Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 19. domekea - 2018.eko Abuztuaren 12a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak, anaia-arrebok alkarturik Jaunaren mahai inguruan egiten dogun batzar honetara.

Eukaristian Jesus da gu betetzen gaituana. Berak daukan onena emoten deusku: gure janaria eta kristau bizitzarako adorea emoten deusku. Luzea da bidea, gure indarrentzat astunegia. Zailtasun eta oztopo handiak aurkitzen ditugu Jesusi jarraitzeko; nekea, eguneroko ohikeria, adorerik eza. Baina Jesusen “herritarrak” baino zori hobea daukagu: guk badakigu bera dala Jainkoaren Seme maitea.

Horregaitik ez gagoz bakarrik: Jainkoak, Aita-Ama on lez, Ogi bizia emoten deusku. Aukera egokia gaurkoa geure buruari itauntzeko: EUKARISTIA zer da guretzat? Gozatzen ditu gure neke-minak? Gizon edo emakume barri izateko indarbarritzen gaitu? Gauza gara Berak proposatutako maitasunean biziteko?

Eukaristiak lagundu deiskula Bere Berbean fidatzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 19, 4-8

Elias profetea desertuan zehar nekatuta doa, indar barik sentitzen da eta kerizpean jezarrita, nekea, ezina eta makalaldia sentitzen dau. Urten bide lez, Jainkoari heriotza eskatzen deutso. Baina eskeintzen jakon ogiaz janariturik, bideari ekiten deutso eta mendi santuraino heltzen da, Jainkoaren benetako aurpegiagaz aurkitzeko. Bizi kontaketa hau onartzen dogu.


2. irakurgaia: Efesotarrei 4, 30 - 5, 2

Paulo apostoluak agertzen deuskunez, pekatuak gure arteko hartuemonak zikintzen eta gogortzen dauz. Jainkoaren antzekoa izatera deitzen dau alkartea; ontasunean eta errukian Jainkoaren antzeko izan eta Jesusen Espirituaren kontra doan guztia baztertu. Alkar ulertzera eta parkatzera deitzen gaitu. Onartu dagigun apostoluaren gogoeta.


Ebanjelioa: Joan 6, 41-51

Ogi biziaren gogoetaz jarraitzen dau gaur ere Jesusek ebanjelioan. Eta gaur bere entzuleoi, hauxe dinosku: ogi honetatik jaten dauana, betirako biziko da. Jesus dogu zerutik jatsitako ogi bizia. Ogi biziari buruzko katekesia geureganatzen goaz. Prestau gaitezan gaurkoa entzuteko, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesus Ogi Biziaren bidez, aurkeztu deiogun Aita-Amari gure otoitz apal eta uste osoz betea.

1.- Eleizearen alde: munduko eta pertsona bakotxaren historiako desertuan zehar, emon deiela gizaki guztiei elikatzen eta indartzen dauan Ogi bizia, Jainkoaren maitasunaren ezaugarri izateko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Ilusinoa galduta, etsita, hainbeste arazok larrituta aurkitzen diranen alde: alkarbanatzeko gauza izan gaitezala eta gure testigantzak lagundu deiela gure bizitzei zentzuna emoten deutsen Kristo aurkitzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Baztertuenei laguntzeko erakundeetan dabilzanen alde: gure alkartasunak ez deiela hutsik emon eta lagunduak eta onartuak sentidu daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixo eta hil-zorian dagozanen alde: Eukaristian Jesusen indarra eta laguntza sentidu dagien eta gure hurtasuna ere izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure (parrokiako) alkartearen eta ospakizun honetan alkarturik gagozanon alde: Eukaristiak lagundu deiskula batzuetan aintzat hartu ez ditugun apalak eta xumeak aurkitzen eta onartzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HATX HARRI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, hatx harri honegaz, gure indarra eta aterpea zarala autortzen dogu. Baretzen gaituan eta zure bakea dakarskun hitza entzun nahi dogu. Inguruak ez deusku eskeintzen giro hori, baina guk holan bizi nahi dogu. Zure Seme maitearengan daukagun sinismenean sakonduz, bere laguntza sentidu deigula gure ibilbidean.


HONDARTZARA JOATEKO ERABILTEN DOGUN ESKUZAPI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte edo heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, gure gizartean “itxura onekoa” izatea, eta horretarako eguzkia hartzea, eguneroko gauzak dira. Eskuzapi honek, oporretan gagozala agertzen dau. Jauna, oporraldiak, geure izateaz eta Zugaz aurkitzera eroan gaizala. Benetako atsedena hartuz, indar barriekaz bihurtu gaitezala gure zereginetara.


DIRU POLTSATXO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, diru poltsatxo hau, kontsumo zalekeriaren aurka gagozala agertzeko dakartsugu. Jauna, zuk badakizu gazteok tentaldi ugari izaten ditugula. Salmo egilearekin batera dinotsut: “urrundu gugandik Jauna baztertzea”. Eta Pedrorekin: “norengana joango gara? Zuk betiko bizitzaren hitzak dozuz”. Bihotz-bihotzez eskerrak emoten deutsudaz, Jainko Aita, zure Seme Jesukristogan sinistea emon deustazulako.

Agurra

Senideok: eguneroko bizitzara itzuli behar dogu, eta hara eroan behar dogu, Jaunaren Gorputza hartzerakoan, geurea egin dogun konpromisoa: bizitea tokatu jakun munduan, Jainkoa presente eta sinisgarri egitea. Bera izan daitela gure babes nagusia. Bizi daigun holantxe! Ebanjelio testigantzaz beteriko aste zoriontsua izan daizuela!

Egun honetarako gogoetea

“Neu naz zerutik jatsitako ogia;
ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da”




Jesus Jaunak, bere jarraitzaileen prestakuntza zaintzen dau. Eta egia begi bistan dago: bere herria eta batez be arduradunak eta agintariak ez eben errez ulertu eta gitxiago onartu Jesusek eskeintzen eban mezua. Holan, gaurko ebanjelioan entzungo dogu “judutarrak Jesusen aurka berba egiten ebela”; izan be… Beragan sinistea ez da batere erreza.

BIZITZARAKO OGIARI buruzko katekesiagaz jarraitzen dau domeka honetan. Lehenengo irakurgaiak eta ebanjelioak OGIAREN esanahi sakonari buruz berba egin deusku; Elias, ogiagaz elikatzen da; Jesus Bera da “zerutik jatsitako ogi bizia”. Etsita, dana bertan behera izteko, hiltea Jainkoaren misinoaz aurrera egitea baino gurago dauan Profetearentzat; edota ebanjelioa jarraitzeaz nekatuta dagoan fededunarentzat, biderako janari eta indar emoile jakun ogi lez agertzen jaku Bera. Hain erreza ete da dana? Guzti honetaz zer ulertzen dogu? “Umeentzako kontuak” ete dira?

Mezua hauxe da: gizakion gosea asetu leikean janari lez emoten jaku Jaungoikoa; iragarpen lez (profetearen irakugaia) edo errealitate lez (ebanjelioa). Euren bizitzetan hartu gura dabenentzat, Jainkoak bere Seme Jesus eskeintzen deusku janari lez. Horregaitik da bizitzako ogia eta itxaropen ogia, bizitzaren zentzunaren bila dabilzan gizakientzat.

Jaunari eskerrak damotsoguz emoten deuskun janariagaitik:
JESUS BERBERA.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neu naz zerutik jatsitako ogi bizia"

(Jn 6, 51)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue