogi zuria”, Jesusek bera onartzen daben guztiei eta bere alkarteari eskeinduko deutsen Bizi Ogiaren aurrerapena da. Horretarako, Paulo apostoluak, “Jainkoaren arabera egina dan gizaki barriaz” janztera konbitau gaitu. Jesukristo berbiztuagaz aurkitzetik datorren izaera barri horregaz jabetzera; adimenez eta bihotzez barriztatzera.

Hemen aurkitzen gara gu ere, Jesukristo gure Jaunaren oinatzak jarraitu nahian; gure bizitza betea eta argia izan daiten, Beragana hurreratzen gara: “Nigana datorrena ez da gosetuko eta nigan sinisten dauana ez da behin ere egarrituko”. Ba ete dago eskeintza hoberik!

Zoriontsua bere bizitzan Jesus ONARTZEN dauana,
betirako dan JANARIA izango dau!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neu naz bizitza-ogia"

(Jn 6, 35)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue