Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 20. domekea - 2018.eko Abuztuaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara!

Senideok: domekea dala-eta, hemen gagoz barriz ere gure fedea beste anaia-arreba batzuekin batera ospatzeko, gure itxaropena suspertzeko, gure maitasuna barritzeko eta sustatzeko.

Bizitzako egoerak eta ardurak dakarguz Eukaristiara: krisi ekonomikoa eta egoera latzak; herrien arteko aitu-ezinak eta gerrak; gosez hilten diran hainbeste lagun; era guztietako eta osatu ezineko gaisotasunak; alkarrizketarik eza eta ondoren lez bakerik eza gure gizartean eta herrialde askotan....

Jakin badakigu ez gagozala bakarrik. Jainkoak berak konbidatzen gaitu lagunentzat prestatuta daukan mahaira; bere Semearen Gorputza emongo jakun mahaira. Bere mahaitik parte hartuz, bere antzera besteen alde gure bizia emotera deituak izango gara.

Eukaristiak indartu gaizala, maitasunaren indarrez, guztientzat emondako bizitza posible egin daigun.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Esaera Zaharrak 9, 1-6

Testamentu Zaharreko irakurgai honetan, egile sakratuak, Jakituria, Jainkoa bera lez dala, esango dausku. Berak prestatzen dau otordua eta danok konbidatzen. Jesusen Eukaristia otorduaren aurrerapena da. Gogoeta hau entzuteko prestatzen gara.


2.Irakurgaia: Efesotarrei 5, 15-20

Paulo apostoluak, zuhur bizitzera konbidatzen ditu bere alkarteko kideak; bizitzako arrisku eta tentaldien aurrean, neurritsu jokatzera; une guztietan Jesusen Espirituagaz bat egitera. Gogoeta esanguratsua. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Joan 6, 51-58

Gaur ere Ogi Biziaren katekesiagaz jarraitzen dau ebanjelioak. Jesusek entzuleen eztabaidei erantzuteaz batera, Eukaristiaren sakontasunean murgiltzen gaitu. “Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauanak, badauka betiko bizia”, esango dausku. Mezu eder hau onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen Biziaren Ogiaren bitartez, aurkeztu deiogun Aita-Amari gure otoitz apala eta konfiantzaz betea.

1.- Eleizeak zintzo eta eten barik aurkeztu deiela Ebanjelioa gizaki guztiei. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Aita Santu, gotzain, abade eta laiko konprometituen alde: Eukaristia izan daitela bizi iturri eta ebanjelizatze lanaren ardatz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Bakea gertatu daiten Euskal Herrian, Palestinan, Israelen, Iraken, Sirian…, munduko herrialde guztietan, eta alkarrizketarako eta tolerantziarako bide barriak zabaldu daiguzala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- BORONDATEZKO laguntza eta besteen onerako euren lana eskeintzen daben andra-gizon guztien alde: euren ekintza ederrean zintzo jarraitu eta Jaunaren bedeinkapena izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako Alkartearen alde: abade, gazte eta helduok ipini daiguzala gure bizitzak pobreen, behartsuen, gaixoen, azkenengoen alde. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KURUTZE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike. Saman erabilten dogun kurutze txiki bat alkarteko buruari aurkeztu eta gero, dino:)

OTOITZA - AZALPENA: Jesu Kristoren jarraitzaileon ezaugarri baino gehiago, askok saman apaingarri lez erabilten dogun kurutzetxo hau eskeintzen deutsut: neure izenean eta alkarte osoaren izenean aurkezten deutsut; nahiz eta munduak indar handia izan, Jesu Kristori benetan jarraitzeko gogo eta erabaki lez dakartsugu. Bizitzako arazoak eta kurutzeak ez gaizala bota atzera, eta uneoro eta guztientzat maitasunez emondako bizia izan daigun.


LUR GLOBO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau; gizarte zerbitzuren baten dabilen batek egiten badau, hobe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ume eta gaztetxoak mundua hobeto ezagutzeko eta gehiago maitatzeko gizarte ikasketetan erabilten daben lur globo hau dakartsut. Eskuetan harturik, inor kanpoko edo atzerritar barik danok uritar sentitzeko, gizaki askok amesten daben auzo haundi hori dirudi.

Jauna, arrazakeri eta erlijino ezbardinak sortzen dabezan gorrotoak desegitea eskatzen deutsut. Jesusen jarraitzaileok, baztertzaile barik bateratzaile izan gaitezala. Tolerantziaren, alkarrizketaren, alkar ulertzearen eta maitasunaren lekuko egin gagizuz.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKEINTZA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza apurtzen dauan munduko beste sufrimentu bat aurkezten deutsut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekaz arduratuta bizi diran Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten deutsudaz; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dogun pertsonak gehitzen joan gaitezala.


KATILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egiten dau. Katilua hutsik dago; sinismendun lez betetzen joateko konpromisua hartzen dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu honegaz, nik eta kristau guztiok hartzeko daukagun jarrera agertu nahi deutsut. Mariaren antzera eta zure lekuko izan diran askoren antzera, zure Hitza eta zure grazia hartzeko prest gagozala agertzen deutsut. Eurak barik txiki gelditzen gara eta Zugandik urrunduta bizi. Jauna, bete egizuz gure bihotzak zure graziaz.

Agurra

Senideok: Jesu Kristoren heriotzaren eta biztuerearen oroitzapena ospatu dogu. Eukaristian parte hartu eta Kristorekin bat egin dogu. Orain, mundura bialduak gara, mundua antzaldatzera, banaketa eta egoismoa nagusi diran lekuan ospatutako bizia ereitera, Jainkoarekin eta senideekin alkartuta biziteaz berba egiten deuskun Berbea indartsu bizitera. Holan izan bedi! Ebanjelioko testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Nire haragia jaten dauanak eta nire odola edaten
nigan bizi da eta ni beragan”




Gizaki guztiok daukagun guraririk bizienetarikoa BIZIA da; biziteko gogoa, osotasunean bizitekoa. Aspaldian eta leku guztietan entzuten doguzan esaldiak dira: “bizi kalitatea”, “bizi baldintzak hobetzea…”.

Domeka honetako mezua, apartekoa da! “Ogi honetatik jaten dauanak betiko bizia izango dau” esatera ausartzen da Jesus. BERA dan OGIA eta munduari eta bere jarraitzaileei eskeintzen deutsen ogia da. Egia ete da? Edo beste barik Jesusen “handikeria” bat izango ete da?

Gaur, JESUS, BIZIAREN eta ITXAROPENAREN ITURRI lez eskeintzen jaku sinismena dogunoi; betiko biziaren hazia daukana; gure bizitza erabarritu eta animatu leikeana. Baina horretarako EBANJELIOKO BALORE sakonenetara BIHURTU behar gara: apaltasuna, urritasuna, guztiekazko alkartasuna, txikiak eta ahulak onartzea, benetako adiskidetasuna, Aita-Amagaz aurkitzearen poza; hau da, Jesusek bere bizitzan sakontasunez bizi izan ebana, Aitaren egitasmoa norberaganatuz.

Jesusek eskeintzen deuskun OGI honegaz ELIKATZEKO prest gagoz? Benetan gure gose-egarriak asetu leikezan Harengan gure konfiantza osoa ipinteko besteko jakintsuak izango ete gara?

ZORIONTSUA BIZITZAKO OGIAGAZ elikatzen dana:
bere bizia OSOTASUNERA deitua izango da!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ogi onetatik jan dagiana, betiko bizi izango da"

(Jn 6, 51)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue