Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 23. domekea - 2018.eko Irailaren 09a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak sinismen eta anaitasun batzar honetara; Jaun berbiztuagaz eta gure anai-arrebakaz bat egiten dogun ospakizun honetara.

Hemen gara barriro be domekea dala-eta, Jaunaren gure artetik “igarotea”, Harek gure artean daukan presentzia ospatzera etorrita. Jauna bera jatorku, eta salbamen egiten jaku bakotxari. Gu osatu gurean dator; bihotz irekia eta Jauna onartzeko prest egotea eskatzen jaku.

Hasierea emon behar deutsagu ospakizunari. Jaunak zabaldu daizala gure belarriak eta gure bihotza, haren berbea ulertu eta onartu eta haren Erreinua iragarri daigun. Gogo biziz, hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 35, 4-7a

Lehenengo irakurgai honetan, Jainkoak mundu barri baten iragarpena egiten deusku Isaias profetearen bidez. Gizakion muga eta ezinaren gainetik Jainkoa dago bere salbamena eskeiniaz. Jainkoaren ontasunaren aurrean gorespen ereserkia kantatzea dagokigu. Mezu eder hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: Santiago 2, 1-5

Jainkoaren aurrean behartsuak eta baztertuak daukeen garrantzia gogoratuko deusku Santiago apostoluak irakurgai honetan: Jainkoarentzat eurak dira lehenengoak, aukeratuak eta kutunenak. Munduak baztertzen dauzan pertsonak aukeratzen ditu Jainkoak. Apostoluaren gogoeta hau erronka ederra dogu


Ebanjelioa: Markos 7, 31-37

Jesus norberen mugetatik haruntzago begiratzen dauana lez agertuko jaku ebanjelioan. Gor-mutua, barri ona ulertu ezin daben ikasleen irudia da; Jesusek berak zabaltzen deutsoz belarriak eta askatzen mihina. Gaurko fededunaren irudia ere bada: bakardadean lez eta geure buruari entzunez bakarrik bizi gara. Jainkoak besteekana zabaltzen gaitu. Prestau gaitezan mezu hau entzuteko, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesus, gure Salbatzailearen eta Anaiaren bitartez, aurkeztu deiogun Jainko Aita-Amari gure otoitz apal eta konfiantzaz betea.

1.- Eleizearen alde: hitzez eta testigantzaz jarraitu daiala gizaki guztiak osatzen eta gure munduaren erdian zeinu askatzailea izan daitela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gaixo, behartsu eta gure gizarteko babes bakoen alde: gure ekimenez eta ekintzaz, Jainkoaren askatasuna eta poza ezagutzeko aukerea izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztien alde: baztertuenen alde eten barik lan eginez, gure bizi giroetan Kristo osatzailea eta askatzailea presente egin daigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ikasturte barriaren hasierearen aurrean, gure umeen, gaztetxoen, gazteen eta helduen hezkuntzaren zeregin nagusia aurkezten deutsugu, gure Jaun eta Aita-Ama. Bedeinkatu eizu hainbeste hezitzaileren ahalegina. Zure Espirituak lagundu daiela eta argitu daizala eginkizun berezi eta garrantzitsu horren arduradun guztiak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkarte erlijiosoen eta parrokietakoen alde: Jainkoak gure artean daukan presentzia samurraren testigu biziak eta sinisgarriak diran gizon eta emakume lez agertu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ORDULARI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau; aita batek egiten badau, hobeto)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, denpora zaintzeko eta neurtzeko erabilten dogun ordulari bat dakartsut. Gaur, ikasturte barri baten aurrean gagozala agertu nahi deutsut. Gure ibilbidean, pertsona lez eta sinismendun lez aukera barri baten aurrean aurkitzen gara. Eskerrik asko, Jauna, zugandik hartzen doguzan mesede guztiakaitik; Zugaz kontatzen jarraitzen dogu.


UME BATEN AURKEZPENA

(Umea, meza-emoilearen ondora doa eta eskuak otoitz egiteko lez batzen ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ezer barik, gaur neu eskeintzen naiatzu. Apaltasun ezaugarri lez eta otoitzerako keinu lez, zure aurrean eskuak batu dodaz. Zuri eskeintzen naiatzu, Jauna. Esku hobeagotan ezin neitekenez egon, egizu nigaz, Jauna, zeuk nahi dozuna. Oso-osorik zeurea naz, Jauna.


ADREILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, adreilu hau dakartsut. Etxegintzan, oinarrizko elementua dogu. Gure alkartearen izenean dakartsut; zeu zara alkarte honen oinarri eta euskarri. Zugan ipinten dogu gure sinismena eta konfiantzea. Zu kontuan izanez ulertu gura dogu gure bizitza, gure ingurukoena, inguratzen gaituan guztiarena, errealitate eta historia guztiarena... Eta hor, zure Seme maiteak egin eban antzera, zure Erreinuaren alde jokatuko dogu.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsonak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Irratia, ia danok daukagun aparatua dogu; pertsonak entzumena behar dabe, eguneroko albisteekaz bat egiteko. Entzumena behar dogu baita ere Jainkoaren Hitza entzuteko; hitz horren gainean eraiki nahi dogu gure bizitza. Zure Hitzak, Jauna, argitu daiala gure bizitza.

Agurra

Adiskideok: Kristo etorri da eta osatu egin gaitu. Oraingoz ez dabe lekurik ezkortasunak eta itxaropenik ezak. Kristo hurreko egin jako gizaki behartsuari. Gure artetik igaroten, gure artean biziten dago. Nahiko dogu begiak zabaltzea bera aurkitzeko. Baina… Kristok bere presentzia nabari egingo daben lekukoak behar ditu. Jaunaren lekuko izatera, haren esku izatera deituta gagoz. Eleizeak eta gutariko bakotxak jaso dogu gizakiaren aurpegi askatzailea ikustea oztopatzen daben guztien aurka borrokatzeko deia. Alkar banatzea, alkarrekin errukitzea, alkarren lankide izatea bizi behar dogu. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Herriaren minak osatuz,
Jesusek Erreinuaren Barri ona aldarrikatzen eban”




Jesusengan sinisten dogunoi aukera barri bat eskeintzen jaku domeka honetan. Biziaren Berbea entzunez, zerbait barria eta ez-entzuna eskeintzen jaku; itxaropenez eta biziaz beteriko konbitea.

Domeka honetako liturgia osoa barri honen iragarle da. “Liluratuta” izten gaituan berbea, ebanjelioko “ZABALDU ZAITEZ” da; beste irakurgaietan be holako zeozer agertzen da. Norberagan itxita eta norberaren zilari begira dagoan gaurko gizakientzat, dei garbia eta keinu esanguratsua dogu.

BAKARDADEA eguneroko ogia gertatzen jaku. Gizakiok, zubiak eta autopistak egiten doguz arinago ibilteko eta hurrago egoteko. Baina gizakion arteko hartuemon zintzoak, gozoak, beroak, samurrak eta benetakoak eukitea geroago eta gatxago egiten jaku: gizakiok gizakiontzat arraroak bihurtzen hasita gagoz. Bakardadean bizi gara, Jainkoari eta lagun hurkoei ateak itxita.

Horregaitik gizon-emakume askok daukie Jesusek gormutuari esandako berbak entzuteko preminea: “zabaldu zaitez”. Guri be zabaltzeko konbitea egiten deusku. Norberekeriaz jokatzen dogunean, besteengandik aldentzen garanean, bizitza baztertuz geugan ixten garanean... BAKARDADE eta HERIOTZ bidea dogu hori.

Jainkoak ZABALIK, SOLIDARIO gura gaitu.
Zabaldu zaitez!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zabaldu zaitez!"

(Mk 7, 34)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue