Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 22. domekea - 2018.eko Irailaren 02a

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Jaunaren eguna ospatzera.

Senideok: Jaunaren Berbea entzuteko, Jesu Kristoren heriotzaren eta biztuerearen oroigarria ospatzeko alkartu gara gaur be, domekero egiten dogun lez.

Oporraldiko etenaren ostean, geure betiko zereginetara, ordutegietara eta lanetara eta, beharbada, betiko ohiturakerietara itzultzen gara. Une egokia hauxe gure KRISTAU IDENTITATEAZ, gure ohiturez gogoetea egiteko. Baleiteke kristau bizitzan oinarrizkoa danetik desbideraturik ete gabizan susmoa izatea; benetan sinistu behar dogunaz, kristau lez egin beharrekoaz, ospatu behar dogunaz egin behar dogu gogoetea.

Eukaristiak lagundu deiskula fedea bizitza dala eta bizi bihurtu behar dala aurkitzen; garrantzi txikia dabe lekuak eta uneak. Hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 4, 1-2. 6-8

Irakurgai honetan, Jainkoak Berberak askatua sentitzen dan Israel herriaren ibilbidearen zati bat entzungo dogu. Moisesek Jainkoaren legea betetzera bultzatuko dau herria, bere laguntza eukitzeko eta agindutako lurra lortzeko bide lez. Legearen bidez Jainkoa herriagandik hur dago eta hor agertzen da herriaren leialtasuna. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Santiago 1, 17-18. 21b-22. 27

Santiago apostoluak Jainkoaren Hitza onartzera konbidatzen dau bere alkartea. Hitz hori, sinismendunen bihotzean landatua izan da eta kristau frutuak emotera deitua dago. Eguneroko bizitzarako dei eder bat egiten jaku.


Ebanjelioa: Markos 7, 1-8a. 14-15. 21-23

Herriak, erlijinoa eta giza ohitura batzuk nahastatzen ebazan eta Jesusek argi izten dau bere jokaera: bihotz garbitasunak zuzentzen dau gizakion bizitza. Hor dago bai benetako zeregina. Jesusen irakatsia onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen bitartez Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsagu gizon-emakume guztien alde egiten dogun eskari erregua.

1.- Jaungoiko Eleizearen eta hor pastoral zerbitzuari emonda bizi diranen alde: fede eta bizitza bat etorri daitezala eta beste guztiontzat eredu bizi gertatu daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko nazino guztietako agintarien, batez be, gure herrietakoen alde: herrien gidari izatetik daben erantzukizunaz konturatu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Barri Ona entzuteko aukerarik ez daben eta holango mezurik onartzen ez daben pertsona guztien alde: euren bihotzak Ebanjelioaren mezura zabaltzeko grazia emon daiela Jesusen Espirituak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Otoitzean alkartu garan guztion alde: Jainkoaren hitza jarraituz eta Jesusen konbitea onartuz, gure bihotzak barriztatzen ahalegindu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure (Parrokiako) Alkartearen alde: gure jarrerak eta konpromisoak sakontasunez barriro ikusten lagundu deuskuen Jesusen berbak onartzeko gauza izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



EBANJELIO LIBURUAREN AURKEZPENA

(Ume, gazte edo nagusiekaz katekesian arduratzen dan batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelioak aurkezterakoan, zure Seme Jesukristo onartuz, bertan dakarrena jarraitzeko gogoa agertzen deutsugu. Zure jarraitzaileon liburua dogu. Bertan oinarritu nahi dogu gure bizitza. Gure bizitzak berenarekin bat egitea nahi dogu. Lagundu eiguzu, Jauna, gure gogoak eguneroko bizitzan egi bihurtzen. Emoiguzu indartuko gaituen zure Espiritua.


BATEO AGIRI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Bateoko Agiri honegaz, Zuk eskatzen deuskuzun lez bizitzeko konpromisua hartzen dogula agertu nahi deutsut, Jauna. Bateatua izatea eta zure Hitza entzutea ez dira nahiko; Zuk, eguneroko kurutzea hartu eta Ebanjelioa gure bizitzako bide lez jarraitzea eskatzen deuskuzu. Borondate onez egiten deutsugu eskeintza hau, baina badakigu zure grazia eta laguntza behar dogula horretarako.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunkari bat dakartsugu. Inguruko eta munduko, eguneko gora beherak agertzen dira. Gauza onak oso gitxi agertzen dira; bestelakoak ugari dira: gerrak, zuzengabekeriak, erasoak... Gizakiok zelakoak garan agertzen deuskue. Egoera horreetan ere Zu aurkitzen zara eta hitz egiten deuskuzu. Gure sinismenak argitu gaizala egoera guztietan Zugaz bat egiten eta zure nahia betetzen.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten deusut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dot. Bizi usaina da, Biztuerearen lurruna. Eta Alkarte osoaren izenean eskatzen deutsut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure berbeten, gure bizikeren eta jokabideen bitartez, Jesus berbiztuaren bizi barriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezala.

Agurra

Senideok: Kristau izatea eta Jesukristoren jarraitzaile izatea gure ekintzekaz eta bizitzagaz agertu behar dogula entzun dogu. Egiten doguna bihotzez egin deigula; bizi frutuak emoteko bihotza barriztau behar dogu. Gure bizitza poztuko dauan egiteko ederra dogu aurrean. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Herri honek ezpanez goratzen nau,
baina bihotza Nigandik urrun dauka.
Emoten deustan gurtza hutsa da”





Sarritan gertatu dan antzera, gaur be bai, krisialdiko tentazinoa “lehengoari eustea”, edo “gaurkoa bakarrik dala baliokoa” sinistea da nagusiena, bizi izandako esperientziakaz inungo loturarik izan barik.

Jesusek gaurko ebanjelioan planteatzen deuskun gaia hauxe da; eta sasoi haretako pertsona erlijiosoak (farisearrak) lehengoari hain lotuak egozanez, bizitzari, hazteari, sinismenari eta benetako erlijinoari oztopoak ipini besterik ez eben egiten. Gizadiaren historia zaharra!

Eta gogoan eukitekoa: FEDEA, TRANSMITITZEN dan BIZIA da; eta ez betirako eta ikutu ezineko arauak edo formulak. Zoritxarrez, gaur egun be sinismendun asko dagoz ezertarako balio ez dauan “lehengoari edo beti egin danari loturik” eta benetako egiatik bazterturik.

“Betiko gauzak ERA BARRI BATEN BIZITEA” da gaurko ebanjelioaren proposamena, nahiz eta eguneroko bizitzan errez ahaztu. Izan be errezagoa da:
- bateatzea: “beti egin dalako”;
- sendotza hartzea: “ondo jatorkulako”;
- lehen Jaunartzea: “danak egiten dabelako”;
- Eleizaz ezkontzea: “hobeto gelditzen dalako”;
- edo…


Egoera hau, fedea transmititzen dan bizitzatik oso urrun dago! Betikotik eta ohiturakerietatik hurrago dago! Eta Jesusek hori salatzen dau gaurko ebanjelioan.

Zoriontsuak sinismenaren GAURKOTASUNA bizi dabenak;
euren bizitza uneoro argiturik egongo da-eta!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jaungoikoaren agindua alde batera itzi dezute"

(Mk 7, 8)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue