Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 21. domekea - 2018.eko Abuztuaren 26a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak, senideok, sinismen eta anaitasun batzar honetara!

Hemen gara barriro be domekan eta Jaunaren presentzian alkartuta. Jaunaren Berbea entzutera, Jaunaren Mahaian elikatzera etorri gara. Suspertu daigun gure bihotza, poztu gaitezan benetan: Jauna gurekin dago. Berak emoten deusku fedearen dohaia. Berak ipinten gaitu bere ondoan joateko gogoa. Jaunak egiten gaitu Jesus Jaun eta Maisu lez autortzeko gai.

Prestau gaitezan gure ospakizunari hasierea emoteko. Jaunak zabaldu daizala gure begiak eta gure bihotza, Pedro Apostoluarekin batera esan izan daigun: “Betiko bizia dabe zure irakatsiek”. Hauxe dogu Berari jarraitzeko era, eta Jesusen dohaia eta bere Barri Ona gure anai-arrebei proposatzeko era bakarra.

Sentimentu honeek geureganatuz, hasierea emoten deutsagu Eukaristiari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Josue 24, 1-2. 15-18

Israel herria Egiptotik askatua izan da. Agindutako lurrean dagoan herriari, Josuek aukeratu beharra eskatzen deutse: Jave Jainkoa jarraitu, edo-ta mendean hartutako herrien jainkoak gurtu. Herriak, Jainkoagaz leiala izateko hitza emon eban. Gure aurretikoen sinismen ibilbidearen kontaketa hau entzuten dogu.


2. irakurgaia: Efesotarrei 5, 21-32

Paulok, ezkontzaren irudiaz baliatuta, Kristoren eta Eleizearen arteko batasuna aldarrikatzen dau. Ezkontzako leialtasuna, bata bestearen alde arduratzea da Jaunak Eleizeagazko dauan arduraren irudia. Kristo da gu bakotxaren alde bizia emoten dauana. Entzun dagigun, bihotz onez, gogoeta sakon hau.


Ebanjelioa: Joan 6, 61-70

Orain entzungo dogun ebanjelioagaz, Jesusek Kafaurnen egin eban Biziaren Ogiari buruzko berbaldia amaitzen da. Jesusen berbak gogorrak dira eta entzuleei gatx egiten jake ulertzea. Batzuk alde egin eben ez eutselako ulertzen. Beste batzuk, tartean apostoluak, nahiz eta ulertu ez, jarraitzea erabagi eben. Jesusen irakatsiak astiro-astiro ulertzen joango dira. Gu, bere mezua entzuteko eta onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesus eredutzat hartuta, bizitza osoan Aitaren nahia egiteari eta pertsonei on egiteari emonda ibili zalako, eskatu daigun, senideok, gizon eta emakume guztien eta euren preminen alde.

1.- Jaungoiko Eleizearen eta hor pastoralean zerbitzuan dabilzanen alde: Kristorekin bizi daben batasuna gizaki guztientzat salbamen zeinu eta iturri izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Lurreko nazino guztietako agintarien eta, batez be, gure herrikoen alde: herrien buru izatearen erantzukizunaz konturatu daitezan eta ezinduen eta baztertuen alde jokatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Fedean zalantzak daukiezanen alde: Jaunaren Espirituak argitu daizala eta gure bizi testigantzak sendotu daizala euren ahulaldian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ezkonduen alde: Jainkoak deuskun maitasunaren ezaugarri eta sakramentu izan daitezan eta euren seme-alabak giza baloreetan eta kristau baloreetan hezi dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan aurkitzen garan guztion alde: Jaunaren graziak indarturik, gure fedearen eta alaitasunaren testigu adoretsuak izan gaitezala munduaren eta gizakien aurrean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Pastoral kontseiluko arduradunak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau dakartsut. Agintarien ezaugarria dogu. Beronegaz, zerbitzurako prest nagoela agertu nahi deutsut; horixe da izan ere zure familia osotzen dogunon ezaugarria. Zerbitzu hori betetzen jarraitzeko zure laguntza eskatzen deutsut. Gure alkarteko danok alkarren zaintzaile eta laguntzaile izan gaitezala.


MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Bere familiagaz hurreratzen dan aita batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure familia eta munduko familiak irudikatzen dituan mahats mordo hau dakartsut. Errama ahul batek garaun ezbardinak batu eta lotzen dauz; gure familietan ere ezbardinak gara, baina batasunean bizi nahi dogu. Gurari hau eskeintzerakoan, zure laguntza eskatzen deutsugu bizitzan zehar egi bihurtzen joan gaitezan.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Eraikuntzan erabilten dan harria eta arlo horretan lan egiten dauan batek eskeintzen dau)

OTOITZA – AZALPENA: Etxeak sendotasunez egiteko erabilten dogu harri hau dakartsut, Jauna; hor oinarritzen da eraikuntza. Gure alkartea eta Eleizea Jesukristogan oinarritzen da.

Bere jarraitzaileok osotzen dogun eta zure egon leku dan kristau alkartea eskeintzen deutsugu. Mundu honen erdian zure Seme Berbiztuaren lekuko izateko konpromisua eskuratzen dogu. Batasunean bizi izanaz munduaren zerbitzari izan nahi dogu.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egingo dau eskeintza)

OTOITZA - AZALPENA: Zure Seme Berbiztuaren ezaugarri dan kandela isiotu hau dakartsut, Jauna. Bere argiaren inguruan batu ebazan Harek lehenengo kristauak, alkarte bizietan. Gure alkartean benetan biziteko eta alkarbanatzeko gogoa eskeintzen deutsugu lehenengo, eta baita, bigarren, alkartetik urten eta, geure berben eta bizitzaren bitartez, zeu gizon eta emakumeei aurkezteko gogoa be. Horretarako, emoiguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.

Agurra

Senideok: kontua ez da “nora” goazen, “norengana” goazen baino. Jesusen ondoan bizi dan Pedrok nahiago dau Harekin jarraitzea, askorik ulertzen ez badeutso be, Jesusen berbetan betiko bizia aurkitzen daualako. Eta gu norengana joango gara? Jaunak lagunduko ete deusku bizi emoile izaten, eta gure berbak zentzunez bete leikie hainbestek bizi daben egoera hutsala. Jaunak, bere graziaz, lagundu deiskula gure konpromisoei leialak izaten. Alkarte irekia izanik, gaixoen, hirugarren adinekoen, langabetuen, ahulenen, Jaunaren kuttunengandik hurrago bizi gaitezan. Jaunak egin gaizala horreekin guztiekin hurreko eta solidario. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsu bat!

Egun honetarako gogoetea

“Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira;
zuk betiko biziaren hitzak dozuz”




Gaurko ebanjelioak, entzun daitekean aitortzarik ederrenetarikoa eskeini deusku: “Jauna, norengana joango gara? Zuk betiko biziaren hitzak dozuz”. Politak, ederrak eta hunkigarriak Pedroren berba honeek.

Gaur egun hainbeste zentzun bako berbakaz, beteko ez diran promesakaz, nazkatuta gagoz. Berbea eta irudia ez jakuz falta; alderdi guztietatik inguratuta gagoz. Irratiko edo telebistako botoitxo bat ikutzea nahikoa dogu. Baina baita gure hartuemonetan be: berba eta berba isildu barik eta sarritan ezer ganorakorik esan barik. Baten batek, “isiltasunaren bildurra” deitu deutso egoera honi. Eta isiltasuna egiten danean, zentzun bako edo berba arinekaz, sakontasun bakoakaz apurtzen dogu isiltasuna.

Kristau alkarteak be ez dagoz egoera horretatik kanpora. Horregaitik ez dago argi, entzuten deuskuenak ulertzen ete dabezan “espirituaz eta biziaz beteriko” berbak (gaurko ebanjelioa).

Jesusen berbea beste era batekoa da: biziaz, egiaz eta gardentasunez betea; Aitari eta gizakioi deuskun maitasunetik sortua. Gure bizitza indartuko eta bizkortuko dauan Jesusen berba horren preminan gagoz gizakiok! Kristauok be, Jesusen antzera, berba errezakaz, egiaz eta biziaz beteriko berbakaz hitz egingo deuskuenen preminan sentitzen gara!

Itzi daiguzan barritsukeriak!
Egin daigun ISILTASUNA, Berari ENTZUTEKO
eta Berak ERABARRITU gaizan.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuk betiko bizitzako berbak dozuz"

(Jn 6, 68)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue